Albistea entzun

Ate bat itxita, beste bat irekiko ote da?

Igande honetan itxiko dute Daniako Jai Alai pilotalekua, Floridan. Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien frontoia izan da. Han ari direnen ustez, gertaturikoa «mugarri» izan daiteke AEBetan eta Euskal Herrian «bide berriak jorratzeko».
Puntistak, Daniako pilotalekuan entrenatzen, joan den otsailean, sasoia hasi bezperan.
Puntistak, Daniako pilotalekuan entrenatzen, joan den otsailean, sasoia hasi bezperan. LANDER EIZAGIRRE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2021eko azaroak 25

«Itzela zen. Egun arrunt batean 3.000 ikusle biltzen ziren, eta larunbatetan 5.000 baino gehiago. Markina osoa sar zitekeen bertan. Dirutza jokatzen zen, milioi bat dolar pasatxo egun bakar batean». Tomas Goiogana puntista ohiarena da kontaketa (Markina-Xemein, Bizkaia, 1941). Daniako (Florida, AEB) Jai Alai pilotalekuaz ari da. Bi urtez jokatu zuen han, 1958 eta 1960 artean, eta, gero, ibilbide luzea egin zuen AEBetan.

Zesta puntak XX. mendean herrialde horretan izandako loraldiaren lekuko izan zen Goiogana. Baita beste makina bat euskal puntista ere. Izan ere, garai batean, hamasei pilotaleku ere egon ziren martxan aldi berean AEBetan, eta horietan Euskal Herritik joandako 500 puntista baino gehiago aritu ziren. Amets amerikarra-k goia jo zuen urte haietan.

Baina ezer ez da betiko. AEBetan jokatzen ari ziren puntista gehienek 1988 eta 1991 artean egindako greba luzearen ondorioek lehenbizi, eta apustuak egiteko ohitura eta modu berriek ondoren, oso gogor jo zuten zesta punta. Horren ondorioz, pilotaleku ia guztiak itxi zituzten bata bestearen atzetik, eta euskal puntista asko eta asko etxera itzuli beharrean izan ziren.

Daniako pilotalekua izan zen irekita geratu zen bakarrenetako bat. Hura izan da Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien pilotalekua; hau da, hura izan da zesta puntatik bizitzeko aukera gehien eman dien frontoia. Euskal Herrian ezinezkoa zena, eta oraindik ere dena posible izan da han. Zesta puntaren azken gotorlekua izan da.

Baina gotorleku hori ere erori egin da. Igande honetan itxiko ditu ateak. Eta hori eginda, bi aldi itxiko dira kolpe batean: bata, pilotalekuaren ohiko jarduerarena; 68 urtez iraun du, 1953an ireki zutenetik; eta bestea, zesta puntarena AEBetan; ia ehun urtez iraun du, 1926an, Miamin, lehen frontoia martxan jarri zutenetik.

Aspaldiko mehatxua

«Oraindik sinetsi ezinik gaude. Kostako zaigu barneratzea. Kolpe gogorra izan da», dio Jon Zulaikak (Donostia, 1991). Danian ari diren 26 puntistetako bat da. Ezer ez da aldatu: ia guztiak dira euskal herritarrak, 23. Azaldu duenez, Floridan egin duten lege aldaketa batek eman dio azkena Daniako pilotalekuari. «Lehen, txanpon makinak izateko, kasinoa behartuta zegoen txakur edo zaldi lasterketak edo zesta punta izatera. Lehenbizi, txakur lasterketak kendu zituzten, animalien eskubideen defentsan. Hura egin zutenean, bagenekien hurrengoak gu izango ginela. Eta hala izan da. Jada ez dute gure beharra, eta frontoia itxiko dute».

