Nerea Egurrola Hormaetxea. Gaztedi taldeko sokatiralaria

«Indartsu iritsi gara txapelketara»

Makina bat urte daramatza sokatiran Nerea Egurrola Hormaetxeak, eta garaipen zerrenda ederra osatu du. Ingude altxatzen eta txinga eroaten ere Euskadiko txapeldun izan da.

Lur Gil.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Txapelketa berezia izanen da aurtengoa Nerea Egurrola Hormaetxea Gaztediko sokatiralariarentzat (Getxo, Bizkaia, 1976). Iaz, lesio larria izan zuen lur gaineko Europako txapelketara abiatu aurreko azken entrenamenduan, eta denbora luzez egon behar izan zuen tiratu gabe. Ondorioz, ez zen aritu ez iazko lur gaineko Europako txapelketan, ez aurtengo Goma Gaineko Munduko Txapelketan ere. Horregatik, gogo berezia du Hegoafrikako txapelketari begira.

Duela urtebete, oraingo egoera berean, azken entrenamenduan min hartu zenuen, eta Europako txapelketa galdu zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Oso momentu gogorra izan zen. Lurra bustia zegoen, tenka gogor bat egin genuen, eta min handia hartu nuen. Hala ere, ez nekien zein lesio neukan, eta txapelketara joatea erabaki nuen. Bertan, berotzen hasi, eta ezin izan nuen jarraitu. Orduan jakin nuen zerbait larria izanen zela; hautsia nuen lotailua. Urte osoa entrenatzen eman ondoren azken entrenamenduan hori gertatzea... Osogogorra izan zen. Gainera, taldeak sokatiralari bat galdu zuen, eta planak aldatu zitzaizkigun. Oso gaizki pasatu nuen txapelketa horretan, inpotentzia handia, kanpotik ikusten. Baina horrelakoak gertatzen dira, eta buelta ematen jakin behar da.

Emaitza onak lortuta doa Gaztedi Hegoafrikara. Aurten Txinan jokatutako Goma Gaineko Munduko Txapelketan urrea irabazi zenuten. Urrea irabazteko aukera duzue?

Goma gainean ongi aritu ginen, eta lur gainean denboraldi ona egin dugu Euskal Herrian. Txinatik bueltan, goma alde batera utzi, eta atseden hartu gabe hasi ginen lur gainean entrenatzen, eta denboraldia luze doa, neketsu, baina uste dut indartsu iritsi garela. Dena den, emakumeoi txapelketako erritmoa hartzea kostatu egiten zaigu beti. Euskal Herrian ez da beste talderik izaten, eta zaila da gure maila zein den jakitea. Aurten, behintzat, Goiherrik ere atera du emakumezkoen talde bat.

Entrenatzeko garaian, denak elkartzeko zailtasunak izan arren, elkarrekin entrenatzea lortzen duzue?

Gaueko bederatzietan entrenatzen gara, ez dugu beste aukerarik. Txapelketa prestatzeko, astean bost egunez aritu gara, baita asteburuetan ere; ordu asko izan dira. Lanarekin eta familiarekin uztartzea ez da erraza; gainera, Hegoafrikara joateko oporrak hartu behar izan ditugu lanean.

Elikadura zaindu eta pisua galdu behar izaten duzue. Nola daramazu hori hori?

Lesioa dela eta, nituenak baino kilo gehiago hartu nituen, eta kilo asko jaitsi behar izan ditut. Hamar kilo pasatxo izan dira. Entrenatzen hasi nintzenetik, zaindu egin dut elikadura, baina, ekainetik aurrera, gutxiago jaten hasi nintzen, egungo pisura iritsi arte.

Euskal Herrian jokatuko da lur gaineko hurrengo munduko txapelketa, Getxon. Berezia izanen da?

Bai, oso. 1995ean izan zenean ni ikustera joan nintzen, eta espero dut oraingoan txapelketan aritzea. Oso berezia izango da familiaren, lagunen eta gure zaleen aurrean munduko txapelketa batean aritzea. Txapelketa horretara ahalik eta hobekien iristea da asmoa. Garrantzitsua da bitartean jende gehiago sokatirara lotzea; emakumeak eta gazteak, bereziki. Anima daitezela. Merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.