Frantziako Tourra Euskal Herrian

Hemendik hara joango diren artistak

Gaur hasiko da Tourraren 110. aldia, Bilbon. Ibilbide oso maldatsua izango du, eta erlojupeko bakarra, 22 kilometrokoa. Vingegaard eta Pogacar dira faborito nagusiak, eta Landa podiumera igotzen saiatuko da

Hemendik hara joango diren artistak.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Parisera doazen artistak dira Tourreko txirrindulariak, eta Euskal Herritik abiatzekoak dira historian bigarren aldiz. Donostian hasi zen 1992ko Tourra, eta gaur, Bilbon ekingo diote lehiari tropeleko izarrek (ETB1, 12:15). Hiru etapa bizi jokatuko dituzte Euskal Herrian, eta gero, mendia besterik ez dute topatuko. Gailurrera bidean borroka handia izango dute Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) eta Tadej Pogacarrek (UAE), eta ezusterik ezean, beste hautagaiak hirugarren posturako lehian ariko dira. Euskal herritarrek lan txukuna egin dezakete.

HASI ORDUKO, LEHIA
Onenek, belarriak tente

Festa soila baino gehiago izango da Euskal Herriko hasiera. Izan ere, zaleen miresmena eta babesa jasotzearekin batera, bizikleta gainean izerditu egin beharko dute txirrindulariek. Lehen etapan bertan piztuko da lehia: Bilbon hasi eta bukatuko da, eta mamia izango du azken txanpan, segidan igoko baitituzte Morga, Ganguren eta Pike. Azken horrek helmugatik hamar kilometrora izango du gaina. Gainsaria egotekoa zen han, baina, azkenean, kendu egin dute, etapa irabazleak elastiko horia janzteko. Ehiztaririk finenak prest dira lehen garaipena zorroan sartzeko.

Protagonista berberak ager daitezke biharamunean, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen 208 kilometroko etapan. Lasterketako saiorik luzeena izango da. Bost mendatez osatua dago, eta Jaizkibel izango du epaile. Hara igo eta gainsariak hartu ondotik, maldan behera eta ordekan egingo dituzte azken hamasei kilometroak. Zornotzatik (Bizkaia) abiatuko dira hirugarren etapan, eta, bidean lau mendate igaro ondoren, azkarrenen txanda iritsiko da Baionako helmugan. Lehen esprinta izanik, tentsio handia egongo da, eta faboritoek tentuz jardun beharko dute.

IGOTZAILEEN NEURRIKOA
Erlojupeko bakarra

Tourra Euskal Herrira itzuliko da bi egun geroago, sartu-irten labur batean. Pirinioetako lehen etapa izango da. Oro har, oso ibilbide aldapatsua topatuko dute ziklistek: goi mendiko zortzi etapa jokatuko dira, eta lau bukatuko dira tontorrean. Erlojupeko bat baino ez dago, eta malkartsua izango da hori ere. Ziklistek 22 kilometro eskas egin beharko dituzte bakarka.

Mendiko lehen helmuga Cauteretsen egongo da, seigarren etapan. Aspin eta Tourmalet kateatuta iritsiko dira hara. Behin Pirinioak igarota, eta lehen atseden egunaren aurretik, Puy de Dome igoko dute. Tourrak aspaldian izan duen hasierarik gogorrena izango da, eta faboritoak ezingo dira ezkutatu.

Bigarren asteak ere ez du inor epel utziko. Alpeetan barneratuko da tropela, eta bakoitza bere lekuan jarriko dute Grand Colombier, Joux Plane eta Le Bettexeko igoerek. Erlojupekoa ere argigarria izango da. Azken atseden egunaren ostean jokatuko da. Iraultzarako grina duenak beste bi egun apropos izango ditu: Col de la Lozek triskantza eragin dezake Courchevelera bidean, eta, Parisera iritsi bezperan, sei mendate igoko dituzte Vosgeetan.

