Egiaz eta begiaz

Sierra Cristaleko Iruretagoiena: fedea eta iraultza

Liberazioaren ondoko lehen urtea da Kuban, halaxe izendatuko ere dituzte harrezkero urte guztiak, Iraultzaz geroko hainbatgarrena beti. 1959ko urtarrilean, Fulgencio Batista diktadoreak uhartea utzi duenetik, Sierrako bizardunak heroi ditu herriak. Haietakoa da Lukas Iruretagoiena, Deban sortu frantziskotarra. Armadaren uniformea du soinean, baina su-iskiluak gabe, gurutzea eta amabirjina ditu arma.

Lukas Iruretagoienaren elkarrizketa La Quincena-renorrialdeetan. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bizarra ageri du ikatza baino beltzagoa, basorik zarratuena bezain sarria, patriarka itxura beneragarria ematen ere dio. Lukas Iruretagoiena da, frantziskotarra Kuban diktadura urteetan eta Iraultza garaian. 1959ko urtarrileko ale berezian, elkarrizketa egin diote La Quincena-n, frantziskotarrek berek zuzentzen duten aldizkarian. Ignazio Biain oñatiarra dute zuzendari, aldizkariaren orrialdeetatik barrena diktaduraren kontra nabarmendua.

Aita Lukas Iruretagoienaz den bezainbatean, estatubatuetako armadaren uniformea du soinean. Jakako sakelan josiak USMC letrak, United States Militar Corporation —nahiz Iruretagoienak Un Sacerdote Militar Católico itzuli, jolasean—, eta soldadu txapelean, berriz, gurutze bat: haren alde banatan Karitateko amabirjinaren irudia eta Kubako errepublikaren armarria. Manuel Fernandez kazetariak dioskunez, frantziskotarrak «naturaltasunez eta apal kontatzen ditu gertatuak, inportantzia handirik ere eman gabe».

Halaxe ekin dio Iruretagoienak kazetariarekin izan duen solasari...

—Sierra Cristaleko Frank Pais fronteko kapilaua naiz, Raul Castro izan dugu agintari. Iazko [1958] irailaren lehenengoan joan nintzen hara, baina ez bakarrik, Santiagoko aita Rivasekin batera joan bainintzen. San Luisetik barrena sartu ginen, Ella zikloia beste behaztoparik gabe. Jakina, blai eginda heldu ginen Sierra Cristalera, baina pozik, postura zuzen heltzea lortu baikenuen. Sierrara baino lehen, frantziskotarren Remedioseko (Las Villas) parrokiako komunitatekoa nintzen, herrikoekin batera egin nuen zenbait borroka, erresistentzian.

—Erregimenaren morroiek seinalatuta zinduzkaten. Zu, hala ere, ez zinen ihesi joan Sierrara. Jakin dugunez, bestelako arrazoiek bultzatu zintuzten mendiko bidea hartzera.

—Kezkatan nengoen, borrokalariak laguntza espiritualik gabe ibiliko ote ziren. Gainera, hiltzeko arriskuan ziren. Esan nahi dut apaiz-kezkak eta ez bestek eraman ninduela Frank Pais frontera. Egia da, haatik, oso begi onez ikusten nuela iraultza. Sierrara joan nintzen, baina ez ezkutuan eta inori ezer esan gabe, frantziskotarren nagusien baimena eta Santiagoko artzapezpikuaren baimena bainituen. Frontekoak ere zain nituen. Han Raul Castro zen komandante, berak agintzen zuen, berak eskatu zituen kapilauak, iraultzaileei laguntzeko. Castroren eskariari erantzunez joan gintuzun aita Rivas eta biok Sierrara. Fronteko buru gorenaren izendapen ofiziala daukat, sinadura-zigiluekin. Tropak gogo onez hartu gintuen, eta era guztietako erraztasunak izan genituen lanerako. Sakramentuak banatu nituen, igandeko meza esan, doktrina erakutsi, hitzaldiak egin... Okupatutako herrietan, berriz, Ordena Publikoko Batzordeetan parte hartu nuen.

