Iker Irribarria. Aspeko pilotaria

«Berriro egin nahi dut toki bat goian, eta bertan sendotu»

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak ondo ekin diote binakakoari, hiru partidetatik bi irabazita. Aurrelariak badaki hobetu behar duela, baina itxaropentsu dago: «Gozamena da fisikoki berriro bete-betean egotea».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
<i>Arama</i>
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Euria, hotza... Ez da giro Araman (Gipuzkoa). Nekez ikusten da inor kalean. Hutsik dago Loitza pilotalekua ere. Han azaldu da Iker Irribarria (Arama, 1996). Errebotean daude zintzilikatuta hark irabazitako hiru txapelak: banakako biak eta binakako bakarra. «Laugarrena, bai?», bota dio argazkilariak. Berehala erantzun dio: «Oso zaila da, baina ez dudarik egin saiatuko garela». Zoriontsu nabari zaio.

Zer sentitzen duzu binakakoaren sailkapena ikusita?

Poza. Bost bikotek ditugu bi garaipen, eta guretzat garrantzitsua da hor egotea; konfiantza ematen digu. Izan ere, partida batzuetan alde handiak egon diren arren, osotasunean hartuta, sekulako lehia eta maila dago txapelketan. Ez dago bikote bat besteen gainetik, ezta Elezkano II.a-Zabaleta ere. Edonork egin diezaioke min edonori.

Zein da helburua?

Gutxienez, lehen sei bikoteen artean sailkatzea. Zaila den arren, aukera ikusten dut zuzenean sailkatzeko ere. Baina poliki-poliki joan behar dugu; hau oso luzea da, eta gorabeherak egon ohi dira.

Zer moduz ari zarete?

Ondo ari gara Beñat eta biok [Rezusta]. Asko dugu hobetzeko, baina garrantzitsuena da erakutsi dugula gure jokoa egiteko gai garela: pilota indarrez eta bizitasunez jotzen ari gara. Lehen partida perfektua izan zen [22-11 irabazi zieten Altuna III.a-Martijari]. Atzo [herenegun], berriz, bigarren zati oso ona egin genuen [12-10etik 22-11ra pasatu ziren, Ezkurdia-Tolosaren kontra]. Badakit akats dezente egiten ari naizela. Zazpi hilabete egin ditut txapelketarik jokatu gabe [eskuin belauneko lesio larria izan zuen], eta kosta egiten da txapelketen erritmoa hartzea. Baina bide ona daramagu, badakigu nola jokatu behar dugun, eta hori aurrera eramaten saiatzen ari gara.

Zu ari zara gorabeheratsuago?

Badakit bi une jakinetan pilota asko galdu ditudala. Bata, bigarren partidaren azken txanpan, eta garesti ordaindu genuen [14-13 ari ziren galtzen Elezkano II.a-Zabaletaren kontra, eta, 22-16 galdu zuten]. Bestea, atzo, hasieran [herenegun], eta gai izan ginen suspertzeko. Baina bestetik, Beñati ahal dudan guztia laguntzen ari naiz: partida ia guztietan hark baino pilotakada gehiago jo ditut, eta ahal izan dudanean, erritmoa aldatzen saiatu naiz. Baina sasoi bete-betean ez bazaude, pilota batzuk huts egiten dituzu. Horixe da saihestu behar dudana. Beñat, berriz, gorabeherarik gabe ari da. Ikaragarria da nola mugitzen den eta zenbat laguntzen didan defentsan. Izugarri eskertzen da hura bezalako atzelari batekin aritzea.

Hori da bikote izatea: bata pattalago ari denean, besteak laguntzea; eta alderantziz.

Dudarik gabe. Hain zuzen, horixe lortu genuen elkarrekin jokatu genuen lehen binakakoan: nik egun kaskarragoa nuenean berak hobea izatea; eta aldrebes. Horri esker irabazi genuen. Horretan saiatu behar gara, badakigulako biok egun perfektu gutxi izaten ditugula. Gainera, oso zaila da hamalau partidatan dena ondo irtetea.

