Narrazioa 

Ezer gertatu izan ez balitz bezala

Donostian jaioa, 1966an. Historia ikasi zuen, EHUn, eta orain irakasle dabil unibertsitate horretan, Gasteizen. Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du —BERRIAn, besteak beste— , baita Volgako batelariak bloga elikatu ere. Narrazioak, nobelak eta saiakerak idatzi izan ditu bere literatur ibilbidean, baina ipuingintzan nabarmendu da batez ere. Haren lanen artean daude, besteak beste, Ipuin euskaldunak (1999); Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000); Itzalak (2004); Etorkizuna (2005); Biodiskografiak (2011); eta Inon ez, inoiz ez (2014).

Iban Zaldua.
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Elik zalantza egin du hasieran, agurtu ala ez, hurbildu ala ez, are harekin taberna hartako terrazan eseri ala ez. Tira, ez dira hainbeste urte pasatu azkeneko enkontrutik, pentsatu du, baina kontuak mentalki ebatzi, eta gutxienez hamahiru igaro direla ohartu da. Guztia gertatu da duela hamahiru urte, edo hogei, edo hogeita hamar, esan dio bere buruari: maizegi errepikatzen du adagio hori, edo antzekoren bat, azkenaldion.

Duela hamahiru urte López de la Calleren aurkako atentatuaz eztabaidatu zuten... ala Pagazaurtunduarenaz izan zen...? Andoainekin zeukan zerikusia, hori seguru, Martin Ugalde kultur parkeko aparkalekuan egin zutelako topo; Ander iritsi berria zen eta bera bazihoan, bilera batetik atera berri. Bai, Pagazaurtunduarenaz behar zuen, zeren eta Berria martxan zegoen ordurako, Egunkaria-ren itxiera gauzatua zen ordurako —Ander Berria-ko zerbaitetara zihoan, horretaz ondo gogoratzen da—, eta Andoaingo udaltzaingoaren hilketa pixka bat lehenago izan zen; beraz hari buruz arituko ziren ia ziur, baina litekeena da Elik López de la Calle ere hizpidera atera izana, Ander zirikatzeko, ondo baitzekien herra berezia ziola El Mundo-ko zutabegileari, eta harekin izan zitzakeen hika-miketan dena baitzen zilegi, ordurako. Egunkaria-ren itxierarena aipatu zion Anderrek —hantxe bertan zegoen erredakzioa, oraindik prezintatua—, eta Batasunaren ilegalizazioarena, eta Elik erantzun bera ere egon zela Donostiako manifestazioan, ea zer uste zuen ba. Anderrek argudiatu zuen ezker abertzaleak defendatzeko eskubidea zeukala, egoera horretan, eta kazetari bat edo zinegotzi bat hiltzeak defendatzeko eskubidearekin ze lotura izan zezakeen arrapostu egin zion Elik, eta Anderrek, orduan, ez desitxuratzeko bere hitzak, mesedez. Bere autoa sekulako ate danbatekoaz itxi zuela gogoan du Elik, eta agurtu gabe alde egin zuela Martin Ugaldetik. Ander ez du orduz geroztik ikusi. Gaur arte.

Duela hogei urte, 1996an beraz, taberna batean izan zen, fakultateko ikaskide ohien afariaren ostean: otorduan zehar ez zuten hitz egiteko aukerarik izan, mahaiaren alderik urrunenean kokatu zelako Ander —edo agian bera izan zen?—. Baina afari osteko azkeneko poteetako batean, taldea sakabanatzen eta murrizten hasi zenean, barra baten ondoan suertatu ziren biak, eta, musikak utzi zien heinean, hitz egiten hasi ziren. Auskalo nola iritsi ziren gaira, hasieran —Eli ziur dago— beste batzuk jorratu baitzituzten, baina aurrera egin ahala, ohartuta edo ohartu gabe, hura ere atera zen. Aldayaren eta Ortega Lararen bahiketak izan zituzten solasgai ordukoan —Elik batez ere—, eta esplotazio kapitalista, tortura eta sakabanaketa politikaren krudeltasuna —Anderrek—. «Mueca por la paz»-en kontzentrazio horietako batera joan ote zen galdetu zion, orobat, eta Elik hari ea kontra-kontzentrazioetako batean egon al zen, «Nazkagarriak!» bezalakoak oihukatzen. «Beraz, egon bazeunden...», erantzun zion Anderrek, eta ondoren, musikaren gainetik entzuten hasi zitzaienean, kasik banatu egin behar izan zituzten gainontzeko lagunek. Gaua hantxe amaitu zen, Elirentzat bederen.

