Egiaz eta begiaz

Ezpeletako arrosak arantzarik ez

Agnes Souret Ezpeletako hilerri ttikian datza, Jondoni Extebe elizaren baratze sainduan. Ondoan dituenak ez bezalakoa du hilobia, iragan mendeko 20ko hamarkadan egina baita, 'art déco' estiloan. Denborak kasik guztiz janak dizkio noizbait artez zizelkatu zizkioten letra-irudiak. Beharrik, lehen Miss Frantzia izan zen neska gaztearen argazki maiztuak Agnes Soureten aurpegi aratza du bizirik ageri.

Agnes Soureten argazkia, hilarriaren gainean. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Ezpeleta
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez gara burua asko nekatzeko eginak. «Arrosarik ederrena», «Ezpeletaren emaztegai eternala», «Arantzarik gabeko arrosa», gisa horretakoak dira batzuek eta besteek idatziak Agnes Soureten zori gaitza paperera gostarik gosta zuzen ezin ekarririk. Lehen Miss Frantzia. Ezpeletako hilobian datzana, herrian sortua ez izanagatik ere.

Izena zuen luze: Jeanne Germaine Berthe Agnes Souret, eta, 1902ko urtarrilaren 21ean, mundura etorri zen Baionan, Rempart Lachepaillet karrikako 32. zenbakian. Marguerite Souret ezkongabearen alaba «ez-legitimoa» izan genuen, jaiotza-agirian idatzia datorrenez. 20 urte zituen amak, erdi zenean. Eta zer izan ote zen andre erdi haren zauria. Artean lanbiderik ez zukeen Margueritek.

Baionan berean zuen bizitokia.

Agnesek bost urte zituela ezagutu zuen amak legearen aitzinean, erran delako jaiotza-agiriaren albo-oharrean irakurtzen ahal denaren arabera betiere: «Guri erakutsitako eskrituraren bidez, Jeanne Germaine Berthe Agnes, zeinaren jaiotzaren berria ondoan idatzirik baita, alaba naturaltzat ezagutu du bere ama Marguerite Souretek Baionan 1907ko urrietaren 20an»...

Marguerite Souretek ez zuen inoiz eman Baiona Ttipin argira ekarritako neskatiko ederraren aitaren albiste. Inondik ere, bretainiarra. Omen. Datuak baliorik baldin badu, Margueritek berak ere ez zuen aitarik ezagutu. 1881ean sortua Marguerite, ama izan zuen Jeanne Souret (1860 - ?), eta aitatxi-amatxiak Henry Souret (1836 - ?) eta Jeanne Karrika (1838 - ?). Ageri denez, aduanetako funtzionarioa izan zen Henry Souret Bidarrain…

Haize hegoak dakikeenez, Marguerite Souret ballet dantzaria izan zen noizbait, eta Montecarloko Operan dantzatzera ere heldu zen.

Jakingarriak ez dira sobera.

Ama-alabak Ezpeletan bizi izan zirela, han berean igaro zuela Agnesek haurtzaroa.

Ez da beste berririk.

Hurrena, 1919an Okzitanian edertasun lehiaketa batean esku hartu zuela dakigu, eta irabazi zuela: Miss Midi-Pyrenees titulua jaso zuen.

Ondoko urtean heldu zitzaion Frantziaren guztizko loria.

Nazioaren eredua

1920an, Le Journal egunkariak Frantzia mailako edertasun lehiaketa deitu zuen. Gerla Handiak gizartean eragindako heriozko zauri gaizkoatuak sendatzeko Frantziaren arima-zaindariek asmaturiko bideetarik bat, inondik ere. Inoizko lehen leihaketa, oraingo eguneko sariketei bateko eta besteko herrialdeetan antolatzaileek eman dieten distiratik urruti. Lehena, hala ere.

2.063 neska gaztek, doi, eman zuten izena. Haien artean zen Agnes. Ezpeletatik Parisera komunioko potreta igorri omen zien antolatzaileei: kateme begiak eta begirada larria ageri zituen, —garaian beti posatu ohi zenez—, ile beltz kizkurra sorbalda biluzien gainean jauzika ari. 1,68 metroko neskaren irudiaren gibelean, solas bakan xalook, berak eskuz idatziak «Ez dut 17 urte baizik, erradazue Frantzia gurutzatu behar dudan ene zoriaren entseatzeko». Agnes gaztea Maurice de Waleffe kazetariaren taldeari ari zitzaion galdezka, lehiaketa abiarazi eta haren asmoa frantziar estatuko zinema guztietara zabaldu zuen ekipoari. «Erradazue Frantzia gurutzatu behar dudan ene zoriaren entseatzeko».