BI HAUTAGAI HANDI
Taldeen garrantzia

Ez dago ezer ziurtzat jotzerik 21 etapako lasterketa batean, baina ezusteko handia litzateke lehen bi postuetan Vingegaard eta Pogacar ez ikustea. Hurrenkera horretan igo ziren iaz podiumera: danimarkarrak aurrenekoz bereganatu zuen maillot horia, eta esloveniarra bigarren izan zen, aurreko bi Tourrak irabazi ondotik. Aurten, aurrez aurre izan ziren Paris-Nizan, eta Pogacar aise gailendu zen. Alabaina, UAEko liderrak eskumuturra apurtu zuen apirila bukaeran. Vingegaardek, berriz, ez du ezbeharrik izan, eta indar erakustaldiak egin zituen Dauphinen.

Ziurrenik, Pogacar ez da horren sasoiko iritsiko Tourrera, baina gorputza lehiarako prest duela erakutsi du Esloveniako txapelketan. Guztira, hamalau garaipen lortu ditu aurten, Vingegaardek baino bi gehiago. Buruz buru ariko dira datozen hiru asteetan, baina haien arteko lehia kolektiboa ere izango da. Iaz, Vingegaardek talde lanari esker menderatu zuen Pogacar Granon eta Hautacameko etapetan; aurten, baina, babestuago egongo da esloveniarra. Liderren ahalmena da funtsa, baina taldeen gaitasunak eta estrategiak ere garrantzi handia izango du.

PODIUMA, ASKOREN XEDE
Landaren itxaropena

Garaipena biren kontua izanik, gainontzeko liderrek sailkapeneko hirugarren postua izango dute helburu. Mikel Landa (Bahrain) izango da horietako bat. Podiumak segundo eskas batengatik ihes egin zion 2017an, eta laugarren izan zen 2020an ere. Zorra kitatu nahi du behingoz. Jai Hindley (Bora) aurkari gogorra izango da, ibilbidea haren neurrikoa baita guztiz. Enric Masek (Movistar) ere aurrean beharko luke, betiere Dauphineko gorputzaldi txarrari buelta ematen badio. Beste horrenbeste esan daiteke David Gaudu (Groupama) eta Richard Carapazi buruz (Education). Pedal kolpe sendoagoz iritsiko dira Ben O'Connor (Ag2r), Mattias Skjelmose (Trek) eta Romain Bardet (DSM); Simon Yates (Jayco), berriz, apirila bukaeran lehiatu zen azkenekoz. Ineosen, ikusteko dago lidergoa nork hartuko duen

AZKARRENA NOR IZANGO
Cavendishenerronka

Ibilbidea oso menditsua izanagatik, esprinterrek ere izango dituzte aukerak. Jasper Philipsen (Alpecin) eta Fabio Jakobsen (Soudal) gainetik egoteko moduan dira abiada hutseko esprintetan, baina gauzak zail jarriko dizkiete Wout van Aertek eta Cristophe Laportek (Jumbo Visma), Mads Pedersenek (Trek), Caleb Ewanek (Lotto), Dylan Groenewegenek (Jayco) eta Biniam Girmayk (Intermarche). Baliteke Aranburu ere agertzea esprinten batean. Mark Cavendishek (Astana), berriz, aukera du Tourraren historian garaipen gehien lortu duen ziklista bihurtzeko. 34 ditu gaur-gaurkoz, Eddy Merckxek adina. Azken aukera du, ordea, erretiroa hartuko baitu urte bukaeran.

GARAIPENEN ARRASTOAN
Zazpieuskal herritar

Ihesaldien maila nabarmen igoko da Van Aert, Julian Alaphilippe (Soudal), Mathieu Van der Poel (Alpecin), Tom Pidcok (Ineos) eta Thibaut Pinot (Groupama) garaipenen bila abiatzen direnean. Etaparen bat irabaztea izango da, hain zuzen ere, euskal herritarren xede nagusia. Helburu hori dute Pello Bilbaok (Bahrain), Ion Izagirrek (Cofidis) eta Alex Aranburuk (Movistar). Landarentzat ere handia litzateke etapa bat irabaztea. Gorka Izagirrek (Movistar), Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos) lanean jardungo dute, baina haiek ere eman dezakete zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.