Adur Etxezarreta. Eskiatzailea

«Uste baino gertuago nago munduko onenetatik»

Hirugarren izan berri da Etxezarreta Italian. Aurretik, estreinakoz aritu zen Munduko Txapelketa batean, Aren (Suedia). Ez zuen amaitu supererraldoia, eta 40. postuan sailkatu zen jaitsieran. Urtean, 30 egun inguru bakarrik pasatzen ditu Areson, jaioterrian. Pekingo 2022ko Neguko Olinpiar Jokoei begira dago jada.
CHRISTIAN BRUNA / EFE

Unai Ugartemendia -

2019ko martxoak 5
Ez da erraza izan Adur Etxezarretarekin (Areso, Nafarroa, 1996) hitzordua adostea. Berak ere ez daki ziur zenbat egun igaroko zituen etxean. Areson dagoen taberna bakarrean izan da azkenean zita. Tabernara sartu orduko, herriko bizilagun denek agurtu dute. Denentzako du esker ona eta irribarre bat.

Munduko Txapelketan lehiatu zara duela gutxi. Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso-oso ona izan da. Txikitatik amesten nuen horrelako lehiaketa batean aritzea, eta, niretzat, izugarria izan da munduko onenen artean lehiatzea. Denbora batean ahaztuko ez dudan bizipena izan da.

Izugarria izan behar du munduko onenekin lehiatzeak.

Batzuekin topatu izan naiz beste lehiaketa batzuetan; esaterako, Europako Kopan; baina lehen hamabostekin ez nintzen inoiz lehiatu. Aldea dago gu eta haien artean, baina, azkenean, beste lasterketa baten antzekoa da. Hori bai, txikitatik idolotzat nituen batzuen ondoan egoteak zirrara handia eragin zidan.

Asko erreparatzen al zenien txikitan orain zure lehiakide direnei?

Bai, asko. Oso arraroa egin zitzaidan haien artean egotea. Lehiatuko ginen pista batera aztertzea, haien ondoan ibilbideaz hitz egitea...

Supererraldoian eta jaitsieran lehiatu zinen. Non aritu zara gusturago?

Zalantzarik gabe, jaitsieran. Iaztik, indartsuen jaitsieretan ibili naiz. Askoz ere erregularragoa naiz, osoagoa. Supererraldoian, ordea, egunak izaten ditut; ez naiz hain erregularra.

Ez zenuen bukatu supererraldoia, baina jaitsiera 40. postuan amaitu zenuen. Gustura gelditu al zinen egindako lanarekin?

Ez nuen inolako helburu zehatzik. Ahal nuen ondoen ibili nahi nuen, nire onena eman, eta, behin amaituta, denbora izango zen dena ondo aztertzeko. Lehen Munduko Txapelketa nuen, eta ez nekien zein postutan ibiliko nintzen, dena berria zen niretzat. Ez nuen jaitsiera txarra egin, baina lehen bi tarteko denboretan akats batzuk egin nituen. Uste dut hobeto ibil nintekeela. Azken zatian azkar joan nintzen.

Balorazio ona egin al duzu zure parte hartzeaz?

Amaitu bezain pronto galdetu izan bazenit, ezetz esango nizun, baina orain, kanpotik ikusita, eta, Munduko Txapelketa bat zela kontuan izanda, balorazioa ona da. Lehia horretan hasiberria nintzen, eta gazteenetakoa, gainera. Beraz, ona izan behar du balorazioak.

Jaitsierako izarrak 30 urte inguru dituzte, zu baino dezente gehiago.

Bai, hala da. Urterik onenak direla esaten dute. Esperientzia baduzu, materiala ere hobeto kontrolatzen duzu... Eslalom erraldoian eta eslalomean, ordea, nire urteekin jada ikusten dira batzuk oso ondo ari direla Munduko Kopan. Ez dira punta-puntan ibiltzen, baina ikusten zaie zerbait berezia dutela.

Zuk, hala ere, oso denbora gutxian jauzi handiak egin dituzu. Esaterako, orain bi urte, gazte mailako Munduko Txapelketan ari zinen.

Bai, eta toki berean izan ziren, Aren. Egia da azken urtean oso ondo ibili nintzela, baina ez nuen espero Munduko Txapelketa honetan aritzea.

Zer sentitu zenuen Munduko Txapelketan ariko zinela esan zizutenean?

Ez nuen inondik inora deialdia espero. Urte hasiera oso zaila izan nuen. Normalean abiadurako diziplinak urtarriletik aurrera hasten dira, elur faltagatik. Ez dira lasterketa asko izan, eta, gainera, bizkarreko lesio bat ere izan nuen. Urtarrilean, gainera, Europako Kopako proba batean erori, eta astebete geldirik egon behar izan nuen. Hala ere, urtarrilaren hondarrean, lasterketa on batzuk egin nituen, puntu asko bildu nituen, eta orduan jada esan zidaten joateko aukera asko nituela. Sorpresa handia izan zen hura.

Nola gogoratzen duzu dei hura?

