«Gogobeteta» esango du agur

Oier Sanjurjok klubaren eta zaleen aitortza jaso du agurreko ekitaldian. Osasunan jarraitu nahiko zukeen, eta «denboraldi zaila» izan dela azaldu du. Ez du, printzipioz, futbola uzteko asmorik

Osasunako jokalariak, Oier Sanjurjo airera jaurtitzen, atzo kapitainari Sadarren egindako agurreko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Sadarreko zelaian etzi arituko da azkenekoz Oier Sanjurjo Osasunako jokalari moduan. Atzo, agurreko ekitaldia egin zioten toki berean, eta hunkituta agertu zen kapitain gorritxoa. Kostata eutsi zien malkoei. Azken asteetan sentimendu anabasa izan omen du. «Tristura» eta «nostalgia» sentitu ditu alde batetik. Ezin da bestela izan, hamabost urte egin baititu Osasunaren lehen taldean. Baina, ororen gainetik, «gogobeteta» doala nabarmendu zuen. «Ametsa bukatzen ari da. Luxua, altxorra izan da egunero Taxoaren lan egin ahal izatea. Aseta eta harro noa, klubak hazkunde itzela izan duelako».

Ekitaldi irekia eta jendetsua izan zen. Aulkietan, senitartekoak eta taldekideak ageri ziren, eta harmailetan, zale ugari —3.000 lagun bildu ziren—, kantuka. Ele biz mintzatu zen kapitaina. Hasteko, euskara hutsez mintzatu zitzaien familiakoei. Maitasun eta esker oneko hitzak eskaini zizkien, «oreka» eman diotelako urte hauetan guztietan. Denetarik bizi izan du Oierrek Osasunaren elastikoarekin. Oztopoak ez dira gutxi izan. Zailtasunek, haatik, dena «intentsitate handiagoz» bizitzen lagundu diote. Atzera begiratuta, errealitateak «amets guztiak» gainditu dituela sentitzen du: «Jasotako ondare emozionala ikaragarri aberasgarria izan da. Ezin da diruz ordaindu bizi izan dudan guztia».

Osasunan jarraitzeko gogoa zuen, baina protagonismoa galduz joan da azkenaldian. Alde horretatik, aurtengoa «denboraldi zaila» izan dela aitortu zuen ekitaldiaren osteko prentsaurrekoan. «Denok dugu gure egoa, eta ni asko jokatzera ohitu naiz. Ez da erraza geroz eta minutu gutxiago duzula ikustea, eta irristadaren bat izan dut. Barkamena eskatu beharra daukat». Arduradunekin izandako elkarrizketak norabidez aldatuz joan omen dira denborak aurrera egin ahala, eta udaberri hasieran «bukaera zantzuak» nabaritu zituen. «Busti zitezela eskatu nien, behar nuelako. Ezin nuen hala jarraitu». Azkenean, atea zabaldu dio klubak. Autokritika ere egin zuen kapitainak. «Gehiago ez badut jokatu, agian izango da zerbait falta izan zaidalako. Denak du hasiera eta bukaera bat».

Futbolean gozamen hutsez hasi zen jokatzen Oier. «Ez nuen goi mailako jokalari izateko pretentsiorik». Horrek «oinak lurrean izaten» lagundu omen dio. «Ez naiz burbuila batean bizi izan». Mallorcaren aurka egin zuen debuta, duela hamabost urte, eta talde beraren aurka itxiko du zirkulua. Bidean, mito bihurtu da zaleentzat, eta erreferente taldekideentzat. Talde barruan arrastoa utzi die askori, izan nafar, izan kanpotar. «Gakoa zera izan da, pertsona naturala, normala eta maitekorra izatea. Errespetuz jokatu dut beti». Entrenatzaileentzat ere bendizioa izan da, zelaian ia edozein postutan jokatu duelako, eta leku guztietan konplitu.

Xehe-xehe errepasatu zuen Osasunako jokalari gisa osatutako ibilbidea. Garairik zailena belauna bigarrenez apurtu zuenekoa izan omen zen. «Erretiroa hartzekotan izan nintzen. Oso gogorra izan zen, eta traumak utzi zizkidan». Eta garairik onena, zein? «Bada, agian, gaurko ekitaldia bera. Nire seme-alabek denen partetik zer-nolako babes eta maitasuna jaso dudan ikusi izana».

Futbolean jarraitu nahiko luke, baina dena zehazteke dauka. «Oraindik badaukat erregaia. Ez diot atea ezeri eta inori ixten. Etorkizun hurbilak esango du. Agian ez dut jarraituko, batek daki». Lehenik, Osasunarekin jokatuko duen azken partidaz gozatu nahi du. Zaleek gorazarre handia egingo diote. Atzo, haiekin batera abestu zuen: «Osasuna, beti jo eta ke, goazen gorriak garaipenera arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.