Bizikletaz burujabetzarantz

Biela y Tierra kolektiboko kideek tokiko ekoizle txiki mordoa bisitatu dute, egungo ekoizpen ereduaren alternatiben bila. Oro har, egitasmook elikadura burujabetza dute jomuga, tokiko espezieak berreskuratzen ari dira, eta aintzat hartzen dute andreen lana, bai produktiboa eta bai erreproduktiboa.

Ana Santidrian eta Edurne Caballero, 2019ko ibilaldian, Burgos aldean (Espainia). BIELA Y TIERRA.
amaia igartua aristondo
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Galdera sorta bat izan zen akuilua, Ana Santidrianek gogoan duenez: «Elikagaien %100 herrietan ekoizten bada, nola da posible herriek biztanleak etengabe galtzea? Noren esku geratzen da janari hori? Noren esku geratzen dira lurrak? Nola da posible elikagaiak merkantzia bat izatea eta haiekin espekulatu ahal izatea?». 2018an, Santidrianek, Edurne Caballerok, Sole Lopezek eta Cristina Vazquezek Biela y Tierra kolektiboa sortu zuten, egungo elikagai industriaren alternatibak topatzeko eta tokiko ekoizpen txikiagoak ezagutzeko asmoz.

Agroekologia, elikadura burujabetza, ekofeminismoak eta mugikortasun jasangarria irizpide hartuta, Iberiar penintsularen iparraldeko 93 egitasmo aukeratu zituzten, eta horiek bisitatu zituzten 2019an, bizikletaz, lau hilabeteko ibilaldi batean; besteak beste, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ibili ziren. Ostera hartan ikusi, ikasi eta ondorioztatutakoak liburu batean bildu dituzte orain: Biela y Tierra en ruta. Nuestra alimentación como motor de cambio (Biela y Tierra bidean. Gure elikadura aldaketa-eragile moduan; Polálen Edicions, 2022). Proiektuok ezagutarazi nahi dituzte, eta, halaber, kontsumitzaileak interpelatu. «Kontsumoaren bidez, zer motatako mundua nahi dugun definitzen dugu», esan du Caballerok.

TRADIZIOA ETA TEKNOLOGIA

Agroekologiaren irizpideak dituzte oinarrian proiektuok, Caballerok azaldu duenez. «Toxikorik gabeko elikagaiak ekoizten dituzte, ingurua errespetatzen dutenak, eta zapore tradizionalak eta tokiko haziak berreskuratzen dituzte». Aspaldiko usadioak erabiltzea aldarrikatzen dute, eta orobat jotzen dute garapen teknologikoak eskaintzen dituen baliabideetara. «Azken 50-80 urteetan, ahaztu eta deitoratu egin da ezagutza tradizionala, eta batik bat hirietako jakintza hartu da aintzat, akademiakoa, teknikoa...».

Alabaina, ezagutza tradizionala ezinbestekoa da, Caballeroren aburuz; besteak beste, biodibertsitatea jagoteko eta, harekin batera, kontsumitzaileen eta naturaren osasuna zaintzeko. «Azken ehun urteetan, galdu egin da planetako landareen biodibertsitatearen %75. Baina aniztasun genetiko horrek modua ematen du landareak egokitu ahal izateko; klima aldaketa betean, behar dugu heterogeneotasun hori».

Biodibertsitateari erreparatzen diote Atxondoko (Bizkaia) Biezko baserriko Oihane Lekunberrik eta Aner Garitaonandiak, esaterako. Besteak beste, tokiko espezieekin baso jangarri pare bat sortzea zuten burutan 2019an. Landarez, zuhaixkaz, fruta arbolaz eta haziez osatutako eremuak dira, eta gizakien kokalekuetatik gertu sortu ohi dituzte, liburuan azaltzen dutenez. «Baso naturalarekin duen desberdintasuna da eremu txiki batean kontzentratzen dela elikagaien ekoizpen intentsibo bat, mantenu eta baliabide gutxiago behar dituena».

BITARTEKARIAK MURRIZTEA

Caballeroren arabera, agroekologiaren beso politikoa da elikadura burujabetza, eta hura gizartean txertatzeko balio du. «Herrienerabakitzeko eskubidea da, eta elikadura politiketan aktiboki parte hartzekoa, enpresa handiekiko independente izanik». Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo du ekoizlea eta kontsumitzailea gerturatzea, eta politika horien ardatz moduan hartzea. Hala, Biela y Tierrak zubi lana ere egin nahi du, Santidrianen hitzetan. «Lotura galdu da. Ahaztu egin zaigu elikagaiak lehen sektoretik datozela».

Bide horretatik, bitartekaritza ezabatzea erabaki dute proiektuetako askok, eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana zuzenago kudeatzea. Nola, ordea? Santidrian: «Egitasmo gehienak familia proiektuak dira, txikiak, eta merkataritza kanal motzak sustatzen dituzte, kontsumitzaileek kalitatezko produktuak jaso ditzaten, bidezko prezioan, eta ekoizleek ordainsari duin bat izan dezaten».

Horrenbestez, ekoizle batzuek uko egin diote etengabe hazteari, eta inguruko erosleekin ateratzen dute bizibidea. Esate baterako, Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrikoek han bertan, denda txikietan, azoketan eta merkatuetan saltzen dituzte euren gaztak. Esan izan diete baduela kalitate nahikorik Bartzelonako edo Londresko gourmet dendetan saltzeko, baina bide hori ez dute urratu nahi. «Hemengoak elikatzeari utziko genioke».

