Sasoiko lehen erronka

Bidasoak Kolstad Norvegiako taldearen aurka jokatuko du gaur, Artalekun, Europako Ligako bigarren kanporaketako joanekoan

Asier Nieto, jaurtitzeko prest, joan den ostiralean, Atletico Valladoliden aurkako partidan. ARRATE MORALES.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Lehiari ekin eta hilabete eskasera egingo dio aurre Bidasoak denboraldiko lehen erronkari: Europako Ligari. Bigarren kanporaketa jokatuko du Kolstad Norvegiako taldearen aurka. Gaur jokatuko du joaneko partida, Artalekun (20:45, ETB4), eta astebete barru itzulikoa, Trondheimen. Ligaxkan aritzea edo Europan egin beharrekoak egitea dago jokoan.

Sailkatuko balira, irundarrak bigarren urtez jarraian ariko lirateke ligaxkan. Iaz, Frantziako PAUC taldea kanporatuta egin zuten aurrera. Neurketa bakarra jokatu zuten, Artalekun, PAUCek COVID-19aren oldarraldi bat izan baitzuen. Aurten, ordea, bi neurketa jokatuko dituzte, eta horrek zaildu egingo du egitekoa.

Are gehiago aurkariaren maila kontuan hartuta. Laugarren izan zen aurreko sasoian ligan, baina jauzi handia egin du geroztik. Babesle indartsua du orain, eta, horri esker, fitxaketa handiak egin ditu: denboraldi honetarako, Torbjorn Bergerud atezain norvegiarra GOG Gudmetik eta Sigvaldi Gudjonsson eskuin hegaleko islandiarra Kielcetik, eta hurrengorako, Sander Sagosen erdikoa Kieletik eta Magnus Rod eskuin albokoa Flensburgetik. Aulkirako ere sona handiko entrenatzailea fitxatu du: Christian Berge Norvegiako hautatzaile ohia. Inbertsioa errentagarria izaten hasi da: lider da ligan, jokatu dituen hiru partidak irabazita, eta nagusitasunez kanporatu zuen haren herrialdeko Drammen Europako Ligako lehen kanporaketan: 28-26 eta 21-29 irabazi zion. Gudjonsson nabarmendu zen: hamasei gol sartu zituen.

Harri kozkorra da Kolstad, baina Bidasoa sasoiko dago: Asobal ligako lehen partida galdu zuen, baina irabazi egin ditu hurrengo hirurak. Jacobo Cuetarak, gainera, prest ditu jokalari guztiak. «Ilusio handia dugu, eta ziur gaude lanak emango dizkiogula Kolstadi, eta aukera izango dugula. Indartsua da, baina guk ere baditugu gure armak, eta saiatuko gara haien jokoan arrakalak eragiten, min egiteko», esan du Cuetarak. Nabarmendu duenez, «fisikoki oso talde indartsua» da, eta, horri aurre egiteko, «oso adi» aritu beharko dute. Funtsezkotzat jo du «Bidasoa izatea»: «Gu geu izan behar dugu. Gure jokoa egin behar dugu, eta, hori eginez, ahal dugun emaitzarik onena lortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.