Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Lo arnasaren kulunka

Arnasa bizkortu, hatsa baretu. Bihotz taupadak azkartu, pilpirak naretu. Haurren loa kezka iturri da, eta baita zenbait obra eta praktikaren oinarri ere. Haurraren autonomia ikurtzat daukatenak boladan egon ziren duela bi hamarkada inguru: umearekin batera lo egiteak (berriro) indarra hartu du egun.
EIDER EIBAR Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2021eko azaroak 13

Arrimua nahikoa izaten da batzuetan, lo kantaz lagunduta edo xuxurla hutsez. Edo isiltasunaz. Haurrak sentitzen du babesa, sentitzen du bakardadea. Gurasoek sentitzen dute kezka, sentitzen dute asmatu beharraren premia. Zer behar du umeak lotarako orduan? Nola asmatu hark atseden hartzearekin batera, bilakaera biologiko eta emozionalean oztoporik izan ez dadin, gurasoek ere atseden har dezaten? Gurasoak haurren loaren inguruko kezka horien artean zinbili-zanbulu dabiltza, autonomiaren eta babesaren arteko oreka jolasean, kulunkan.

Duela bi hamarkada pasatxo inguru, boladan egon zen Estivill metodoa. Eduard Estivill mediku katalanak Neurofisiologian, pediatrian eta loaren medikuntzan espezializatua da Duérmete niño (Egizu lo haurra) liburua plazaratu zuen 1998an; Richard Ferber mediku pediatra estatubatuarraren metodo konduktistaren berrirakurketa egiten zuen. Umearen autonomia ikurtzat hartu, eta haiek logelan bakarrik uztearen aldeko agertzen zen. Arrakasta komertzial izugarria izan zuen; 22 hizkuntzatara itzuli dute, eta hiru milioi aletik gora salduak ditu.

Kontrara, eztabaida asko sortu izan du pediatriaren munduan; kontrako iritziak ere saldoka. Azken urteetan, berriz, eta metodo horren ifrentzu modura, indarra hartu du beste joera eta praktika batek: haurrarekin ohea partekatzeak, edo haurrarekin batera lo egiteak gaztelaniazko colecho edota frantsesezko cododo kontzeptuak estandarizatu dira gurean. Haurraren loak ibilbide diskurtsibo oso bat eraiki du azken hamarkadotan. Eta, zergatik ukatu, baita marketin estrategiek sustatu eta bultzatutako pedagogiak ere.

Lo barea, prozesu kimikoa

Autotik atera eta solaskidea nor-nolakoa izango ote den; kazetariaren enigma. Bihotza eta arnasa azkarturik. Zizurkilgo (Gipuzkoa) sarrera; elizpe eder batean frontoia eta iturria; eskuinetara, Juan Gorritiren Baserriko argia eskultura. Belkoain, Andatza eta Hernio mendien inguruneak; zeruan miruak hegan. Errepide bazterrean 100 metro eskasetara, etxe zuri eder bat. Atarian zain Nahia Alkorta Elgezabal (Baiona, 1986), eta Miru haurra du besoetan. Etxe barnerantz egin orduko jesarri, eta Miru bularra hartzen hasi da. Bihotz taupadak lasaitu dira.

Alkortak Sabeletik mundura webgunea sortu zuen duela hamarkada bat, eta gurasoentzako aholkularitza lanak egiten ditu bai haien etxeetara joanez eta baita bere etxean jasoz. Edoskitzea eta haurraren loa dira garaiotan gurasoen kezka nagusiak. Estivill metodoari dagokionez, erabat kritikoa da. Solasaldiarekin batera, lehen galdera: «Noiztik jarri da indarrean haurrarekin ohe berean lo egiteko joera?». Erantzuna, azkar: «Alderantziz galdetu behar da: Noiz eten genuen hau? Kultura moderno deitzen ditugun horietan bakarrik eten da. Haurrak logela bat, ohe bat, beretzat bakarrik izatea herenegungo gauza bat da. Lehen ez zegoen denentzako logelarik, oherik, eta oso ohikoa zen anai-arrebekin edo lehengusuekin lo egitea. Eta ez zen ezer gertatzen. Kontua da gure babeserako neurri bat galdu dugula indibidualizazio prozesu horretan».