INSTITUZIOEK ZER SUSTATU

Proiektuok abiatzeko dirua behar da, eta, sarri, instituzioetara jotzea ez da konponbidea, edo ez biribila, bederen, Caballerok eta Santidrianek ikusitakoari erreparatuta. Ibilbidearen kronikan, hainbatetan aipatzen dira diru laguntzak, baina, era berean, proiektu handietara lotuta daudela diote ekoizle txikiek, hala nola haztegi handiak eta monolaborantza finantzatzeko erabiltzen baitira. Karrantzan (Bizkaia) gertatutakoaz mintzo dira liburuan, kasurako. Esne ekoizle txiki mordoa zegoen haranean, baina, ekoizle handiak sartu zirenean, familia baserriek indarra galdu zuten, eta askok, lehen sektorea utzi, eta gune industrializatuetara alde egin zuten. Bizibidea jada ez zen errentagarria, esne litroa merkeegi erosten baitzieten; konponbide moduan, abelburuak ugaritzea eta ekoizpena handitzea hauspotu zuten instituzioek. «Nekazaritza Politika Bateratuak eta tokiko beste araudi batzuek proiektu handiak sustatzen dituzte, eta protagonismoa ematen diote bitartekariari», Santidrianen esanetan.

Dena den, instituzioen jokabidea eta diskurtsoa ez datoz bat, Caballeroren irudiko. «Esaten dute abeltzaintza estentsiboa babestu behar dela, herrietara itzuli behar dela, familia nekazaritza eta abeltzaintza berreskuratu behar direla... Trantsizio ekologikoaren aldeko diskurtso bat da». Baina, aldi berean, proiektu horiek gaitz izaten dute diru laguntzak erdiestea, dioenez. «Araudia hirizentrikoa da. Maila berean jartzen dituzte marmeladak egiten dituen fabrika handi bat eta familia enpresa txiki bat. Baldintzak eta irizpideak berdinak dira, nahiz eta osasun arriskuak ez diren berdinak; egitasmo txikiek zailtasunak dituzte irizpideok betetzeko beharrezkoak diren inbertsioei aurre egiteko».

ANDREEN TOKIA

Ekofeminismoek ere heldulekua eman diete ibilbidea taxutzeko. «Ekofeminismoek diote izaki ekodependenteak garela —hau da, baliabide naturalen beharra dugula— eta interdependenteak—beste pertsonen beharra dugula—». Bisitatu dituzten egitasmoen %80 emakumeek osatutakoak dira. Landa eremuan ere, emakumeen egoera ez da samurra, Santidrianen arabera. «Andreen lana, bai behar produktiboa bai erreproduktiboa, ezkutukoa izan da. Ez dira izan ustiategien titularrak, arazoak dituzte pentsioa kobratzeko...».

Kontrara, proiektuok kontuan hartzen dute lan hori. «Emakumeak landa eremuko asoziazionismoaren motorra dira», Santidrianen ustez, «baina oraindik kostatzen zaie ordezkaritza politikoko postuak okupatzea». Caballero: «Landa eremuetako berrikuntza emakumeen bidez gertatzen ari da. Hori ikusi dugu lurralde guztietan». Egitasmo batzuek, halaber, migratzaileei harrera egin diete, Santidrianek nabarmendu duenez. «Ikusi dugu migratzaileak parte aktiboa direla landa eremuaren dinamizazioan, eta lagunduko dutela herriak bizirik iraunarazten».

ARTEAREN ESANGURA

Artea ere bada usadioa berreskuratzeko bide bat. Karrantzako Mutur Beltz elkarteak, adibidez, uztartu egiten ditu bata eta bestea. Horren adibidea da Txalamobil txalaparta mugikorra. «Artea, irudimena eta artisautza ezinbesteko elementuak dira landa eremuetarako, ezinbestekoak baitira bizitzeko», Caballeroren esanetan.

Haren ustez, landa eremuak ekarpena egin diezaieke artistei. «Guneok oso erakargarriak dira artearekin lotutako jendearentzat: naturarekin konektatzen dituztelako; sortzeko denbora, lekua eta lasaitasuna eskaintzen dutelako, eta lantegia jartzeko leku merkeagoak daudelako». Nolanahi ere, onura ez da norabide bakarrekoa. «Artistak instalatzen badira, ez dira joango; gustura badaude, geratu egingo dira. Gainera, beste artista batzuk erakarriko dituzte».

LEKUKOA NORK HARTU

Topatu dituzte elikadura burujabetza babestu eta indartzeko ereduak, eta ezagutu dute ekoizpen paradigmaren alternatiba erakargarri mordoa. Baina badute etorkizunik? Santidrian: «Denetarik topatu dugu. Igaro gara biztanleria galtzen ari diren lekuetatik, eta min ematen zigun entzuteak artzain bakarra gelditzen zela, edo, ez zeukatenez lekukoa nork hartu, lurrak errentan jarriko zituztela». Aitzitik, ezagutu dituzte orobat gazteek sortutako ideia berritzaileak.

Caballerok Itsasoko (Gipuzkoa) Haristizabal baserria ekarri du hizpidera. Xabi Akizuk eta Marilu Gardokik 1979an bereganatu zuten, baina seme-alabek ez zuten baserrian jarraitzeko asmorik. Ikasleentzako antolatzen zituzten bisita gidatuetako batean egon zen Eneko Solana, artean haurra zela, eta, hogeitaka urterekin, baserria berak hartzea erabaki zuen, amarekin —Itsaso Olabiderekin— batera. Hala, erreleboa askotarikoa izan daitekeela azpimarratu du Caballerok. «Familiarra izan daiteke, edo filosofia jakin batekin bat egiten dutenen artekoa; lurraldearekin sortutako lotura emozionala ere izan daiteke arrazoia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.