Erantzuna jaso gabe ere, saiatzea egin zuen.

Izena emandako 2.063 neska haietarik, lehenik 49 hatutatu zituen epaimahaiak. Bigarrenik, 19, eta sariketaren antolatzaileek hiri handietako zinema-aretoetan ezarri zituzten neska haien argazkiak, filma proiektatu baino lehen hautatzeko bidean izan zitezen. Ondoren, postazko gutuna bidali behar zuten lehiaketak agindu helbidera.

Haien «distira fisikoa» erakusten potretek, hots, ez zuten «batere desatsegin» gertatu behar boza emango zuen ikuslearen begietara. Leihaketaren xedea zen iragan mendeko 20ko hamarkadan frantziarrek «zein emakume eredu» maite zuten, hinki eta hanka eta zirristi-zarrasta ibili gabe publizitateak esaten zuenez: «Boto-emaileen gehiengoak nazio baten berezko eredua zein den erakutsiko du». Hitzez hitz, alegia, edo bidaia bat naziogintzaren bide asmaezinetan barna.

Ederrena

Hautagai guztien artean, ezpeletarrak koska handiz eraman zuen lehiaketa, 200.000 boz abantzu jaso zituen finalerdian, eta 114.994, berriz, finalean. Aldikal, bigarrenak bildu bozak halako bibildu zituen Agnes Souretek. Herve Lauwick kazetaria dugu, Le Figaro kazetan idazten ari: «Metro 68 txiki batek, azal argiak, begi marroiek eta ilea gaztain karak, begiradan ageri duen hauskortasun tanta horrekin batera, egin dute gainerakoa. Pantailako artista izaten amets egiten zuenak irabazi du lehiaketa, eta orain Pariseko zirkuluetan sar daiteke, non bere sinpletasuna seduzitzaile baita. Zeruak edertasun liluragarria, ontasun eta jakinduria infinituak eta izaera zoriontsua eman dizkio». Ageri dena, bere onena emanez ari zen idazten Lauwickek.

Ospetsu bilakarazi zuten, istanteko.

«Frantziako emakumerik ederrena» izendatu zuten, eta, sari, 4.000 libera jaso zituen Agnes Souretek—Films-Eclair zinemagintzak emanak—, eta, diruaz gainera, garaikurra, bere olio-erretratua, lurrin kutxatila bat esentziarik arraroenak gordetzen zituena, saltoki handi batean baliatzeko 300 liberako erosketa bono bat, eta, azkenaz beste, idazluma sorta bat.

Izen berria eman zioten Ezpeletan bizi ziren etxeari: «Ederrena».

Laster zen Films-Eclairren eskuetan Miss Frantzia, Agnes Souret, bidea zineman saiatzeko prestik, behinola bere idolo zuen Sarah Bernhardtek egin moduan.

Iragan mendeko 20ko hamarkadako Pariseko giroaren goria bizi izan zuen. Zoramen hura.

'Le Lys duMont Saint-Michel'

Lehiaketa irabazteak, eta hark ekarri zion publizitateak, Frantziako emakumerik ospetsuenetarik bihurtu zuten Agnes Souret. Haren argazkia lau hegaletara zabaldu zuten ziren eta ez ziren kazeta eta aldizkariek. Halaber, zenbait urtez, ezpeletarraren gaineko zenbatnahi esamesa eta txutxu-mutxu haizatu zituen garaiko prentsa horiak. Ordu arte bizitza guztiz anonimoa egindako neska prentsa haren jomugetarik bat bihurtu zen. Euskal Herrira itzultzen zelarik, Ezpeletan gabe, Biarritzeko hondartzan promenatzen ikusten zutela bere txakur Krikrirekin, edota, inoiz, baita zaldi gainean ere. Edota tea hartzen ikusi zutela, portzelana arrosazko ontzietan.

Le Figaro-k Agnes Soureten «edertasun distiragarria» goretsi zuen, eta ezpeletar neskarenoihartzunak New York Times-en orrialdeetaraino heldu ziren. «Frantziako ederrena» zen Agnes Souret, egunkari haren arabera ere.

Zinemak ez zuen berantetsi. Agnes Soureten atea jo zuelarik, neskak ez zuen dudarik izan, horixe baitzuen ametsa, aktore izatea. Henry Houry zuzendariak bi filmetan lehen rola jokatzeko hautatu zuen: Le Lys du Mont Saint-Michel (Mont-Saint-Micheleko lirioa) eta La Maison des pendus (Urkatuaren etxea). «Urriki gozo bat zerion, uso gaixoa sai sabelkoien artera botata. Eszena zuzendariak fotogenia miragarrizko zuen esku artean. Ez du onik egiten jakin». Herve Lauwick kazetaria Agnes Soureten fabore beti. Baina Lauwickek ez zuen mundua irizkide izan. Filmek ez zuten kritika onik jaso.

