Reala 0 - 1 Bayern Munich

Oso bizirik joango da Munichera

0-1 galdu arren, Realak norgehiagoka handia jokatu du Txapeldunen Ligako estreinakoan. Txuri-urdinek nortasun handiz jokatu dute, estiloari eutsiz

Amaiur Sarriegi Realekoa Bayerneko Saki Kumagai gainditu nahirik. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Reala. Lete; Allegra; Spetcht, Tejada, Bernabe (Le Guilly, 62. min); Gaby, Iris Arnaiz (Jacinto, 46 min); Gemma Gili (Maddi, 89. min), Nerea Eizagirre, Franssi (Amaiur, 62. min) eta Jensen.

Taldea 2. Grohs; Gwinn, Kumagai, Viggosdoitir, Da Silva, Simon;Stanway, Lohmann, Buhl (Damjanovic, 83. min); Dallmann (Magull, 62, min), eta Schuller.

Golak. 0-1. Schuller (44. min) Epailea. Maria Caputi. Txartel horiak Realeko Irisi, Gabyri eta La Guillyri eta Bayerneko Kumagai eta Magulli.Bestelakoak. 11.479 ikusle Anoetan.

0-1 atzetik, baina oso bizirik. Halaxe dago Txapeldunen Ligan Reala. Natalia Arroyoren taldeak estreinakoa izan zuen atzo txapelketan, eta gai izan zen Bayern Munich bezalako talde indartsu eta eskarmentudun baten kontra nor baino nor gehiago jokatzeko. Behar zuenean eutsiz. Baina bere estiloa mantenduz, eta baloia zuenean nortasunez jokatuz. Bigarren zati oso ona egin zuen. Gola falta izan zitzaion bakarrik. Alemaniarrek sartu zuten hori, lehen zatia amaitzear zela. Horregatik ekingo diote aurretik itzulikoari, baina atzokoak balio behar dio Realari are gehiago sinesten jarraitzeko, eta datorren ostegunean Alemanian jokatuko den itzulerakoari gogo eta ilusio berberarekin ekiteko, kanporaketa oso irekita baitago.

Larunbateko ligako partidarekiko hiru aldaketa egin zituen Natalia Arroyok. Atzealdean Allegrak Le Guilly ordezkatu zuen, eta Tejadak Vanegas. Zelai erdian, berriz, Iris Arnaizek Maddi Torreren lekua hartu zuen. Tejadarena izan zen berritasun nagusia.

Ez zen nolanahiko aurkaria Bayern, selekzioekin jokatzen duten zazpi jokalari baitzituen hamaikakoan, eta Txapeldunen Ligan bidea egindakoa baita, azken hiru aldietan bitan iritsia zen finalerdietara.

Norgehiagoka hasierari garrantzi handia eman zion Arroyok atariko agerraldian, eta Bayern Munich bezalako aurkari gogor bati neurria hartzeari. Ondo erantzun zuten jokalariek. Alemaniarrak hobeto jarrita zeuden zelaian lehen minutuetan. Baina Realak patxadaz jokatu zuen. Ondo eutsi zien Bayernen ekinaldiei, eta atzealdean sendo azaldu zen. Hori zen lehen minutuetako gakoetako bat, aparteko akatsik ez egitea. Izan ere, Bayern bezalako talde bat aurretik jartzen bada, gero zaila da horri buelta ematea. Urrutiko falta jaurtiketa bat izan zen alemaniarren abagune bakanetakoa.

Lehen minutu horiek biribiltzeko alemaniarren atera gerturatu, eta gol aukeraren bat sortzea falta izan zitzaion Realari. Neurketak aurrera egin ahala, ordea, horretarako konfiantza hartzen joan zen Arroyoren taldea. Txuri-urdinek Nerea Eizgarriek urrutitik egindako jaurtiketa batean sortu zuten lehen aukera.

