Egiaz eta begiaz

Etortzen zarenean, jarri lore bat nire hilobian

Herio ospitaleko gelako atean zain, Xabier Letek atezuan ilobari esandako azken hitzak: «Jarri lore bat nire hilobian». Hamar urte poeta eta kantaria hil zela, eta Gipuzkoako Diputazioaren omenaldia jasoko du hilaren 15ean Donostian. Xabierren arreba Arantxa Lete Bergaretxe mintzatu zaigu Oiartzunen, Urnietako hilerrira joan eta lorea haren hilobian maitasunez utzi baino lehen.

Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren hilobia, Urnietan. ZALDI ERO.
Miel A. Elustondo, Zaldi Ero
Oiartzun-Urnieta
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hura jaio zen 1944an, eta ni urte eta erdi geroago. Bi-biok izan ginen. Hark izena zuen Frantzisko Xabier, eta ni Maria Aranzazu. Hala ere, nire jaiotza-agirian «Miren (Maria) Aranzazu» ageri da. Arraroa. Aita errenteriarra genuen, eta Eibarren jaioa, berriz, ama. Bata zen Fermin, bestea Edurne, Sabino Aranak asmatutako izena. Abertzaleak ziren bien etxeetan. Aita, bestalde, gudari ibili zen gerran. Putzutxo-erreka kalean bizitu ginen luzaro.

Xabier eta biok jaio gineneko, gure aita Luzuriagan ari zen lanean, Pasaian. Fundizioan, barku handietarako pieza handiak egiten. Oso zen lan gogorra.

Amak familia hazi, etxea zuzendu eta lan egiten zuen, etxean bertan, Donostiako emakume baten enkarguz: haurrentzako galtzerdiak josten zituen, makinan. Garai hartako, gogoratzen naiz esaten zuela: «Emakumeak etxera soldata ekartzeak errespetua jartzen du. Soldata txikia bada ere, handia errespetua». Horixe esaten zuen. Xabierrek «Langile baten semea naiz ni, aita bezala langile...» kantatzen zuen, baina ama ere langile gogorra genuen.

Haurtzaroa

«Berriro itzuliko balitz iragan denbora arrotza / berdin kontsumi nezake vainilla gozo artean, /

itsaso urrun batetan irudimena galdurik / udaberriko euritan larrosak bizten ikusiz.../

Osaba komertzianterik ez nuen izan Habanan, / pianorik ez zegoen bizi nintzen etxe hartan, / neskatxen puntilla fiñak udako arratsaldetan, / errosario santua neguko gela hotzetan.» Bai, Habanera dut nik kantua. Xabierrena. Gure haurtzaroa dakarkit gogora, gure ilusioak, nahiak eta ezinak, frustrazioak... gauza asko. Itsasoaren bestaldera zerbait berriren bila joan nahi hori-eta. Garai bateko giro hotz, triste, ilun hura ere badakarkit Habanera-k. Kantua aditu nuenean, «taka!» esan nuen, zimiko egin zidan.

Derrigorrezko ikasketak egin eta Tarragonara joan zen Xabier, peritutza bat egitera. Aitak etorkizun hobea opa zion semeari, eta amak ere Xabierrek ikastea nahi zuen. Gure aita baino ikasiagoa zen ama. Irakasle-ikasketak hasia, gerra hastearekin batera utzi zituen. Kultua zen. Aita gutxi eskolatua zen, baina jakin-min handikoa.

Aitak ez zuen Xabierrentzat fundizioko lan hura nahi, eta, lankideekin berriketan, jakin zuen bazirela unibertsitate laboralak. Eta horrela joan zen Xabier Tarragonara peritu ikastera, baina ez zen bere gustukoa gertatu. Hura ikastea ez, baina giroa bai: otxote bat osatu zuen katalan lagunekin batera, lehiaketa batean parte hartu zuten, irabazi zuten... Saria zuten bidaia bat Valentziako falletara. Irakurtzekoa zen bidaia hura kontatuz etxera idatzi zuen eskutitza! Haiek algarak! Pare bat urte han, eta etxera itzuli zen, peritu ikasi gabe, baina asko irakurrita, eta Katalunia asko maite zuela. Nik uste, Tarragonan bizi izan zen garaiko bizipen eder haiengatik maite izan zuela gerora ere Katalunia, hainbeste.

Lartaun antzerki taldea

Tarragonatik etorri eta lanean hasi zen Xabier, Pasaian, Bianchi e Ibarrondo enpresan. Gaztetatik, buruari buelta asko ematen zizkion, asko irakurtzen zuen, asko idazten. Guk ez genion kasurik egiten, beti horretan ari zen-eta, bere karpetak eta bere blokak hartuta. Mutil kozkorretatik zetorkion. Batxilergoa egiten ari zenean ere, akademiako zuzendariak, Rikardo Morenok, letra zalea izan nonbait ere, eta ikusi zuen Xabierrek ere erraztasuna-edo zuela horretarako, eta asko animatu zuen. Oso gauza inportantea izan zela uste dut.

