Jaiak Gasteizen

Mezuak zabaltzeko jaiak

Gasteizko jaietako txosnetan hainbat herri eragile elkartu dira beste urte batez. Kontzertuak ez ezik, aldarrikapen egunak ere antolatu dituzte. Lehen aldiz, gainera, elbarrientzako eta arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenentzako gune berezi bat jarri dute, kontzertuak beste edonork adina gozatzeko aukera izan dezaten.
Gasteizko txosnetako agertoki nagusia. Ezkerrean, elbarrientzako eta arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenentzako gune berezia.
Gasteizko txosnetako agertoki nagusia. Ezkerrean, elbarrientzako eta arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenentzako gune berezia. BERRIA

Igor Galarza -

2019ko abuztuak 7
Eskaintza musikala oso zabala ari da izaten Gasteizko jaietan. Hiriko plaza eta gune nagusi gehienetan ez da falta giroa jarriko duen artistarik. Gune garrantzitsuenetako bat dira txosnak. Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizen duen campusaren inguruan dago, eta hainbat mugimendu eta plataforma batzen dira hango txosna eta karpetan. Agertoki handia du, eta aurtengo berrikuntzarik aipagarrienetariko bat, hain zuzen, agertoki horretan dago. Izan ere, lehen aldiz, arauz kanpoko funtzionaltasuna edo elbarritasuna duten pertsonek egokitutako leku bat daukate, oholtzatxo formakoa. Horrek aukera ematen die kontzertuak beste edozeinek bezainbeste gozatzeko.

Xabier Merida da kontzertuak ikusteko gune hori erabili duenetako bat. Herenegun egon zen han: gurpil aulkian eserita, Zea Maysen kontzertua «aspaldian ez bezala» gozatu zuela nabarmendu du: «Kontzertu txikietan bai, errazago aurkitzen dut lekua. Baina kontzertu handietan zaila dut behar bezala ikustea eta gozatzea».

Txosnetan ez dago agertoki bakarra, hala ere. Talde handienek oholtza nagusian jotzen dute, baina badira beste oholtza batzuk ere gunean. Oso ezagunak ez diren arren, musikariek jende ugari batu izan dituzte egunotan Gazte karpan edo Entxosnatu karpan egindako agerraldietan, adibidez. Bestelako eskaintzak eta musika mota asko bildu dituzte txosnetako oholtzek. Nahiz eta gaua, askoren pozerako, luze joan, biharamunean pertsona ugari batzen dira karpako ardurak betetzera. Horixe baitute halako jai motek: batzuek musu truk lan egin, beste batzuek gozatzeko.

Herri mugimenduen olatuak

Andre Maria Zuriaren jaiak hasi baino bi egun lehenago zabaldu zituzten txosnak, abuztuaren 2an. Zazpi txosna, hiru karpa eta agertoki nagusi bat herriaren zerbitzura. Jaietan aldarrikapenak ez dira falta, eta herri mugimenduei eskainitako egunak ere antolatu dituzte txosnetan. Atzokoa Egun Feminista gisa izendatu zuten, eta, eguerditik hasita, Gasteizko Mugimendu Feministak hartu zuen protagonismoa gunean. Eguerdian, bazkari feminista eta bazkaloste musikatu bat egin zituzten. Irati Leon mugimendu feministan parte hartzen duenetako bat da, eta horrela laburbildu du atzoko egunaren helburua: «Borrokan ari garenok gune handi honetan gure txokoa edukitzea, eta denok berriz elkartzea». Ehun bat lagun bildu ziren atzoko bazkarian, eta Gazte karpan antolatu zuten. «Hainbat alorretan ari gara borrokan hainbat pertsona, eta bazkari honek, nolabait, denok berriz elkartzen gaitu; giro polita egoten da».

Arratsaldean eta gauean ez zuen etenik egin ospakizunak, eta gaueko 23:30ean amaitu zuten eguna, Ekitaldi feminista-rekin. Ekitaldian eraso sexistek erantzuna izango zutela nabarmendu zuten. Horrez gain, Gasteizko jaietan eztabaida sortu du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraso sexistak ekiditeko ateratako eskuorriak, eta horren inguruan ere mintzatu zen mugimendu feminista. Eskuorriaren testua gaitzetsi zuten, «emakumearen askatasunak mugatzen» dituelakoan.

Baina Egun Feminista ez da izango herri mugimenduek antolatuko duten egun bakarra. Aurreko larunbatean Entxosnazio Eguna izan zuten, eta, horretan, urteroko Txosna Batzordearen Saria (Txosnisaria) eman zuten: Orain arteko antolatzaileei eman zieten, aurten erreleboa egongo baita lantaldean. Umeentzat ere hainbat ikuskizun egin zituzten, baita herri kirolak eta bertso saio bat ere.

Herenegun, euskal preso eta iheslariei babesa emateko asmoz, Elkartasun Eguna egin zuten. Gaur, berriz, Gazte Eguna ospatuko dute. Gazte bazkaria egingo dute. Bihar ikasleen txanda izango da. Haiek ere bazkari bat egingo dute, eta arratsaldean bertso saioa egongo da, Entxosnatu karpan.

Jaiak ez du etenik izango txosnetan, ezta lanak ere. Andre Maria Zuriaren jaiak amaitzeko hiru egun geratzen dira, eta hamaika kontzertu, ekintza eta kontu eskainiko dituzte herri mugimenduek. Jaiek mezuak zabaltzeko ere balio baitute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna