Zubiaren sokak eten daitezke

ETE ligan, bederatzi traineru bakarrik ariko dira aurten, eta arraunlariz justu samar batzuk. Euskotren ligan zortzi talde izango dira 2023tik, eta horrek gehiago mehetu dezake beheko liga. Harrobia eta liga nagusia lotzen ditu.

Tolosaldea, Deustu eta Hibaika, iazko ETE ligan, Sestaoko estropadan. JOSU ZELAIARAN.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hiru koska izaten ari da azken urteetan emakumezkoen arrauna: harrobia, ETE liga (lehenago Gipuzkoako liga) eta Euskotren liga. Aurrenekoan, arraunlari asko dabiltza, ontzi txikietan eta aulki mugikorretan; hirugarrengoa ere ondo dago, sendo, eta aurrerapausoa eman du, datorren urtetik aurrera zortzi talde onartuko dituelako; erdikoa ez dago hain sendo, ordea. Hainbat arrazoi edo egoera daude ahultasun horren oinarrian. Denak indartzea ia ezinezkoa izango da, baina, eragileen ustez, badu nondik heldu hobekuntzak. Funtsezkoa litzateke, beste bi koskaren arteko zubia baita ETE liga.

Egoera oker bat traineru kopurua da. Izan ere, gutxitu egin da iaztik. Sorreratik gorabeheratsu dabil datu hori. Bosgarren aldia izango du ETE ligak aurtengo udakoa, eta lehendabizikoan, 2018an, bederatzi talde aritu ziren; hurrengo urtean 11 izan ziren; 2020an, bederatzira jaitsi zen; iaz 11ra igo zen kopurua, eta aurten bederatzira egin du behera. Aurreko urtetik Isuntza, San Juan, Lutxana eta Lapurdi faltako dira, eta Portugalete eta Hernani itzuliko dira, berriz osatu baitute trainerua.

Ligari sendotasuna kentzen dion beste aldagaia arraunlari kopurua da, justukoa baita aurten ere hainbat talderen kasuan. Kontuan izan behar da, gainera, gazte mailakoak asko direla. Beste egoera bat da Euskotren ligak arraunlari gehiago batzen dituela, eta aurten ere badira batzuk ETE ligetako taldeetatik joan direnak goragoko taldeetara. Gizartearen joera ere badago, ez baita erraza izaten gaur egun arraunaeta lan eta ikasketa mundua uztartzea. Hori leundu zezakeen ligan diruzko sariak handiagoak izateak, gutxienez arraunlariak edukiko lukeelako pizgarri bat ez uzteko. Eta ezin ahaztu luze gabe etorriko dena: liga nagusian lau talde gehiago izango direnez datorren urtetik, ETE ligan arriskua dago taldeak gutxitzeko, igoko direnen lekuak berriek bete ezean.

Eragileek badute zer esanik ligaren orainaz eta geroaz. Maika Tameron (Errenteria, Gipuzkoa, 1967) KAE ligako presidentea da (ETE barne), Onintza Olaizola (Zarautz, Gipuzkoa, 1994) bere herriko traineruko entrenatzailea, eta Ainhitze Kalonje (Hernani, Gipuzkoa, 1992) herriko klubeko presidentea. Hirurak arraunlari izandakoak dira, gainera, eta ondo ezagutzen dute barrutik arraun mundua.

Hirurak daude kezkatuta ETE ligaren egoerarekin. Kezkatuena Kalonje dago, ez baitio etorkizun handirik ikusten: «Epe ertainean, desagertu egingo delakoan nago». Olaizola ez dago baikorrago, baina uste du argiak piztuta segitzeko aukerarik badela: «Indartu egin behar da liga hau. Ezin delako dena goiko ligara bideratu, eta azpikoa bazterrean utzi. Goiak azpiko liga indartsua behar du azkenean». Tameron ez da hain ezkorra, ezinbestekotzat jotzen badu ere datozen bizpahiru urteetan nola edo hala eustea: «Euskotren liga zortzi taldera pasatuko denez datorren urtetik, justu ibiliko gara ETEn taldeak edukitzeko bizpahiru urtez, baina aldi berean, goiko liga handitzea ona izango da guretzat, talde gehiago animatuko direlako ateratzera. Azkenean, arraunlariak bere taldearekin liga nagusira igotzeko aukera ikusiko du, zuzenean talde horietara joan gabe. Uste dut zalantzako aldi hori pasatzen denean, segitzeko moduan izango garela».