1958an Lartaun kultur elkartea sortu zuten herrian. Tartean ibili zen gure aita ere. Esate baterako, elkarte haren bidez, euskaraz irakurtzen eta idazten hasi ginen. Euskaraz bagenekin, baina analfabeto hutsak ginela konturatu ginen, eta Lartaungo kide batek, Adolfo Leibarrek, bere etxea eskaini zuen, euskaraz alfabetatzeko saioak egiteko. Txomin Agirreren Garoa irakurtzen eta aztertzen ibili ginen. Eta talde horrexetatik sortu zen gure antzerki taldea.

Han ginen Xabier, Manolo Juanes, Iñaki Arbelaitz —Xabierren lagun mina—, Moises eta Kontxi Gontzalez, Kontxi Lopetegi, Maria Jesus Aranburu, Joxe Mari Iriarte, Arantxa Zapirain, ni neu... Ito edo Ezkondu egin genuenlehenengo obra. Julian Lekuonak —seminarista baitzen garai hartan—, egokitu zuen testua. Dekoratuak, beste seminarista batek egin zizkigun: Juan Antonio Letamendiak.

Antzerki-lanean hasi ginenean, Xabier bera genuen zuzendari. Haren errietak-eta! «Negar egin behar denean, negar egin behar da!». Gu, berriz, oso lotuak geunden, orduan ez baitzen sentimendurik adierazi ohi! Negarra ere, ahal zen gutxiena, eta beti etxean gordeak. Kasik urtero obra bat egin genuen, 70ean utzi genion arte. Ez dakit zergatik utzi genuen, ez naiz oroitzen, baina ordurako ezkonduta nengoen, eta ezkonduta Xabier eta Lurdes. Errenteriako Orereta ikastolan lanean ari nintzen, hiru seme-alaba ere bai... eta egunerokoa nuen nik antzerkia etxean!

Lartaunek utzi zion urtean-edo ekin zion Intxixu taldeak. Antzerki modu diferentea zen Eujenio [Arozena] egiten hasi zena, ikustekorik ez zuen gurearekin, baina han sartu zen gure Xabier ere. Oso gauza politak egiten zituen Intxixuk, oso lan ona.

Ez Dok Amairu

Xabierrek ez zuen musika formaziorik, baina gitarra gustatzen zitzaion. Zer edo zer ikasi zuen Arantxa Zapirainekin, honi ere asko gustatzen baitzitzaion gitarra, eta, hurrena, Jexux Mari Nuñezekin ikasi zuen, Oiartzunen bertan beti. Horiexek izan zituen hastapenak.

Ez zen kantari ona, nahiz sekulako arrakasta izan zuen...

Esate baterako, herriko elizan korua zen. On Pablo zen apaiz, organista, eta koruko zuzendari. Neska eta mutil joaten ginen korura kantatzera, eta Xabier ere joan zen. Apaizak froga egin zionean, berehala: «Ez, ez, zu ez, eztarria zakarra duzu zuk!». Eta bidali egin zuen.

Ez zen kantari ona, baina sentimendu handia jartzen zuen kantatzean. Berdin antzerkian ere. Kantuan, ahoskera garbia zuela esango nuke. Bestalde, halako indarra jartzen zion transmititu nahi hari, jendea harrapatu egiten baitzuen. Nahiz kantari txarra izan, nahiz eztarri txarra izan, gauza zen sentimendua transmititzeko. «Urepeleko artzainarena, gehiago gustatzen zait halakok kantatua», esan izan didate. «Bada, niretzat ez, zeren Xabierrek egiten duen 'Nuuun hagooo...', orro hori, berak bezala ez du inork egiten». Gaizki kantatuta ere, oihu hori, sentimendu hori, berea du. Xabierrena da.

Gaixotasuna

1983an, oker ez banago, Gipuzkoako Diputazioan hasi zen Xabier. Ez zitzaigun iruditzen Xabier politikari zenik, baina Imanol Muruak hots egin zion eta joan zen. Kultura departamendura. Lau urte egin zituen, eta Muruak segitzeko eskatu zion, baina Xabierrek ezetz. Izan ere, diputazioan lanean ari zela hil zitzaigun aita. Xabier oso lotua egon zen diputazioan, konpromiso handiak beti, eta arantza zuen, aitarekin behar adina ez zela egon. Ahal zuenean joaten bazen ere! Eskaintza diskoa ere hortik etorri zen, nonbait ere. Hala ere, har hori zuen Xabierrek: «Aitarekin gehixeago egon banintz!».

Ondoren, 1985ean, Xabier bera gaixotu zen. Gaitz degeneratiboa zuen. Hasieran, esperantza zerbait ere ibili genuen, baina gauza okertu besterik ez zen egin.

