Pantailan ikusi, eta gero irakurri

Telesailen eta filmen eraginez, nabarmen egin du gora liburuen salmentak. Horietako asko liburuetan oinarrituta daudenez, jarraitzaileak jatorrizko eleberriak irakurtzen hasi dira, beste bizitza bat emanez.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Irudimena martxan jartzeko tresna aproposa dira liburuak; errealitatea, une batez bada ere, alde batera utzi, eta norbere buruan eraikitako munduan barrena bidaiatzera gonbidatzen du irakurlea. Hala ere, teknologiaren eraginez, gero eta ohikoagoa da pantailen bitartez irudimen hori mugatuta geratzea; azkenaldian, film eta telesail asko sortu baitituzte liburuetan oinarrituta.

Osasun krisiaren ondorioz, liburuen salmentak nabarmen egin du gora azken hilabeteotan. Izan ere, hainbat eta hainbat dira pandemia egoera baliatu dutenak euren irakurketa ohiturak aldatzeko, Aritz Juaristi Donostiako Fnac dendako arduradunaren hitzetan: «Bizitzea egokitu zaigun egoeraren ondorioz, lehendik ere irakurtzen zuenak gehiago irakurri du, eta irakurketa albo batera utzia zuenak berriro ekin dio irakurtzeari».

Elkar eta Fnac liburu denden arabera, euskarazko lanik salduenen artean dago Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburua. Balderen bizipena du oinarri: 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du. Uxue Alberdiren Dendaostekoak ere ezin aipatu gabe utzi: denda baten historia kontatzen duen kronika literarioa. Gainera, Karmele Jaioren Aitaren etxea ere salduenen artean dago. Aitaren zaintzaz arduratu behar duen gizonezko idazle bat, idazteari utzia dion emakume bat eta atzerrian bizi den andre bat ditu protagonista. Haien bidez, eleberriak gogoeta egiten du generoak guztien egunerokoan duen eraginaz, eta, bereziki, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez. Juaristik azaldu duenez, «Urte bukaeran Durangoko Azokan ateratzen diren nobedadeak saltzen dira gehien normalean».

Baina badaude salbuespenak ere. Kasurako, ezin ahaztu Dolores Redondo idazlearen Baztanen kokatutako trilogiako Zaindari ikusezina liburua. Azken urteotan arrakastarik handiena izan duten liburuetako bat da Dolores Redondok idatzitako eleberria. Amaia Salazar detektibeak hilketa baten inguruan egindako ikerketa du ardatz, baina Baztanek eta euskal mitologiak presentzia nabarmena dute kontakizun osoan. Azken hilabeteotan, berriz, 2016an argitaratutako 33 ezkil liburuak ere gorakada nabarmena izan du joan den urtetik hona. Arrazoia, hauxe: Hil kanpaiak filma egiteko, liburu hori hartu dute ardatz. Hala ere, ez dira kasu bakanak. Liburuetan oinarritutako ikus-entzunezko ugari daude Euskal Herrian: besteak beste, Kutsidazu bidea, Ixabel (1994), 100 metro (1976), Bi anai (1985), Soinujolearen semea (2003), Gure oroitzapenak (2018) eta Amaren eskuak (2006).

Dena dela, salmentei dagokienez, alde handiagoa nabaritu dute nazioarteko telesailen eta filmen kasuan. «Euskal Herrian, telesaila edo filma egin zenerako, bizitza nahiko luzea zuten liburuek; dezente saldu ziren, eta arrakasta handia izan zuten», dio Juaristik. Hala ere, dendariak aitortu du Patria telesailaren estreinaldiarekin, adibidez, «gorakada bat» gertatu zela. Josune Larrañaga Elkar liburu dendako langilea ere bat dator Juaristirekin: «Liburu horiek lehendik ere ondo saldu ziren, baina egia da telesailek eta filmek lagundu dutela salmentak ugaritzen».

Nazioarteko eragina

Nazioarteko telesailen artean, Lupin eta The Handmaid's Tale nabarmendu dituzte. Literatura klasikoko liburua pantaila txikira eraman dute Lupin telesailaren bitartez, eta Arsène Lupin lapurraren rola Omar Sy aktoreak jokatu du. Telesailaren arrakastak 1907an argitaratutako Arsène Lupin, gentleman burglar liburuaren salmenta areagotu du. Izan ere, telesailaren ondorioz, Hachette Romans argitaletxeak Arsène Lupinen abenturak berrargitaratzea erabaki zuen, liburua Amazonen eta Fnac-en gehien saldutakoa izateraino.

The Handmaid's Tale, berriz, 2017an estreinatu zen, eta Margaret Atwood-en izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Orduz geroztik, hiru denboraldi egin dituzte, eta laugarrena ere bidean da. 1985ean idatzitako horri forma eman dio telesailak, moldaketak eginez eta gaur egungo errealitatera egokituz. Gizarte atzerakoi bat da ikus-entzunezkoaren abiapuntua, non emakumeak gizon boteredunen jabetzakoak bihurtu diren. «Liburu zaharrak izanik, katalogotik kanpo geratu dira horietako asko, baina, arrakasta ikusita, argitaletxeek berriro argitaratzen dituzte», dio Juaristik.