Pertsonak izaki sozialak dira, «baita lotarakoan ere». Zehaztapena Alkortak: «Lo gaudenean, oso zaurgarriak bihurtzen gara; edozein arrisku biderkatu egiten da. Tribuetan bizi ginenean, pertsona batzuk erneago egoten ziren gauez, zer gerta ere, eta etxean gaudenean ere erneago egoten gara. Munduko leku gehienetan, jendeak elkarrekin lo egiten du gaur egun ere ; bai Asia gehienean, bai Latinoamerikan, eta zer esanik ez Afrikan. Gu gara modernitatearen izenean umeak abandonatzen ditugunak. Azkenean hori baita: pertsonarik zaurgarrienak bakarrik uzten ditugu garairik zaurgarrienean».

Arrazoi historiko-antropologikoek babesten dute elkarrekin lo egitearen ideia, beraz; baina «arrazoi biologiko-kimiko» bat dute oinarrian. Alegia, antsietatea jaitsi egiten da. «Logelan elkarrekin gaudenean, elkarren babesa sentitzen dugunean, kortisola edo antsietatearen hormona jaitsi egiten da. Guztion loaren kalitatea hobetu egiten da babes horretan. Lo egiteko, egoera hormonal jakin bat behar dugu; haurrak oxitozinatik gehiago eta kortisoletik gutxiago baldin badu, loaren kalitatea hobea izango da: lo sakonagoa izango da, eta umeak ez du lotuko loa esperientzia txar batekin. Haur bati bere gelara joanarazten zaionean prest egon gabe, edo beldurrak dauzkanean bakarrik uzten baldin bada, beldurra har diezaioke lo egiteari. Orduan, haren bizi osoko loaren patroiak aldatu egingo dira».

Miruk aitarekin joan nahi duela adierazi dio amari; jaitsi da haren altzotik, eta joan da aitarekin etxeko beste gela batera.

Nahia Alkortak eta Asier Goikoetxea Ojanguren bikotekideak hiru haur dituzte, Aner (9 urte), Xuhar (5 urte) eta Miru (16 hilabete). Hasieratik erabaki zuten umeekin ohea partekatzea, Rosa Joveren Dormir sin lágrimas (Malkorik gabe lo egitea) liburua irakurri ostean. Jove idazle katalana haurren psikologian eta zaintzaren antropologian espezializatua da, eta argudiatzen du umeak euren logelan negarrez uzteak bilakaera emozionalean kalteak eragin ditzakeela.

Joera bakarrak ez dira, baina, Estivill metodoa eta ohea partekatzearena. «Muturreko bi jarrera» dira, Susana Martinez Vinuesa psikologo, irakasle eta ProCC Metodologian espezialistarentzat autonomia-prozesuak berreskuratzeko eta berreraikitzeko gogoeta esparruak sortzea dute xede. Negarraren fenomenoa ulertzea kontu zentrala da Martinezentzat. «Negarra komunikazio tresna bat da; gauza asko transmititzen dira negar eginez. Haur batzuk ondo lokartzen dira negar egin eta gero ere, emozio asko bizi izan dituztelako egun osoan, eta negar egiteak lasaitu egiten ditu. Negarra ulertu eta lagundu behar da».

Negarrak lotura zuzena du haurraren bakardade sentimenduarekin. Haurrak «bakarrik egoten ikasi behar du», Martinezen iritzian: «Bakarrik egoteak ez du esan nahi abandonatua izatea. Hasieran, haurrak bakarrik egoten ikasten du erreferentziazko heldua presente dagoenean, eta, geroago, ez du behar. Heldutasun emozional baten seinalea ere bada. Ez dira nire hitzak, Winnicott (Donald) pediatra eta psikoanalista famatuak esan zituen. Haurtzaroaren irudi idealizatu batean, negarrak ez du lekurik, baina bizitzaren parte da, irribarrea bezain inportantea».

Autonomia vs babesa

Negarraren eta banatzearen albo-alboan, derrigor ateratzen den kontzeptu bat: autonomia. Elkarrekin lo eginez autonomia primeran gara liteke, Alkortaren aburuz: «Orain dauzkagun atxikimenduaren teorien arabera, 3 urtera arte, eta batzuetan 6ra arte, komeni da babesik handiena ematea haurrari, orduan izaten baita garunaren garapenik handiena. Eskaintzen badiogu segurtasunetik eta babesetik, askoz ere autonomoagoak aterako dira: kontsumorako joera txikiagoa izango dute, autoestimu hobea... independenteagoak izango dira, eta errazago toleratuko dituzte aldaketak. Haurrak bakarrik egoteko beharra duenean, autonomia behar duenean, adieraziko du. Iritsiko da garaia».