Gogoan dut Chamonixen [Frantzia] nengoela Europako Kopako proba batzuetan, eta egun horretan, eguraldi txarragatik lasterketa hurrengo egunera atzeratu zutela. Elurra egin berria zegoen, eta entrenatzaileari esan nion freerideko eskiak jarri, eta ibilbide bat egiteko aprobetxatu nahi nuela. Bide erdian nindoala, presidentearen deia jaso nuen, Munduko Txapelketara banindoala esateko. Azkar batean, amari deitu nion, dena kontatzeko.

Zenbateko garrantzia zuen deia horrek?

Niretzat ez zen helburu bat, baina Munduko Txapelketa batera zoazela esateak zerbait esan nahi zuen. Egindako lanaren uzta jasotzen ari nintzela pentsatu nuen. Banekien aukera gutxi batzuk nituela, baina urtarrilaren hasieran joango nintzela esan balidate, ez nuen sinistuko. Nik beste helburu batzuk nituen aurtengo.

Zeintzuk?

Europako Kopako probetan puntuak biltzea zen helburu nagusia. Oraindik ere gaztea naiz, eta banekien aurrerago ere beste aukeraren bat izan nezakeela.

Munduko Txapelketan oso urruti ikusi al zara onenetatik?

Ez, uste baino gertuago nago. Bi segundo eta erdira gelditu nintzen, eta ohartu naiz oraindik ere badudala zer hobetu. Denean hobetu behar dut, baina egia da hor goian dabiltzanak, esperientziaz harago, urte asko daramatzatela pista berdinetan lehiatzen. Badakite une bakoitzean zer eta noiz egin behar duten. Teknika ere asko hobetu behar dut, materiala ere bai... Orain arte bezala, lanean jarraitu behar dut.

Hautatzaileak gustura gelditu al dira zure lanarekin?

Nik uste dut gustura gelditu direla. Bazekiten nire debuta zela, eta gainera, ez naiz hain urruti ikusi. Hobeto egin nezakeela badakit, eta haiek ere badakite, baina okerrago ere egin nezakeen.

Ez dira asko izango 23 urterekin Munduko Txapelketa bat jokatutakoak, baina zu oso goiz hasitakoa zara eskian, 5 urterekin.

Bai, hala da. Aita nuarbetarra da, eta gaztetan lagunekin eskian ibilitakoa da. Gero, ama ezagutu zuenean, ama ere eskien gainean jarri zuen. Lehen aldi hartan gainera, berna hezurra hautsi nuen. Luz Ardinenera joaten ginen urtean bi asteburutan, eta han, ume frantziarrak ikusten nituen lehian. Nik ere hori nahi nuela esaten nien gurasoei. Gurasoek Nafarroako Federaziora deitu zuten, eta haiek esan zieten Candanchun [Espainia] entrenatzen zirela. Han hasi nintzen, gazte mailara iritsi nintzen arte.

Lasterketa asko irabazten omen zenituen gaztetan.

Bai. Haur kategorian ondo ibiltzen nintzen, eta Espainiako Kopetan ere aurrean ibiltzen nintzen, baita gazte mailan ere. Gerora, entrenatzaileak eta biok erabaki genuen onena teknifikazio gune batera joatea zela. Sierra Nevadakora [Espainia] joatea erabaki genuen. Bertan, probak egin, eta hartu egin ninduten. Bost urte pasa egin nituen han.

Eskiatzaileen artean lesioak ere ohikoak dira. Zuk ere sufritu dituzu.

19 urterekin, belauneko tendinitis batekin hasi nintzen, eta gehiagora joan zen. 2015-2016ko denboraldia zen. Fisioterapia bidez sendatzen saiatu ginen, baina minez segitzen nuen. Denboraldia amaitu eta ebakuntza txiki bat egitea adostu genuen. Madrilgo mediku batengana joan, eta hark egin zidan ebakuntza. Lau hilabetean itzuliko nintzela esan zidan. Egunero joaten nintzen errehabilitaziora, baina lau hilabete pasatu eta okerrago nengoen. Berriro ere medikuarengana joan eta infiltrazioak egiten hasi ginen, baina dena okertu egin zen berriro. Ia hamar hilabete joan zitzaizkidan bidean. Berriro ere ebakuntza egitea erabaki genuen. Ebakuntza gogorra izan zen, eta ia beste urtebete joan zitzaidan. Konturatzerako ia bi urte galdu nituen.

Bi urte geldirik egon eta gero, nolakoa izan zen berriro ere eskien gainean jartzea?

Gogoan dut eskien gainean jarri eta minez jarraitzen nuela. Zera pentsatu nuen: «horrela ezinezkoa da!». Une hartan dena amaitu zela pentsatu nuen.

Zer pasatzen da burutik horrelakoetan?

