Beroa badator, pagoa badoa

Klimaren beroketak zuhaitzetan duen eragina ez da oraino biziki ikusgai; alta, emeki-emeki, isurialde mediterraneoa iparralderantz hedatuko da. Pagoa, adibidez, hilen da, baina tokiko bertze espezie batzuk egokituko dira.

Klima aldaketak pagoaren desagertzea ekarriko du, ikusirik giro hezea duela laket. BERRIA.
Ainize Madariaga
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez da sineste istorio bat: zientzialari guziek egin modelo guziak betetzen ari dira, eta salbuespenezko aurtengo uda normala bilakatuko da mende erditsutan, eta freskoa mende bukaeran», erran du Gilen Igoa CNPFko teknikariak; oihan pribatuak kudeatzen dituen frantses erakunde publikoa da.

Gizakiak sumatu du udaren beroa, ezin uka, eta frankotan itzal bila joan da, etxean berean bere burua babestuz, edota oihanpean. Alta, zuhaitzek, isilpetik, nola ihardukitzen diote klimaren beroketari? Lekuz ezin alda, geroak zer erranen die? Badua horretan laguntzerik gizakiak? Zuhaitz espezie batzuek badutea gaitasun handiagorik egokitzeko bertze batzuek baino?

Oihan kudeatzaileek erran dute oraino goiz dela uda bero eta idorren ondorioak oihanetan sumatzeko. Hala ere, beren burua prestatzen ari dira: isurialde mediterraneoak gaina hartuko baitie atlantikoari eta Pirinioetakoari. Hortaz, betiko oihan paisaia emeki-emeki kolorez aldatuko da: pagoa, adibidez, hiltzen hasiko da. Argi dute bertako espezieei lagundu behar zaiela osasuntsu hazten, gizakiaren esku sartzea neurtuz. Zuhaitz aniztasunari sekulako garrantzia ere ematen diote, horri esker hobeki egiten baitzaie aitzi klimaren beroketaren ondorioei, bertzeak bertze suteei eta eritasunei. Gainera, oihanetako ekosistemaren mesedetan da. Zuhaitz mota bakarreko oihanek, berriz, ahulduak izateaz gain, lurra pobretzen dute, egokitzeko gaitasun gutiago dute, eta suteen lanjerra emendatzen.

Berez, Euskal Herriak 922.000 bat hektarea oihan dauzka: 450.000 Nafarroan, 141.000 hektarea Araban, 75.000 hektarea Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan, 132.000 hektarea Bizkaian eta 124.000 hektarea Gipuzkoan. Bizkaian eta Gipuzkoan salbu, gainerako probintzietako oihan mota gehienak autoktonoak dira. Bizkaian, berriz, zuhaitzen %70 kanpoko espezieak dira, eta Gipuzkoan, espezieen erdiak baino haboro.

Kontuan hartu beharreko lehen ezaugarria litzateke gizakiaren eta zuhaitzen denboraren nozioak; gizaki baten bizitza «anekdotikoa» baita oihan baten bizitzan. Hala nabarmendu du Iñaki Etxebeste Aramaioko (Araba) Errez kooperatibako kideak: «Klima aldaketa gure bizitzan ikusiko dugun zerbait da, baina oraindik oso goiz da baso egitura aldatzen ikusteko, aldaketak ikusiko ditugu, baina goizegi da. Ez dut uste baso komunitateen aldaketa nabarmenik gertatzen denik; hasiko bagina landare txikitan, ba beharbada besterik litzateke».

Hala, adituen erranetan oraino goizegi bada ere ondorioez mintzatzeko, honezkero nabari daiteke usaiaz kanpoko uda bero eta idorren eraginik Euskal Herriko oihanetan: suteen emendioan edota zuhaitzen hiltze edo ahultzean toki jakinetan.

Ahultze hori egiaztatu ahal izan du Igoak: «Idorteagatik zuhaitzek sufritu dute anitz, hostoak galduz goizago eta batzuetan hostoberrituz udazkenean. Arrunt gazteak diren arbolak hiltzen ditu; iaz landatu genituenak, konparazione, hil dira. Zuhaitz handien kasuan, berriz, bizpalau idorte segidan behar dituzte; beraz, goizegi da oraindik deusik errateko, ondoko urteetan ageriko dira aurtengo idortearen ondorioak». Igoa arranguratzen duena da oihanek aldaketei ihardukitzeko beharrezkoa duten berezko erritmoari ez ote zaion aitzinatuko klima aldaketaren abiadura zalua.

