Jon Ander Albisu. Baikoko pilotaria

«Nire ibilbideko garairik onenean nago. Erregulartasuna lortu dut»

Finalerdietako ligaxkako lehen partida irabazita, Albisuk eta Peña II.ak lehen urratsa egin dute finalerako bidean. Atzelariaren iritziz, «mesede» handia egin die «presiorik gabe» aritzeak. «Oso gustura» ari dira.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990) zenbaki borobila du Binakako Txapelketan: hamargarren aldiz ari da. Pablo Berasaluze, Iñaki Artola, Victor Esteban, Unai Laso, Aimar Olaizola eta Jon Ander Peña izan ditu bikotekide, eta guztiekin iritsi da noizbait finalerdietako ligaxkara: hamar alditik zazpitan. Finala jokatutakoa da, 2013an, baina ia ez zuen gozatu, haren bikotekide Berasaluze II.ak orpazurda hautsi baitzuen partida hasi eta gutxira. «Barru-barruan» sartua du arantza. «Ea aurten atera dezakedan», dio. Bide onean daude bera eta Peña II.a.

Lehen partida irabazi eta gero, erraz joan da astea?

Bai. Irabazteak beti egiten du mesede. Askoz lasaiago duzu burua, eta beste animo batekin entrenatzen zara. Gustura aritu gara aste osoan, eta jokatzeko gogoz gaude.

Garrantzitsua da irabaziz hastea?

Bai, eta nik ez nuen inoiz irabazi finalerdietako ligaxkako lehen partida. Zazpigarren ahaleginean lortu dut. Ea garaipen horri bigarrena batu diezaiokegun.

Gustura amaitu zenuten Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurkako partida?

Bai. Joseba [Ezkurdia] erritmo bizian hasi zen, eta eutsi egin genion [9-9]. Estu zihoan partida, baina, lanerdietatik aurrera, hautsi egin zen. Jon Anderrek bitan asmatu zuen sakearekin, eta haiek huts pare bat egin zituzten. Gero, 20-11 jarri ginen, eta nahiko bideratuta utzi genuen lehia. Haiek gora egin zuten, eta guk opari pare bat egin genituen. Baina alde ona genuen, eta aprobetxatu egin genuen.

Azken bederatzi partidetatik bakarra galdu duzue. Sasoi betean zaudete.

Bikote ona egin dugu, eta oso gustura ari gara elkarrekin kantxan. Horren fruitua dira emaitza onak.

Espero zenuten horren lan ona egitea?

Guk argi genuen partidaz partida joan behar genuela, eta guztietan maila ona ematen saiatu behar ginela. Gurea eman dugu neurketa gehienetan, eta horregatik iritsi gara hona. Oso pozik gaude egiten ari garen lanarekin.

Zein izan da gakoa?

Mesede egin digu presiorik ez izateak. Zaila izan ohi da presiopean zure onena ematea. Baina guk ez dugu ezer galtzeko, eta lasai irteten gara jokatzera. Gero, kantxan, saiatzen gara ahal dugun lanik onena egiten eta tanto guztiak borrokatzen. Inoiz ez dugu etsi, eta, horri esker, zail jarri zaizkigun zenbait partida irabazi egin ditugu. Jon Anderrek hartu du ardura horietan, eta tanto ederrak lortu ditu azken txanpan. Azkeneraino borrokatu izanaren saria jaso dugu.

Presiorik gabe errazagoa da bikotea egitea?

Dudarik gabe. Faboritoa izanda, behartuta zaude astero irabaztera. Guk ez dugu presio hori, eta lasaiago aritzen gara astean zehar. Horrek emaitza onak eman dizkigu. Ea segida eman diezaiokegun.

Zein da zuen bikotearen egunerokoa?

Gimnasioko eta frontoiko lana elkarrekin egiten dugu. Beraz, ia egunero gaude elkarrekin, astean bost egunez. Horrek laguntzen du harremana estuago izaten. Oso gustura ari gara elkarrekin.

Lan ederra ari da egiten Peña.

Oso. Hasieratik ari da bete-betean, ilusioz gainezka. Oso-oso langilea da, eta frontoian, berezkotik asko du. Meritu handia du egiten ari denak, lehen aldia baitu. Normalena litzateke gorabeherak izatea, baina erregular ari da. Partida bakarren batean ez zaizkio gauzak nahi bezala irten, baina ia beti eman du berea. Ezin zaio gehiago eskatu debutari bati. Plazagizona dela erakusten ari da.

Zuk ere izango duzu zerikusia horretan. Zutaz galdetuta, «hasi berri batentzat bikotekide perfektua» zarela dio.

Tira, ez dakit hori hala den, baina ni saiatu naiz une oro kantxan eta kantxatik kanpo hura ahal dudan gehien laguntzen; adibidez, astean zehar lasaitasuna helarazten. Pozgarria da horrek fruitua ematen duela ikustea.

Honezkero ohituta egongo zara lan hori egiten: Iñaki Artolarekin, Victor Estebanekin eta Unai Lasorekin egin duzu aurretik.

Bai, eta gustura egiten dut. Motibazio bat gehiago da.

Baita ardura bat ere: zuk eraman behar duzu pisua.

Bai, noski, are gehiago binakakoa delako atzelariek nabarmentzeko dugun aukera ia bakarra. Baina ondo daramat ardura hori.

Gaztetan, presioak «jan» egiten zintuela aitortu izan duzu. Urteen poderioz ikasten da eramaten?

Bai, eta nik jada hamar urte daramatzat profesionaletan. Kantxan nabari da hobeto eramaten dudala presioa, eta lasaiago nabilela. Esperientziak ematen du patxada hori. Horri esker daramatzat hiruzpalau urte erregular izaten. Oso gustura ari naiz.

