Mikel Urrutikoetxea. Baikoko pilotaria

«Azken urte eta erdian asko sufritu dut; burumakur nengoen»

Azken hamasei hilabeteak ez dira garairik samurrenak izan Zaratamokoarentzat, hainbat arrazoirengatik. Pixkanaka, sentipen «hobeagoak» ditu. Bihar, Lasoren aurkako partida erabakigarria jokatuko du, Zallan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nahiz eta fisikoki sasoiko egon, buruak ezetz esaten duenean, akabo. Zurrunbilo horretan atera ezinik ibili da urte eta erdiz Mikel Urrutikoetxea pilotaria (Zaratamo, Bizkaia, 1989). Laguntza jaso du kantxetara «indartsuago» itzultzeko, eta bide «on» horretatik darama Lau eta Erdiko Txapelketa. Finalerdietara sailkatzeko lehia du bihar (22:00, ETB 1), Unai Lasoren aurka, Zallan (Bizkaia).

Joan den larunbatean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu zenuen partida ahaztuta duzu, ala oraindik buruan jirabiraka duzu?

Partida hura guztiz ahaztua dut. Ez nuen aukerarik izan garaipena lortzeko. Gainera, hurrengo egunean binakakoa jokatu nuen [Ander Imaz bikote izan zuen]. Burua jada hurrengo partidan dut jarria, eta prestaketa lanean buru-belarri ari naiz. Buruari oraindik ez diot bueltarik eman partidaren inguruan, baina biharko eguna heltzen denean, ahalik eta kontzentratuen egoten saiatuko naiz.

Zertan hobetu behar duzu?

Partida bakoitza ezberdina da. Lehen bi norgehiagoketan oso gustura sentitu nintzen. Josebaren aurkako partidan, ez nuen nire mailarik onena ematerik izan, eta markagailuan joan egin zitzaidan. Bigarren zatian, ordea, hobeto aritu nintzen, baita pixkanaka hurbildu ere. Halere, aurretik zeraman abantaila handia izan zen, eta ezin izan nuen irauli.

Bihar, Unai Lasoren aurka jokatuko duzu Zallan. Irabazi beharrean zaude finalerdietara sailkatzeko. Erabakigarria izango da.

Hori da. Final-laurdenetako ligaxkako azken partidara bizirik iritsi naiz, eta irabazlea finalerdietara sartuko da. Bai Unairentzat, bai niretzat partida garrantzitsua izango da. Zaila izango da, tentsio handikoa. Horregatik, lasaitasunez partida on bat egiten ahaleginduko naiz.

Astelehenean, Lasok erraz irabazi zion Erik Jakari: 22-8. Behetik gora datorren pilotaria da. Zer dohain nabarmenduko zenizkioke?

Partida oso serioak jokatzen eta lana ona egiten dabil. Pilotari osoa da; defentsan oso ondo aritzen da, eta erasoan ere tantoa erraz amaitzen du. Azken batean, finalerdietara sartzeko aukerekin dabiltzan pilotari gehienak hainbat alderditan oso ondo aritzen dira, eta horietako bat da Unai.

Eta zuk non ahal diozu min egin hari?

Neure buruari eskatzen diodan gauza bakarra da nirea egitera joatea eta oldarkor jokatu behar dudala, aurreko partidetan bezalaxe. Tanto guztietan txapelketan daramadan tentsioa mantentzen saiatu behar naiz. Abiadura handiz jokatu behar dut, tantoaren agintea hartu ahal izateko, eta sakean eta errematean ere erne ibili behar naiz. Hori ondo egiten badut, irabazteko aukera izango dut, baina argi dut Unaik ere lan bera egingo duela.

2019an, lesioagatik ez zinen lau eta erdikoan lehiatu, eta arrazoi beragatik, iaz, final-laurdenetan ez zenuen jokatu. Aurten, nolakoa ari da izaten itzulera?

Oso gustura itzuli naiz. Azken batean, aurreko bi urteetan leku ezberdinetan izan nuen lesioagatik ezin izan nintzen lehiatu, eta sekulako pena izan nuen, horrelako txapelketa bat ezin izan nuelako jokatu bi urtez jarraian. Izan ere, aurretik oso esperientzia ona bizi izan dut, eta oso gustura aritu izan naiz lau eta erdikoan. Zorionez, berriz ere hemen gaude, eta aurten lehen kanporaketatik aritu behar izan dut, baina nire sentipenak onak dira. Azkenaldian lortzen ez nuena lortu dut: gozatzea.

Arlo fisikoan ez ezik, psikologikoan ere lanketa egin duzu; askotan esan baituzu pilotan gozatu baino gehiago, sufritu egin duzula. Zer dela eta?

