Jon Ander Albisu. Baiko Pilotako atzelaria

«Kolpea izan da, baina aurretik eginiko lan ona dugu helduleku»

Albisuk aitortu du «min» egin diela Olaizola II.a-Arangurenen aurka «itxura eskasa» emanda galtzeak. Baina hurrengo bi partidetan jarria du itxaropena. «Gurea ematen badugu, aukera dugu finalean egoteko».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bi egun joan dira Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990) Aimar Olaizolaren eta Aitor Arangurenen aurka 22-10 galdu zutenetik. Albisuk aitortu du «gutxi gorabehera» pasatu zaiola «disgustua». Ez dio buelta gehiago eman nahi, eta «aurrera begira» dago jada; larunbatean, Iruñean, Erik Jakaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko duten «partida erabakigarriari» begira.

Buelta asko eman dizkiozu igandeko partidari?

Batzuk bai. Zaila da barneratzen partidara ongi iritsita zergatik aritu nintzen gaizki.

Zein ondorio atera duzue?

Ongi hasi ginela, baina Aimarrek [Olaizola II.a] aurrean endredatu, eta partidatik atera ginela. Eta gero, ez ginela suspertzeko gai izan.

Hasi, oso ondo hasi zineten: 4-0,eta aginduz. Baina Aimar Olaizolak eta Aitor Arangurenek bederatzi tanto egin zizkizueten jarraian. Nola alda daiteke horrenbeste partida bat horren denbora gutxian?

Halakoak gertatu ohi dira, baita kontrakoak ere: gaizki hasi eta buelta ematea. Aurrekoan, adibidez, horixe gertatu zitzaigun guri. Batzuetan, lanak ematen dizkizu sinesten zergatik ondo hasi ondoren dena okertzen den. Zoritxarrez, hori pasatu zitzaigun joan den igandean. Haiek pilota aldatu zuten, eta gozatzeko arazoak izaten hasi ginen. Haiek, aldiz, asmatzen hasi ziren. 8-4ra arte ez ginen gaizki aritu, baina orduan atera ginen partidatik.

Ezinean aritu zineten gero.

Partidatik irteten zarenean gertatu ohi da hori. Sufritu egiten duzu ikusita zurea ematen ez duzula, pilota errazak huts egiten dituzula eta kontrarioari minik egiten ez diozula. Halakoei ahal zaie buelta eman, baina gu ez ginen gai izan. Buruak huts egin zigun.

Txapelketan jokatu duzuen partidarik okerrena izan da?

Bai. Hasieran, gaizki jokatu genuen partida bat edo beste, baina hau izan da okerrena, ez genuelako gure onena eman. Garairik okerrenean izan da, finalerdietako ligaxkan, kale egiteko tartea oso txikia denean. Baina aurrera egin behar dugu. Bi partida geratzen zaizkigu, eta gure onena ematen saiatuko gara.

Behetik gora ari zineten. Kolpea izan da garapen hori bat-batean etetea?

Bai, ligaxkari gorabeheratsu ekin ondoren, gora egin genuelako, eta oso gustura ari ginelako. Galtzeak baino gehiago ondo ez aritu izanak egin digu min.

Halakoei buelta emateko, indartsu izan behar da. Hala zaudete?

Bai. Sasoiko gaude, eta horrek beti egiten du mesede. Atzo [herenegun] jada entrenatu ginen, eta gaur [atzo] beste lan saio bat egingo dugu frontoian. Ea sentipen onak berreskuratzen ditugun. Txapelketa osoan nahiko ondo entrenatu gara, eta horri heldu nahi diogu. Entrenamendu on bat egiteak indarra eta konfiantza ematen du.

Fisikoki «sasoiko» zaudetela diozu. Eta psikologikoki?

Gogorra izan da kolpea, baina jada ia hamar urte daramatzat, eta halakoak bizi izan ditut. Jakin behar da buelta ematen. Horretan ari gara jada. Larunbateko partida bakarrik dugu buruan, eta horrek mesede egingo digu igandekoa ahazteko.