«Aspaldiko mehatxua» zen lege hori. Hamaika ahalegin egin izan dituzte hura indargabetzeko. «Interes handia dago Floridan apustuen merkatua berrantolatzeko», azpimarratu du. Hala ere, aitortu du «ezustean» harrapatu diela. «Puntistok maiatz arteko kontratua sinatua genuen, eta lan ituna 2023ko martxo artekoa zen. Baina udazkeneko sasoia hasi eta bost egunera esan ziguten denboraldia amaitzean itxiko zutela frontoia. Kexa bat jarri genuen, baina, zenbait bilera egin ondoren, akordio bat lortu genuen kalte ordainak jasotzeko. Hori eginda, lasaiago gaude. Gozatu egin nahi dugu azken egunetan».

Errentagarritasunari ere heldu diote kasinoko arduradunek pilotalekua ixteko. «Gurekin urtero milioi bat dolar inguru galtzen dutela diote». Hori jakinda,puntistek zenbait proposamen egin izan dituzte. «Txapelketak antolatzea proposatu genien, baita Euskal Herritik jokalari gehiago ekartzea ere. Baina ez dute izan borondaterik. Kasinoak bakarrik axola die. Gu kasinoa izateko ordaindu beharreko bidesaria besterik ez gara izan». Goioganak sinple bezain krudel azaldu du: «Makinek ez dute berba egiten».

Hain zuzen ere, kasinoko arduradunen utzikeria horrek zerikusia izan du gero eta jende gutxiago joateko frontoira. «Egun, 30-50 bat ikusle egoten dira 500 lagunentzako pilotaleku batean. Hilean 800.000 eta milioi bat dolar inguru jokatzen dira kasinoan; horietatik %30-edo pilotalekuan». Urrezko aldian egun bakar batean irabazten zen hori frontoian bakarrik.

«Pixkanaka joan da hiltzen, gaitz degeneratibo bat balu bezala». Barru-barrutik irten zaio esaldia Juan Inazio Zulaika puntista ohiari (Andoain, Gipuzkoa, 1956). Semearen aldamenean dago. Hura bisitatzera joan da lehen aldiz. «Penaz» entzun du semeak kontatutakoa. Hark oso bestelako egoera bizi izan zuen AEBetan aritu zenean. «Baina orduan ez zegoen besterik: pilotalekuan bakarrik egin zitekeen apustu. Jende diruduna etortzen zen, eta diru asko jokatzen zuen. Baina testuingurua goitik behera aldatu zen grebaren ondoren. Legeak aldatu ziren, eta kasinoak zabaltzen hasi ziren. Egun, sekulako merkatua da apustuena, eta zesta puntak jai dauka Daniako formatuarekin». Haren ustez, frontoia ixtea «galera historikoa» da. «XIX. mendean euskaldunak Argentinara joatean hasi zirenetik ez da egongo hilabeteetako industria jardun egonkorrik Euskal Herritik kanpo. Dania izan da azken mohikanoa».

Aurrera begira

Baina txarrenari onena bilatu nahi diote. «Ziklo bat itxi da, baina zesta puntak hemen jarraituko du. Aukera aproposa da beste bide batzuk jorratzeko. Miamiko Magic City frontoia hor dago [laburragoa da, eta kristalezkoa du frontisa eta errebotea]. Gainera, Daniako jabeek esan digute aurrerantzean ere entrena gaitezkeela, eta prest azaldu dira aurrerago txapelketaren bat antolatzeko. Beste horrenbeste esan digute Miamiko kasinoko frontoiko jabeek. Basoa erre da, baina zuhaitz berriak atera daitezke», dio Jon Zulaikak.

Hura AEBetako egoerari begira dago. Han geratzeko asmoa du. «Hamar urte baino gehiago daramatzat hemen, familia hemen dut, eta lana ere bai. Baina 26 pilotari geratuko gara lanik gabe, eta horien artean denetarik dago».

