Danel Agirre.
SASKI DA!

'Make 2 pointers great again'

2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Zenbateko barregarriak. Saskibaloiaren oroimen kolektiboan, Larry Bird distantzia luzeko jaurtitzailea da, hein handi batean behintzat. Haren irudirik ikonikoenetako bat 1988ko All Starrekoa da: Celticsen jertse berdearekin, atzamarra jasota hirukoen txapelketako garaipena aldez aurretik ospatzen, azken baloia oraindik saskira bidean hegan. Birdek partidako 1,9 hiruko saiakerako batez bestekoarekin amaitu zuen hamahiru denboraldiko ibilbidea. Zenbatekoa barregarria da ia, egungo estandarrekin alderatuz gero. Gaurko NBAn, gauero marraren atzetik gutxienez bi bider altxatzen diren 250 jokalari daude. Har dezagun Bird baino askoz espezialista puruagoa: Ray Allen, oraindik historiako eskopetari emankorrena dena, Stephen Curryk aurki tronua ostu arte, behintzat. Boston eta Miamirekin txapeldun izandakoak 5,7 hiruko saiakerako batez bestekoarekin hartu zuen erretiroa. Sasoi honetan, kopuru hori gainditzen ari diren 46 jokalari daude ligan. Tartean, dozena bat pibot. Okerrena da alderaketa inprobisatu hau ez dela guztiz bidezkoa. Bird eta Allen are atzerago leudeke berez jaurtitzaileen maiztasun zerrendan: 38 eta 36 minutu ematen zituzten batez beste kantxan, eta haiek baino hiruko gehiago botatzen dituzten hainbatek askoz gutxiago jokatzen dute.

115 puntu asistentzia gabe. Joan den astean, Brooklyn Netsen aurkakoa 70 hiruko saiakerekin amaitu zuen Houston Rocketsek (23rekin baino ez zuen asmatu, eta luzapenean galdu zuen, 145-142). 35 biko baino ez zituen bota Houstonek, eta zazpi jokalarik jaurti zuten gutxienez sei bider arrastoaren atzealdetik: James Hardenek hemeretzi aldiz, Gerald Greenek hamabost bider. Hardenek 58 puntu pilatu zituen; 55eko langa birritan jarraian gainditu duen lehen izarra da, 1962az geroztik —Wilt Chamberlainena zen aurrekaria—. Datu entsalada errematatzeko, segida guztiko xehetasun harrigarriena dator orain: ondoz ondoko bi partidetan batutako 115 puntuetatik, bat bera ere ez zuen eskuratu Hardenek taldekideren baten asistentzia baliatuta.

Biktimen zerrenda. Arbitratzeak hamaikagarrenez ukitu ditu udan NBAk. Kontaktuak are gehiago zigortzen ari dira epaileak, batez ere defendatzaileen trukaketetan eta body check deituriko talketan. Bat-batekoan aritzea sekula baino errazagoa da, eta talde guztiek ipintzen dute baloia ahalik eta lasterrena beren izarraren eskuetan, eraginkor izateko aldez aurreko abantailarik edo espaziorik behar ez denez. Erasoa hiruko edo barneraketa batekin beraiek bukatzen ez badute, behin laguntza iritsita, arrastoaren atzean bakarrik geratu den taldekidea bilatzen ohi da jaurtiketa bizkor bat egin dezan. Jabetzak izugarri laburtu dira, eta emaitzak azken 50 urteetako onenak dira. Distantzia ertaineko jaurtiketak, saskipeko jokoa eta baloi zirkulazio luzeak dira bolada supersoniko honen zeharkako biktimak. Euroligako jokoa NBAkoa baino gogorragoa dena arrazoitu nahian, «txapelketa bakoitza komisionatuak nahi duen moduan» arbitratzen dela adierazi berri du Rick Pitinok, Panathinaikoseko entrenatzaileak. Biko jaurtiketa ezberdinen aberastasuna berreskuratzeko, epaileen jardunari beste buelta bat ematea tokatuko da laster akaso. Han eta hemen.

Fitxaketa bitxia. Nekane Arzallus GBCko presidentea Eneko Goiaren zerrendako bigarren postuan aurkeztuko du EAJk maiatzeko udal hauteskundeetan, Noticias de Gipuzkoa-k igandean jakitera eman zuenez. Jeltzaleek botoak lortzeko akuilu moduan balioetsi dute, beraz, Arzallus, edo, politikarien jargoi gorrotagarria baliatuz, aktibo bat izan daitekeela ondorioztatu. Gipuzkoa Basketen zuzendaritzaren azken sasoietako jarduna zinez da kaskarra, eta, zantzu guztien arabera, beste jaitsiera bat pilatu berritan mugituko da presidentea Illunbetik udaletxera. EAJk ez du uste, ziur asko, hautesleak kudeaketa ezegoki horrekin lotuko duenik Arzallus. GBCk, berriz, aspalditik behar duen k atarsirako azken aukera izango du udan. Zuzendaritza eta entrenatzailea baino askoz gehiago aldatu beharko du klubak iraun nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.