—Ordena Publikoko Batzordeak, zertarako?

—Tropak eta miliziak lege onez jokatzen zutela zaintzea zegokigun, irregulartasunen berri ematea, herritarrei nortara edo hartara jaten ematea. Gobernu iraultzaile gisakoa ginen. Raul Castro genuela buru esan dut, baina lan haiek Ramon Castrok zuzentzen zituen, Raulen anaiak. Jakituria handia du Ramon Castrok, ezohikoa ere bai. Askok ez du Ramonen lanaren berri, baina kanpaina iraultzailea gauzatu ahal izateko, baitezpadakoa izan da.

—Batistaren armadaren iturriak ez ziren aspertu esaten errebeldeak etsita zeundetela...

—Gezurra izan, ordea! Nik esaten dizut Uztailaren 26ko Mugimenduak adore makulagabea eta espiritu eraikitzailea zituela. Miresgarria zen. Gauza ez zen, bakarrik, etsaia borrokatzea edo tirania eraistea, Kuba berri bat jasotzea baizik. Hortxe dituzu froga nik ibilitako tokietan eraiki genuen eskola mordoa, 80ren bat ere bai. Felix Penak zuen horren ardura. Egunez, txikiak joaten ziren eskolara, eta gauez, berriz, helduak. Emakume askok frontearekin bat egin eta irakasle jardun zuten eskola horietan.

—Zer zioen jendeak, herrietako nekazariek-eta?

—Ez zuten denbora askorik behar izan haien alde ari ginela ohartzeko. Soroak lantzen ere erakutsi genien, lurrak gehiago eman zezan. Alegia, nekazaritza-erreformaren sakon baten aurrekaria ezarri genuen. Laster ekingo dio horri gobernuak. Hortxe hasi dira batzuk, esanez erreforma horrek komunismoa izango duela oinarri, baina oker ari dira, eliza katolikoaren dotrina soziala izango du abiaburu. Zuk ez sinetsi hor zehar esaten duten dena.

—Raul Castro bera ere komunista dela diote...

—Ez al dizut nahikoa esan? Zalantzarik ba al duzu oraindik? Ez nuen Castro komandantearekin behar beste hitz egin, ezin dizut esan zer den haren ideologiaren erroetan, baina, oroz gain, eginak dira beti zinezko erakusgarriak.

—Hitz beste eginez, aita Lukas, behin Sierratik Santiagora joan eta etorri egin omen zenuen...

—Bai, barregingarria ere izan zen, arrisku guztiak gorabehera... Erosketak egiteko premian nintzen, Santiago Kubara joan beharra neukan, eta apustua egin nuen, baietz joan, nire bizar sarri eta guzti. Eta hantxe abiatu nintzen. Lehen garnizioa, Quinteron gertatu zitzaidan. Soldadu-taldeari susmagarri gertatu nintzaion, baina bateko nire itxura lañoa eta besteko atzerritar-karneta, besterik gabe igarotzen utzi zidaten. Hurrena, Puerto Boniaton, berdin, geldiarazi egin ninduten, baina igarotzen utzi ere bai laster. Santiagora heldu, eta zurrumurrua! Bizardun bat Sierratik jaitsi zela esaten hasi ziren batzuk eta besteak. Aita Biainek bizarra kentzeko eta ihes egiteko esan zidan, nire bila zebiltzala. Bizarra egin nuen, zer gerta ere, eta soldaduak metrailadore eskuan ni atxilotzera Santiagoko komentura etorri zitzaizkigunerako, frontera bidean nintzen berriz ere.

—Kazetariak zu elkarrizketatu zain daude, ondoan dugu aita [Luis] Zabala zu haiengana eramateko... Besterik zer esango zeniguke?

