BAKARRIZKETA

Jazarpena zuriketa berdeari

Asoka Woehrmann DWSren orain arteko buruzagia. BRITTA PEDERSEN / EFE.
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Astearte goiza mugitua izan zen Frankfurteko erdigunean. 50 polizia inguruk miaketak egin zituzten DWSren eta Deutsche Banken bulego batzuetan.

1. Ea, Deutsche Bank bai. Baina DWS... Zer da DWS? Deutsche Banken filial bat da (%80 du bankuak), eta aktiboen kudeaketarako enpresa bat da, zeinak konpainia pribatuen funts eta inbertsioak kudeatzen dituen.

2. Hor atzean kontuak faltsutzea edo iruzurren bat egongo da seguru, edo norbait dirua zuritzen jardun dela. Ez litzateke Deutsche Bank dirua zuritzen harrapatzen duten lehen aldia. Ia-ia! Zuriketa bai, baina zuriketa berdea (greenwashing) egiteaz akusatu dute.

3. Hara! Zuriketa berdea ez al da konpainiek iragarki guztietan berde hitza eta berde kolorea eta zuhaitz eta zelai berdeak agertzen dituztenean, jarduera beltzagoak makillatzeko? Hau serioagoa da. AEBetako eta Alemaniako agintariek susmatzen dute DWSk desitxuratu egin dituela bere inbertsio plataformako konpainiak analizatzeko ESG metrikak.

4. Galdera argi dago: zer da ESG hori? Eta ez da galdera txarra. ESG sigletan environmental, social eta gobernance hitzak batzen dira, hots, ingurumena, gizartea eta gobernantza. Hainbat aktibok hiru gai horietan eskatutako neurriak betetzen badituzte, ESG izendatzen dira, nolabait aktibo jasangarriak direla adierazteko. Izendapenak badu bere garrantzia, gero eta handiagoa baita jasangarritzat jotzen diren funts eta aktiboen eskaria.

5. Eta DWSren ESGak ez ziren egiaz ESG. Ez berdeak, ez jasangarriak.  Ikerketaren arabera, funts eta aktibo horien ezaugarri batzuk puztu egin zituen DWSk. Hori bera salatu zuen iazko martxoan, kaleratua izan aurretik, DWSeko jasangarritasun zuzendari Desiree Fixlerrek.

6. Polizia bulegoetan: ez da irudi xamurra taldearentzat. Asoka Woehrmann DWSko kontseilari ordezkariaren lepoa mozterainoko larria izan da. Woehrmannek ekainaren 10ean utziko du kargua.

7. Serioa kontua. Berdea, berde ustekoa eta dirua nahasten direnean, hala izan beharko luke, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.