Jon Mariezkurrena. Aspeko pilotaria

«Askoz indartsuagoa naiz orain buruz»

Jon Mariezkurrena profesionaletara itzuli berri da, Asperekin, Baiko utzi eta hiru hilera. Aitortu duenez, «garai txarrak» pasatu dituzte etxean, baina «aurrera begira» dago jada. Barruan duen guztia emango du eman dioten aukera aprobetxatzeko.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Berehala nabari zaio Jon Mariezkurrenari (Berriozar, Nafarroa, 1999) pozik dagoela. Baina ez du ahaztu nola iritsi zaion aukera. «Greba egin zuten pilotarien indarragatik nago hemen. Izugarri eskertuta nago». Horri lotuta, beste desio bat du: «Unai Laso eta Victor Esteban laster gurekin egotea».

Urte berria, bizitza berria dio esaera zaharrak. Zure kasuan, hala izan da: profesionaletara itzuli zara, Asperekin.

Hala da, eta oso pozik nago. Asko eskertzen diot Asperi, berriz ere profesionaletan jokatzeko aukera eman didalako, nola eta Binakako Txapelketan toki bat eginda.

Aspaldiko beste esaera batek dio elur urte, gari urte. Hori ikusteko dago oraindik, baina hasi, behintzat, ondo hasi zara. Jokin Altunak eta zuk irabazi egin duzue lehen partida: 22-11 Erik Jakari eta Julen Martijari

Ondo hasi gara, bai. Jokatu aurreko egunetan lasai nengoen, baina, partidaren eguna iritsi ahala, nerbioak sumatzen hasi nintzen. Urduritasuna baino gehiago, jokatzeko irrika zen. Gero, behin frontoian, lehia hastear zela, tentsioak gora egin zuen, baina normala da, txapelketa nagusi bateko neurketa baitzen. Hala ere, nahiko lasai jokatu nuen. Hasieran, pixka bat sufritu nuen, ez nengoelako ohituta erritmo horretara. Horregatik huts egin nituen bizpahiru pilota. Baina gero, burua lasaitu, eta gustura aritu nintzen. Maila polita eman nuen. Ea euts diezaiokedan.

Gogoratzen zenuen noiz jokatu zenuen azken partida profesionaletan?

Bai, hori ez da ahazten. Elgoibarren [Gipuzkoa] izan zen, abuztuaren 24an. Danelek [Elezkano] eta biok Ezkurdiaren eta Arangurenen aurka jokatu genuen Mastersean. Galdu egin genuen.

Lau hilabete baino gehiago pasatu behar izan dira berriro profesionaletan jokatzeko. Asko da hori. Tartean, gainera, denetarik pasatu da. Nola bizi izan duzu?

Gorabehera handiak izan ditutanimoan. Baita ingurukoek ere. Erabaki zaila izan zen Baikorekin ez berritzea. Gainera, nik eta ingurukook argi dugu ez nuela merezi horrela bukatzea. Kolpe handia izan zen, eta sekulako pena hartu nuen. Gaizki pasatu nuen hasieran, baina, behin egoera onartuta, erabaki nuen profesionaletatik kanpo egingo nuen denbora sasoi-aurre baten gisan hartzea, itzultzen nintzenean ahalik eta ondoen egoteko. Horretan aritu naiz azken hilabeteetan.

Ez berritzea erabaki zenuen eguna izan zen okerrena?

Egun hori irisi aurretik, Baikok ez zion kontratua berritu Eskirozi. Laso, Victor eta hirurok falta ginen, eta jakitun geunden gaiak itxura txarra zuela, enpresa ez baitzen erabaki normalak hartzen ari. Arriskuan ikusten genuen geure burua, eta, azkenean, kanpoan geratu ginen. Egun zaila izan zen ez nuela jarraituko jakin zen eguna, baina ordurako kanpoan ikusten nuen neure burua, eta hasia nintzen egoera berrira egiten.

Handik gutxira hasi zen Baikoko pilotari gehienek deitutako greba. Zu enpresatik kanpo zinen ordurako. Nola bizi izan zenuen?

Oso mugimendu polita izan zen. Ez zen bidezkoa gertatzen ari zena, eta lankide gehienak batu ziren hori salatzeko. Ausart jokatu zuten, zaila baita zure lan jarduna etetea eta zure nagusien aurka egitea. Ni jada ez nengoen enpresan, baina, egon izan banintz, uste dut gauza bera egingo nukeela.

