Piezak, burua pizteko

Azken asteetan puzzleen salmentek sekulako hazkundea izan dute, eta toki askotan ezinezkoa da halakorik lortzea. Denbora pasatu eta gozatzeko ez ezik, buruko osasunerako onuragarriak direla diote adituek. Garuneko gaixotasunik ez izateko ere balio dute.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Poliki. Lasai. Pieza bat eta beste pieza bat. Bata bestearen atzetik, denak lotuz, irudi ezkutua agertzen den arte. Puzzleak denbora- pasa atsegina izan daitezke, eta, gainera, buru osasunerako onak ere badira. Askori gogoa betetzen dio ehunka edo milaka piezaren baturek osatutako irudi edo argazki eder bihurtuta ikusteak hasieran kolore zertzelada esanahirik gabeko horiek. Azken boladan, inoiz baino gehiago. Konfinamendua hasi zenetik, gora egin du puzzleen salmentak.

Eguberrietan saltzen dira puzzle gehien, baina aurten ez da horrela izan. Puzzle ekoizle nagusien arabera, Eguberrietako salmentak gainditu dituzte hilabete honetan, eta eskariari ezin erantzun dabiltza. Batzuk saiatu dira ekoizpena azkartzen, baina ez da hain erraza. Are, puzzle saltzaile batzuek Internet bidez erosteko aukera kendu behar izan dute, joko horien sukarra dela eta.

Eskala txikiagoan ere antzeman dute gorakada. Jose Miguel Irizarrek paper denda bat du Azkoitian (Gipuzkoa), eta puzzleak ere saltzen ditu. Egun hauetan dena saldu duela esan du: «Hiru eskas gelditu zaizkit. Jendeak lehen esaten zuen 4.000 piezakoa ikaragarria zela, baina orain horiek ere hartzen dituzte. Dena saldu dugu». Bestela ere puzzle zaletasuna badagoela aipatu du. Puzzlea bukatu ondoren, nahi duenari plastikoarekin biltzen dio, nonbaiten paratu dezan.

Puzzleak egiteko, denbora beharrezkoa da, eta konfinamenduak horixe eman dio jende askori: denbora. Horregatik, ez da harritzekoa salmenten gorakada. Gainera, puzzleak egitea osasungarria dela diote adituek. Are, garuneko gaitzak saihesteko zein sendatzeko erabiltzen direla jakinarazi du Elena Olaiz psikologoak: «Garuneko paralisia edo funtzio kognitiboak kaltetuak daudenean, adibidez, horrelako errehabilitazioa erabiltzen da: puzzleak edo arreta eta oroimena lantzen dituzten jokoak». Buruko gimnasia edo garuneko estimulazioa deitzen zaio horri.

Puzzleak egitea orainean mantentzeko modu bat dela dio psikologoak, eta bakartze garaietan garrantzitsutzat jo du orainean zentratzea, etorkizunean gerta litekeenaz kezkaturik ibili beharrean. Pazientzia lantzeko modu bat ere bada: «Puzzlearekin jostatzen ari zarenean lasai egon behar duzu, eta buruari eragin behar diozu: zer pieza hartu lehendabizi, zein gero... Patxadaz egiten da dena. Hausnartzeko eta autokontrola hobetzeko ere balio du, jokoa nola egin antolatu behar duzulako». Irizarrek baieztatu du hori: «Mundu Gerra hasten bada, ez naiz jabetzen. Sartzen zara, eta kito eguneroko problemak».

Oroimena eta gaitasun espaziala ere lantzen dira, irudi bat hutsetik sortu behar delako eta irudi hori pentsamenduan irudikatu behar delako, hurrenez hurren. Horrekin batera, motrizitatea hobetu daitekeela azaldu du psikologoak: «Beraz, irakurketa eta idazketarako prozesua garatzeko baliagarria da». Motrizitate fina lantzen da bietan. Baina puzzleak egitea ez da soilik funtzio kognitiboetarako onuragarria. Emozioak ere sartzen dira jokoan: «Denbora-pasa bat da, dibertitzeko modu bat da, eta plazera ematen ahal digu. Modu horretan, hormona batzuk aktibatzen dira: dopamina eta endorfinak, adibidez». Hala, autoestimua eta ongizate psikologikoa indartzeko balio dezakete.