Hirugarrenez ari zara Rezustarekin. Abantaila da hori?

Bai. Izugarri eskertzen da aurretik elkarrekin jokatu izana; egina dago bikote harremana. Adibidez, ez diot galdetu nola entrenatu nahi den datorren astean, baina gutxi gorabehera badakit. Elkarrenganako ezagutza eta konfiantza hori kantxan islatzen da gero.

Zer falta zaizu zuri?

Gauzak fintzea. Erritmoa aldarazten ahalegintzen ari naiz, eta nire jokoa egiten; bolearekin min egiten ere ari naiz, eta kolpez fresko nago; eta defentsan, hobeto ari naiz eskuinarekin. Baina hutsak ere ari naiz egiten, bereziki, lehen aipatutako bi une horietan: presaka aritu naiz, eta hainbat pilota galdu ditut. Badakit, eta hori konpontzeko ari naiz lanean.

Ondo duzu belauna?

Bai, baina udan, giro lehorragoarekin, hobeto nuen; orain, hotzarekin eta hezetasunarekin, ordea, pixka bat gehiago kostatzen zait. Sumatzen dut zerbait pasatu dela belaunean, baina ez nago kezkatuta. Hobeto dago, eta nabari da lan handia egin dugula. Ederra da hau sentitzea.

Berriro toki berean min hartzeko beldurra duzu?

Izan dut, baina normala da, gorputz guztiek dute autodefentsa sistema hori; are gehiago, uste dut izan behar dutela. Ondo lan eginez kentzen da beldurra; lehenbizi, errehabilitazioan; eta, gero, frontoian. Nik bietan kendu dut. Gozamena da fisikoki berriro bete-betean egotea.

Zein helburu duzu?

Urte zaila izan eta gero, berriro egin nahi dut toki bat goian, eta bertan sendotu. Konstanteagoa izan nahi dut, eta berriz ere pilotari sentitu. Kanpotik erraz ikusten dira gauzak, baina nahiko zailak dira lortzen; beldur asko daude barruan, eta gorputzari kosta egiten zaio erritmoa hartzea. Ez dut uste helburua txapela irabaztea izan behar duenik. Helburu hori jarrita, zaila da gozatzea. Zortzi bikotetik bakarrak irabaziko du txapela. Pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu. Gero, gustatuko litzaidake buruz buruko ona egitea. Baina, orain, gustura ari naiz Beñatekin, nahiko ongi sentitzen naiz, eta gorputza ere gero eta hobeto dut. Ahal dudan azkarrena egon nahi dut bete-betean.

Aspek ez zintuen aukeratu aurreko binakakoan aritzeko. Ilusioa egin dizu berriro jokatzeak?

Handia, eta indar handia eman dit entrenatzen jarraitzeko. Pilotariok txapelketa guztiak jokatu nahi ditugu, eta guztiak irabazi, baina kontziente izan behar gara gorputzak tarteka atseden hartu behar duela. Nire gorputzak egur dezente jaso du gaztetan txapeldun izanda, eta uste dut azken urte hau ez zaidala gaizki etorri gorputzari atseden emateko, psikologikoki indartzeko eta asko ikasteko.

Kaskarrekoak hartu behar dira derrigorrez ikasteko?

Bai. Bizitza ere hala da: kaskarrekoak hartzea eta horietatik ikastea. Pena handia hartu nuen esan zidatenean ez nuela jokatuko denbora luzean, baina pilotaz gain mila gauza daude egiteko. Pilota bada bakarrik zure bizitza, hondoa jotzen duzu berehala. Nik ikasten jarraitu dut, master bat atera dut, psikologia lantzen aritu naiz, eta oso lan gogorra egin dut arlo fisikoan. Horiek ere aintzat hartzekoak dira. Pilotari eman behar zaio eman behar zaion garrantzia. Finean, gauzei behar duten balioa eman behar zaie. Inori ez diot opa hau pasatzea, baina pasatzen duten guztiek gauza asko ikasten dituzte. Eta nik asko ikasi ditut; adibidez, bakarrik egoten.

Buelta asko ematen zaizkio buruari bakartasunean?

