Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Auzoan queer

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Las mil y una'

Zuzendaria: Clarisa Navas. Herrialdea: Argentina - Alemania. Iraupena: 120 minutu.

Clarisa Navasek bere txikitako auzora eraman nahi izan gaitu bere azken lanaren bitartez. Corrientes hiria Argentinako iparraldean dago, Paraguaiko mugatik nahiko gertu. Bere auzoa hiriko periferian dago, eta bazterretan dauden pertsonen istorio bat kontatu digu. Filma Berlingo jaialdian aurkeztu zuten Panorama sailean, eta Film Onenaren Saria irabazi zuen Jeonjuko zinema-jaialdian (Hego Korea).

Periferiaren periferiatik aurkeztutako lana da. Argentinako iparraldea aski ezezaguna da, eta filmak auzo marjinal batera eraman gaitu. Gaia ere bazterrekoa da; generoaren eta sexualitatearen esparruan disidenteak direnen istorioak kontatu nahi izan ditu Navasek. Bera hangoa da, eta badaki zer den lesbiana izatea bertan. Horregatik, film honetako protagonistak bi emakume dira, beren maitasuna aurrera eramateko zailtasunak dituztenak. Emakume horiez gain, lehengusu gay-ak agertzen dira, eta baita trans emakumeak ere.

Navasek auzoari maitasun berezia dioela nabaritzen da filmean, baina gorroto pixka bat ere bai. Ingurune itxia da, intimitatea oso zaila da lortzea etxean izanda ere. Bere pertsonaiak argi esaten du «herri txiki, infernu handi» batean bizi direla. Lesbiana, gay edota transexuala izatea ez da erraza, sortzen diren zurrumurruak larriak dira, eta beren egunerokoan eragiten dute, nahiz eta saiatzen diren hala ez izaten.

Auzoak batzuetan labirinto bat dirudi, eta horren efektua kameraren erabileran datza. Eskuko kamerarekin eta plano sekuentzien bitartez, pertsonaien atzean gaude une oro, eta batzuetan ez dakigu non gauden. Navasen bigarren lan honek indar handia du, eta kontatutako istorioak, askoz gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.