Aimar Olaizola. Baikoko pilotaria

«Lehiakor ikusi ez, gozatu ez, eta sufritzen dudanean: orduan utziko dut»

Caixabank Mastersari «ilusioz» ekin dio Aimar Olaizolak. Txapelketa «orekatua» dela dio, eta «lan ona» egin nahi du, Zabaleta lagun duela. Erretiroa «gero eta gertuago» igarri arren, epe laburrean ezarria du soa.

JON URBE / @FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) «gogotsu» hasi du binakako Caixabank Mastersa. Lehen partida galdu arren, «ondo jokatu» zutela iritzi dio, eta gustura dago Jose Javier Zabaleta bikote hartuta —etzi Iñigo Bikuñarekin ariko da, Etxarrengoa minez baitago—. Hala dio: «Akaso, egungo atzelaririk onena Zabaleta da». Gustura ari da kantxan, nahiz eta denboraren joana onartu duen: «Errealista izan behar dut: 42 urte beteko ditut azaroan».

Partidaz betetako uda duzu aurtengoa. Nola zaude fisikoki?

Azken egunetako gorputzaldia ez dut horren ona izan. [Koronabirusaren aurkako] txertoa hartu nuen orain dela hamabost bat egun, eta orduz geroztik gorputza txisparik gabe izan dut, nekatu antzean. Pilotan gustura ari naiz; orain, gainera, Caixabank Mastersa dugu, eta ilusioz ari naiz. Alde horretatik ongi nago.

Masterseko lehendabiziko partida galdu egin zenuten: 22-19, Laso-Tolosaren aurka. Nolako partida izan zen?

Nahiko partida ona egin genuela uste dut. Zorte txarra izan genuen, Zabaletari eskua mindu zitzaiolako partidaren erdialdean. Ez genuen irabaztea lortu, baina kontrarioek ere ondo jokatu zutelako. Sei partida geratzen zaizkigu oraindik, eta denok helburu bera dugu: lau onenen artean sailkatzea.

Lehen jardunaldia igarota, zer traza hartuko du txapelketak?

Bikote handiak daude, oso onak, pilotari onenekin. Argi dagoena da edonork irabaz dezakeela. Enpresek ondo orekatu dituzte bikoteak, eta orain garrantzitsuena partida onak egitea da. Denon beharra hori da, jendea pilotalekuetara anima dadin. Azken urtean gertatu diren gauzekin pixka bat falta da: jendeak jakin behar du pilotalekua toki segurua dela, eta guk ikuskizuna eskaini behar dugu.

Zabaleta maila handiko kidea da, nahiz eta aste honetan ez den ariko. Gustura al zabiltza harekin?

Bai, nik uste agian oraingo atzelaririk onena dela. Azken denboran alderik handiena markatzen ari den pilotaria da. Azken urteetan hiru dira atzean alde handiz aritu diren pilotariak: Zabaleta bera, [Beñat] Rezusta eta [Jon Ander] Albisu. Zabaleta sekulako erakustaldiak egiten ari da, eta ea orain ere maila hori ematen duen. Lortzen badu, nik ere errazago egingo dut pilotan, eta lagunduko diot.

Bigarren partidan Bikuñarekin ariko zara, Jon Ander Peñaren eta Beñat Rezustaren aurka. Nolako partida espero duzu?

Aurrean bikote ikaragarria izango dugu; Rezustarena esan dut, eta Peña azken binakakoan txapeldunorde geratu zen. Gaztea da, baina maila handikoa, eta indarrez hazten ari da. Neurketa zaila izango da.

Aurrekoan, gainera, 22-21 irabazi zuten Mikel Urrutikoetxearen eta Julen Martijaren kontra.

Bikote handia da eta. Txapelketa honetan bikote denak dira onak, baina uste dut haiena indartsuenetako bat dela. Atzean Rezusta eta aurrean Peña izanda, ondo jokatu beharko dugu. Rezustak dominatu egiten du gehienetan, eta Peñak ezker ona du.

Lehen fasean zazpi jardunaldi jokatuko dituzue, eta gero kanporaketen txanda izango da, finalera arte. Txapelketa exijentea al da?

Bai, baina polita. Pilotarientzat garrantzitsuena berriz lehiatzea da. Oso txapelketa polita da, eta, lehen esan bezala, jendea gerturatzea falta da. Hasi da pixkanaka, baina lehen bezala ez. Jendeak ikus dezala pilotalekuan hartutako neurriak zorrotzak direla.

Joan zen igandean 130 lagun soilik bildu ziren Irungo (Gipuzkoa) Urantzu frontoian. Zaleari kostatzen ari al zaio?

Pixka bat bai, baina lehen ere izaten ziren halako partidak herri batzuetan. Beti ez genuen jokatzen mila lagunen aurrean. Hori gertatu da, bai, baina espero dut hemendik aurrera hobetuko dela. Argi izan behar dugu nolako egoeran gauden, jendea etxean egon dela, eta beldurra ere baduela. Hori guztia kontuan hartuta, jendeak ikusten duenean partida onak direla eta ez duela inolako arriskurik, espero dut hasiko dela lehen bezala joaten.

