Donostiako Aste Nagusia

Emozioak, babesean

Izan Inurri elkartearen aldeko bertso saioa egin dute Trinitate plazan. Minbiziaren ondorioei buruz hitz egin eta kantatu dute: batzuetan, modu gordinean; besteetan, umorea baliatuz.

Agirre, Arruti, Otamendi eta Enbeita, atzoko saioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Trinitate plazako karpa babesleku bihurtu zen. Emozioen babesleku, emakumeen kontrako erasoak salatzeko babesleku. Oasi bat euri eta eguneroko martxako izu-ikaren zaparraden azpian babesa eta arnasa hartzeko. Salbuespen bat ekaitzak bertan behera utzitako ekitaldien artean.

Emozio zaparrada izan zen karparen barruan. Orain oilo ipurdia, gero begi hezeak, eta bukatzeko barre algarak. Izan Inurri elkarteak minbiziak eragindako egoera latzekin aurrez aurre jarri zituen atzo Trinitate plazan egindako bertso saio musikatuko entzuleak, gai jartzailea (Amaia Agirre) eta bertsolariak (Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Alaia Martin). Ixak Arrutiren gitarrak eta Gari Otamendiren biolinak bertsolarien jarduna eta entzuleen aldartea gidatu zituzten emozioetan gora eta behera, behar zenean doinu intimoak, behar zenean jostalariak.

Elkartasunezko bertso saioa izan zen, Izan Inurriren alde. Elkarteak era guztietako babesa ematen die minbizia dutenei, eta minbiziaren inguruko tabuak azaleratzeko ahalegina egiten du.

Julene Illarramendik ama galdu zuen minbiziaren ondorioz. Atzo kontatu zuen ama hiltzear zela etengabe pentsatzen zuela hari nola esan agur, eta, azkenean, agurtu gabe hil zela. «Agurrik esan gabe, baina maitasun osoz».

Illarramendiren lekukotasunak korapiloak sortu zituen eztarrietan. Baita bertsolarienetan ere. Enbeitak maite zuen norbaiten heriotzaren osteko agurraz kantatu behar izan zuen: «Sufritu egiten dugu,/ agurtu nahi eta ezin./ Aurrera egin behar da/ eta beti ezin da egin./ Guztiak hor jarraitzen du,/ baina guztiak desberdin./ Arnasa hartu behar da/ eta ahal den moduan ekin./ Sarritan dena hasten da/ joaten uztearekin».

Beldurra eta bular bakarra

Agirrek lekukotasun baten bidez plazaratu zituen minbiziaren kontrako ikerketak egiteko dauden diru mugak eta tratamenduak jasotzeko zailtasunak. Martinek esnatzeko eskatu zuen: «EAE ez da oasi bat». Izan Inurriko Sandra Barkaiztegik minbizia hitza entzuteak eragiten duen beldurraz eta izuaz hitz egin zuen; Izan Inurriko beste kide batek, bularreko minbiziaren eraginez bularra erauzi beharraz. «Gora pirata titibakarrak», esan zien Labakak agurrean. Eskerrak eman zizkien Iguaranek, zauriak musu bihurtzeagatik.

Izan Inurriko Olatz Mercaderrek barre algarak eragin zituen. Minbiziaren kontrako tratamenduek eragindako «sexu lehorteaz» hitz egin zuen: «Alua eta bagina kaktus baten moduan geratzen dira». Haiek hidratatzeko eta lubrifikatzeko krema sorta erakutsi zuen jendaurrean. «Aurpegian baino krema gehiago ematen ditut aluan eta baginan».

Saioa 19:00 bueltan bukatu zen. Ohi baino goizago. Karpatik kanpo ez baitago oasirik. Bertso saioaren entzule gehienak Bulebarrera abiatu ziren, sexu erasoak salatzeko kontzentraziora. «Jada amorrua sentitzen dugu,/ beldurra baino gehiago», kantatu zuen Enbeitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.