Narrazioa

Pintadak

Donostia (1966). Historia ikasi zuen EHUn, eta irakasle dabil orain unibertsitate horretan, Gasteizen. Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du —besteak beste, BERRIAn—, baita Volgako batelariak bloga elikatu ere. Narrazioak, nobelak eta saiakerak idatzi izan ditu, baina ipuingintzan nabarmendu da batez ere. Zalduaren lanen artean daude, besteak beste, Ipuin euskaldunak (1999); Itzalak (2004); Etorkizuna (2005); Biodiskografiak (2011); Inon ez, inoiz ez (2014) eta Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018).

Iban Zaldua.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Pintadek? Urteak iraun zezaketen. Ezin duzue imajinatu zenbat. Joder, gure auzoan bazegoen 1979ko estatutuaren aldeko bat, nik zer dakit, duela bost edo zazpi urte arte iraun zuena; ama bisitatzera joaten nintzenean hantxe ikusten nuen. Gero eta koloregabeago zegoen, klaro, baina irakurgarria zen oraindik, «GERNIKAKO ESTATUTOA, bai», eta arbolaren eta juntetxearen irudi eskematikoa: hesi-horma zahar hura bota arte hantxe egon zen... Nik, botoa eman? Estatutuaren erreferendumean? Laostia... Baina zenbat urte jotzen dizkidazue ba? Orduan ez nituen lau izango eta, parvulitosen egongo nintzen gehienez... Baina pintada hortxe zegoen, eta, begira, niri politika beti interesatu zait, bestela ez nintzatekeen ofizio honetan jardungo. Hau ez da soilik enkoadratzea eta kliskatzea, zer uste duzue ba. Buru pixka bat ere behar da. Badakit zertaz ari naizen: kamerek argazki-filma zeukatenean hasi nintzen lanean.

Orain ez dute ezer irauten: berehala iristen da udalak bidalitako garbiketa brigada bat, eta kito. Batzuetan egun berean: pintada batzuek orduak baino ez dituzte egiten paretan. Eta lan fina egingo balute sikiera... Dela erabili duten garbitzeko produktuak marka itsusiak uzten dituelako, dela pinturaren kolorea ez delako hormak jatorrian zeukan bera—ia inoiz ez da izaten kolore bera, egia esan—, kontua da pilo bat nabaritzen dela eta, batzuetan, zer esango dizuet, okerrago geratzen dela pintadarekin baino. Joder, ez dut esaten norberaren ezizena edo dena delakoa ezartzera mugatzen diren graffiti horiek ez dutenik ahalik eta bizkorren desagertzea merezi. Kaka hutsa dira. Baina batzuk artelanak dira kasik, ez didazue hori ukatuko. Intsumisioaren aldeko bat zegoen, super-handia, autobiderako irteeran, tanke-irudi eder batzuekin. Horrek ere urteak egin zituen han. Klaro, zuek gazteegiak zarete. Adiskide batzuek pintatu zuten hura; nik pixka bat lagundu nien. Intsumisoa izan nintzen, jakina. Garai hartan denok ginen intsumiso.

Eta, bestalde, interes informatiboa hor dago. Batzuetan ez daukagu ezta argazki bat ateratzeko astirik ere: erredakzioan testigantza hartzeko manatu, eta, iristen garenerako, arrastorik ez. Edo, hobe esanda, badago, baina garbitzaileena soilik: pintadarena batere ez. ETAren aldekoak bezala; bale, geroz eta gutxiago agertzen dira, baina horietako baten berri ematen dutenean, eta argazkia ateratzeko eskatzen badizute, hobe bizkor ibiltzen bazara. Sinetsi egidazue. Ijitoen kontrako beste horiek, trenbidearen beste aldeko auzoan agertu zirenek, gehiago iraun zuten, begira, pare bat aste edo. Horiei ere argazkiak atera nizkien, baina gero egunkariak ez zituen erabili erreportajean. Tira, lana kobratu nuen, behintzat: ez da gutxi. Urteak han, haientzat jo eta ke, eta kontratu iraunkorra egin behar zidatenean, kabroi horiek berritu ez. Autonomo hartu ninduten ondoren, lan berdina egiteko. Bueno, okerragoa izan zitekeen.