Puzzleak egin litezke bakarka edo egin litezke taldean. Bi moduak izan daitezke onak piezen zaleentzat. Bakarka eginda, norberak bere buruarekin denbora pasatzeko aukera du, eta modu horretan erlaxatzeko baliagarria izan liteke. Taldean egiteak ere badu alde onik: giza harremanak sustatzeko balio dezakeela uste du Olaizek: «Egin liteke elkarri lagunduz —hori litzateke onena—, baina egin liteke lehia moduan ere». Kasu horretan, oxitozina indartu daiteke: «Horrela, maitasuna edo segurtasun afektibo hori hobetuko litzateke».

Puzzleak denentzat dira onak: haur, heldu zein zaharrentzat, betiere gustuko izanez gero, noski. Horregatik, haur hezkuntzan erabili ohi dira, ikaskuntza prozesuan lagungarri direlako, baita neurologian ere. Puzzleak bezala, berdin denbora-pasak, xakea eta estrategia jokoak. Puzzlegintzan hasteko edozein une izan liteke ona. Batzuk orain hasi dira, beste batzuek urteak daramatzate. Irizar duela 30 urte inguru hasi zen, eta zaletasun handia izan du bere bizitzaren erdian. 4.000 piezako batekin hasi zen; arrebari oparitu zioten, baina ez zuenez egiteko asmorik, Irizarrek onartu zuen erronka. «Ederra geratu zen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan».

Erronka handituz joan zen denborarekin: 24.000 piezakoa egin zuen dendako paretan jartzeko, eta, horren ondoren, 33.000 piezakoa. Hori ere dendan, ezin bestela: «Handi horiek ez dago etxean jartzerik; atzeratu eta distantzia behar duzu ikusteko». Batek sei metro ditu, eta besteak, zazpi pasa. «Etxean 4.000koa ederra geratzen da». Orain Kapera Sixtinoaren puzzlea egiten dabil, eta bukatzean sabaian jarri nahiko luke, etxean Vatikanoan bezala sentitzeko.

Ordena, gogoa, pazientzia

Puzzleak egiten hasi nahi duenarentzat, zenbait aholku eman ditu Irizarrek: garrantzitsuena, denbora da; denbora neurtzea edo mugatzea. «Hasi, eta ordua ipini behar dut uzteko, bestela...». Horrekin batera, tokia. «Inportantea da gela bat izatea puzzlea egiten hasi eta lasai lagatzeko modukoa. Beste hamabost egunetan ezin baduzu egin, berriz etortzean berdin egon dadila», aholkatu du puzzle zaleak. Batetik bestera mugituz, piezak galdu litezke. Ez hori bakarrik, norbera ere galdu liteke: «Berdin uzten baduzu, buruak segituan hartzen dizu non ari zinen».

Piezak banatzea izaten da lehenbiziko lana, eta horretan denbora asko ematen duela onartu du Irizarrek. Berak karteltxo batzuk prestatu eta kutxatan sartzen ditu, ordenaturik: goitik beherakoak, aldeetara doazenak, koloreka... Modu horretan errazago aurkitzen ditu behar dituen piezak. Azken aholkua: pazientzia. Puska batekin trabatuz gero, hori utzi eta beste puska batekin hastea gomendatu du. «Kateatuz gero, ez itsutu, lasai. Ez duzu bilatzen, ez duzu bilatzen, baina hurrengo egunean etorri eta tak, segituan bilatzen duzu».

Erronkari tamaina hartzea ere beharrezkoa dela uste du Olaizek: «Sormen handia duena edo erronkak gustuko dituena hasi daiteke maila altuagotik. Bestela ez; frustratzen ahal zara, eta porrotarekin alde batera uzten ahal duzu. Onena emaitza baikorrak lortzea da». Eta horrela, poliki-poliki, piezaz. pieza, denbora pasatu, gozatu, lasaitu eta buruari eragin. Piezekin burua piztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.