Azken urte eta erdi hau oso gogorra izan da niretzat, gauza asko gertatu zitzaizkidalako, kantxan nahiz hortik kanpo. Horren ondorioz, psikologikoki beherakada handia izan, eta asko sufritu nuen.

Sufrimendu horrek nola eragiten zizun kantxan?

Pilotari bat psikologikoki ondo ez dagoenean, buelta asko ematen dizkio buruari, kirol arloan nahiz egunerokoan. Eta hori dena gero frontoian islatu egiten da. Zure betiko maila ematen saiatzen zara, eta nahiz eta gorputza dena emateko gai izan, buruak ez dizu uzten. Partidatik askotan irteten nintzen. Burumakur nengoen.

Jokatzeko sua falta zenuela sumatzen zenuen?

Bai, batez ere mugimenduetan asko nabaritzen nuen. Makal aritzen nintzen. Baina hori dena ez zen fisikoki ondo ez nengoelako, pilotatik kanpo gertatu zitzaizkidan gauza askorengatik baizik.

Zeren beldur zinen?

Partida jokatzeko beldur nintzen. Azken urte eta erdian, kantxara irteten nintzen bakoitzean gozatu baino gehiago sufritu egiten nuen. Sentimendu asko etortzen zitzaizkidan burura, eta asko kostatzen zitzaidan lehian zentratzea. Horrela ezinezkoa zen jokatzea.

Laguntza eskatu zenuen orduan.

Hori erabat aldatzeko beharra sentitzen nuen, eta laguntza eskatu nuen. Zorionez, pixkanaka hobetzen ari naiz, pilotari nahiz pertsona gisa.

Jakaren aurkako partidan, 21-5 zinen aurretik, baina asko kostatu zitzaizun lana biribiltzea. Iraganeko mamuak itzuli ziren?

Buruz burukoan izan nituen sentipenak etorri zitzaizkidan. Eriken aurkako partidan amaiera arte zentratuta egoten saiatu nintzen, baina momentu batean, lehiatik atera nintzen apur bat. Halere, Erikek bigarren zatian asko asmatu zuen, eta dena oso ondo irten zitzaion. Beraz, ez zaio meriturik kendu behar.

Edonola ere, azken hilabeteetan txukun aritu zara. Konfiantza berreskuratu duzu?

Kantxan hobeto sentitzen naiz, eta bide horretatik jarraitu behar dut; hau da, kantxara irteten naizen bakoitzean partidetan pentsatu, ongi jokatu, eta gustatzen zaidanaz gozatu, galdu ala irabazi. Hori da garrantzitsuena.

Joko oldarkorragoa egiten ari zarela sumatzen duzu?

Uste dut alderdi hori berreskuratu dudala. Gustura ari naiz entrenatzen, eta alde horretatik oso pozik nago. Norgehiagokak hobeto eramaten ditut, baina argi dagoena da partida guztiak ez zaizkidala ondo irtengo; azken finean, partida bakoitza mundu bat da.

2015ean eta 2016an irabazi zenituen hiru txapelketa nagusiak. Orduko Mikel Urrutikoetxea al da oraingoa?

Urte haietatik 2019an pasatu zitzaidana arte oso eroso sentitzen nintzen. Zazpi final jokatu ditut, eta badakit txapelak irabaztea ez dela batere erraza, maila oso altua baitago. Halere, nire helburuetako bat txapeletik gertu ibiltzea da.

Txapela irabazteko gosea ere ez duzu galdu, ezta?

Txapela irabazteko gosea ez da inoiz joaten. Denok nahi ditugu irabazi. Hemendik aurrera jokatzen ditudan txapelketa guztietan nahia bera izango dut: irabaztea.

Aimar Olaizolak azaroaren 13an azken partida jokatu eta gero, Oinatz Bengoetxea izango da helduena, eta gero zu zaude. Nola sentitzen zara?

Berezia da, baina ez diot bueltarik eman nahi horri. Lehen esan dizudan moduan, nire helburua pilotaz gozatzeaeta maila gorenean ahalik eta urte gehien jokatzea da. Ez dakit nora arte iritsiko naizen, baina pilotariok horretarako entrenatzen gara astero, baita zaindu ere.

Beterano gutxi geratzen zarete pilota munduan. Bengoetxea VI.a —37 urte—, Jon Ander Albisu —31 urte— eta zu zaudete Baikon. Beteranoen figura galduz doa?

Beteranoaren etiketa ez dakit zenbat urterekin jartzen zaion pilotariari, baina uste dut adin onean gaudela pilotan jokatzeko, eta hori kantxan erakutsi behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.