Arantza Estefania. Mondragon taldearen abokatua

«Lekukoak aulkian; argazki hori nahi zuten negoziazioa eragiteko»

BERRIA.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Baikor dago Estefania epaiketaren ostean. Probatutzat jo du akusazioaren engainuaren teoria gezurra dela, eta epaiketa bera egon izana estrategia zabal baten barruan kokatu du.

Salaketa preskribatuta dagoen ala ez da lehen kontua, ezta?

Bai, aintzat hartzen badu, salaketa bera ez da aztertzen hasiko epailea, engainua egon ote den ala ez, alegia.

Lekukoak frontoia izan dira akusazioarentzat, baina hark deitu ditu gehienak; zer gertatu da?

Maila bat behera egin du akusazioak, lehen segurutzat jotzen zuena orain aditzera ematen du. Igual ez ziren oso zuhurrak izan salaketa idaztean. Mondragonek konkurtsoa bere onurako atzeratu zuela esaten zuten, aktiboak bereganatzeko. Oso larria da, eta horri buruz ez dute ezer esan epaiketan. Hustu egin dira.

Epaiketa bera estrategia zabalago baten parte dela esan duzu. Zertaz ari zara?

Negoziatzea nahi dute, beti egin dute. Badakite ezin zaiela pagatu eskatzen dituzten 48 milioiak, baina igual zerbait aterako duten esperantzan daude. Baina Mondragoni eskatzea? Harrigarria da. Ez da posible negoziazio hori. Mondragon ez da bankua; dirua kooperatibena da. Eta, gainera, ez dagokien lehentasuna eskuratuko lukete hartzekodunen artean. Erokeria da dena.

Manifestazioak egon dira, escrache-ak ere aipatu dituzue, eta epaiketa bera horrekin lotu duzu. Nola da hori?

Epaiketa hau tresna bat gehiago da estrategia baten barruan, Mondragon bera eta pertsona jakin batzuk, horietako batzuk lekuko gisa deituak, estutzeko.

Zuzendari ohi batzuk lekukoen eserlekura eramatea zigor bat izan dela esaten ari zara?

Bai. Argazki hori nahi zuten, eta ikusi denean testigantzek auzi jartzaileen teoria ahultzen zutela, lekuko batzuk deitzeari uko egin diote. Bazuten jada nahi zutena: argazkia; eta aldi berean, ez zuten nahi beste inork gehiago deklaratzea, haien kontra zelako.

Auzi eskeak ez duela oinarririk diozu, baina tramiterako onartu zen, eta iritsi da epaiketa. Nola gertatu da?

Prozesu zibila delako; ez da zigor epaiketa bat; hala balitz, galbahe bat egongo litzateke tramiterako onartzean. Prozesu zibilean bakarrik gainbegiratzen da epaitegiak eskuduntza ote duen salaketa epaitzeko. Ez dago galbaherik. Beste kontu da orain ez aintzat hartzea.

Bankuen lehentasunezko ekarpenen eta haien moduko beste hainbat auzik izan dute zerikusirik salaketa hau auzitara iristearekin?

Bai, badu zerikusia. Argudiorik ez egotean, ildo juridiko ezagun bati jarraitu diote; baina, hemen ez dago produktu zail bat ulertzeko. Baina bai, horren guztiaren itzala baliatu nahi izan du defentsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.