Baten agintea, bestearen ezina

Unai Lasok aise menderatu du Erik Jaka, Labriten. Nafarra lehendabiziko tantoetatik nagusitu da kantxan, eta finalerdietarako sailkatu da. Erik Jaka deseroso aritu da une oro

Laso aldeko tanto bat ospatzen, eta Jaka, atzean, kontrako aldartean, atzo Labriten biek jokatu zuten partidan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Unai Laso gozotik ari da. Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) bere garai onaren beste erakustaldi bat egin zuen atzo, Labriten. Baikoko aurrelaria aise nagusitu zitzaion enpresa bereko Erik Jakari (22-5), Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidan. Hasi eta buka, nagusi izan zen garailea, eta neurketak aurrera egin ahala apaldu zen hasierako ikusmina. Lasoren ahalaren adinakoa izan zen Jakaren ezina.

Izan ere, norgehiagoka desorekatua izan zen Iruñekoa. Hasieran soilik izan zen berdindua. Behin markagailuak binakoa adierazi eta gero, Lasok aurrerako urratsa egin, eta nahieran agindu zuen jokoan. Aurrelari nafarraren joak uxatu zuen ziurgabetasuna. Tantoak bata bestearen atzetik kateatu, eta garaipenaren bidean jarri zen.

Garaileak 34 minutu behar izan zituen final-laurdenetako bigarren garaipena erdietsi eta finalaurrekoetarako sailkatzeko. Lehen partidako garaipena atzoko erakustaldia gehituta, bere hautagaitza aurkeztu du jada.

Lasok hamahiru tanto egin zituen jokoan, eta beste bost, sakez. Azken horretan hobetzea zuen xede, eta lortu zuen: «Egia esan, zaila da partida hobea egitea. Eroso sentitu naiz kantxan. Eskuinarekin dena gozatu dut. Izugarri pozik nago egindako partidarekin; ezin dut gehiago eskatu», esan zuen neurketa amaitu berritan.

Aldiz, Erik Jaka gozakaitz aritu zen neurketa osoan. Ez alferrik, Lasoren jokoaren mende aritu baitzen une oro. Ez hori bakarrik; aukera eduki zuenetan ere ez zuen asmatu. Kontuak horrela, aho bizarrik gabe onartu zuen kontrarioaren nagusitasuna: «Lehenik eta behin, Unairena [Laso] goraipatu behar dut. Buruz buru ikusi dudan erakustaldirik handiena izan da. Gain hartuta sentitu naiz. Gero, neure aldetik, pilotakada batzuetan aukera eduki dut, baina ez dut asmatu».

Jakak Iñaki Artola izango du hurrengo aurkaria, eta ezinbestean irabazi behar du partida, baldin eta finalaurrekoetarako sailkatuko bada: «Ondo egin beharko dugu lan. Ea horrelako arratsalde bat izaten dudan; lortuz gero, 22 tantoak ez ditut urrun izango».

Ezkurdiak, jokatu gabe

Labriteko partidak osatu du maila nagusiko buruz buruko jarduna, aste honi dagokionez. Hasieran, Azpeitian (Gipuzkoa) jokatzekoa zen Joseba Ezkurdiaren eta Jokin Altunaren arteko partida, baina bertan behera utzi dute, Altunak minduta ditu eskuak; hortaz, Ezkurdiari eman diote garaipena, araudiak hala adierazten duenez gero (22-0). Gauzak horrela, jaialdi horren trukean, Eibarren jokatuko dute beste bat, gaur arratsaldean (17:00, ETB 1).

Promozio mailako bi neurketa jokatuko dituzte Astelena pilotalekuan: Egiguren V.a-Alberdi, eta Elordi-Alberdi. Tartean, Irribarria eta Tolosa Peio Etxeberriaren eta Martijaren aurka ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.