Nolanahi ere, ospitalera joaten zen eta ingresatzen zuten, dela elikagairen bat jarri behar ziotela-edo dena delakoa. «Felixek [Zubia, sendagilea] deitu dit eta ospitalera noa. Oraingo honetan emaitza onik ez bada, akabo!», esaten zuen. Askotan. «Nahikoa dugu, Xabier. Zer edo zer izango da!». Eta, egia, beti izaten zen «zer edo zer», aurrera egiten laguntzen ziona, zeren oso gaizki ere egondu baitzen! «Ez, ez, Arantxa, honek emaitza onik ez badu, kito!». Berak, betiere. Niri halako nahigabe bat sortzen zitzaidan hori esaten zuenean... Azkenean, hil aurreko urtean, nik uste sumatzen zuela bazihoala, eta poesia errezitatzeko emanaldiak egin nahi izan zituen Joxan Goikoetxearekin. Oso nekatua zegoen, ezin zuen, eta emozionalki ere izugarrizko eragina zuten azken emanaldi haiek beragan. Barren-barrenetik idatzitako poesiak errezitatzen zituen, eta eskaintza bat zen emanaldi bakoitza: Lurdesi, aitari... Bere sentimenduak ere kanporatu beharra zeukala iruditzen zait. Nire pertzepzio bat duzu, ez besterik.

Garai hartan esaten zidan: «Zuk ez al duzu pentsatu zergatik gertatu zaizkigun gertatu zaizkigunak? Amarena-eta». Zeren ama ere gaixotu baitzitzaigun, atakea eman zion eta gorputzaren alderdi bat gelditu egin zitzaion. Hiru urte egin zituen gaixorik. Nirekin bizi nuen ama, eta ostegun eta igandeetan hantxe etortzen zen Xabier, ama ikustera. Pixka bat hitz egiten genuen orduan. Pixka bat ez, puska!... Gure amak burua ondo zeukan, baina gorputzak ez zion laguntzen. Sufrikarioa zen, ama oso aktiboa izan baitzen beti. «Gaixoa!, atakea eman zionean joan izan balitz, hobe zukeen... Ez al diozu zeure buruari galdetzen, 'zergatik?'», Xabierrek niri. Eta nik: «Ez al zara akordatzen amamak zer esaten zigun? Dena guretzat egina dela? Guretzat eginak dira gauza guztiak, onak eta txarrak eta erdipurdikoak. Hortaz, 'zergatik ez niri?' da galdera». Eta begira geratzen zitzaidan: «Hori pentsatzen duzu?». «Bai. Zergatik nire bizilagunari bai, eta niri ez? Denak guretzat eginak dira». «Pozten naiz zuk horrela pentsatzea», Xabierrek. «Bestela, desesperazioa da, eta desesperazioa da mundu honetan azkena», erantzuten nion. Baina hura beti galdezka, zergatik hau, zergatik hori... «Galdera askok ez du errespuestarik, eta errespuestarik ez badu, alferrik da galdera egitea. Ez ezazu horrekin zeure burua martirizatu!», esaten nion.

Etorriko da zure soaz heriotza

2005ean hil zen Lurdes, eta handik bost urtera Xabier. Bakarrik bizi izan zen, Santik—Santiaga—,etxean laguntzen ziola. Bizitzeko adorea izan zuen, eta adorea baino gehiago, hau eta hura egiteko bizinahia.

2010ean, abuztuan, ingresatuta eduki zuten Xabier. Zaintza intentsiboetan egon zen. Kasik egunero joaten nintzaion bisitan. Azkena, alaba gazteenarekin joan nintzen, Mirenekin. Atzerrira zihoan, denboraldia ematekoa zen kanpoan, eta halaxe, osaba agurtzera. «Oiartzunen zer berri?», galdetzen zuen beti Xabierrek. Herriko kontuak jakin nahi izaten zituen. Eta esan nion: «Kanposantu ondoan tanatorioa egin dute, arrunt polita! Eguzkitsua, dena kristalezkoa». «A, bai? Kar, kar!», Xabierrek. Egundoko barreak egin genituen horren kontura. «Aurtengo eguberrietan fundamentu handienarekin jarriko dizut bazkaria», esan nion. Eta Xabierrek: «Aurten... Ez dakit, bada. Aurten, lehen esan dugun toki horretan ibili beharko duzu». «Zaude isilik, faborez!». Eta hizketan segitu genuen. Azkenean, agurtzerakoan, esan zion Mirenek: «Osaba, puska batean ez dugu elkar ikusiko, hilabeteak egingo ditut kanpoan... eta buelta arte!». Eta Xabierrek, orduan, serio: «Bueltan etortzen zarenean ni ez naiz hemen egongo, baina, etortzen zarenean, jarri lore bat nire hilobian».

Urnietan hilobiratu genuen, Lurdesen ondoan. Elkarrekin dira biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.