Horren adibide argia da Game of Thrones telesaila ere. George R. R. Martinen A Song of Ice and Fire eleberriaren fantasiazko mundua da telesailaren ardatza. Lurralde basatiz betetako erreinuak, borrokak, magia, izaki harrigarriak... eta Europako Erdi Aroarekin antzekotasunak dituen testuingurua, irudian zein jantzietan. «Fantasiazaleei zuzendutako liburu bat izatetik gehien saldutako liburua izatera iritsi zen telesailari esker», azpimarratu du Josune Larrañagak.

Horrez gain, azkenaldian, aparra bezala igotzen ari da Normal People telesailaren ikusle kopurua ere, eta, horrekin batera, argitaletxeak ere nabaritzen ari dira igoera hori. 2020an kaleratutako telesail onenen artean dago ikus-entzunezkoa zerrenda askotan, eta, zehazki, Sally Rooney idazlearen izen bereko eleberriaren moldaketa bat da. 2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean dago girotuta, eta Marianne eta Connell dira kontakizun erromantiko-dramatiko horretako protagonista nagusiak. Joan den urtearen amaieran, gainera, arrakasta ikusita, Alberdania Argitaletxeak euskarazko bertsioa argitaratu zuen: Jende normala.

Salmentak areagotzeko hainbat trikimailu erabiltzen dituzte argitaletxeek. Hala ere, nabariena, liburuaren azala eraberritzea izaten da: ordura arteko karatula kendu, eta telesaileko edo filmeko pertsonaiak agertzen diren azala txertatzen dute. «Asko erakartzen du liburuaren azala aldatzeak eta telesailaren berdina jartzeak; lotuta daude, eta horretaz baliatzen dira bai argitaletxeak eta baita telesailekoak ere», dio Josune Larrañagak. Aritz Juaristik ere bat egiten du Elkar dendako langilearekin: «Amua hori izaten da, eta asko nabaritzen da». Era horretara, liburua «begietatik» sartuko zaio jarraitzaileari, eta erosteko hautua egingo du.

Esperientzia desberdinak

Katixa Agirre idazleak Game of Thrones telesailak izan zuen eztanda nabarmendu du: «Oso publiko zehatzari zuzendutako eleberria zen, eta, ikus-entzunezkoari esker, inork espero ez zuen bigarren olatu bat izan zuen liburuak». Egun, ikus-entzunezkoetako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Agirre. Haur literaturako zenbait liburu argitaratzeaz gainera, helduentzako liburuak ere idatzi ditu. Horien artean daude Sua falta zaigu (2007) ipuin liburua eta Atertu arte itxaron (2015) eta Amek ez dute (2018) eleberriak, besteak beste.

Liburuen eta ikus-entzunezkoen arteko harremanari buruz galdetuta, Agirrek adierazi du «denetarik» dagoela: «Ikusle eta irakurle esperientziak oso desberdinak dira; ez dute zerikusirik elkarren artean». Bi bizipen «erabat desberdin» dira. «Liburu batekin duzun harremana askoz ere sakonagoa da, irakurtzen duguna gure buruan irudikatzen dugulako; pantailan, berriz, ikusten duguna hor dago; ezin daiteke beste era batera irudikatu», azaldu du idazleak.

Hortaz, lehendabizi liburua irakurriz gero, sarritan, «etsipena» dator. Izan ere, pantailan ikusitakoa eta norberak bere buruan irudikatutakoa «ez datoz bat». Beste kasu batzuetan, ordea, «aurkakoa» gertatzea ere posible da: «Gerta liteke ikus-entzunezkoak liburua hobetzea: beste ikuspuntu bat erakusten duelako, garai berrietara egokituta dagoelako... Pertsonalki, gertatu izan zait egoera hori bizitzea».

Harkaitz Cano idazleak uste du literaturarekin alderatuz telesailak eta filmak «askoz ere masiboagoak» direla: «Istorio bat publiko zabalarengana helarazteko gaitasuna dute ikus-entzunezkoek». Hala ere, bere alde txarrak ere baditu horrek: «Sarritan, ñabardura asko galtzen dira bidean, sinplifikatu beharra egoten delako».

Canok adierazi du liburuetan oinarrituta dauden telesail edo film «asko» ikusi dituela: besteak beste, Unorthodox, Orange is the New Black, The Queen´s Gambit, Sharp Objects eta Olive Kitteridge. Hala ere, horiek ikusi ondoren, ez du liburua irakurtzeko tentaldirik izan. «Esanguratsua da: telesaila gustuko izan arren, ez nau bakar batek ere bultzatu gerora liburua irakurtzera; asea sentitu izan naiz telesaila ikuste hutsarekin», aitortu du Canok, harrituta.

Euskal literaturari dagokionez, berriz, uste du «oso baztertuta» geratzen ari dela orokorrean: «Ikus-entzunezkoei begira, askoz ere gehiago ustiatu daiteke; dozenaka istorio daude zineman eta telebistan bikain funtzionatu lezaketenak edo gidoi baten abiapuntu sendoa izan daitezkeenak». Horietako bat aipatzearren, Aingeru Epaltzaren Mendi-joak liburua nabarmendu du idazleak. Egun, Lotura Films-eko lantaldea Canoren Orkestra lurtarra liburuaren animaziozko egokitzapena egiten ari da, eta aurreratu du aurrera begira «gogo onez» hartuko lukeela bere libururen batean oinarrituta ko film luzeren bat egitea: «Hori bai, nahiago nuke egokitzeko lanak beste norbaitek bere gain hartuko balitu, askatasun osoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.