Haurrek autonomia garatzeko arazorik ez dutela izango pentsatzen dutenetakoa da Maitane Jauregi Mendizabal ere (Ordizia, Gipuzkoa, 1988). Eider (4 urte) eta Maren (18 hilabete) alabekin ohea partekatu du jaio zirenetik, baina, aldi desberdinetan, «praktikotasunak bultzatuta». Orain txikienarekin lo egiten du: «Maren jaio zenean izan zen garairik gogorrena, zalantza gehienekoa. Eider beste leku batera eraman edo ni joan Marenekin beste gela batera. Azkenean, Maren eta biok mugitu ginen beste gela batera, eta senarra (Jon Ander Olañeta) geratu zen Eiderrekin. Gau batzuk egin zituzten elkarrekin, eta, gero, Eider bere logelara joan zen. Ondo egokitu zen». Guraso bakoitzak sarri egiten duen galdera. Noiz arte, noiz arte egingo dute lo elkarrekin? «Denborak esango du; pentsatzen ari naiz, baina oraingoz uste dut ni neu ere ez nagoela prestaturik banatzeko».

Besterik pentsatzen den arren, «malgutasuna ematen du» haurrekin batera lo egiteak. «Ez du esan nahi aldiro, etxeko guztiek elkarrekin batera lo egitea, beharraren arabera baizik», dio Jauregik. Egunean eguneko praktika esperientziaren eta ikasketaren aldeko aldarria da harena: «Guraso gehienek ez dute jotzen metodo batera kontzientzia oso jakin batetik, baina beharrak erakusten du. Eiderrek ez zuen ondo hartzen esnea, eta gauetako demanda ondo betetzeko sartu nuen nire ohean. Ondoren, bigarrenarekin berdin».

Hori bai, denek argi dute segurtasun neurri batzuk kontuan hartu behar direla haurrarekin batera lo egitekotan. Euskadiko Pediatria Elkarteak ere aipatzen ditu: haurra goiztiarra ez izatea; haurra oso txikia bada, buruz gora jartzea; gurasoek drogarik eta alkoholik ez kontsumitzea; gurasoek larregizko pisurik ez izatea; tapaki gehiegi ez jartzea, lastairaren eta sehaskaren arteko hutsunea txikia izatea...

Nork bere ondorioak. Alkorta: «Izugarrizko pribilegioa da autonomia garatuz doazela aldaketak nola egiten dituzten ikustea, eta, niretzat, izugarrizko askatasuna izan da». Martinezentzat, haurraren autonomia «gaitasun sortzaile eta eraikitzailea da». Jauregik familiako kide guztien «lasaitasuna eta atsedena» estimatzen ditu.

Kanpora atera, eta miruak hegan dabiltza oraindik. Bihotza eta arnasa berriro baretu dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Margarita oiloarekin. / ©Maialen Andre, Foku

'Kuikui', Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria

Ane Insausti Barandiaran

Bihar zen estreinatzekoa emanaldi berria, Amurrion (Araba), baina atzeratu eginen dela iragarri du Udalak. Euskararekiko duten kezkatik sortu dute ikuskizuna. Gai hori ardatz hartuta, ipuin bat, disko bat eta ikuskizun bat prestatu dituzte.

 ©BOB EDME

«Hitzak askabide bat emanen zien andreei»

Ainize Madariaga

Martinen eleek garai batean latsagietan erranen zirenak isurtzen dituzte. Emazteak eta pairatzen duten zanpaketa dituzte protagonista bortz ipuinek: 'Latsagietako eleak'. Gaur entzungai dira.
 ©BERRIA

Izen ez diren izenak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ezizenak gizarte baten isla izan dira, eta hizkuntzaren bizigarri ere izan daitezke. Umorez eta ironiaz heldu zaie askotan, baina adituak ohartuta daude ukitzen dituztela jazarpenaren mugak eta generoaren arrakalak ere. Diotenez, gutxiago erabiltzen dira orain.

Haizearen eta itsasoaren artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.