Ion Izagirre. Astana taldeko txirrindularia

«Helbururik gabe aritzea da zailena buruarentzat»

Arrabolean «jo eta ke» dabil Ion Izagirre, sasoiari eutsi nahirik. Halere, uste du fisikoki «galera handia» izango duela etenaren ondorioz. «Patxadaz hartu behar dugu».

MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gogoa galderaz beterik dute ziklistek koronabirusaren krisiak eztanda egin eta lehiaketa eten zenetik: noiz berrabiatuko da denboraldia? Zer itxura izango du egutegiak? Kolokan izango al da taldeen etorkizuna? Bada, zalantza horien guztien aurrean, Ion Izagirrek uste du «lasaitasuna» eta «pazientzia» behar dela. Alta, aitortu du sasoi «oso aldrebesa» izango dela. «Luzatu egingo da, agian azarora arte, baina, hala ere, ez da nahikoa denbora egongo egutegiko proba guztiak jokatzeko».

Zer moduz moldatzen ari zara konfinamenduan?

Aspertuta nago, baina, tira, mundu guztia bezalaxe. Guk bi ume txiki ditugu, eta horrek areagotu egiten du zailtasuna. Umeek kalera irten nahi dute; ez dute ulertzen zergatik egon behar duten etxean itxita. Irudimena erabiltzeko garaiak dira. Hainbat jarduera ari gara egiten: jolasak, eskulanak, sukaldeko errezetak... Eskolatik ere ideiak eta materiala ematen dizkiete denbora pasatzeko, eta eskertzekoa da.

Eta kirolari moduan, zer moduz ari zara? Fisikoki izan dezakezuen galeraren beldur zara?

Galera handia izango da. Etenaren aurretik fisikoki oso lan ona ari ginen egiten, eta dena espero bezala zihoan. Orain, jo eta ke ari gara arrabolean, baina ezin daiteke alderatu errepidean egiten den lanarekin. Egoera erabat aldrebesa tokatu da, eta onartu egin behar.

Arrabolak intentsitatea lantzeko aukera ematen du, baina nekez egin daitezke arnasa luzeko saioak, ezta?

Hala da. Ezin duzu ordu askoko saiorik egin. Oso ezberdina da. Arrabolean une oro zaude pedalei eragiten, errepidean ez bezala. Arrabolean, bi ordu eginda, saio ona osatu dezakezu. Watt asko mugitzen dituzu, eta pultsazioak ia ez dira jaisten. Indar ariketak ere ari naiz sartzen. Batzuetan saio bikoitzak egiten ditut: bat goizez, eta bestea arratsaldez. Goizekoa ordubetekoa izaten da, eta arratsaldekoa ordu eta erdi ingurukoa. Prestatzaileak lasaitasuna helarazi digu, esanez oraindik urruti ikusten dela itzultzeko garaia. Patxadaz hartu behar dugu egoera, oraindik egun asko pasatu beharko baititugu etxean. Arrabolean ordu asko eta intentsitate handikoak egitea, ez zaigu besterik gelditzen.

Plataforma digitalak ari zara erabiltzen, ala nahiago duzu zeure kasa ibili?

Bai, gure arrabolek badute programa bat, eta hori erabiltzen dut, saioak entretenigarriago egiteko. Hala azkarrago pasatzen da denbora. Hasieran filmak eta telesailak jartzen nituen, baina halakoekin nahiko luze egiten zitzaizkidan saioak. Ekin betean, zaila da istorioen hariari jarraitzea.

Asko ari zara elikadura zaintzen? Beti etxean egonda, errazagoa da zizka-mizkak eta halakoak jatea...

Zaindu beharra dago, arrabolean energia gutxiago erretzen baituzu. Gainera, etxean egonda, oso gutxi mugitzen gara egun osoan. Beraz, funtsezkoa da janarekin tentuz ibiltzea. Obsesionatu gabe, hori bai. Tarteka gutiziaren batzuk jaten ditugu; bestela, burutik egingo dugu azkenean.