Udako txapelketa egokia al da Mastersa? Gustatzen al zaizu formatua?

Bai. Eta pilotariena baino garrantzitsuagoa da zaleena. Jendeari txapelketak gustatzen zaizkio, eta hori argi geratu da azken urteetan. Pilotarion kasuan, ni behintzat klase guztietara jokatzen ohituta nago. Enpresek eta ligak denentzat onena dena bilatzen dute, eta niri asko gustatzen zait.

Txapelketa izaera emateak tentsioa al dakar berarekin?

Bai, baina, gaur egun, kirolean goian egon nahi duenak hori behar du bai edo bai. Bestela alferrik da. Ez da binakakoaren, lau eta erdikoaren edo buruz burukoaren moduko txapelketa ofizial bat, baina torneo inportantea da, gero eta gehiago, gainera. Pilotarientzat pizgarri askokoa da, eta horrek ere gehitzen dio tentsioa.

Binakakoa amaitu ostean eten bat egin duzue txapelketei dagokienez. Tarteka lehiaren erritmoa jaitsi behar al da?

Pilota beti bizi izan dut segida bat bezala: txapelketa bat amaitu orduko, bestea. Egia da uda hasieran oporrak izan ditugula, hamar bat egunekoak. Ondo etorri zaigu pixka bat deskonektatzeko. Ordutik, Nafarroako lau eta erdikoa igaro da; orain, udakoa, eta ondoren, lau eta erdikoa [nagusia] etorriko da. Pilotan horrela izaten da, eta ohituta gaude.

Zertan baliatu duzu atsedena?

Familiarekin egoten. Lau ume ditut, eta haiekin egoten. Kanpora joan zalea naiz urtero, eta oso ondo pasatzen dut: haurrekin, igerilekuan... Hemengotik pixka bat aldentzeko ondo dago.

Aspaldi ez dela, elkarrizketa batean esan zenuen «lehiakor» sentitzen zarela. Kirolari batentzat ederra da hori.

Ederra, baina beharrezkoa ere bai. Nire kasuan, gero eta gutxiago da: jada ez ditut buruz buruko txapelketak jokatzen, eta binakakoak bai. Ia beti egiten didaten galdera da noiz utzi behar dudan, eta argi dut: kontratua izan ala ez izan, nire burua lehiakor ikusi ez, gozatu ez, eta partidetara edo entrenamenduetara joatean sufritzen dudanean, neronek segituan esango diot enpresari utzi egin nahi dudala. Uste dut pilotari eman beharreko garrantzitsuena eman diodala, eta orain hor segitzea tokatzen zait, lehiatzen, baina baita gozatzen ere.

Gozatzen ari zara, beraz?

Bai, baina, argi esateko, gero eta gehiago kostatzen zait. Batzuetan nabaritzen dut. Burua, gehienbat. Bestela, oraindik gustatzen zait entrenatzea. 18 urtetatik nago; 23 urtez nago profesionaletan, eta burua nekatu egiten da. Oraingoz behintzat hor segitzen dut, ordea.

Amaierara heltzen ari zaren sentipena al duzu?

Errealista izan behar da: 42 urte egingo ditut azaroan. Neronek esaten dut: ezin dut lehengo maila eman, eta partida mota ezberdinak dira. Niretzat inportanteena da nahiz eta urteak igaro onenen aurka ari naizela jokatzen.

23 urteren ondoren, kantxako bizipenak berberak al dira?

Ez, ezberdinak dira. Halere, atzera ez nuke egingo, ezta pentsatu ere. Egindakoa hor dago: hemezortzi urte izatea gauza ederra da, baina nire ibilbidean atzera egitea ez da niretzat. Asko gozatu dut, sufritu ere bai, baina egindakoarekin gustura nago. Nik ahal nuen dena eman diot pilotari, eta alde horretatik ez dut erreparorik.

Orain lehen baino kontzienteago al zara pilotalekuan?

Ez dakit. Oso lehiakorra izan naiz, eta orain ere hala naiz. Partidetatik kanporako gauza ia denak berdin egiten ditut. Ez dut aldaketa handirik igarri; lehen beste sasoi bat nuen, hori bai, baina hortik kanpora ez dut ezer aldatu, ez naiz erlaxatu-edo. Gustatzen zait egiten ari naizenean dena ematea, eta horretan segitzen dut.

Iaz urtebeterako luzatu zenuen kontratua. Gero zer egin hausnartzen hasi al zara?

Oraingoz, ez. Gustura nago jokatzen. Beti esan izan dut pilotaren munduan segitu nahiko nukeela, baina ez naiz pentsatzen hasi utzitakoan zer egingo dudan. Orain, jokatzen segitu nahi dut, buruak nahikoa dela esan arte. Enpresaren aldetik ez dut exijentziarik. Beti oso ondo portatu dira nirekin, eta hitz egin genuen gustura ez nengoenean uzteko. Oraingoz, aurrera segituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.