Ja. Tira, bi kopa besterik ez dira izan. Hiru, asko jota. Eta duela denbora dezente. Berdin zait alkoholemia probak zer dioen, orain berehala ematen duzu positibo hutsaren hurrengoa edanda. Joder, auto bat gidatzen ibili izan banintz, edo motor bat sikiera, baina, mutilak, patinete elektriko bat besterik ez da. Gehien jota nire buruari egingo nioke kalte, istripu bat edukitzekotan. Bai, bai, irakurri nuen, nola ez, egunkari puta horrentzako egiten dut lan: atsoak eta aldakak, zer esango dizuet ba. Gure amak ere, goian bego, apurtu egin zuen, erresidentzian sartu berria genuela, gaixoa, eta ikaragarri kostatu zitzaion sendatzea, orduan. Baina asko aurreratu da alor horretan, orain berehala konpontzen diete aberia, ezta? Dena den, benetan diotsuet, kontu handiz ibiltzen naiz, sekula ez naiz espaloitik joaten, errepidetik edo bidegorritik beti. Oso goapoa da, bai horixe, eta behar dudanerako, hirian hara eta hona ibiltzeko, primerakoa. Di-da batean edozein lekutan, pilaketak saihestuz, eta aparkatzeko arazoa gainetik kenduta, ze hiri honetan aparkatzea... Bizikleta baino hobeto, a ze aldea; ni lehen bizikletaz mugitzen nintzen leku guztietara eta ondo dakit zer diodan. Baina neuzkan bietatik, bata, ona, lapurtu zidaten, badakizue lapurrak nola dabiltzan hiri honetan; zerbait egin beharko duzue, behingoz. Eta bestearekin Nekane geratu zen, urdanga hori. Nik erosi nuen arren. Baina berak erabiltzen zuenez... Decathloneko merke horietako bat zen, baina hala ere amorrua ematen dit.

Bai, Nekane Martínez, horixe. Gezurra, dena. Gehienez bultzadatxo bat, kontua berotu zen hartan. Ni baino gehiago sumintzen zen baina! Haren garrasiak entzun beharko zenituzketen. Teatro hutsa. Eztabaidetan normala da halakoak gertatzea, ziur nago zuei ere... Ikusten? Horixe diot nik, gehiegi esajeratzen ari dira kontua. Gainera, ikusiko bazenute: ni baino dezente altuagoa da-eta! Baina guardiako epailea emakumea tokatu behar, eta urrutiratze-agindua eman. Gero kontuak ez zuen aurrera egin epaitegietan; esaten dizuet, txorrada bat izan zen. Baina orbana hor dago, hortxe agertzen da fitxa begiratzen duzuen bakoitzean. Sumintzeko modukoa, ezta? Bai, badakit, zer egingo diogu...

Esaten nizuena ba: ez garela garaiz iristen, batzuetan. Ezta patinete elektrikoarekin ere. Begira aurrekoan zer gertatu zitzaidan zinegotzi horren kontrako pintadekin: horiek ezabatzeko bai, presaz ibili ziren, alajaina. Sare sozialetan zabaldu zituen norbaitek, eta erredakziotik deitu zidaten ea argazki batzuk egin niezazkiokeen. Iritsi nintzenerako, ba horixe, ezertxo ere ez. Auzo osoa korritu nuen ea besterik topatzen nuen, baina kia. Twitterren aritu nintzen bila, eta bizpahiru aurkitu, nahiko kalitate txarrekoak. Jendeak ez daki argazkiak egiten. Txukunena aukeratu —hitz egiteko modu bat da—, Photoshoparekin pixka bat zuzendu, eta egunkarikoei bidali nien. Dena ondo. Baina, nonbait, jatorrizkoa egin zuena ohartu, eta Twitterren hasi zen protestaka. Eta niri sekulako errieta egin zidaten, noski. Morroiaren nicknamea ipini behar izan zuten argazkiaren oinean, atontze lan guztia nik egin arren. Ez, hura ez nuen kobratu, alproja halakoak. Ezta txiolariak ere: ziur nago bere izenordetxoa hor ikustearekin kontent baino kontentago geratu zela. Alu halakoa.

Ulertzen zergatik egin dudan? Hortxe zegoen pintada, hortxe bertan. Ez ni margotzen aritu naizen hormaren puntu berean, badakit, pixka bat ezkerrerago baizik. Hor garbitzaileek utzitako markak baitaude. Ikusten? Fresko daude oraindik: ez dakit horren gainean pintatzeko gai izango nintzatekeen ere. Baina hor zegoen, begira Twitterren duela sei ordu argitaratutako argazkia. Letra mota eta guzti imitatzen saiatu naiz. Bai, «ESKERRIK ASKO, ETA». Atzoko komunikatuagatik, badakit, nola ez dut jakingo ba. Baina ni ez naiz ETAren aldekoa, ezta gutxiago ere. Argazkia atera nahi nion, egunkaritik eskatu didate. Eta badakizue nolakoak diren nire egunkarikoak: horiek baino ETAren aurkakoagorik... Artikulu zorrotz bat ilustratzeko nahiko dute, seguru. Joder. Badakit. Baina txorakeria bat da, zer nahi duzue esatea. Total, berehala etorriko dira ezabatzera garbiketa zerbitzukoak. Eta hortxe bertan zegoen, zin dagizuet. Begira berriro Twitterreko argazkia, begira. Berdin-berdina atera zait...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.