Akordioa izan zen gero, eta zu, Eskiroz, Victor eta Laso berriro hartzeko konpromisoa hartu zuen Enpresen Ligak. Nola bizi izan zenuen egun hori?

Egun polita izan zen. Emozio handikoa. Zoriontsu ginen profesionaletan jokatzeko beste aukera bat izango genuelako. Ikusteko zegoen ea hori nola eta zein baldintzatan izango zen, baina pausoa, behintzat, emana zegoen.

Aukera hori berriro izateko, erabakigarriak izan ziren grebalariek erakutsitako indarra eta batasuna. Oso eskertuta egongo zara, ezta?

Izugarri. Oso argi dut haiengatik eta haiek egindako indarragatik daukagula berriro profesionaletan jokatzeko aukera hau.

Enpresen Ligak uztailaren 1era arte zuen epea zuri, Lasori eta Victorri eskaintza bat egiteko. Zuri, ordea, urtea amaitu aurretik egin zizun eskaintza. Ezustean harrapatu zintuen?

Bai. Asko harritu ninduen Aspek horren goiz deitzeak. Kalean esaten zen Aspek eskaintza egingo zidala, baina zurrumurrua besterik ez zen, eta nik ez diet halakoei garrantzirik ematen. Ez ditut gauzak sinesten gertatzen diren arte. Eta, zorionez, zurrumurrua zena egia bilakatu zen, eta Aspek deitu ninduen. Baina ez nekien zertarako. Biltzeko geratu ginen, eta bildu ginenean azaldu zidaten Binakako Txapelketan haiekin aritzea nahi zutela. Ezustekoa izan zen erabat. Bikuña estelar asko ari zen jokatzen, eta ez nuen neure burua ikusten binakakoa jokatzen. Izugarri poztu nintzen, baita nire ingurukoak ere. Zorion mezu pila jaso nituen. Polita izan zen.

Berehala hasi zinen buru-belarri binakakoa prestatzen.

Aurretik jada gogor ari nintzen lanean. Baikotik kanpo geratu nintzenean, argi izan nuen ez nintzela geldirik geratuko; ez nion pilotari sentitzeari utzi nahi. Horregatik eman nuen izena Huarte taldean, Lasorekin. Gogor entrenatu naiz, eta uste dut ondo prestatu naizela, eta ez dudala erritmo handirik galdu. Batez ere, partidetako erritmoa hartu behar dut, alde handia baitago profesional eta afizionatu mailen artean. Baina ari naiz.

Binakakoa jokatzeko bakarrik egin duzue tratua Aspek eta zuk, baina pentsatzekoa da ondo bidean kontratua luzatuko duzula, ezta?

Nik binakakoa jokatzeko kontratua sinatu dut Asperekin, baina izan genuen bileran argi geratu zen dena normal joanez gero bioi egingo ligukeela ilusioa eskutik jarraitzeak. Baina, horretarako, nirea eman behar dut kantxan. Nik argi dut barruan dudan guztia emango dudala.

Ezustekoa izan zen Aspek deitu izana. Ez, ordea, Baikok ez deitzea, ezta?

Errazena edo normalena, Aspek deitzea zen, baina enpresak dira biak, eta ez dakizu nondik irten daitezkeen. Baikoren eskaintza bat jaso izan banu, aztertuko nuke, baina Aspek deitu ninduen, eta oso eskertuta nago nigan erakutsi duen konfiantzagatik. Saiatuko naiz kantxan ahal dudan lanik onena egiten ordaintzen.

Gertatu zaizun guztiak aldatu egin zaitu?

Bai. Nire ustez, esperientzia guztiak, onak zein txarrak, mesedegarriak dira. Pilotari indartsua izateko, buruak eta eskarmentuak garrantzi handia dute, baita esperientzia txarrak izateak ere, indartzeko. Profesionaletan egin ditudan bi urteetan [2018ko uztailaren 13an egin zuen debuta], esperientzia txar asko izan ditut, eta horrek balio izan dit buruz indartsuagoa izateko, eta gauzak burutsuago egiteko.

Asko aldatu al zara debuta egin zenuenetik?