Ziklista guztiak zaudete egoera bertsuan, ala badaude aldeak toki batetik bestera?

Espainiako Estatuan denok gaude berdin, alegia, etxean egotera behartuta. Baina herrialde batzuetan, Belgikan esaterako, aukera eman diete txirrindulari profesionalei errepidera ateratzeko. Beraz, ziklista guztiak ez gaude egoera berean, eta hori nabarituko da lehiara itzultzen garenean. Baina, egia esan, oraintxe ez nago momentu horri begira. Egoera oso beltz ikusten da, eta egunetik egunera gauzak asko aldatzen dira. Luzerako dugula ematen du. Akaso txirrindulariok baimen berezi bat izan genezake kanpoan entrenatu ahal izateko, baina oraingoz ez da halako neurririk hartu.

Hitz egin duzu taldekideekin? Nola daude?

Ingurukoekin hitz egin dut: anaiarekin [Gorka Izagirre], Omarrekin [Fraile], Alexekin [Aranburu]... Luis Leon Sanchezekin ere harreman oso ona dut, eta hura ere gu bezala dabil, etxezuloan sartuta.

Lehiara itzultzean, zer-nolako egutegia izango duzuela uste duzu?

Zaila da aurreikusten. Garbi dago ezinezkoa izango dela lasterketa guztiei eustea. Denbora tarte txikia geldituko da egoera hau bukatu ostean, eta lehentasuna itzuli handiek izango dute. Monumentuei ere egingo zaie tokia. Denboraldia luzatu egingo da, agian azarora arte, baina, hala ere, ez da nahikoa denbora egongo proba guztiak jokatzeko. Sasoi oso aldrebesa eta berezia izango da aurtengoa.

Hori horrela, atzeratu egin liteke datorren sasoiaren hasiera. Batzuk aldaketa hori betikotzearen alde agertu dira. Zer iritzi duzu zuk?

Ni, behintzat, ez nago horren urrutira begira. Egunez egunekoari erreparatzen diot. Lehen gauza alarma egoera bukatzea da. Eta gero, ikusiko da ea egutegiak zer itxura hartuko duen. Hau arazo global bat da, eta herrialde batzuetan besteetan baino azkarrago egingo zaio aurre egoerari. Orduan, ez dakit gauzak zertan izango diren hilabete batzuen buruan. Dena ondo badoa, Frantziako Tourrak ez luke arriskuan egon beharko, datak apur bat atzeratuta bada ere. Hori funtsezkoa izango litzateke taldeentzat, alde ekonomikoari begira. Egoera ez da batere samurra, eta entzuten da arriskua dagoela hainbat talde desagertzeko. Tourra erakusleiho handi bat da babesleentzat, eta sasoi honetan inoiz baino garrantzi handiagoa izango du.

Astana jarri da zuekin harremanetan, mezuren bat igortzeko?

Ez, alde horretatik ez digute azalpenik eman. Soldatak %30 murriztu dizkigute hiru hilabeterako; ekainera arte. Gainontzeko taldeek ere berdin jokatu dute. Onartu beharreko erabaki bat da, mundu mailan dena goitik behera aldatu delako: merkatuak, burtsa, enpresen egoera... Hartu beharreko neurri bat zen. Ikusi beharko da egoerak zer bilakaera izaten duen.

Urtarrileko eta otsaileko soldatak ez zenituzten behar zen momentuan jaso. Egoera konpondu da?

Bai, martxo erdialdean jaso genituen atzeratutako soldata horiek.

Astanak etekin handia atera ohi dio denboraldiaren hasierari. Geldialdiak kalte berezia egin dio?

Kaltea den-denoi eragin digu. Udaberrian maila handiko lasterketak lehiatzen dira, ziklista askok helburu gisa jartzen dituztenak: Milan-Sanremo, Paris-Niza, Tirreno, Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako klasikoak, harbidetakoak... Esan bezala, uste dut lasterketa handiak lehiatuko direla, baina oraindik ez dakigu noiz. Egutegia goitik behera berrantolatu beharko da, eta guk genuen plangintza ere bai.