Dena den, Elena Baeza OlivaNafarroako Gobernuko oihan kudeaketa saileko buruzagia ere ohartua da zuhaitzen indargabetze fenomenoaz toki jakinetan: «Hostoak lehenago galdu dituzte, eta ez dute indar eta kolore normalik».

Zehaztu du isurialde mediterraneoaren iparraldeko mugan dela sentitzen fenomeno hori, erran nahi baita: isurialde mediterraneoak Pirinioetakoarekin eta atlantikoarekin talka egiten duen ukipen guneetan. «Hiru klimek topo egiten duten tokietan sufrituko da gehienbat klima aldaketa». Nafarroan, adibidez: Pirinio hegoaldeko pinudi salbaietan; Burgin, Bidankozen... Eta Atetz eta Odieta ibarretako pagadietan...

Oraindanik behagarriak diren ondorioek ezagunak diren oihanen mapak doi bat kolorez aldatuko dituzte geroan: isurialde mediterraneoaren hegiz hegi diren puntu guzietan hedatuko baita mediterraneoa. Hala baieztatu diote ikerketek Baezari: «Isurialde atlantikoa poliki-poliki mediterraneoa bilakatuko da; hor du landaretzak gehien sufrituko, aldatuko baita. Salbuespenezko klima arrunta bilakatuko delarik, zuhaitzak ez dira hain indartsuak izanen, eta ikusiko dugu bertze espezieak kolonizatzen hasiko direla: erkametzak eta arteak gaina hartuko diote, adibidez, hegoalderago dauden pinu basatiei. Edo, genero bereko azpiespezie mediterraneoak azpiespezie atlantikoari gaina hartuko dio, astigarraren kasuan, adibidez. Egokitzapen txikiak gertatuko dira. Nafarroa hegoaldeen dauden pagadiak, Goñi eta Ollo ibarrekoak adibidez, desagertzen joanen dira, edo ez dira hainbertze garatuko».

Igoak ere gauza bera erran du: alegia, isurialde mediterraneoa atlantikorat iganen dela: «Pagadiak hezetasun atmosferiko handia behar duenez, idortea ez du ontsa jasaten. Gure mendietan biziki ontsa laketzen bada ere, urte batzuen buruan, normalki, lekuz kanpo izanen da, eta bereak ez diren baldintza batzuk jasan beharko ditu. Ezin denez lasterka eskapatu, goratasun ertaineko pagadia, normalki, hilen da».

Lore kolore

Preseski, klima horien junturak gehienbat sufrituko badu ere, Etxebestek hor ikusten du joka partidetako bat geroari begira: «Klima anitzeko lekuetan, isurialde aldaketa ematen den eremuetan, alde bateko eta besteko zuhaitz espezieak nahasten dira, eta berez datozen espezieak dira gure ustez apustu gorena».

Horregatik, «naturaren hurbileko» oihan kudeaketa aplikatzen du Errez kooperatibak klima aldaketari begira, baita molde bat baino gehiago ere. Bortz puntutan oinarritzen da egin molde hori.

Alde batetik, bertako espezieak lantzearen alde egiten dute, horiek baitaukate aberastasun genetiko handiena, eta horrek aukera gehiago ematen baitie aldaketa baten aurrean aurrera egiteko: «Mintegi batetik eramanez landareak, gutxi edo asko aberastasun genetiko hori murrizten dugu, murriztuz ere baso horrek aurrera egiteko dituen aukerak. Badaude, adibidez, idorte edo gaixotasun bati aurre egiten dioten laborategiko klonak, baina zailtasun bakarrari egiten diote aurre; haatik, ez dakigu zenbat etorriko diren», zehaztu du Etxebestek.

Bigarrenik, oihana egitura anitzekoa izaten laguntzen diote: espezie, diametro eta estraktu ezberdinetakoak: «Klima larrialdiak ekarri du haizeteen handitzea. Altuera eta diametro bereko basoetan haizeak sarraski handiagoa eginen du, espezie, diametro eta estraktu anitzeko basoetan baino».