—Ahaleginak eta bi egingo ditut Kuba libreko armada berriak kapilauak izan ditzan, armada iraultzaileak izan dituen bezala. Sierrako esperientziak erakutsi dit soldaduek laguntza erlijiosoaren behar gorria dutela. Gainera, troparen adorea altxatzen laguntzen du erlijioak, horixe baita erregimen berriaren gogoetako bat. Ez litzateke inposizio sektario bat izango, gehienak katolikoak diren tokian apaizaren presentzia bermatzea baizik. Indar armatuak berrantolatzen direnean nire ideia kontuan hartuko ahal dute, behintzat!

Fedea eta iraultza, biak

Liberaziotik egunetara, urtarrilaren 11n, meza esaten zen Lukas Iruretagoiena frantziskotarra Guanabacoako parrokian. Bertako koadjutore izana zen, nahiz gero Kuba osoa ibili zuen Karitateko amabirjinari lagun eginez. Halakorik egiten lehena izan zen Iruretagoiena. Harrezkero, Remedioseko (Las Villas) parroko izendatu zuten.

Sierra Cristaletik jaitsi berritan, guanabacoarrek nekezia handian ezagutu zuten frantziskotarra, bizar-sarri etorri baitzitzaien. Haatik, fraide xaloak ahoa ireki zuen orduko, herritarrek ez zuten duda bihirik izan. Beti-betiko fraidea zuten, eta berandu gabe jende parrasta inguratu zitzaion, hala herritarrak nola elizaren ordezkariak. Maitea zuten fraidea Remediosen, gogo onez besarkatu zuten eta eskaini zioten ongi etorria.

Remedioseko Union Once aldizkariaren martxoko aleak Lukas Iruretagoienaren omenetan zenbait hitz —eta baino gehiago—, idatzi zituenez, Guanabacoako Union agerkarian ere erreproduzitu nahi izan zuten testua, «omena merezi duena omentzen dugu» adieraziz. Bi aldizkariak ere zein bere herriko parrokiako batzarraren eta Kubako Zaldun Katolikoetako organo ofizialak ziren, eta, finean, Iruretagoienaren «keinu patriotiko eta heroikoa» preziatzen zuten, «indar errebeldeekin bat egin baitzuen eta Iraultzari zerbitzatu, fedearen apaiz-ekarpen kristauaren bitartez».

Aldizkariaren arabera, Kubako misiolaririk konnotatuenetako bat zen Iruretagoiena, ahaleginak eta bi egindakoa uhartearen askatasunaren alde, bere burua arriskurik gorrienean jarritakoa, «hala Sierra Cristalen nola Iraultza hasiz geroko klandestinitatean, eta, ondorioz, hari-haritik salbatu zen behin baino gehiagotan tiraniaren atzaparretatik. Gogoan hartu zer egin zuen Lukas abade agurgarriak: Kubako patroia dugun Karitateko amabirjinaren 50. urteurrenean, haren irudia Kobreko santutegian hartu eta Errepublikako hiribururaino ekarri zuen pelegrinazioan herriz herri ibiliz, Karitateko ama kubatar guztiek ohora zezaten. Besterik ere egin zuen aita Lukasek, ordea: Ekialdeko eskualde heroikora joan zen Elizaren gurutzatuen fedea eramanez, Kubako askatasunaren alde eta tirania eteteko eta amiltzeko eskatuz».

Eta, horrenbestez, sarrera hori eginik, aldizkariaren galderak fraideari. «Eta gerran, zein zenituen armak?». Eta Iruretagoienaren erantzuna: «Berehalaxe esango dizut: nire armak fedeak eman dizkidanak ziren. Egia esan, katoliko guztiok dauzkagun arma horiexek lortu zuten garaipena. Fedea, baina Kristoren soldaduen fede hori Iraultzak aldarrikatzen zuen 'Askatasuna ala hil' idealari besarkaturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.