Bai, noski, eta inbidia sentitu dut kontrario, lagun eta lankide diren batzuk gora egin, txapelketa onak jokatu, txapelak jantzi eta euren tokia lortu dutela ikusita. Nik ezin nuen jokatu, eta itzultzeko irrikaz nengoen, baina aldi berean, oso urrun ikusten nuen momentu hori. Oso gogorra da bakarrik zaudela konturatzea. Hasieran, jendea zurekin gogoratzen da, baina, gero, konturatzen zara zein dagoen egunero zurekin. Esperientzia gogorra bezain baliagarria da.

Inbidia horrek partidak ikustea galarazi dizu?

Ebakuntzaren aurretik, askoz gutxiago ikusten nituen. Gero, lan psikologiko gogorra egin ostean, gai izan naiz partida ia guztiak ikusteaz gain, hori egiten gozatzeko ere. Kapaz izan naiz lagun eta aurkariak jokatzen ikusi eta benetan haiengatik pozteko. Oso polita da hori, baina oso gogorra da horra iristeko pasatu beharrekoa, gauza asko irentsi behar baitira. Buruari buelta bat eman behar zaio, eta nik profesionalei esker lortu dut.

Min hartuta egon zaren zazpi hilabeteetan burutik pasatu zitzaizun gauza batengatik edo bestearengatik bi urte pasatxo joan zaizkizula ezer gutxi egin gabe?

Pentsamendu hori tarteka etortzen da, baina gauza da zenbateko garrantzia ematen diozun. Baina ez nago batere ados denbora joaten ari zaidala diotenekin. Ni jada lurperatu izan naute, eta egur dezente eman, eta beste pilotari batzuk oraindik gazteak dira 24-25 urterekin. Haiek denbora baldin badute, nola ez dut nik izango; nik ere 25 urte ditut! Kirolari profesionalaren bizitza oso laburra da, eta segituan pasatzen da, baina batzuk, agian, azkarregi hasi gara, eta oraindik 25 urte ditugu. Batzuetan adin horrekin badirudi beteranoak garela. Denbora pasatzen ari da, bai, baina bere martxan. Horrek ez nau kezkatzen.

Oso gazte, 19 urterekin, irabazi zenuen buruz burukoa lehen aldiz, eta esan izan duzu egoerak gainezka egin zizula. Horregatik eman diozu garrantzi handia arlo psikologikoari?

Oso zaila da etxe sendo bat eraikitzea oinarri sendorik gabe. Egon zen garai bat pentsatu nuela pilotan gauzak ondo ez bazebiltzan bizitzaren beste alorretan ere ez zirela ondo joango. Lanketa handia egin dut esparru psikologikoan, eta gauzak erlatibizizatzen ikasi dut. 19 urterekin irabazi nuen txapela, eta ez nuen horrek dakarren presioa kudeatzeko tresna bakar bat ere. Espezialistek ematen dizkizute. Horregatik jo nuen haiengana. Arlo fisikoa, teknikoa eta taktikoa lantzen den bezala, psikologikoa ere landu beharra dago.

Duela gutxi arte ia ez da landu arlo psikologikoa pilotan, baina ikusi da funtsezkoa dela.

Zalantzarik gabe. Nire ustez, pilota atzetik doa beste kirolekin alderatuta. Prestatzaile fisikoak, psikologoak, nutrizionistak... arlo horietako espezialistak aspaldi daude kirol batzuetan; pilotan, berriz, duela gutxi. Arlo horiek guztiak landu egin behar dira goian egoteko. Presioa ere hor dago. Simone Bilesi Olinpiar Jokoetan gertatu zitzaiona da horren adibide: uko egin zion zenbait probatan aritzeari, presioagatik. Oso garrantzitsua da halakoak normalizatzea. Agian, hamar urte barru normala izango da kirolari bat ez lehiatzea psikologikoki ondo ez dagoelako. Arazo fisikoak izan ditzakezun bezala, psikologikoak ere izan ditzakezu. Askotan diot pilota eskuarekin jotzen dela, baina jokatu, buruarekin jokatzen dela. Arlo hori garatu egin beharra dago, eta normaltasuna eman. Beste lesio bat da.