Euskotren ligaren handitzeak (emakumezkoen eskaera da) ertz bat baino gehiago dauzka. Zorrotzak eta leunak. Olaizolak onetik begiratu dio lehendabizi: «Emakumezkoen arraunaren aldeko erabaki guztiak ongi etorriak dira». Begi zeharka ere begiratu dio, ordea: «ETE ligan talderen batek edo batzuek erabakitzen badute ez ateratzea datorren urtean, eta kontuan izanda aurtengo ETE ligako lehen biak igo egingo direla, baliteke larri ibiltzea». Beste begirada mesfidati bat ere bota du, eskaera batekin: «Ondo dago goian zortzi talde izatea, baina gauza gehiagorekin lagundutako erabakia izan behar du. Diru sariak igo egin behar dira, estropada kopurua handitu, eta abar. Goikoaren hobekuntza mesedegarria litzateke beheko ligarentzat, eta alderantziz». Baieztapen indartsua utzi du ondoren: «Emakumezkoen arrauna birrinduko da neurriak hartzen ez badira, taldeak behar direlako behean, eta hori indartu egin behar da, sustatu».

Kalonjek ertz zorrotz askoa plazaratu du Euskotrenen ligaren handitzea hizpide hartuta. Aspaldiko eskaera bat ekarri du gogora: «Bere garaian, emakumezkoen eskaera izan zen liga bakarra egotea, ez bi. Orain bi daude, banatuta, eta, azkenean, goikoak behekoa indartsu egotea behar du. Badakit oso zaila dela hamalau taldeko liga bat osatzea azpiegitura aldetik, baina banatuta, behekoa ahultzen da».

Arraunlarientzat, «zaila»

Bi ligak indartzea onuragarria litzatekeela garbi utzi eta gero, galdera sortzen da ea balizko oinarri sendo hori nahikoa izango litzatekeen. Izan ere, azkenean eta azkeneko hitza arraunlariarena da: hark erabakitzen du arrauna utzi edo arraunean segitu, eta hark erabakitzen du taldez aldatu edo ez. Olaizolak uste du jarraitzea bera zaila dela, behin adin batera heldutakoan: «Harrobian neska asko dabiltza ontzi txikietan, baina pausoa ematerakoan bateletatik gora, adibidez, ez daude neska asko horretarako prest. Ikasketak direla, lana direla eta abar, arrauna aparte utzi behar izaten dute».

Kalonjek ere antzeko iritzia dauka, baina zabaldu egin du adin mugarena, gazte mailatik seniorretara igarotzeko garaiaz harago: «Utzita dauden arraunlariak bueltatzea izan daiteke beste aukera bat, baina zaila da, beste bizimodu batekin ari direlako ia denak. Ama izaten direnak ere badaude, eta gizarte honetan ardurak nola banatuta dauden ikusita, ez da erraza. Aita haurra jaio eta bost egunera itzuliko da entrenatzera, baina amak ezin du». Adin guztietako arraunlariek arraunean jarrai dezaten badu formula, baina magikoa da ia erabat, utopikoa, edo gauzatzen zaila: «Lanbide izatea litzateke onena, baina...».

Arraunlariak utzi ahala, kluba geratzen da zintzilik, eta ETE ligakoa eta apala bada, zer esanik ez. Beheko klubak mehetzen dituen beste eragile bat hau da: Euskotren ligara arraun egitera joatea norbere kluba ez den beste batekin. Tameroni ez zaio asko gustatzen hori: «ETE ligakoek harrobia lantzen dute, eta arraunlari gutxi dituzte kasu batzuetan. Aldiz, Euskotren ligako batzuek handik eta hemendik hartzen dituzte, eta sekulako arraunlari piloa izaten dute».

Olaizolak ulertu ulertzen ditu goiko ligara doazen arraunlariak, baina garbi utzi du kaltetua zein izaten den: «Beheko klubak jasotzen du kolpea. Ulertzen dut arraunlari onek aukera izatea gora joateko, baina ez ahaztu zein geratzen den gaizkien: beheko kluba». Kalonje bat dator Olaizolarekin, eta urrunago joan da beste ertz batekin itzultzeko: «Orain, harrobiko arraunlaria eramatearen trukean ordaindu egin behar dute klubek, baina uste dut hori arraunlariaren kalterako dela. Baina beheko klubentzat babesa ere bada».

Arraunlariek utzi edo ospa egiten dutenean, gazteekin osatzen dute trainerua talde askok, senior nahiko ez dutelako. «Aukera ona» da hauentzat, Kalonjeren arabera: «Ikasi egiten dute, eta denentzat dago aukera gauzak dauden bezala. Beharrezkoak dira ETE ligan». Hori desagertuko balitz, ordea, beste kalte bat plazaratu du: «Onenak bakarrik igoko edo joango lirateke Euskotren ligara, eta besteak, zer? Ezingo lirateke kolpean igo liga nagusira».

Kalonjek etxean bertan ikusi du zein garrantzitsuak diren gazte mailako arraunlariak, aurten dozena erdi bat dituztelako. Taldearen herena dira ia. Seinale larri ibili direla taldea osatzeko: «10-12 arraunlarirekin hasi ginen. Beste talderen batekin ia lotua genuen harremana, baina ezustean ez zen atera, eta neguan, trainerua osatzeko, kadeteak, entrenatzaileak eta ni neu ibili ginen. Azkenean, Lapurdi atera ez denez, zortzi etorri dira gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.