Kremlinek adierazi du Putinek ez diola atea ixten Bidenekin biltzeari

Igor Susaeta.
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
G20koen taldea osatzen duten herrialdeak goi bilera bat egitekoak dira azaroaren 15ean eta 16an Indonesian, eta Joe Biden AEBetako presidenteari galdetu zioten lehengo astean ea Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bilduko ote den han. «Ikusteko dago», erantzun zuen. Eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo nabarmendu zuen Errusiak «inoiz» ez diola muzin egiten elkarrizketari. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere goi bilerara joatekoa da.

Orduan, ukatu egin zuen orain gutxi AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak plazaratutakoa: elkarrizketa proposamen bat baztertu duela Kremlinek. Lavrovek Errusiako telebista batean egindako elkarrizketa batean esan zuenez, Mendebaldearen aldetik ez dute negoziatzen hasteko «proposamen seriorik» jaso. Gogoratu zuen, bide batez, martxo bukaeran aurreakordio bat lortu zutela Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzek Istanbulen izaniko elkarrizketetan, eta salatu zuen saio horiek bertan behera geratu zirela AEBek eta Erresuma Batuak hala nahi izan zutelako.

Ukrainaren eta Errusiaren artean bitartekari izateko ahaleginean aritu da Turkia, eta, hain justu, Putin eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bihar dira Astanan (Kazakhstanan) batzartzekoak, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo baieztatu zuenez. Haren esanetan, bilera hori «aukera bikain bat» da Ankararen bitartekaritza posible bat lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.