Hortik aurrera partida gehiago piztu zen. Alemaniarrak trebeak dira lerro artean jokatzen, eta ia segidan bi aukera izan zituzten gola egiteko. Aurrenekoa oso argia izan zen: pase sakon bat jaso, eta Dallmannek zutoinera bidali zuen baloia. Eta ia segidan, jokalari berak erdiraketa ona egin zuen, eta bigarren zutoinean gutxigatik ez zen iritsi Buhl.

Realak ekinean jarraitu zuen, eta Nerea Eizagirrek eta Bernabek egindako jokaldi on batean gola iristear egon zen. Errematea gutxigatik joan zitzaion kanpora Gabyri. Txuri-urdinen kapitainak ere gertu izan zuen gola buruz egindako erremate batean.

Alemaniarrek, ordea, ekinean jarraitu zuten, Realak atzealdeko lerroa pixka bat aurreratzen zuen aldiro, mina egiten saiatzen ziren pase sakonen bidez, aurrelarien abiadura baliatuz, eta atsedenaldirako segundo gutxi falta zirenean gola iritsi zen. Schullerrek oraingoan ez zuen huts egin.

Bigarren zati oso ona

Kolpea Arroyoren taldearentzat, egindako lan txukunaren ostean merezi baitzuen gutxienez aldageletara 0-0ekoarekin joatea.Bigarren zatia hasterako aldaketa bat egin zuen Arroyok: Jacinto zelairatu zuen, Iris Arnaizen ordez. Euskarriak txartel horia zuen, etateknikariak nahiago izan zuen ez arriskatu. Realak ondo ekin zien bigarren 45 minutuei, partidariaurpegia galdu gabe, eta lehen bost minutuetan pare bat aldiz inguratu zen Grohsten atera, Jensenek eta Frannssik egindako jaurtiketa banatan.

Bayern zain zegoen, berriro ere Realaren atzealdea aurreratuta harrapatu, eta pase luze edo sakonen bidez min egiteko, Buhl eta Schullerren abiadura aprobetxatuz. Buhlen pare bat ahaleginei ondo erantzun zien Letek.

Reala ez zen kikildu. Alderantziz. Bayernek atzera egin zuela baliatuz, baloia konfiantzaz mugituz jarraitu zuen, eta Bayerni nor baino nor gehiago jokatu zion. Eta eskura izan zuen berdinketa Nerea Eizagirrek arearen balkoitik egindako jaurtiketa bat langara joan baitzen, eta tolosarraren erdiraketa neurtu bat ere gutxigatik joan zen kanpora.

Antzeman zen minutu horietan Amaiurren eta Le Guillyren zelairatzeak beste bizitasun bat eman ziela txuri-urdinei. Oso bizirik zegoen Reala, bigarren zati hasierako gerturatze horietatik harago alemaniarrek apenas zapaldu baitzuten txuri-urdinen ate ingurura.

Realaren bigarren zatia oso ona izan zen. Baloi jabetza oinarri hartuta, nortasunez jokatu zuen, txapelketan dozenaka partida jokatu dituen taldea balitz bezala. Eta Amaiur Sarriegik ia sartu zuen berdinketa partidaren azken aukeran.

Gau handietan bezala, Anoetako zaleek Txoriak txori kantatuz eskertu zioten taldeari egindako lana eta jokatutako partida ona.Merezi zuten.

Neurketa amaieran egindako lanarekin pozik zen Arroyo entrenatzailea: «Ez dugu irabazi, baina garaipen baten parekoa izan da. Gertu izan dugu berdinketa, eta oso asebeteta eta gustura nago jokalariek egindako lanarekin. Itzulerakoan ere berdina egiten ahaleginduko gara, kanporaketa irauli dezakegula uste baitugu. Nortasun eta heldutasun handia erakutsi dugu».

Amaiur Sarriegik taldeak erakutsitako «izaera lehiakorra» nabarmendu zuen. «Edozein aurkari aurrean izanda ere, horretarako gai garela erakusten ari gara, bigarren zatian batez ere asko estutu ditugu. Itzulerari begira baikor gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.