Hirugarrenik, bertan sortzen diren landareei bide egiten diete, ahalaz landatu gabe. Hola, aniztasun genetikoa bermatzeaz gain, ekonomikoki ere interesgarria da: zura jaso arteko zikloan landaketak baitira inbertsiorik garestiena. Gilenek ere bat egiten du filosofia horrekin, eta, gizakiaren oihanetako esku sartzearekin ados bada ere, argi du «neurtua» izan behar duela. Horren froga da iaz landatu zituzten zuhaitzek ez dutela aurtengo uda jasan ahal izan.

Laugarrenik, argi utzi du oihana ez dela guztiz soildu behar, erran nahi baita, oin jakin batzuk moztu behar direla, denboran maizago, baina neurtuak: «Gizakiaren odol hartzea bezala da: gutxi hartu baina maiz, gizakiari kalterik egin gabe».

Azkenik, lurra babestu beharraz ohartarazi du Etxebestek: «Lur zorua baita daukagun kapital garrantzitsuena. Esku sartzeak egiten badira, kasik bisturiekin izan daitezela, makinek zanpatu gabe». Izan ere, euri jasak gero eta kontzentratuagoak direnez, lur zoruak ezin du zanpatua izan ura xurgatu ahal izateko, bestela «katastrofikoa bailitzateke».

Oihana handi dadila

Jose Antonio Irastorza Aralarreko mankomunitateko oihanzaina da. Aralarko pagadia eta elordia osasun onean bada ere, argi du zer litzatekeen bide egokiena klima aldaketari begira: oihanarena zen lurra oihanari berreskuratzen uztea. Alegia, baserriak egiteko oihanari kendu zitzaizkion lurrak, zeintzuk «pobretu eta zikinduak» baitira baserrien hustearen ondorioz, poliki-poliki oihanak beregana ditzan. Ez du duda izpirik zein espezieri lagundu behar zaion hazten: tokiko hosto zabal erorkorrei. Aire garbitzaileak direlako eta gainera hostoen erorketak lur xamurra sortzen duelako naturalki. Datua eman du: «Pagadi hektarea batek urtean 1,75 tona karbono xurgatzen du, airea garbituz. Haritza ere hosto zabala da, baina, 800 metrotik behera, hektarea bakoitzeko 2,90 tona karbono xurgatzen ditu. Hosto zabal erorkor eta bertakoak diren horiek askoz gehiago garbitzen dute airea».

Ororen buru, halaxe laburtu du nola kudeatu beharko liratekeen oraingo oihanak heldu diren urteetako klima aldaketari begira: «Lehendik daudenak ongi zaindu, eta herri lurretako pinudiak kendu eta hosto zabal xurgatzaileak jarri. Zuhaiztia sortuz menderatuko du lur erabili gabeko zikin hori, lurra birbideratuz jatorrira, eta milaka mikroorganismori lekua eginez».

Suteei aitzi egiteko, pagadiaren alde apustu egiten du Irastorzak, suak «ez baitauka zereginik» pagadiekin.

Ustiaketarako bideratuak diren oihanen kasuan, aditu guziek bat egiten dute ongi gogoetatu behar dela zein espezie birlandatu. Hori bai, argi dute Gipuzkoako eta Bizkaiko insignis pinudiak eta eukalipto oihanak transformatu behar direla poliki-poliki: bertako zuhaitz espezieei lekua eginez. Balirudike errotik moztu eta landaketa masiboari ekin beharko litzaiokeela transformatze horren kausitzeko. Alta, Etxebestek erran du bertzerik dela: «Uste baino erresilienteagoa da gure basoen ekosistema: pinudiei begira jarriz gero, azpitik datorren haritz kantitatea ikaragarria da! Moztu eta utzi beharko litzaieke atzetik datozen horiei hazten». Eukaliptoen kasuan, berriz, zailagoa da afera, kirtenetik berriz sortzen baita. Kasurako, Etxebestek badu aterabidea: «Estrategiak ezberdinak dira; eguzkia gustatzen zaionez, itzaletan jarri beharko genuke: behin moztu eta gero, ondoan itzala emanen dioten espezieak landatu, adibidez lizarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.