Hura baino lehenago gaiari buruzko eztabaida gehiago izan zituzten, zer esanik ez, baina hura izan zen gogorrena, Elik amore eman ez zuen lehenengoa. Guztien artean aurrenekoa, edonola ere, hogeita hamar urte lehenago eduki zuten, Eliren beraren ikasle pisuko logelan. Hotz egiten zuen, ohean baitzeuden sartuta, kaleko arropaz jantzita —Elik Anderrek koadrozko galtzerdiak zeramatzala gogoratu zuen, xehetasun bitxia iruditu zitzaiolako, ziurrenik—; udazken betea behar zuen, hortaz, azaroa edo abendu hasiera agian. Anderren ahalegin ez bereziki kartsuei aurre egin behar izan zien une batez —Elik ez zeukan maite-jolasetarako gogo handirik, eta, edonola ere, eskuliburuaren atal hura irakurtzen amaitu behar zuen—, baina gustura zegoen haren ondoan. Halako batean, Anderrek Egin-eko orrialdeak itxi eta zerbait murduskatu zuen; Elik ez zion ondo ulertu. Yoyesen inguruko albiste bat zela argitu zion, omenaldi baten ingurukoa; «traidoreak» hitza ere atera zen Anderren ahotik. Gogorregia begitandu zitzaion Eliri, eta hala adierazi zion, indar ez oso handiz, mutilari; Yoyesen hilketa akatsa iruditzen zitzaiola gehitu zuen, eta ez zuela ekintza hura ulertzen: azken finean iritziz aldatzea zilegi zela, edo are nekatzea ere. Yoyes ez zen edonor, ordea, defendatu zuen Anderrek, sinbolo bat zen, buruzagi bat, jeneral bat. Eta gerra batean ezin zaio etsaiari ahuldaderik batere erakutsi; hori ulertzen ez zutenek hobe zutela isiltzea, eta trabarik ez jartzea. Are gehiago GALekoen basakeriak gertatzen ari ziren garai batean. Elik ez zuen jakin zer erantzun, eta hortxe amaitu zen, ordukoz, eztabaida —hark ere, 2003ko azkenekoak bezala, izendapen hori merezi bazuen behintzat—. Baina ondorengo askoren aurrenekoa edo atarikoa izan zen, Eli handik denbora batera ohartu zen bezala.

Berriro begiratu du Ander eserita dagoen aldera: bizkarra ematen dio, kafea jelarekin dauka mahai gainean, zerbait ari da begiratzen sakelakoan: hatzak keinu dorpez mugitzen ditu pantailaren gainetik. Gai izango al da Eli hurbiltzeko eta berarekin esertzeko, bakarrik dagoela probestuz? Posible izango dute azken hamahiru, hogei, hogeita hamar urtetan ezer gertatu izan ez balitz bezala hitz egiten hastea?

Bai, posible dela uste du. Eta bere burua Anderrengana hurbiltzen ikusten du, eta bi muxu ematen, eta harekin terrazan esertzen, eta beste kafe bat eskatzen. Eta harilduko duten hutsalkerien ondorengo ohiko trukea: seme-alaben, dibortzioen, lanen edota jabego higiezinen ingurukoa. Eta, azkenik, gaira iristean, nola Anderrek esango dion, irribarre zabal edo estu batez, beti egon dela bake prozesuaren alde, beti egon dela biolentziaren kontra. Eta Elik bere burua ikusten du erantzuten bera, ordea, biolentziaren alde egon zela, bai horixe, eta horregatik lotsatzen dela gertatutako guztiaz. Nahiz eta ondo ez duen jakingo erabili beharko lukeen hitza lotsa den, edo besteren bat.

Posible dela uste du, bai, eta horregatik erabakitzen du aurrera jarraitzea pasealekutik, gelditu gabe, Ander agurtu gabe. Ezer gertatu izan ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.