Entrenatzailearengana joan eta berriro ere entrenatzen hasi behar nuela komentatu nion, horrela ezin nuela jarraitu. Pixkanaka hasi nintzen taldean sartzen, eta aste oso bat jarraian entrenatu nintzen. Aste eta erdira lehiatzen hasi nintzen. Lehenengoa, Vaqueira-Bereten [Herrialde Katalanak] ez zitzaidan batere ondo atera, baina bigarrengoan, Spoten [Herrialde Katalanak], irabazi egin nuen. Supererraldoiko proba bat zen. Denboraldia ondo bukatu nuen. Berriro ere neure burua lehian ikustea izugarria izan zen.

Askotan pentsatu al zenuen dena pikutara bidaltzea?

Bai. Beti izaten da esperantza itzultzekoa, baina gauzak okertuz zihoazen eta... Ez zen erraza izan. Orduan, gainera, Granadan [Espainia] nengoen, ikasten, etxetik kanpo... Askotan pasatu zitzaidan burutik dena uztea eta etxera itzultzea.

Berriro maila hartzea izaten da horrelakoetan zailena. Zuk lortu zenuen.

Bai. Lehen egunak gogorrak izan ziren, baina, azkenean, uste baino lehenago hartu nuen berriro nire maila. Beste kiroletan ez dakit, baina eskian ez da erraza izaten hainbeste denbora pasatu eta gero berriro ere lehengo maila hartzea.

Espainiako taldean hiru euskaldun zabiltzate lehian. Juan Del Campo eta Aingeru Garai dira beste biak. Nola ikusten dituzu bi horiek?

Marka da gero Espainiako selekzioan hiru euskal herritar eta hiru katalan izatea! [barrezka] Aingeru oso gaztea da oraindik, baina oso indartsu ari da. Juniorretan oso ondo aritu da. Eta Juan, berriz, aurten izugarri ondo ari da. Orain dela gutxi, Islandian, Munduko Kopan, lehenengo 30. en artean sartu zen, eta hori oso zaila da. Europako Kopan ere gehienetan aurrean ibiltzen da, eta horrek agerian uzten du erregularra dela.

Bakoitzaren gaitasunengatik galdetuta. Zertan da ona Juan Del Campo?

Nik uste dut oso lehiakide ona dela. Irteeran jartzen den aldiro, badaki beti ondo ibiliko dela. Askotan gertatzen da entrenatzen oso ondo aritzea eta gero lasterketan ez ibiltzea hain ondo. Juan aurkakoa da, entrenatzen ondo ibiltzen da, baina lehiaketan are hobeto. Oso langilea da, eta, asko zaintzen du bere burua, gainera.

Eta Aingeru Garai?

Antzekoa da. Lehiatzen aparta da, eta oso langilea da ere bai. Buruz ere oso indartsua da.

Eta zein dira Adur Etxezarretaren gaitasunak?

Ufa... Abiadurako probetan dut erraztasun gehien. Azkar ibiltzen naiz elurraren gainean. Akatsak, berriz, gauza teknikoetan egiten ditut. Badaukat zer hobetu.

Zuen kirolean materialak ere garrantzi handia izaten du. Alde horretatik ere ba al duzu hobetzeko aukerarik?

Aurten Head kirol etxearekin hasi naiz lanean, eta alde handia hasi naiz nabaritzen. Oso luze joango zitzaidan dena azaltzea, baina alde handia dago. Nik, esaterako, eski pare asko ditut aurtengo. Horietako batzuek datorren urtean ez dute balioko, baina beste batzuekin oraindik eta hobeto moldatuko naiz.

Babesleak aipatuta, zuk babesik ba al duzu. Norbaitek diruz laguntzen dizu?

Head kirol marka da nire babesle bakarra. Gero, emaitza onak lortuz gero, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak ematen dizkit. Emaitzen arabera, gehiago edo gutxiago izaten da.

Eskiatzaile ororen ametsa Neguko Olinpiar Jokoetan aritzea da. Iaz ez zinen Pyoengchangen izan, baina askotan amesten al duzu Olinpiar Jokoekin?

Eta nork ez? Kirol askotan gailurrera iristea da Olinpiar Jokoetan lehiatzea. Hurrengoak Txinan izango dira, Pekinen. 26 urte izango ditut orduan, aukera ona izan liteke.

26 urte izango dituzula aipatu duzu. Adin ona al da eskiatzaile batentzako?

Ordurako, marka onak egin daitezke, baina 30 urteren bueltan ibiltzen dira munduko onenak punta-puntan. Orain arteko garapenarekin jarraitzen baldin badut, eta, lesioek errespetatzen banaute, aproposa da hurrengo Olinpiar Jokoen data.

Denboraldi erdia baino gehiago jokatu duzu. Zer gelditzen zaizu denboraldia amaitutzat emateko?

Frantziako Txapelketa jokatuko dut lehenik. Gero, Europako finalak ere jokoan izango ditut, eta Frantzian beste lasterketa batzuk ere bai. Espainiako Txapelketa ere jokatu nahi dut, Vaqueira-Bereten, eta denboraldia Tignesen, Frantziako Alpeetan amaituko dut, apiril hasieran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Unai Ugartemendia

Informazio osagarria