Ibon Aldazabal (Berriatua, Bizkaia, 1987), adibidez, etxera itzuliko da, Danian 11 urtez aritu eta gero. «Abenduaren 1erako hartua dut hegazkin txartela. Egun horretan itzuliko naiz Berriatura», dio. Sentimendu «gazi-gozoarekin» ari da trasteak biltzen. «Batetik, pozik nago, etxera itzuliko naizelako; han dut familia eta neska laguna. Etapa bat itxiko dut, hau gertatu aurretik erabakia bainuen hemen jokatzeari uztea. Baina, bestetik, triste nago, bizipen oso politak izan ditudalako hemen». Gazteek ematen diote pena handien. «Haiek ez dute izango esperientzia eder hau bizitzeko aukera».

Jokatzen jarraitzeko asmoa du Euskal Herrian, eta «oso argi» du une hau «mugarri» izan daitekeela zesta puntari bultzada bat emateko. «Lehen aldiz, pilotari guztiok gaude eskuragarri, nahi dutenean jokatzeko prest. Aukera ederra da urte osoko egutegi zabalago bat antolatzeko».

Azkenaldian, ikuskizun moduan landu izan da zesta punta, eta, horri esker, jende asko joan da pilotalekura. Aldazabalen ustez, hori da bidea. «Zesta puntak indargune asko ditu: batetik, oso kirol ikusgarria da; jendea txundituta geratzen da hura lehen aldiz ikusten duenean; bestetik, munduan zehar gehien zabaldu den euskal kirola da, eta, horri esker, jatorri oso ezberdineko pilotariak ari gara honetan. Hori aprobetxa dezakegu herrialde ezberdinetan jokatzeko: Euskal Herrian, Frantzian, AEBetan, Mexikon, Kuban... Eta, gainera, sekulako maila dago. Kirol honek osagai ederrak ditu, eta horiei zukua atera behar zaie. Aukera hau aprobetxatu beharra dago. Hau da momentua».

Mesfidatiagoa da Juan Inazio Zulaika. «Pilotalekuak eta pilotariak sobran daude, baina lehen ere bazeuden, eta zer egin da? Non dago ekimena? Eta proiektuak? Eta enpresariak? Eta babesleak? Prest gaude esku pilotarekin tarta partekatzeko hark gurean duen zaletasuna kontuan hartuta? Hura ere diru publikotik bizi da hein handi batean. Ez dut argi. Baina kolpe honek jendeak erreakzionatzeko balio beharko luke. Ezin ditugu pilotari hauek guztiak botata utzi».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kike Barja, gaur, jokaldi batean. ©Biel Aliño / EFE

Osasunak hutsean berdindu du Levanteren zelaian

Berria

Gorritxoek zazpi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, baina zortzigarren postuari eusten diote. Gaur hobea izan da Levante, sailakpeneko azkena.

Urrutikoetxea eta Aranguren besarkatuta, gaur, Bilbon, Albisuri eta Peñari irabazi berritan. ©Marisol Ramirez / Foku

Bigarren garaipena Urrutikoetxea-Arangurenentzat

Berria

Ezustekoa eman eta bikote faboritoetako bati irabazi diote. Urrutikoetxea izan da partidako onena. Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala Miriam Arrillagak eta Amaia Aldaik jokatuko dute.

Alaveseko eta Valentziako jokalariak lehian, gaur. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alavesek eta Realak irabazi, Eibarrek berdindu

Paulo Ostolaza

Emaitza bikainak eskuratu dituzte gaur jokatu duten hiru euskal taldeek. Alavesek Valentziari irabazi dio (3-1), Realak Madrili (1-2), eta Eibarrek Huelvan berdindu du (1-1).

Realeko jokalariak burumakur, Real Madrilek bigarren gola sartu eta gero. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Biguntasuna ordaindu du

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaiera on baten ostean, Realak bi gol jaso ditu bigarren zatiaren hasieran, atzean gaizki zaindutako bi jokalditan. Ezin izan du suspertu. Txuri-urdinek hirugarren porrota kateatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.