Albistea entzun

Mikel Larunbe. Pilotaria

«Pena ematen dit pilota halako enpresen eskuetan egoteak»

Erretiroa hartu berri du, hamar urtez profesionaletan jokatu eta gero. Ez du ezustean hartu Baikok ez berritu izana. Argi du enpresarekin izandako desadostasunak direla arrazoia: «Zigor profesionala jaso dut urteetan».
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2022ko abenduak 7 - Galdakao

Erretiroa hartuta, lehen apeta betetzear dago Mikel Larunbe (Galdakao, Bizkaia, 1993): Patagoniara (Argentina) joango da ostiralean. Hamabi egun egingo ditu han, bakarrik. Bidaia prestatzen ari da. «Badut gogoa hara joateko», dio.

Duela hamar egun jokatu zenuen azken partida profesionaletan. Zer moduz zaude?

Ondo. Ez dut igarri sekulako aldaketa. Aldaketa bakarra da ez naizela frontoian entrenatu. Elkarrizketak eman, Patagoniarako bidaia prestatu... Nahiko lanpetuta nabil.

Zer oroitzapen duzu agurraz?

Ederra izan zen; amaiera ezin hobea izan zen. Frontoia bete zen; denak izan ziren gertukoak: familia, lagunak, herrikoak... Partida ere oso ondo joan zen, baita afaria eta parranda ere. Hunkigarria izan zen, eta detaile polit asko egon ziren. Betirako gogoratuko dut.

Maitatua sentitu zinen?

Oso. Ez naiz izar bat izan. Jendea ez zen etorri nire azken partida ikustera izar bat naizelako. Jende asko etorri zen nigaz harremana duelako, eta maitasuna eta gertutasuna adierazi nahi zidalako. Txapelak baino garrantzitsuagoa da jendearen estimua eta maitasuna sentitzea, eta nik sentitu nuen. Bi pankarta egon ziren frontoian, eta bietan ipintzen zuen «zutaz harro». Horrek asko esan gura du.

Halako agur batek lagundu egin du azkenaldian bizi izandako une txarrak arintzen?

Azken urteak ez dira izan onenak, eta nahi baino lehenago amaitu da hau. Baina halako agur batek lagundu egin dit orokorrean ona izan den ibilbidea gustura ixten.

Pozik zaude egindakoarekin?

Oso langilea izan naiz beti. Pozik nago dudan guztia eman dudalako kantxan eta kantxatik kanpo. Ez dut izan sekulako ahalmena eta berezkoa; lanaren poderioz lortu dut dena. Horregatik, balio handia ematen diot hamar urtez onenekin jokatu izanari. Oso pozik nago. Pribilegiatua sentitu naiz, oso polita izan baita hamar urtez gehien gustatzen zaidan kirolean lan egitea. Frontoietako giro ederraz gozatu dut, lagun asko egin ditut, eta jende asko ezagutu dut. Eskerrak eman nahi dizkiet hona iristen lagundu didaten guztiei.

Uneren batekin gogoratzen zara?

Lehenik, debutarena; oso berezia izan zen. Gero, oroitzapen oso polita dut jokatu ditudan hiru finalena: batetik, Promozio Mailako biena [2015ean eta 2016an]; sekulako giroa izan zen Labriten; eta, bestetik, Oinatzegaz [Bengoetxea] jokatu nuen lehen mailakoarena [2017an]. Itzela izan zen onenekin aritu nintzen lehen aldian finala jokatzea.

Arantzaren bat duzu?

2019an, sasoirik onenean nengoenean, fibrosia izan nuen eskuin eskuan. Lesio hori izan ez banu, kirol ibilbide politagoa izango nuen.

Lehen esan duzu azken urteak ez direla onenak izan. Oso gutxi jokatu duzu. Agurra gertu zegoela barneratzeko astia izan duzu?

Bai. Ez da izan ezustekoa; argi dago. Enpresak azken urteetan, eta, batez ere, azken urtean nirekin izandako tratua kontuan hartuta, ez ninduen ustekabean harrapatu.

Susmoa izan arren, noiz esan zizuten ez zizutela berrituko?

Azken partida jokatu baino bi aste lehenago. Ohikoa da hilabete lehenago esatea, agurra prestatzeko. Kasualitatea edo ez, gai horretan ere mugan ibili zen enpresa.

Arrazoiren bat eman zizuten?

Batere ez. Ez zutela gehiago nirekin kontatu nahi.

Zerbait esan zenien?

Ez. Onartu egin nuen. Bilera laburra izan zen. Ez zegoen irabazteko askorik.

Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Jendeak uste du azken urtebeteko kontua izan dela, baina duela lau urte hasi zen, Baiko sortu zenean.

[Paper bat hartu du, eta han duen eskemari segituz hasi da azalpenak ematen].

