Christian Ravier. Eskalatzailea eta mendi gidaria

«Pasioz bizi dut nire lana, eta hori transmititzen saiatzen naiz»

Jean eta Pierre Ravier anaia biki mendizale eta eskalatzaileen oinordekoa da. Ia 30 urte daramatza mendia eta Pirinioak maitatzeko familia tradizioa betetzen. Eskalatzaile bikaina da, eta mendi gidaria ogibidez.

CHRISTIAN RAVIER.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Vasco de Camping mendi elkarteak hilero antolatzen duen hitzaldi batean parte hartu du Christian Ravierrek (Bordele, Frantzia, 1964). Ikusmin handia sortu du, eta jende asko joan da hura entzutera. Aurretik erantzun ditu galderak. Ez du bere burua mendietatik kanpo imajinatzen.

Zure aita eta osaba pertsonaia ezagunak dira Frantziako mendizaletasunean. Haiengandik al datorkizu zaletasuna?

Bai, haiengandik datorkit gehienbat zaletasuna. Familia askotan gertatzen den moduan, haiek sartu zidaten mendiarekiko harra. Pasioz bizi zuten haiek ere mendia. Gure etxean oso ohikoa zen mendiaz hitz egitea. Aitak eta osabak gauza asko egin izan zituzten Pirinioetan, baina ez ziren jendeak uste duen bezain beste joaten mendira. Urtean dozena bat irteera bakarrik egiten zituzten. Gaur egun, irteera horiek eginda pertsona bati ezin zaio mendizale deitu [barrez]. Baina mendira joaten ziren bakoitzean, bide berriren bat irekitzeko izaten zen. Egun, oso bide ezagunak dira guztiak.

Bordelen jaiota, mendia ere ez zenuten hain gertu.

Hala da, bai. Aitak eta osabak aste guztian lan egiten zuten, eta larunbatean abiatzen ziren mendira, eguerdian. Bidaia egunean zehar egin ondoren, gauean gerturatzen ziren mendira. Igandea eskalatzen pasatu ondoren, gauean berriro etxerako bidea hartzen zuten. Lehengusuak eta biok 8 urte genituenean, haiekin joaten ginen urtean behin edo bitan. Anaia eta arreba bat ere baditut, eta arrebak aitarekin eskalatu zuen arren, anaiak ez zuen gure zaletasunarekin jarraitu.

Nola abiatu zinen eskaladaren munduan?

14 urte-edo nituela. Bordeletik ia ehun kilometrora zeuden eskalada eskola batzuetan hasi nintzen. Bi urte geroago, lehengusuarekin batera egin nituen Pirinioetako lehen irteerak. Garai haietan, gure gurasoek askatasun osoa eman ziguten mendira joateko. Oso harro nago gurasoez. Laguntza neurtezina izan dugu gauzak egiteko.

Mendi gidari ezaguna zara. Noiz erabaki zenuen gidari lanetan hastea?

17 urte nituela. Eskalatzen maizago hasi nintzenean, argi ikusi nuen mendiaren inguruan bizi nahi nuela. Orduan jende helduagoarekin joaten ginen eskalatzera, eta haietako asko jada gidari lanetan hasiak ziren edo gidari izateko ahaleginean zebiltzan. Frantzian beti izan dira mendi gidariak; horretarako kultura handia dago. Espainian, berriz, gauzak oso ezberdin izan dira urte askoan. 21 urte bete nituenean hasi nintzen gidari lanetan. Halere, esan behar dut orduan funtzionamendua ez zela oraingoa bezalakoa. Lehenik, udako mendi gidaria izateko ikasi behar zen, eta ondoren, neguko gidaria izateko. Nik, esaterako, denbora asko behar izan nuen negukoa ateratzeko. Ez nekien eskiatzen, eta bi negu oso pasatu nituen jo eta ke eskiatzen beste gidari batzuekin. Inoiz ez zait gustatu eskiatzea. Are gehiago, gaur egun ez dut batere eskiatzen.

Himalaiak ez zaitu inoiz erakarri?

Behin joan nintzen, baina ez dira niretzako mendiak. Logistika handiegia eskatzen du hara joateak, eta ez da askok pentsatzen duten bezain erraza. Aurretik lan handia egitea eskatzen duten espedizioak dira, eta ez naute batere erakartzen. Nahiago ditut elurrik gabeko mendiak. Horregatik joaten naiz ia urtero Jordaniara, Marokora, Atlasera... Dudarik gabe, nahiago dut udako gidaria izan, nahiz eta ez diodan ezetzik esaten izotzari. Izotzean oso gauza politak egin daitezke; haren iragankortasuna asko gustatzen zait.

Frantziarra izanda, Mont Blancerako (Alpeak, 4.809 metro) irteerak askotan egin izan dituzu?

Ez. Mendi gidari izateko ikasten ari nintzenean joan nintzen, baina Italia aldetik igo nintzen. Bezeroekin inoiz ez naiz bertan izan. Halere, gidari lagunen batek esango balit bezeroak dituela eta ea lagunduko diodan bertara gidatzen, joango nintzateke. Ez dut ezer baztertzen, baina niregatik balitz, ez nintzateke joango.

Eskalatzea biziki atsegin duzu, eta Espainian ere lan handia egindakoa omen zara. Zerk erakartzen zaitu?

Aragoin (Espainia) eskalatzen dut gehienbat. Ia hogei urte pasatu nituen Aspeko ibarrean bizitzen, baina aurretik lau urtez egon nintzen Cette-Eyguneko (Lescun, Frantzia) aterpetxe batean, eta muga egiten du Aragoiekin. Oso leku ezaguna zen orain dela urte batzuk. Bertan bide asko irekitzeko aukera izan nuen, eta horregatik ezagutzen ditut hain ondo inguru haiek.