Haatik, neskaren aipu eta sona handiak Frantziatik Erresuma Batura heldu ziren. 1922an Londreseko West Endeko Gaiety Antzokian aktuatu zuen Pins and Needles (Inurridura) errebistan. Hiritik hirira ibili zen, biran, eta, filmetan alderantzira, txalo zaparrada gaitzak jaso zituen.

Hollywoodera ere eraman zuten, liburua ere publikatu neskaren ospe handiaren gerizan —The Famous Book of Beauty Secrets (Ederraren sekretuen liburu famatua)—, hainbat bide saiatu zituen...

Jostun sartu ere zen Madeleine Vionneten etxean. Moda diseinatzaile arrakasta handikoa Vionnet, Isadora Duncan dantzariaren dantza librea zuen inspirazio, hau da, gorputzaren eta musikaren arteko harremana imitatzen zuena. Greziar estiloko soineko dotoreak zituen ezaugarri, estilo neurriz gain apainduetatik bazterrera. Baina han ere ez zuen aurrera egin Agnesek.

Folie-Bergereseko errebista batean vedette lan egin zuen, Parisen berean, baina lumaz, ametsez eta glamourrezko mundu hartan ere ez zuen nahi bezainbat izarniatzerik lortu.

Orduan, bestelako dantzara egin zuen ezpeletarrak.

Amak noizbait egina zuen gisara.

Montecarloko balletean ekin zion, eta gaia bazuela erakutsi ere bai. Zineman arrakastarik izan ez bazuen ere, promes-emaile fierra izan zen Agnes Souret ballet dantzaria.

1928an dantza konpainiarekin Argentinara bi hilabeteko bira egitera joanik, apendizitis akutuak jo zuen. Sendabidean jartzen asmatu ez, eta gaizkitu zen Agnès Souret.

Jaiotza-agirian ezarria denez, egunaren zehaztapenik ez bada ere, irailean hila zen Buenos Airesen. 26 urtetan.

Hilobiratzea

Gaztearen gorpua herriratzea erabaki zuen Agnesen amak. Horretarako, alabaina, Ezpeletako etxe «Ederrena» izeneko hura eta eraikina inguratzen zuen lursaila saltzera behartua ikusi zuen bere burua. Baita alabak 1920an jaso garaikurra ere.

Agnes bere ondora ekartzea lortu zuelarik, Jondoni Extebe elizaren kontra ehortzi zuten herritarrek. Ez, haatik, nolanahiko zuloan, etxearen salmentatik soberatu diruaz amak mausoleo ttiki bat eraikiarazi baitzuen hiltokian, bere alabaren ondran eta gorantzan.

Marmol arrosaz egina, dekorazio-arte estiloko zutabeek zuinkatua, zenbait arrosa ditu zizelkatuak. Biarritzen sortu Lucien Edouard Danglade eskulturgileak 1929an egina da hilobia, eta Agnès Soureten aurpegiaren medailoia ere ageri du.

Amak betiren betiko zizelkarazi zuen bere mina alabaren tonbaren gainean: «Nire alaba maite eta alagerari. Arrosa ttipi bat izan zen, arantzarik gabekoa. Ez zen Pariserako sortua. Zuzenean zerurat itzulia da».

Alaba hilik, Ezpeletan biziraun zuen Marguerite Souret, miserian, diotenez.

Beharrik, herritar batek eman zion ostatu.

1963an hil zenean, alabaren altzoan ehortzi zuten Marguerite.

Zulo berean dautza ama-alabak.

Ia ehun urte iraganik, egoera tristean da mausoleoa. Beharrik, abiarazia da Marguerite eta Agnes Souret ama-alaben hilobia eraberritzeko kanpaina. Jerome Zapata turismo-gidariarena da ekimena. «Eraberritu dezaten nahiko nuke, arkitekto guztiz ezagun batek, Benjamin Gomezek, egin baitzuen». Louis eta Benjamin Gomezek (1876-1940, 1885-1959), biak ere arkitekto, Baionan, Biarritzen, euskal itsasertzean eta urrutiago ere lan egin zuten. Haien lanak euskal estiloaren erakusgarri finak dira. Souretarren hilobiaz den bezainbatean, Zapataren hondar hitza: «Eraberritu beharra dago, art déco-ren bitxikeria hutsa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.