Lehenbizi, sei urteko aldia egin nuen Asegarcen, eta oso ondo joan zen. 2013ko urtarrilean egin nuen debuta, eta hasieran, kosta egin zitzaidan, eskuengatik eta erritmoagatik. Baina, pixkanaka, gora egin nuen, eta hiru final jokatu nituen jarraian; garapen ona neraman. Baina 2019an, Baiko sartu zen, eta nik fibrosia izan nuen, eta kalbarioa hasi zen. Nire esku zegoen guztia egin nuen, baina denbora askoan aritu nintzen nahi eta ezin. Ondorioz, jokatu nuen gutxitan ezin izan nuen nire onena eman. Enpresa oso gaizki portatu zen.

Zer egin zuen?

Presio egin. Beste kontratu bat sinatu berri nuen, merezitakoa, egin dudan on bakarra, eta, haien ustez, ez nuen merezi kobratzen ari nintzena. Baina 2019ko bukaeran, berriz hasi nintzen ondo jokatzen. Ordurako, Baikon ginen. Pilotarioi beste kontratu bat ezartzen saiatu zen. Aurretik, bi genituen: kirolekoa, Asegarcerekin; eta, irudikoa, Bainetekin. Baikok biak batu nahi izan zituen, baina baldintza dezente txarragoekin. Legeak dio baldintzak errespetatu behar dituela. Horregatik, ez nuen onartu. Ni izan nintzen bakarra. Horrek okertu egin zuen enpresarekin nuen harreman.

Pandemiak are gehiago tenkatu zuen soka.

Enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen. Bederatzi pilotarik berritu behar zuten kontratua, eta batu egin ginen, kolektibo gisa negoziatzeko, ez enpresak nahi zuen bezala, banaka. Bi pilotarik utzi zuten taldea, banaka negoziatzeko: Imazek eta Arangurenek. Garai horretan enpresari eskatu genion kontuak erakusteko. Legez behartuta zegoen. Baina ez zigun erantzun. Gero, udan, soldata %20 jaitsi zigun. Berriro eskatu genituen kontuak, baina alferrik. Prest ginen soldata jaisteko, arrazoia bazegoen. Baina ez ziguten ezer erakutsi. Hori ikusita, greba egin genuen, eta Ibai Zabala eta biok aurkeztu ginen greba batzordeko kide gisa enpresarekin negoziatzeko. Gure aldarrikapen nagusiak ziren kaleratutako lau pilotarien etorkizunaz hitz egiten hastea eta itun kolektibo bat negoziatzen hastea; pilotariek ez dute halako babesik. Enpresaren jarrera aldatu nahi genuen, inoiz ez baitu onartu nahi izan gu pilotariak garela, baina baita langileak ere, eta gure lan esparrua langileen estatutua dela. Oso larria da enpresak esparru hori deuseztatu nahi izatea.

Greba bukatu zen.

Bai, Pilotarien Elkarte bat sortu zutelako, eta hark egin zuelako akordioa. Nik ez nuen sinatu. Batetik, grebalariekin elkartasuna adierazi ez zuten enpresako bi pilotarik eta Aspeko beste bik sortu baitzuten Pilotarien Elkartea. Nire ustez, enpresen estrategia izan zen guk bide sindikala uzteko. Ni izango nintzen ELAko ordezkaria egitekoak ziren hauteskunde sindikaletan. Ez sinatzeko beste arrazoi bat izan zen, nire ustez, ez duela zentzurik elkarte batek negoziatzea lan kontuak enpresarekin. Nire ustez, beharrezkoa da pilotariok ordezkari sindikal bat izatea enpresan benetako indarra izateko; sindikatu bat duzu atzetik. Gainera, akordioaren arabera, berriz jaitsi behar genuen soldata %20. Ez nengoen ados. Halere, elkartean egon ez arren, murrizketa egin zidaten. Agiriak eskatu nituen berriro; alferrik, eta salaketa jarri nuen. Epaiketa iritsi baino bi egun lehenago enpresa erretiratu egin zen. Bazekien galduko zuela.

Horregatik jaso duzu enpresarengandik halako tratua?

Dudarik gabe. Zigor profesionala jaso dut urteetan. Gutxien jokatu duen pilotaria izan naiz. Azken urtean, nire ibilbideko garaipen portzentajerik onena lortu dut. Partiden maila ez da bera, baina Baikon Mariezkurrenarenak eta biok izan dugu portzentajerik onena atzelarien artean. Hala ere, ez dut inolako aukerarik izan; ez dut estelar bakar bat ere jokatu. Itzaleko partidak jokatu ditut soilik, askotan etxetik oso urrun. Neguan, nahiz eta min hartuta ez egon, bi hilabete egin nituen jokatu gabe. Sarritan egon naiz hilabete jokatu gabe. Ez dakit kasualitatea den, baina kirol zuzendari berria ere izan dugu [Aimar Olaizola]... Dena gertatu da batera. Urtebetez egon naiz ETBn atera gabe. Jendeak galdetzen zidan ea jokatzen segitzen nuen.