Eskarmentua, bai, baina baita lan gogorra ere, ezta?

Noski. Zorionez, hamar urtetan ez dut lesio larririk izan, eta gogor entrenatu ahal izan naiz. Goi mailara iristea baino zailagoa da horri eustea, eta nik ia hamar urte daramatzat goi mailan. Ea osasunez berdin jarrai dezakedan.

162 partida jokatu dituzu binakakoan, eta bi besterik ez dituzu utzi jokatu gabe: 2016an, eskuko minez. Atzelariek eskuetatik asko sufritzen duzuela kontuan hartuta, zortekoa zara, ezta?

Oso. Saiatzen naiz egunero eskuak ondo zaintzen. Eskarmentua dut, eta badakit nola jarri ondo takoak, eta zuloak nola estali. Garrantzitsua da lan hori ere, eta horretan ere ondo ari naiz.

Zure kirol ibilbideko garairik onenean zaude?

Baietz esango nuke. Gustura ari naiz azken lau urteetatik hona. Erregulartasuna lortu dut. Partida on gehiago egiten ditut txarrak baino. Binakako hau egin dudan txapelketarik erregularrena da. Partida bat kenduta, beste guztietan maila ona eman dut.

Jokin Altunak zutaz esan berri du «urteak» daramatzazula «oso maila onean», baina jendeak «txapelei bakarrik» erreparatzen diela, eta, zuk txapelarik ez duzunez, jendeak, adibidez, Zabaletaren azpitik jartzen zaituela. Ados zaude horrekin?

Baliteke. Emaitzek asko esaten dute, eta nik ez dut txapelik. Baina hamar urte daramatzat goi mailan, eta niretzat horrek balio handia du. Gustura hartuko nuke txapel bat. Ez dut ahaztu 2013ko finalean gertatutakoa. Ea aurten zortea aldeko dugun, eta finalera iristen garen.

«Pilotak txapel bat zor dio Albisuri»: horixe esan berri du zure enpresakide Ibai Zabalak. Hala da? Pilotak txapel bat zor dizu?

Hori idatzi ondoren egon nintzen Ibairekin, eta esan nion gauza ederra dela jendeak hori pentsatzea. Txapelak iritsi behar badu, iritsiko da, eta, ez bada iristen, ez da iritsiko. Kito. Ez diot buelta askorik ematen. Baina horretarako ari naiz gogor lanean. Ea aurtengoa den balekoa.

Hamar urte daramazu profesionaletan. Asko aldatu al zara?

Hastapenetako pilotari horretatik, bai, aldatu naiz dezente. Askoz esperientzia gehiago dut. Txispa galduz joaten da, baina beste gauza batzuk irabazten dituzu: erregularrago aritzea, pilota noiz jo eta noiz eutsi jakitea... Baina gauza asko ditut oraindik ikasteko. Horretan ari naiz.

Pilotari osoagoa zara?

Bai. Azken lau urteetan konfiantza eta erregulartasun handiagorekin ari naiz. Lehen, bi partida on egiten nituen, eta hirugarrena, txarra. Orain, ordea, urte osoan eusten diot mailari.

Egin duzue lehen urratsa finalerako, eta etzi egin dezakezue erabakigarria, Elezkano II.a-Zabaletari irabazita. Sari potoloa dago jokoan.

Bai, eta gogo handiz gaude. Aurkari gogorrak dira, baina, gurea eginez gero, irabaz dezakegu.

Denek diozue «zerotik» hasi zaretela, baina ligaxkako bi partidetan irabazi egin zenieten. Horrek zerbait esan nahi du?

Gurea eginez gero, irabaz diezaiekegula. Ez du antzik ligaxkakoarekin konparatuta: presio handiagoa dago, finala gertu baitago. Baina bitan irabazi izanak konfiantza ematen digu. Bi partida horietan aldea egin genuen hasieran, eta ondo eutsi genion. Ea oraingoan adi-adi kantxaratzen garen eta berriz ere lortzen dugun.

Ikusi zenuen haien azken lehia?

Amaiera. Josek [Zabaleta] guztiei gaina hartu zien, eta Danel oso bizi aritu zen, aukerak baliatuz.

Zabaleta da izan duzun aurkaririk indartsuena?

Bai. Ikaragarria da nola ari den azken urteetan; konfiantzaz lepo dabil. Sekulako abiadura ematen dio pilotari. Hura eta Rezusta dira egungo atzelaririk indartsuenak, eta ni haien mailan ari naiz azkenaldian. Ea hor euts dezakedan.

Enpresakide berria izango duzu aurki: Erik Jaka. Zer iritzi duzu haren fitxaketaz?

Berri ona da. Pilotari handia da, txapeldun handia. Harekin jokatu nuen iaz Mastersean, eta plazera izan zen. Ekarpen ona egingo dio enpresari. Baina ez da ahaztu behar oraindik Victor eta Laso kanpoan daudela, eta onena haiek itzultzea izango litzatekeela. Aurki jakingo da zerbait haietaz. Ea laster lehengora itzultzen garen.

Horri lotuta, zer moduz doa Pilotarien Elkartea?

Ondo. Jada abian da, eta ordezkariak ere baditu: besteak beste, ni neu. Bizpahiru hilabetean behin biltzen gara bi enpresekin eta EPELeko epaile Borja Osesekin. Haiek haien asmoak azaltzen dizkigute, eta guk gure kezkak plazaratzen dizkiegu. Pilotarentzat ona da hartu-eman hori egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.