Hamar urte, bestela ospatzen eta bizitzen

Baionako besta alternatiboek hamar urte bete dituzte aurten, eta ospakizunen ospakizuna egin zuten atzo Patxa plazan, besta herrikoi, euskaldun eta parekidea posible dela aldarrikatzeko.

Gazteek antolatutako herri bazkarian lagun ugari bildu ziren atzo. BOB EDME.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Kale masifikatuen aldean arnasgunea zen Patxa plaza atzo, Gazte Egunaren barruan. Zentzu askotan izan ohi da arnasgune. Batetik, irekitze fisiko bat sumatzen delako iritsi orduko; karrika estuetan barrena egin behar delako bidea, musika estiloen nahas-mahasari eta uholde zuri-gorriei aurre eginda. Bigarrenik, bestelako filosofia batez erantzun nahi izaten diotelako festetako eroaldiari, urterik urte.

Bake moduko bat eskaintzen duen espazio horretan, beraz, besta alternatiboen hamargarren urteurrena ospatu zuten atzo. Herri bazkariarekin hasi baino lehentxeago bildu ziren festazaleak, txarangei jarraikiz batzuk, egarria ase beharrean beste batzuk; eta gehientsuenak txartela erosi eta toki ona ziurtatzera, Ema Gratien, Kamila Gratien eta Maialen Duguine garaztarrek egin zuten gisan. Baionako gazteen lanari sostengua emateko asmoz heldu ziren bazkarira, ekinaldi alternatiboak «merezi duelako», eta hor izaten den giroa «beste inon aurkitzen ez delako». Mahaian jarriak zituzten adiskideak; besteak beste, Kuartz taldeko bateria eta gitarra jotzailea, garaztarrak haiek ere.

Otorduaren kalitatea laborarien elkarteak bermatu zuen, iaz bezala Xaho kaian ezarritako txokotik eraman baitzituzten axoa eta pastak, «jada prestaturik», gazte batzarreko kide Lili Hiriartek aipatu bezala, «lanik ez hartzeko, berotu besterik». Hiriarten hitzetan, «toki ireki, plurala eta sanoa» lortzea zen helburua, «eraso sexistarik eta bestelako erasorik gabekoa». Era berean, «euskal musikari eta euskal taldeei tokia uztea». Alde horretatik, lau kontzertu programatu zituzten Gazte Eguneko arrats eta gauerako: Aldiz, Xiberoots, Kuartz eta DJ Naughty J.

Gazte Egunari bestelako balioak eman asmoz sortutako ekinaldiak bide oparoa egin du hamar urteotan. Egun, bost egunerako ontzen dute egitaraua, eta bi txosna eta agertoki handi bat izaten dute lagungarri. Lili Hiriartek dioenez, gazte batzarreko kideak «harrituta» daude, asteazkenetik larunbatera «Patxa plaza bete egin delako zinez».

Gaur, preso eta iheslarien aldeko elkartasunak hartuko du Patxa plaza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.