Von der Leyen: «Bide onetik doa Ukraina EBn sartzeko prozesua»

Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Kieven izan zen atzo, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartzeko, Errusiak inbasioa hasi zuenetik hirugarrenez. Bileraren ostean, Zelenskik argi esan zuen Ukrainaren helburu nagusiena zela Europako merkatu bakarrean sartzea, EB Europako Batasuneko kide izateko prozesuaren «zati gisa». Hain justu, Von der Leyenek nabarmendu zuen «bide onetik» doala EBra atxikitzeko prozesua, «abiadura handiz, determinazioz eta zehaztasunez». Ukrainak ekainaren 23an jaso zuen talde komunitarioan sartzeko hautagai estatusa, Moldaviarekin batera.

Bestalde, Zelenskik berretsi zuen armadak arma gehiago behar dituela Errusiaren erasoaldiei aurre egiteko. Bada, Christine Lambrecht Defentsa ministroak atzo jakinarazi zuen Alemaniak arma ekipamendua Ukrainara bidaltzeko asmoa duela, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Berlinek beste bi misil jaurtigailu emango dizkio Kievi, besteak beste.

Armen horniduraren inguruan, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, Maria Zakharovak, atzo ohartarazi zuenez, AEBek Ukrainari irismen handiagoko armak emanez gero, «marra gorria» zeharkatuko lukete, eta Washington «gatazkaren erantzule» bihurtuko litzateke. Reutersek jaso zituen adierazpenok.

'Novaya Gazeta' itxi dute

Errusiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen atzo Novaya Gazeta egunkariaren webguneko lizentzia; hil honen hasieran, gainera, kazetak paperezko bertsioa argitaratzeari utzi zion. Gisa horretara, auzitegiak arrazoia eman zion akusatuari, Roskomnadzor telekomunikazioen ikuskatzaileari, zeinak «prebentzio neurri bat» hartzearen alde egin baitzuen, Novaya Gazeta egunkariak martxotik gerraren jarraipena egiteari utzi zion arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.