Iñaki Aretxabaleta. Athleticeko presidentegaia

«Kanpainan, garbiak ez diren jokabideak egon dira»

Erretiroa hartzear, txikitako ametsa egia bihurtu nahi du. Irabaziz gero, taldea indartzeko konpromisoa hartu du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Iñaki Aretxabaletak (Bilbo, 1959) kolpe bat eman gura du mahai gainean. Horretarako, Marcelo Bielsa aukeratu omen du teknikari izateko. Horrek hauteskundeak irabazteko bultzada eman diezaioke.

Zein da Iñaki Aretxabaleta?

Iñaki Aretxabaleta Torrontegi 63 urteko deustuar bat da. Gurasoek txikitatik sartu zidaten Athleticen pozoia. 7 urterekin, bazkide egin ninduten. Hori gutxi ez, eta Elx-ren eta Castelloren kontrako Kopako finaletara eraman ninduten. Horretaz gain, futbola zainetan daramat. Umetatik jokatu dut, eta gazte mailan entrenatzeko karneta daukat. Bestalde, arlo profesionalean ibilbide luzea egin dut. Hasieran, komunikabideen mundutik kanpo, eta, azken urteotan, El Mundo-n, El Correo-n eta Vocenton aritu naiz. Nire jakintza, ilusio eta indar guztia Athleticen zerbitzura jarri gura dut.

Zergatik izan gura duzu Athleticeko presidentea?

Kluba hobetu egin gura dudalako. Arlo ekonomikoan, kirol arloan eta arlo sozialean indartu gura dut. Athletic talde lehiakorra da, ondo dago. Arlo ekonomikoan ere ondo dago, baina galerak ditu, eta bide beretik jarraituz gero, egoera okertu egin daiteke. Horrek jokalari onak saltzeko beharra ekarriko luke, eta guk ez dugu horrelakorik gura.

Athleticeko presidenteak ez dauka soldatarik, bere ondarea arriskuan jartzen du, ardura handia dauka... eta, hala ere, interes handia sortzen duen kargua da. Nola uler daiteke hori?

Niretzat amets bat da.

Zer emango dio zure lantaldeak klubari, beste bi hautagaiek emango ez diotena?

Lan handia dago gure hautagaitzaren atzean. Beste bi lantaldeetan baino handiagoa.

Rikardo Barkalak edo Jon Uriartek, nork kezkatzen zaitu gehiago?

Oso ezberdinak dira, baina biek arduratzen naute. Barkala tradizionalagoa da, eta Uriartek oso ondo menderatzen ditu sare sozialak. Baina ez daukat argi sare sozialek boto asko ematen duten edo ez.

Aukera izanez gero, beste hautagaitza batekin bat egiteko prest egongo zinateke?

Ez. Nik ez dut beste inorekin bat egingo.

Baina zuen hautagaitza eta Uriarterena ez al zineten hartu-emanetan egon lehia abiatu aurretik?

Inoiz ez. Athleticeko presidente izateko asmotan sortutako lantalde batek niregana jo zuen, eta talde horretako batzuk nirekin egin zuten aurrera, eta beste batzuk Uriarteren aldeko apustua egin zuten.

Garbia ari al da izaten Athleticeko presidente izateko lehia?

Beste bi hautagaiek sarri egin dute garbi jokatzeko eskaria, baina nik ez dut horrelakorik egin. Zergatik? Nik beti jokatzen dudalako garbi. Azkenaldian ikusi ditudan zenbait jokabide ez dira oso garbiak izan; sarearen erabilera okerra ikusi dugu.

Vocentoren hautagaitza zaretela esan dute. Zer esango zenieke hori zabaltzen ari direnei?

Ni ez naiz Vocentoren aukera. Vocentok burtsan kotizatzen du, eta ez zaio Athletic interesatzen. Correo-ri, berriz, informazio iturri gisa interesatzen zaio, besterik ez. Ezjakintasunetik edo asmo txarrez jarritako etiketa da.

Athletic zukututa dagoen klub bat da. Badaukazu kirol arloan eta ekonomikoan hobetzeko aukerarik?

Jakina da kirol arloan zein den gure esparrua. Hala ere, gauzak hobetu daitezke. Ikusita inguruko talde batzuk nola ari diren lanean, zer hobetu badaukala iritzi diot. Lezaman ondo egiten da lan, baina hobetu egin behar da. Gehiago profesionalizatu behar dugu. Athleticen harrobia mundu mailako harrobi onenen parean egon behar da. Lehengai gutxien daukagun kluba bagara, talentu hori balekoa egiteko prozesu onena garatu behar dugu. Bestalde, arlo ekonomikoan anbiziotsuak izan behar dugu. Diru sarreren eta irteeren arteko oreka lortu behar dugu. Iraganean egindako lau salmenta erraldoiri esker ari gara irauten. Europarako sailkatzeko premia barik, gastuak eta diru sarrerak orekatzeko konpromisoa hartu dugu. Athletic proiektua jasangarria egingo dugu. Lezaman sortzen den talentua mantentzeko ezinbestekoa izango da.

