Narrazioa

Hiru Maleta

Kazetaria da ikasketaz, eta komunikazio arloan egiten du lan Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985). Igartza beka irabazita, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak narrazio bilduma kaleratu zuen 2013an. Aurten argitaratu du bigarren ipuin sorta, Fotogramak, aurrekoa bezala Elkar argitaletxearen eskutik. Hala bazan...klixk! (2014) literatur proiektua ere landu zuen, Donostia 2016k eta Wroclaw 2016k emandako artisten mugikortasunerako beka bati esker.

Goiatz Labandibar.
2016ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Alessandro Fancello kezkaturik sartu zen Via Manzoniko Carabinierien kasernan (Algher, Sardinia).

-Hiru neska dira. Bata luzea eta argala. Bestea, ile luzekoa. Bestea, ttikia. Maleta bana daramate. Hiruzpalau egun segidatan pasatu ziren nire dendaren aurretik, egunean lauzpabost aldiz, baina badira egun batzuk pasatu ez direla. Kezkatuta nago. Akaso zerbait gertatu zaie…

-Azalpen horiekin edozein turista izan daiteke abuztu batez Sardinian — erantzun zion Nieddu komisarioak.

-Marraztu ditut euren maletak. Akaso lagungarri izan daitezke neskak bilatzeko orduan.

Alessandro Fancellok patrikatik doblatutako orri bat zabaldu zuen. Bertan, hiru maleta zeuden marraztuak.

-Ezin dugu lau egunetan zure dendaren paretik pasatu diren hiru turistaren bila hasi, Fancello jauna.

-Agian jar ditzakezue Algherreko faroletan, ristorante eta bitxidenden ateetan maleten marrazkiak. Akaso baten batek ikusi ditu, eta badaki onik daudela.

-Zerbait susmagarria ikusi zenuen zure dendaren aurretik pasatu ziren aldietan? Baten bat segika zuten? Zauriturik zeuden? Eskean zebiltzan? Erakusleihoak apurtzen zituzten? Beste turistei karterak eta mugikorrak lapurtzen zizkieten?

-Ez, ez, ez nuen halakorik ikusi, baina kezkaturik naukate…

-Fancello jauna, sentitzen dugu, ez dugu denborarik galtzeko oporrak Sardinian pasatu dituzten hiru turistaren bila…Jarraitu zure zereginekin. Jarraitu zure bizitzarekin. Eta kezkatu zaitez benetan garrantzia duten gauzez: nork irabaziko duen futbol-liga, zenbat garestitu den tabakoa, zein izango den udako abestia, asmatuko ote duzun Euromilioia…

Burumakur atera zen Alessandro Fancello Via Manzoniko carabinierien kasernatik. Eta kezkaturik. Etxera joan zen. Carabinieriek ez zioten kasurik egin. Lagundu nahi ez bazioten, bere kabuz saiatu beharko zuen zer gertatu zitzaien jakiten.

Prestatu zituen ehundik gora paskin hiru maleten marrazkiarekin eta bere etxeko telefonoarekin, eta Via Garibaldi, Via Manzoni eta Algherreko parte zaharreko hamarnaka kalexkatan itsatsi zituen. Deitu zuen irratira, eta kontatu zuen abuztuaren 12tik 16a arte Algherren, Giussepe Garibaldi etorbideko bere kirol-dendaren aurretik pasatzen ziren hiru turistaren bila zebilela. Azaldu zuen nolakoak ziren hiru neskak («bata luzea eta argala. Bestea, ile luzekoa. Bestea, ttikia») eta nolakoak ziren euren maletak («bata urdina gurpilekin, bestea grisa gurpilekin eta bestea marroia, besoan eramatekoa»). Bidali zuen La Nuova Sardinia egunkariko erredakziora gutun bat, maleten marrazki eta guzti, laguntza eske, hiru neska haiei zer gertatu zitzaien jakin nahian zebilela.

Eta bi aste baino lehen, hogei dei baino gehiago jaso zituen hiru turista haiek ikusi zituztelakoan zeuden sardiniarren testigantzekin. Batzuk baztertu egin zituen Alessandro Fancellok, maleten edo nesken deskribapenak ez zetozelako bat neskekin eta haien maletekin, baina beste zenbaitzuk sinesteko modukoak ziren:

Santa Giusta herriko pizzeria batetik deitu zion bertako sukaldariak. Hiru neska haiek euren pizzeriara joan zirela esan zion. Eta gainerako bezero guztiak bezala atetik sartu eta barran eskatu beharrean, sukaldeko atetik sartu omen ziren.

