Belaunaldi baten topaketa

Realak Kopako finalera igaro nahi du, itzulerakoan ere Mirandesi irabazita. Imanol ez da fio: «Bi gol sartu behar ditugu». Illarramendi ez beste guztiak jokatzeko prest dituzte txuri-urdinek

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ilusioa agerikoa da Realeko zaleen artean. Belaunaldi batek ezagutzen ez duen balentria lor dezakete gaur txuri-urdinek, eta aurrez bizi izan zutenek ia ahaztua duten zerbait berriz dastatzeko aukera aprobetxatu nahi dute. Hiru hamarkadatan era guztietako bizipenak pilatu ostean, final batera sartzeko benetako aukera du Realak, 32 urteren ondoren.

Oraingoak ez du zerikusirik duela sei urteko egoerarekin; 2014an ere Espainiako Kopako finalerdietan izan ziren, baina osobestelakoa zen aldartea. Gaurkoan ez da besterik: gauean, finalerako sailkatutako taldea izan behar du Realak. Kosta ahala kosta.

Imanol Alguacilen jokalariek abantailaz ekingo diote Mirandesen aurkako itzulerako neurketari. Etxean irabazita (2-1) joango dira Anduvara, baina hura jazo izan ez balitz bezala jokatu nahi dute. Ez dira fio etxeko taldeaz: «Bi gol sartu beharko ditugu, gutxienez», esan zuen Imanolek atzoko partida bezperako prentsa agerraldian.

Prestatzaile oriotarrak badaki aukera historiko bat dela hau. Prentsaren aurreko agerraldiaren ostean, garrasi bat jaurti zuen, ukabilak eta hortzak estututa, bere gosea adierazteko. Alabaina, zelaian adi aritzeko beharra azpimarratu zuen minutu batzuk lehenago: «Mirandes ausart bat espero dut. Honaino iritsi badira, nortasunez aritu direlako izan da. Ez daude kasualitatez».

Alabaina, Imanolek argi du bere jokalariek zerbait handia dutela jokoan: «Ardura dugu, baina harrotasuna ere bai. Azken bi asteetan partida honetazhizketan egon gara, eta normala da. Azken urratsa falta zaigu». Realeko prestatzaileak eskura dituen jokalari guztiak deitu ditu gaurko partidarako, eta, hala, Asier Illarramendi ez beste jokalari guztiak joango dira Miranda Ebrora.

Entrenatzaileak onentsuenekin aritzeko hautua egingo duela azpimarratu zuen atzo, eta bere jokalarien gaitasunean sinesten duela: «Talde heldua dugu; badakite zer dagoen jokoan, eta egin nahi dugun partida egitera aterako gara. Asmatu egin behar dugu; orain artean egin dugu. Errespetuz goaz, baina zer lortu dugun kontuan hartuta». Orain artean, ondo joan zaio horrela.

MIRANDES-REALA
Mirandes. Limones; Kijera, Sergio, Odei, Alvaro; Merquelanz, Malsa, Gonzalez, Guridi; Sanchez, eta Matheus.
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Januzaj, Oiartzabal, eta Isak.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Anduva (5.759 ikusle).
Ordua. 21:00 (Cuatro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.