Gastuak murrizteko biderik zuzenena jokalarien kontratuetan eragitea da. Helburuei lotutako kontratuak egitearen aldekoa al zara?

Bai. Klubarentzat jasangarria izan daitekeen kopurua eman behar zaie; eta, aldi berean, lortutako lorpenen eta horrek dakartzan diru sarreran arabera beste zati bat ordaintzea izan daiteke bide egokia.

Egoerak behartuta, jokalari garrantitsuak galtzeko prest egongo zinateke?

Ikusi egin beharko zen zer garrantzia duen jokalari horrek taldean, eta hura ordezkatzeko ditugun aukerak. Kontratu luzapen garrantzitsuak ezin ditugu azken urterako utzi. Egun, egoera horretan gaude.

Iñigo Martinez da buruan daukazun jokalaria?

Bai. Athleticeko jokalaririk garrantzitsuenetako bat da. Beraz, gogor heldu beharko diogu kontratu luzapen horri. Iñigo lotzeak lasaitasuna emango liguke datorrenari aurre egiteko.

Lotu al duzu gizonezkoen kirol zuzendaria?

Ez.

Marcelo Bielsa lotuta omen daukazue taldeko entrenatzailea izateko.

Astelehenean aurkeztuko dugu aukeratu dugun teknikaria.

Zer profileko entrenatzailea duzu gustuko?

Marcelinoren kontratua luzatzearen aldekoak ginen. Horrek, urtebetez lasai lan egiteko aukera emango liguke. Guk intentsitatea eta joko erasokorra gustuko dituen teknikarien zerrenda egin dugu. Hamar atera zaizkigu. Horietako bat bilatuko dugu.

Ander Herrera fitxatzeko aukerarik ikusi al zenuen?

Oso arraroa izan zen. Hasteko, asko poztu ninduen Herrera Athleticeko bazkide zela jakiteak. Bigarrenez, bere sinadura niri emateak ilusio handia egin zidan. Antza, Fernando Amorebietak ekarri zuen haren sinadura. Hortik aurrera gertatu dena ezin dut azaldu. Niri babesa eman zidala jakin bezain laster, fitxatzeko ahalegina egingo nuela esan zuten, baina ni ez naiz inoiz Herrerarekin harremanetan jarri.

Athleticek 20, 30 edota 40 milioi ordaintzeko prest egon behar du taldea indartzeko?

Orain dirua daukagu, eta jokalariak asko eman diezagukela ikusten badugu, zergatik ez? Nire taldean kirol kontuez arduratuko direnek taldea indartzeko beharra ikusi dute. Gutxienez jokalari bat fitxatzeko asmoa daukagu.

Filosofiaren gaineko eztabaida hurrengo baterako utzi behar al da?

Athleticek daukan indargune nagusia da.

Zenbat urtean behin sailkatu beharko litzateke Athletic Europarako?

Sarri sailkatu beharko ginateke. Helburu anbiziotsuak izan behar dira, jokalarien eta entrenatzailearen akuilu izateko.

Zer harreman izan behar da gainerako klubekin?

Euskal futbolean nagusi izateak ingurukoekin harremana garraztea ekarri du. Arlo instituzionalean euskal klub guztiekin izan behar dugu harreman ona, baina bakoitzak berearen aldeko apustua egin behar du; horretan gehiago estutu beharko genukeela iritzi diot. Merkatua nola dagoen ikusita, 15-16 urteko jokalari interesgarri guztiak gureganatu behar ditugu.

Zein da plana emakumeen talderako?

Iraia [Iturregi] da guk gura dugun entrenatzailea; konfiantza handia daukagu haren lanean. Profesional ona da. Harrobia indartzeaz gain, taldean dauden jokalari garrantzitsuak ondo lotzen ahaleginduko gara. Horretaz gain, merkatuan jokalari interesgarriren bat fitxatzeko aukera badaukagu, ez dugu zalantza egingo.

Joseba Basarrate izango da kirol zuzendaria hauteskundeak irabazten badituzue. Zer emango dio klubari?

Bizkaiko futbola oso ondo ezagutzen du. Goiko mailatik hasi, eta gaztetxoen mailara arte. Eskarmentu handia dauka arlo guztietan. Haren ekarpena garrantzitsua izango da taldea hazteko.

Eta euskarak zer leku izango luke zuen Athleticen?

Klubak euskararekin dituen gabeziei konponbidea jartzen ahaleginduko gara. Baina gure apustua ez da hizkuntzara mugatzen. Askoz sakonagoa izan behar da Athleticek euskal kulturan izan behar duen eragina.

Zer mezu bidaliko zenioke Athleticeko bazkide bati?

Gugan fedea izateko. Anbiziotsuak gara, eta goi mailako proiektua daukagu. Egitasmo irabazlea da. Athletic dagoena baino gorago jarriko dugu. Gardentasunez jokatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.