Zuk Itzulia eta Ardenak zenituen begiz joak sasoi hasieran. Orain, ordea, zaila izango da helburuak zehaztea.

Hala da. Data zehatzik ez dago oraindik. Garbi izan behar dugu hau luzerako joango dela, eta helburuak ere luzera begira egongo direla. Oraintxe, ez dut ezer garbi esaterik. Hasiera batean, Tourrera joatekoa nintzen, baina, dena aldatuta, ez dakigu zer lasterketarekin bat egingo duen, eta taldeak zer asmo izango duen.

Normalean, denboraldi hasierarako garbi izaten duzue plana, eta hala, helburu zehatzei begira egiten duzue lan. Orain, ordea, ez daukazue inolako ziurtasunik. Nolakoa da psikologikoki halako egoera batean jardutea?

Nire ustez, helbururik gabe aritzea da zailena. Ez dakizu ez zertarako ari zaren lanean, ez noiz hasiko zaren... Motibazio falta nabaritzen da. Horregatik esaten dut lasai hartu behar dugula egoera. Geldialdia bukatzen denean, orduan hasiko gara gauzak finkatzen, eta tunelaren amaieran argia ikusten. Baina, bien bitartean, pazientzia izan behar dugu.

Iaz oso ondo moldatu zinen aste bateko lasterketetan: Itzuliaz gain, Valentziako Itzulia ere irabazi zenuen, eta bigarren izan zinen Andaluziakoan. Ordea, itzuli handietan ez zenuen eman zure onena. Arantza hori ateratzea al da denboraldi honetako erronka nagusia?

Astebeteko itzuliak nituen berriro jomugan. Paris-Niza eta Itzulia ziren lehen helburuak, eta, gero, gogo berezia daukat Ardenetako klasikoetan ondo lehiatzeko.Oso aste berezia izaten da: proba ikusgarriak dira, eta giro edeÞrra izaten da. Fleche Wallonnek, agian, amaiera bortitzegia du niretzat, baina bai Amstel Gold Race eta bai Lieja-Bastogne-Lieja egokiak dira niretzat. Lan ona egitea gustatuko litzaidake. Batek daki noiz jokatuko diren, baina ilusio hori daukat.

Etenaren aurretik, denboraldia nahi bezala zihoan? Iazkoaren aldean, ez duzu hainbeste distirarik egin.

Ondo hasi naiz; egia esan, ez dut kexarik. Egia da iaz Valentziako Itzulia irabazi nuela. Garaipenek beti ikusgarriago egiten dute dena. Aurten, atzerapenarekin nenbilen prestakuntzan. Apur bat kosta zitzaidan sasoia hartzea, baina behin hartuta, aurrean izan nintzen bai Valentzian eta bai Andaluzian. Egia da Andaluzian Landak eta Fuglsangek beste puntu bat zeukatela, baina nik ondo ikusi nuen neure burua.

Andaluzian, irudi deigarria ikusi zen azken-aurreko etapan: Fuglsang tiraka aritu zen soinean maillot horia zuela, zu aurrera iritsi nahian zenbiltzan bitartean. Zer gertatu zen?

Bera sailkapen nagusiaren lehiari begira zegoen, eta aurkariak atzean utzi nahi zituen, taldekide bat atzetik aurrera zetorrela konturatu gabe. Gaizki-ulertu bat izan zen, besterik gabe.

Aurten, zaila izango da Itzulian lehiatzea. Behintzat, iazko oroitzapenak hor dituzu. Garai hauetan gozagarri izango dira.

Bai, orain dela urtebete jantzi nuen txapela, eta oroitzapenak ezin hobeak dira. Egunero borrokatu nintzen, eta azken etapan kale edo bale egin nuen. Lan itzela egin zuten taldekideek, ondo atera zitzaigun apustua. Oso egun hunkigarria izan zen.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.