Lan ona egin duzue aurretik. Horrek balio dizue itxaropenari eusteko?

Bai. Behetik gora egin dugu, ligaxkako bigarren itzulian aurrenekoan baino askoz hobeto aritu baikinen: gustura eta konfiantzaz. Kolpea jaso dugu, une erabakigarrian huts egin baitugu, baina aurretik egindako lan ona dugu helduleku.

Kosta zitzaizuen abiada hartzea, nahiz eta dezentetan jokatu zenuten elkarrekin. Nerbioek kalte egin zizueten?

Ez dakit, baina gu geu ere harritu egin ginen bat egiteko arazoak genituela ikusita, elkarrekin aritutako aldietan ondo moldatu baikinen. Baina batek egun ona zuenean, besteak txarra zuen, eta alderantziz. Ez genuen lortzen partida oso bat egitea. Bosgarren jardunalditik aurrera hasi ginen elkar hobeto ulertzen, eta hortik aurrera, gora egin genuen. Oso ondo aritu ginen ligaxkako azken partidan eta atariko kanporaketan.

Zer egin zenuten hobetzeko?

Batetik, ikusi genuen egun txarra zuenari lagunduz gero partidak irabazteko gai ginela; eta, bestetik, erabat barneratu genuen ezin genituela horrenbeste opari egin. Pilota gutxiago huts egiten hasi ginen, eta horri esker egin genuen gora, eta konturatu ginen edozeini irabaz diezaiokegula.

Urteko lehen hiru partidak irabazi izanak mesede egin zizuen?

Mesede handia egin zigun, bolada txarrean baikinen. Konfiantza eman zigun, eta lasaitasuna entrenatzeko. Irabazita, hobeto egiten da lan.

Jaka-Zabaletak eten zuten garaipen bolada hori, Idiazabalen: 22-16. Hala ere, zuk esana da partida hori izan dela jokatu duzun onena. Baita lehen itzulian, Eibarren, 22-21 irabazi zenietena baino hobea ere?

Bai. Lehen itzulian, irabazi egin genien, baina haiek ez zuten partida ona jokatu, eta guk ere opari batzuk egin genituen. Irabazi arren, sentipenak ez ziren oso onak izan. Aldiz, bigarren itzulian, galdu izanagatik ere, askoz gusturago bukatu nuen neure buruarekin. Zabaletak asko jokatu zuen, eta ondo ikusi nuen neure burua. Halakoak gertatu ohi dira: galdu arren, sentipen onak izatea; eta alderantziz.

Zabaletak «asko» jokatu zuela esan duzu. Hura da kontrario izan duzun atzelaririk onena?

Gaur-gaurkoz, bai. Oso ondo ari da, abiadura handia ematen dio pilotari, eta zaila da hari eustea, berak ezartzen baitu partidaren erritmoa.

Larunbatean, Iruñean, berriro izango duzu aurkari. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Gogorra izango da. Lehen partida galdu arren, ondo aritu ziren Jaka eta Zabaleta. Saiatuko gara gurea egiten, eta, lortzen badugu, izango dugu aukera irabazteko. Galduz gero, oso-oso zaila izango da finalerako sailkatzea.

Zuk esan duzu berriro galtzen duenak «oso-oso zail» izango duela sailkatzea. Biek duzue, beraz, irabazteko premia.

Bai, berriro galtzen duenak ia aukerarik gabe geratuko baita. Guk, gainera, hamar tanto besterik ez genuen lortu lehen partidan, eta behar handiagoa dugu. Ea ondo hasten garen, eta neurketa serioa jokatzen dugun.

Jabetzen zara jendea zuri begira egongo dela?