Bai. Oraindik oso gaztea naiz [21 urte ditu], baina debutatu nuenean 19 urte besterik ez nituen, eta binakakoa jokatzeko aukeratu nindutenean ez nuen presiorik, iritsi berria nintzelako. Gainera, sasoiz eta eskuz oso ondo nengoen. Ez nuen arazo fisiko bakar bat ere izan. Oso erraza zen baldintza horietan jokatzea. Baina orain, sasoiz eta jokoz ez banaiz orduan baino hobea, gutxi falta zait. Heldu egin naiz, eta garatu. Buruz askoz indartsuagoa naiz orain.

Lehen txapelketa horretan, bikain aritu zineten Iñaki Artola eta zu. Finalerdiak jokatzear izan zineten. Gutxienez maila horretara iristea da helburua?

Bai, baina saiatuko naiz koska bat gorago egiten. Egun, maila ona dut, baina asko hobetu dezaket oraindik.

Hiru aste besterik ezdaramazu Aspen. Aldaketa sumatu duzu?

Entrenatzeko modua da batez ere ezberdina. Orain, lan fisikoa neure kabuz egiten dut. Frontoiko lan teknikoa, berriz, Jokin Etxanizekin egiten dut [Aspeko zuzendari teknikoa]. Entrenamendu gutxi batzuk egitea nahikoa izan dut konturatzeko zer-nolako teknikari puska den. Horren berri banuen, baina argi geratu zait orain. Hitz onak besterik ez dut harentzat. Izugarri ari zait laguntzen. Beti dago gainean, beti zuzentzen zaitu: ez emateko pilotari horrela, beste modu batean emateko, posturak... Uste duzu gauza bat perfektu egiten duzula, eta berak segituan ikusten du hutsen bat, zuzentzeko zerbait, onerako. Oso pozik eta gustura ari naiz lanean harekin.

Etxanizekin gustura ari zara. Eta Jokin Altunarekin? A zer bikotekidea jarri dizuten. Ez zara kexatuko, ezta?

Ez, badakit sekulako zortea dudala Jokinekin jokatzeagatik. Oso pozik nago. Nahiz eta orain arte enpresa ezberdinetan egon, beti egon da nire gainean debutatu nuenetik. Ondo egon naizenean, zoriondu egin nau, eta gaizki egon naizenean, animatu. Ilusio handia egiten dit harekin jokatzeak. Horrek are eta ilusionagarriagoa egiten du txapelketa hau. Ea ondo moldatzen garen eta lan ona egin dezakegun.

Jokoz bikain dabil, oso fresko.

Jokin beti izan da artista tantoa bukatzen, eta orain, gainera, txispa dauka, oso fresko dabil. Izugarri laguntzen dit. Gozamena da harekin jokatzea.

Hark ere esan du «gozamena» dela zurekin jokatzea eta «merezi» duzun tokian zaudela orain.

Aldagelan ere esan zidan asko pozten zela berriro profesionaletan jokatzen ari nintzelako eta ilusio handia egiten ziola nirekin jokatzeak. Hitz horiek sekulako ilusioa egiten didate, eta indar eta motibazio handia eman.

Bikote guztiak bat datoz helburuaz galdetuta: partidaz partida joan nahi dute. Zuek ere bai?

Bai. Txapelketa oso luzea da binakakoa, lau hilabete pasatxokoa, eta, horregatik, gorabehera handiak egon ohi dira. Onena partidaz partida joatea da, eta lehia guztietan lehiakor izatea. Horrela lortuko ditugu puntuak.

Zer itxura hartzen diozu txapelketari?

Nahiko parekatua izango dela uste dut. Maila handia dago, eta oso ondo jokatu behar duzu irabazteko edo irabazteko aukera izateko. Ez dago bikoterik pentsatzen duzuna ziur izango dela azkena.

Berritasunen artean dago Oinatz Bengoetxea ez dela ariko, hamasei urtez jarraian jokatu ostean. Harekin jokatu zenuen azken binakakoa. Zer iritzi duzu Baikok hura kanpoan utzi izanaz?

Oso laguna dut Oinatz, eta pena handia eman dit kanpoan geratu izanak. Baikok Peñari eman dio aukera, eta oso ondo ari da. Enpresen erabakiak dira, eta pilotariok ez dugu ezer egiteko.

Eskiroz eta zu itzuli zarete, baina ez Laso eta Victor. Nola daude?

Niri pasatu zitzaidan bezala, inbidiaz ikusten dituzte profesionaletako partidak. Lagunak ditut, eta pena da biak oraindik itzultzeko zain egotea. Baina ziur laster izango ditugula berriro gurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.