Boluntarioz jositako 'Ibilaldixe'

Ondarroak hirugarrenez hartu du Ibilaldia: Zubi Zahar ikastolak 26 ekitaldi antolatu ditu, eta 750 boluntarioren laguntza eduki dute. Herria eta auzolana goraipatu dituzte. Jaialdian bildutako dirua ikastetxearen egitura moldatzeko erabiliko dute, arkitektura ikasketa metodologiara egokitzeko.

1. Harrera ona. Jende mordoa Ondarroako itsasadarraren alboan, herenegun, Ibilaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Igartua Aristondo - Irati Urdalleta Lete
Ondarroa
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Irrintzi batekin abiatu zuten jaialdia, eta berehala entzun zen Boga-boga saihetsezina bozgorailuetatik, laster rock doinuak Zaldupe aldean kokatutako gunean, eta ziztuan hedatu zuten burrunba kalejirek eta Andrabanda Feministaren perkusioak. Hirugarrenez hartu zuen Ondarroak Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia —1993an eta 2011n ere antolatu zuten, ordukoetan Lekeitioko Azkue ikastolarekin batera—, eta festa giroak luze eta zabal hartu zuen herria, eguraldia lagun, 26 ekitaldirekin, eta Xe lelopean, bertoko euskalkiari keinu eginez. Itsas Aurre parketik hasita, itsasadarraren bi aldeetan barreiatu ziren jendea, musika eta zarata, Kamiñazpiko plazaraino, Zubi Zahar ikastolaren atariraino, hain justu. Haiek antolatu dute aurten jaialdia.

Biharamun goizean, artean erretiratzen ari zirela egituretako batzuk, ikastolaren harreran pilatuta zeudela txaleko deigarri andana bat, eta zehaztu gabe zeudela bertaratutakoen kopurua eta bildutako diruarena, Zubi Zahar ikastolatik sartu-irtenean ari zirenen komentarioek ematen zuten balantzearen berri. Oro har, nekatuta zeuden, baina pozik. Eta hala zegoen orobat ikastolako zuzendari Estibaliz Urizar ere. «Beste ikastoletako jendeak asko lagundu digu: haiekin bete genituen txosnetan lanean aritzeko txandak. Laguntza hori ezinbestekoa izan da».

Aletu duenez, autobus mordo bat joan ziren beste ikastola batzuetatik: sei Lekeitiotik; eta pare bat Elorriotik, Durangotik eta Getxoko San Nikolasetik —horrek antolatuko du 2024ko Ibilaldia—. Laguntzaileen zerrenda osatu zuten Zubi Zaharreko gurasoek eta ikasle ohiek, besteak beste; guztira, 750 boluntario inguru aritu ziren Ondarroan.

Hori zen jomugetako bat, zuzendariaren hitzetan: auzolana. «Auzolan barik ez dago horrelako jai bat antolatzerik». Eta hori erakutsi gura izan diete bertoko neska-mutilei, halaber. «Auzolana gauzak sortzeko egiten da, eta gauzak behetik gora egiten dira: ekintzaileak izan behar dugu, eta ezin dugu egon zerutik behera etorriko zaigun horren zain; guk ekin behar diogu».

Hain justu, guraso talde baten ekintzailetzatik jaio zen Zubi Zahar ikastola: 1966an sortu zuten, eta hurrengo urteetan herritarrek eurek ondu zuten gaur egungo eraikina; 1979an inauguratu zen. «Herriaren parte gara: ikastola beti izan da herritik eta herriarentzat sortua», nabarmendu du, eta aldarri hori bere egin zuten Ibilaldian ere, herriari keinu bat eginez. 2011n, padurarantz garatu zen ibilbidea, herritik urrunduta; kontrara, herrirantz antolatu dute aurtengo Ibilaldia, azaldu duenez. «Gure helburua zen ikastola herrira ateratzea».

Dirua, berrikuntzetarako

Sendoak dira zutabeak, baina egokigarriak bideak, irizpide akademiko berriek hala eskatuta. «Gizartea aurrera doa, eta hezkuntzak ere gizartearekin batera aurrera joan behar du. Eskolak emateko moduak aldatu egiten dira, eta aldaketa horrekin bat egiten dugu», Urizarren arabera. Alabaina, arkitektura ez da metodologiaren bide beretik joan, edo ez abiadura berean, behintzat, haren berbei erreparatuta. «Gure etxea, ikastola, eraiki zenean bezala dago, eta aldaketak egin behar dira». Horretara bideratuko dute Ibilaldian lortutako dirua, zehaztu duenez.

Ezarria dute nola jardun behar duten, zer norabidetan. «Garrantzia ematen diogu zirkulazio libreari eta ikasleak elkarrekin egoteari. Elkarrengandik ikasten da, eta nagusiagoek gazteei erakuts diezaiekete, eredu baitira». Horretarako elkar ikusi behar dutela aldarrikatu du, eta espazio irekiek emango lukete horretarako abagunea. Gaur-gaurkoz, lehen eta bigarren solairuetako gelek betikoen antza dute: espazio itxiak dira, eta bide ematen dute irakasle batek klase magistralak eman ditzan, eta umeak entzuten egon daitezen, besterik gabe.

Baina jada ez diote eredu horri jarraitzen, eta, hala, egitura ere egokitu beharko dute metodologia berrietara. Bigarren solairuan, berrikuntzen lagin bat ikus daiteke: hormez ez, baizik eta leihoz inguratutako gelak, non telebistak eta bestelako baliabide digitalak dauden, eta egongelak, elkarrekin egoteko. Gelok, gainera, dinamikoak dira: mugi daitezke beirazko paretak, molda daiteke espazioa. «Erabilera anitzeko lekuak izan daitezela nahi dugu, gauza baterako edo besterako balio dezaketenak: batzuetan, gela bezala; besteetan, lantegi bezala, edo aurkezpen gela moduan...», xehatu du zuzendariak.

Aurrera begira baitaude ikastolakoak, baina inguruei ere erreparatzen diete: izan ere, domekako hitzaldietan adierazi zenez, euskararen erronketako bat aisialdia da. «Zorionez, Ondarroa eta, orokorrean, Lea-Artibai arnasgune bat da, eta ez bakarrik ikastolak dituelako eta horietan euskaraz egiten delako; aisialdian ere, euskaraz egin ahal da». Izan ere, euskaldunak dira begiraleak, entrenatzaileak... «Herri osoa da arnasgunea», Urizarren irudiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.