Ikasi duzu presioa eramaten?

Bai. Gero eta hobeto eramaten dut. Pixkanaka-pixkanaka, ari naiz konstanteagoa izaten; ez ditut lehengo gorabeherak. Denok ditugu gabeziak, eta landu egin behar dira. Horretan ari naiz.

2019an bigarrenez buruz burukoa irabazi aurretik ere garai txarra izan zenuen. Hori duzu helduleku berriro gora egin dezakezula pentsatzeko?

Bai, baina balorazioa ez da bakarrik emaitzetara mugatu behar; bestela, txarra izango da ia ziur; hiru txapelketetatik gehienak ez dituzu irabaziko. Dena ez da irabaztea. Adibidez, nire ustez, balio gutxi ematen zaio finalerdietara iristeari, baina garrantzitsua da hor egotea txapelketetan. Gustatuko litzaidake ere udan ondo aritzea; beti kostatu izan zait. Espero dut garai eta emaitza onak etortzea.

Danel Elezkanok esan zuen binakakoaren finala jokatu aurretik garrantzi handiegia ematen zitzaiola irabazteari. Ados zaude?

Erabat. Txapela irabazten duenak bakarrik jokatzen du? Eta besteek, zer, ezer ez? Finala jokatzeari ere balio gutxiegi ematen zaio. Adibidez, sekulako meritua du Lasok lau eta erdikoan egin duenak. Eta askotan ez da baloratzen. Txapela bakarrik ikusten da, eta ez beste hainbat lorpen.

2016an buruz burukoa era ikusgarrian irabazi zuen pilotari hori baino hobea zara?

Bai. Bestela, zertarako entrenatu naiz azkeneko bost urteetan? Buruz askoz indartsuagoa naiz, eta defentsan, hobeagoa. Baina gero, hainbat faktore daude. Adibidez,momentu oso jakin batean sasoi eta txispa handiarekin egotea. Nik horrelako une bat harrapatu nuen, 2016an. Baina beste bi txapel irabazi ditut ere, bai eta beste bi final jokatu ere. Dena ez da izan une zehatz bateko kontua.

Egungo Irribarriak irabaziko zion 2016koari?

Partida batean edozer gerta daiteke, baina urte guztia kontuan hartuta, baietz uste dut.

Esan izan duzu lehen txapela irabazi zenuenetik luparekin begiratzen zaituztela. Orain ere bai? Ala lupa hori aldendu egin da?

Nire ustez, ikusi dute niri bezala, beste batzuei ere kostatu zaiela txapeldun izan ostean, goian eustea; ikusi dute ez dela kasualitatea hori gertatzea. Kritikatu izan naute, baina orain, beste modu batera hartzen ditut kritikak. Nire taldetxoa dut, eta bertan daudenek esaten didatenak axola dit, ez kanpokoek diotenak. Ez dut prentsarik irakurtzen. Uste dut irakurtzeak kalte egingo lidakeela mesede baino gehiago. Nire bizitza profesionala da, eta nik erabaki behar dut zer komeni zaidan, eta zer ez; zerk pozten nauen, eta zerk ez.

Txapelketara itzulita, gaur bertan jokatuko duzue Urrutikoetxea-Arangurenen aurka. Ezkurdia-Tolosaren aurkako taktika bera erabiliko duzue? Aurrelaria saihestu, eta atzelaria kargatu?

Hori da gure jokoa, are gehiago kontuan hartuta zein azkar dabilen Beñat. Atzean kargatu behar dugu jokoa, eta aurrean, aukerak aprobetxatu. Ezin naiz lauan txorakeriatan hasi; ez da nire indargunea, eta, horretan hasten banaiz, pikutara bidal dezaket Beñatek egindako lana. Saiatuko naiz erritmoa sartzen, pilota Urruti-ren gainetik pasatzen, eta hori eginez, hura desesperatzen. Ea huts gutxiago egin ditzakedan, eta egitekotan, ez izatea une erabakigarrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.