Bai, Zabaleta nabarmentzen ari da. Hari eustea izango da gakoa, eta aukera dudanean pilota gogor jotzea. Ea aurrekoan baino opari gutxiago egiten ditugun, txapelketan, askotan, huts gutxien egiten dituen bikoteak irabazten baitu. Erronka oso zaila da. Badakigu oso ondo ari beharko dugula aukeraren bat izateko.

Zer moduz daramazu presioa?

Ondo, jada ohituta nago. Esperientziak asko laguntzen du. Hastapenetan, presio horrek jan egiten ninduen, baina ikasi dut eramaten. Gainera, motibazioa ere bada Zabaletaren gisako atzelari bikain batekin indarrak neurtzea. Normala da tentsio puntu hori izatea, baina ona ere bada.

Inoiz psikologo edo trebatzaile baten laguntza eskatu al duzu?

Ez. Oraingoz, ez dut horren beharrik izan. Gustura ari naiz frontoian. Egia da egun batzuetan besteetan baino okerrago ateratzen direla gauzak. Hori pasatzen denean saiatzen naiz aste barruan gogotsuago entrenatzen, asteburukoan horri buelta emateko.

Aurten beteko dira hamar urte debuta egin zenuela. Pilotari gisa, heldutasunera iritsi al zara?

Bai. Partida asko jokatu ditut, eta esperientzia asko bizi, onak zein txarrak. Horrek guztiak aurrera egiten laguntzen dizu. Azken bizpahiru urteetatik hona erregularrago ari naiz, gorabehera gutxiagorekin. Irregulartasuna izan da nire ahulunea betidanik: partida on bat jokatzen nuen, eta jarraian, bi txar. Baina uste dut hobetu dudala. Lanean ari naiz horretarako, baina oraindik badut zer ikasia.

Adibidez?

Erregularrago aritzea. Binakakoaren gisako txapelketa luze hauetan erregularra ez bazara, zail izaten da aurrera egitea. Azken partidan, adibidez, oso gaizki aritu nintzen, zortzi-bederatzi tanto galdu bainituen. Halakoak ez egiten saiatzen ari naiz. Gero eta gutxiago dira, baina tartean gertatzen dira.

Enpresako atzelari onena izan arren, txapelik ez duzu, irabazi eta final bakarra jokatu duzu. Buelta asko ematen dizkiozu horri?

Ez, baina pilotariok txapelak irabazi nahi ditugu, eta gauza batengatik edo bestearengatik ezin izan dut txapelik irabazi. Zorte pixka bat falta izan zait. Baina saiatuko naiz lehena irabazten. Pozik nago ikusita nola ari naizen.

Askotan akordatu zara 2013ko finalean Pablo Berasaluzek min hartu zuen aldi hartaz...

Bai, noski. Hori ezin da ahaztu. Sasoi betean iritsi ginen finalera, eta ondo hasi ginen, Irujo-Zabaleta estu hartuta... Baina denok dakigu zer pasatu zen. Kolpea izan zen, eta sekula ez dut ahaztuko. Baina halakoek ikasteko ere balio dute.

Eta iaz Olaizola II.ak min hartu ondoren galdutako aukeraz?

Pena handia izan zen. Urte asko daramatzagu Aimarrek eta biok profesionaletan, eta lehen aldiz aritu ginen elkarrekin txapelketa handi batean. Ilusio handia egin zigun bioi. Ondo ari ginen, eta bideratua genuen finalerdietako ligaxkan aritzea. Pena handia izan zen. Egia esan, ez dut zorterik izan binakakoan. Hirutan lesionatu zait bikotekidea: Pablo, Artola eta Aimar; eta beste batean, enpresak Victor [Esteban] ordezkatu zuen.

Nork irabaziko du txapela?

Aurreko astean, Jaka-Zabaletak ziruditen faborito, baina Ezkurdia-Martijak irabazi egin zieten. Edozer gerta daiteke. Gu saiatuko gara finalean egoten. Gurea ematen badugu, aukera izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.