Nola eraman duzu?

Ondo, beti izan dudalako oso lasai kontzientzia. Baina kirolari batek helburuak behar ditu motibazioari eusteko eta eguneroko lanari aurre egiteko. Gogorra da ahal duzun guztia egitea, eta ez jokatzea.

Lanean jarraitu duzu beti?

Bai, bete-betean, eta horren adibide da nire ibilbideko garaipen portzentajerik onena lortu dudala. Nire eskuetan zegoen guztia ipini dut.

Babesa izan duzu?

Bai, handia. Gertukoek izugarri babestu naute: familiak, neska-lagunak, lagunek... Baina higadura handia eragin dit. Ondoan izan ditudanei esker eutsi diot indarrari aurrera egiteko. Bakarrik hau ez litzateke posible izango.

Lankideek babestu zaituzte?

Baten batek esan izan dit zein egoera gogorra bizitzen ari nintzen, baina inork ez du salatu jendaurrean.

Ulertzen duzu zuri pasatu zaizunaren ondoren beldurra izatea?

Enpresak beti jokatu izan du beldurra sartuz. Pilotariak ohartu behar dira pilotaria izatea baino garrantzitsuagoa dela langileak izatea, eta, langile gisa, eskubideak ditugula, eta denok batera, kolektiboki jokatuta, ahal dugula horiek askoz indartsuago defenditu. Horrela jokatuz, ez genuke beldurrik izango planto egiteko, enpresari esan beharrekoak esateko, eta aurrera egiteko. Baina enpresa saiatzen da beti banaka hartzen pilotariak, eta horrek beldurra sortzen du. Baina antolatu, eta denok batera egonez gero, langileen ordezkari batekin, hainbat enpresatan egiten den gisa, askoz indar handiagoa izango genuke, eta jendea ohartuko litzateke zeinen eraginkorra den; beldurra galduko zen.

Zerbaitetaz damutzen zara?

Ez. Ez dut ezer esan edo egin bat-batean. Ziur gauza batzuk hobeto ahalko nituela egin, baina lasai nago. Beste batzuen azalean egongo banintz, ez nuke lasai lo egingo, eta nik lasai egiten dut.

Zu protagonista zinen BERRIAn idatzitako analisi batean Ibai Zabalak zera zioen: «Dirudienez, eskubideak aldarrikatze hori gaizki ikusita baitago pilota profesionalean. Hobe morrontza». Ados zaude?

Greban aukera izan genuen morrontza horri aurre egiteko, baina gehiengoak erabaki zuen akordioa sinatzea eta Pilotarien Elkartearen parte izatea. Uko egin zion negoziazio kolektiboari eta ordezkari bat izateari. Zergatik? Ezin naiz sartu besteen buruetan. Pena ematen dit pilota, ondare eder bat, halako enpresen eskuetan egoteak.

Zer egiteko asmoa duzu orain?

Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako ikasketak eginak ditut, baita irakasle izateko masterra ere. Izena emana dut hezkuntza publikoan lan egiteko. Oporretatik bueltan lan egiteko moduan egongo naiz.

Pilotan jokatzeko asmoa duzu?

Eskaintzak izan ditut, baina orain atseden hartu nahi dut. Gorputzak eskatzen badit, itzuliko naiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Asko daukat ikasteko oraindik mendiko eskian»

Unai Ugartemendia

Mendiko eskian euskal selekzioan aritzen diren emakumeetako bat da Carlota Martinez de Aragon. Eski alpinoan ibili ondoren, lesio bat tarteko, mendiko eskian hasi zen, eta gustura ari da.
Wold Tourra begiz jota, Laboral Kutxa taldearen egonaldia

Erronkaren tamainara hazi

Iñaki Berastegi

Alteako egonaldiarekin amaitu du Laboral Kutxa taldeak 2023ko denboraldirako prestaketa fasea. Zaila bada ere, helburua, 2024an World Tour mailan tokia egitea da. Hala ere, txirrindulariek azpimarratu dute erronka hori ezin dela «obsesio» izan. Ilusioa izan dute lanerako akuilu nagusi.

 ©EUKEN ALBERDI

Izotzaren bueltan dantzan

Iñigo Lasa

Izotz pista batera sartu zen lehen aldian, negarrez atera zen Euken Alberdi. Egun, munduko onenekin lehiatzen da. 2026ko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzea du amets.
Oscar de Marcos eta Moi Gomez, lehian Athleticek eta Osasunak San Mamesen jokatutako derbian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskal talde bat Kopako finalean arituko da

Beñat Mujika Telleria

Osasunak eta Athleticek elkarren aurka jokatuko dituzte Espainiako Kopako finalerdiak. Hortaz, euskal talde bat finalean arituko da

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.