Sassariko hiru gaztetxok deitu zioten, Olbiatik eurekin trenean joan zirela uste zutela esanez. Olbiako Pascià Disco Club diskotekara joan omen ziren parrandara, eta biharamun eguerdian bueltan etxera zihoazenean, bazterreko bagoian egon zitezkeela uste zuten. Bestondo pixka bat omen zuten eta agian beraien testigantza ez zela ehuneko ehunean fidagarria esan zioten.

Dorgaliko estanko bateko jabeak ere deitu zion. Hantxe agertu omen ziren, lau zigilu erostera, eta euren burua estankoko segurtasun kameran ikusitakoan barrez aritu omen ziren.

Bosatik ere dei bat jaso zuen, herritik bost bat kilometrotara zegoen kala batean ikusi zituen gizon heldu batek. Denbora gehiena snorkeling egiten pasatu omen zuen gizaseme hark, baina uretatik aterata, alboan omen zituen, liburu bana irakurtzen.

Urzuleitik ere jaso zuen dei bat. Miradorean lan egiten zuen neska gisa aurkeztu zuen bere burua deitu zuenak. Txizagureak ailegatu omen ziren hara. Berak mehatxu egin omen zien, kanpoan txiza eginez gero carabinieriei deituko ziela. Damuturik zegoen halako nagusikeria egin izanaz. Kanpoko mahaietan bazkaldu omen zuten. Ez omen ziruditen bereziki inpresionaturik hango paraje eta mendiekin, aurretik ere askotan halakoak ikusiak balira bezala.

Antonio izeneko soinu teknikari baten deia ere jaso zuen Alessandro Fancellok. Teuladako San Isidoroetan kontzertua eman omen zuen berak lan egiten zuen Tazenda taldeak, eta han omen zeuden. Dantzarik egiten ez zuen eta soilik facebookerako argazkia aterako zutelakoan mugitu zen publikoaren artean gailentzen ziren; garagardo bana edaten zuten bakarrak omen ziren.

Torre de Chiako hondartzan pareoak saltzen aritzen zen etorkin afrikar batek ere deitu zion. Ahots nekatuz hitz egin zion Alessandro Fancellori. Turista lituaniar batzuek pareo erraldoi bat erosiko ziotela pentsatu omen zuen, eta inongo errespeturik gabe iseka egin omen zioten azkenean. Alessandro Fancello bila zebilen hiru neskak haien bazterrean omen zeuden. Burumakur abiatu zenean, haien begiradekin gurutzatu omen zen berea eta animoak eta duintasuna bidali omen zizkioten.

Familia batek ere deitu zion, Gironan izandako ezkontza batetik bueltan. Semea, anaia, neba, iloba, biloba, lehengusua, besoetakoa… ezkondu omen zitzaien. Eta hara joan omen ziren familiako 30 lagun. Aitona gurpildun aulkian, amona ttirriki-ttarraka eta gainerakoak harro-harro eginda, gehienentzako hegazkina hartzen zuten lehendabiziko aldia izanik. Barrezka kontatu zion deitu zion gizasemeak Ryanairreko azafatek ez zutela behin ere bidaia hura ahaztuko. Batez ere Mr. Beanen antza zuen hark. Tarteka izerdia kentzeko eskua kopetara eramaten zuen hark. Denek elkarren ondoan eseri nahi izan omen zuten, eta tokirik ez, aizu. Hiru neskek barre egiten omen zuten, malkoak begietan.

Deitu zuten guztiek esan zioten Alessandro Fancellori hiru turistek kontentu zeudela ziruditela. Eta ez kezkatzeko haiengatik.

Hiru nesken Sardiniako bidaia gutxi gorabehera osatu ahal izan zuenean, Alessandro Fancellok Algherreko kaleetan jarritako paskinak kendu zituen banaka-banaka. Irratira deitu zuen, bazekiela neskak ongi ibili zirela eta lasaitu zela kontatuz. Egunkarira idatzi zuen, deitu zioten guztiei eskerrak emateko. Eta hiru maleta haien marrazkia etxeko sarreran jarri zuen, turista haietaz sekula ez ahaztutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.