Zer da zure lanbidearen alderik gogorrena?

Pazientzia kudeatzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza txarra denik, baina hori da alderik gogorrena. Pazientzia handia behar da mendi gidaria izateko. Pentsa, edozeinek du mendira joateko aukera, eta inoiz ibili gabeak direnekin ere lana egitea tokatzen zaigu. Askok, esaterako, ez dute sinisten nola ibili naitekeen oso bide arruntetan. Iruditzen zaie nire izenagatik zailtasun handiko edo eskarmentu handiko bideetan bakarrik ibili beharko nukeela, eta nik argi esaten diet ni lanean ari naizela. Haien hurrengo galdera hau izaten da: «Horrelako lanak ere egiten dituzu?». Lagunekin bide zailak irekitzea ere oso gustuko dut, baina lehenik, lana da. Alde horretatik, mendizale arruntekin askoz ere gehiago ibili behar izaten dut. Eta horrek ere badu alde polita.

Mendi gidari edo alpinista gehienek bezala, zuk ere lagun handi bat galdu zenuen mendian.

Asko ez ditut galdu, baina oso lagun nituen hiruzpalau bai. Denen gainetik, Rainier Munsch Bunny. 2006an hil zen Gouretten (Frantzia), eta niretzat anaia bat bezalakoa zen. Haren erruz hil zen, oso ondo ezagutzen zuen leku batean. Kolpe handia izan zen hura galtzea.

Horrelako kolpe baten ondoren, nolakoa izaten da mendira joateko hurrengo eguna?

Nik argi neukan mendian jarraituko nuela. Mendia bera ez zen Munschen heriotzaren erruduna izan. Haren errua izan zen, gehienetan gertatzen den bezala. Gerta daiteke inoiz harri solteren batek jo eta hiltzea, baina %99an norberaren erruz galtzen da bizia mendian.

Zure lanagatik beldur handia izan al duzu mendian?

Batzuetan bai, bai bezeroekin, baita nire kasa ibili naizenean ere. Zorte handia izan dut batzuetan.

Eskaladako bideei buruz ere zenbait liburu idatzi dituzu. Nondik etorri zitzaizun horiek idazteko aukera?

Hasteko, bi liburu idatzi nituen 1980ko hamarkadan. Lehena, 1987an izan zen, eta ondoren, 1989an etorri zen bigarrena. Aspeko ibarreko bideei buruz idatzi nuen lehena, Pierre Pouseuxekin. Bigarrena, berriz, Remi Thivelekin izan zen. Pirinioetako beste aldeari buruz izan zen. Munschek ere asko lagundu zigun. Ondoren, beste bi idatzi nituen Marokoko bideei buruz, 2008an eta 2019an. Tartean, Ordesako (Aragoi, Espainia) bide berri batzuei buruzkoa ere idatzi nuen. Denak eskaladari buruzko liburuak izan dira, ez literaturari lotuak [barrez].

Zer ezaugarri izan behar ditu mendi gidari on batek?

Lehenik, pasioa izan behar du. Ezinbestekoa da pasioa izatea mendian ibiltzeko, eskalatzen ibiltzeko, edo irteera arrunt bat egiteko. Badira, eta ezagutzen ditut, batere pasiorik ez duten mendi gidariak. Beste lan bat bezala hartzen dute, eta denbora librea dutenean inoiz ez dira eskalatzera joaten. Lanagatik bakarrik joaten dira. Nik denak errespetatzen ditut, baina ezin dut ulertu lan honetan batere pasiorik gabe ibiltzea. Bezeroei pasioa banatzen saiatzen naiz. Eta, lehen aipatu dudan moduan, pazientzia izatea ere ezinbestekoa da mendi gidari batentzat.

Herrialde asko ezagutu dituzu eskaladaren aitzakian. Ezagutu nahiko zenituzkeen leku asko gelditzen al zaizkizu?

Afrikako herrialde gehiago ezagutzea gustatuko litzaidake, baita herri arabiarrak ere. Azken 30 urteetan urtero joan naiz Jordaniara edo Marokora, baina, esaterako, Libiako desertura joatearekin amesten dut. Gaur egun, pandemiarengatik gehienbat, ezinezkoa dirudi hara joateak. Aljeriara edo Malira itzultzea ere asko gustatuko litzaidake.

Zein izan da eskalatzeko aurkitu duzun herrialderik gogokoena?

Herrialde bakoitzak dauka bere xarma. Oso urrutira joan gabe, izugarri gustatzen zaizkit Pirinioak. Aspeko ibar guztia ezagutzen dut, Ansabereko (Pirinioak, Frantzia) orratzetan zazpi bide irekita ditut, baita Lescunen ere. Dena ezagututa nuela uste nuen, bainaiaz lagun batzuekin Organo de Camplongen (Frantzia) izan nintzen, eta izugarrizko egunak pasatu genituen bertan. Hamar bide berri ireki genituen inguru haietan, eta artzaien bordatan egin genuen lo. Pirinioetan oraindik ere leku asko dauzkat ezagutzeke.

Pandemiak min handia egin al dizue mendi gidariei?

Orokorrean, bai, baina Frantzian laguntza handia jaso dugu. Pribilegiatu batzuk gara. Ezin gara kexatu. Espainian, berriz, egoera oso ezberdina izan dela esan izan didate bertako mendi gidariek. Hemendik aurrera, gauzak hobetuz joango direla espero dugu guztiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.