Koronabirusa. Ostalaritza

Bigarren jipoia ostalaritzari

Agerrialdi berriek bigarren fasera itzularazi dituzte hainbat herritako tabernak. Ostalaritzak «izugarri» sumatu du giro aldaketa, neurriak baino gehiago beldurra baita gakoa

Iruñea. Bezeroak eserita Alde Zaharreko terraza batean, segurtasun tarteak zaintzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
X. Martin-J.Senar-M.Arteaga-J.Otaegi-P. Ostolaza-O.Silva
Zarautz-Iruñea-Bilbo-Tolosa
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Eta giroa bat-batean aldatu da berriro. Koronabirus positiboen hazkundea zaplazteko baten modukoa izan da herritar askorentzat. Normaltasun desiratua, betikoa, oso urrun dagoela gogorarazi dute agerraldiek egun gutxian, eta argi geratu da udako sasoiaren su-eten iragarria urruneko intxaurrak baizik ez zirela. Tabernek eta jatetxeek har dezaketen bezero kopuruaren eta ordutegien mugak berrezartzea ekarri du egoera berriak han eta hemen: oztopo gehiago kontsumitzeko, negozioak bideragarri egiteko. Lehen kolpearen jipoia nahikoa izan ez balitz, ostalaritza beste baterako prestatzen ari da; izan ere, arau berriak baino gehiago, kontsumitzaileen aldartea da gakoa orain: birusa bezala hedatzen ari den zuhurtzia, beldurra.

«Zarautzen (Gipuzkoa), berez, joan den asteburua eta datozena izaten dira udako onenak, kanpokoak etortzen direlako baina herrikoak ere oraindik hemen daudelako». Eguzki tabernan, ordea, jende gutxi ibili da azken egunetan, herrian izan den koronabirus fokuaren ondorioz. Josune Iruretak, jabeak, azaldu du esperotakoaren erdia saldu dutela: «Kaleak triste daude, eta, gainera, barran ezin denez egon, terraza betea ikusten dutenak ez dira sartu ere egiten. Txikiterorik ere ez dugu».

Jende gutxi ibili izanaren arrazoi ugari daude, eta horietako bat da herriko gazte kuadrilla asko konfinatuta daudela: «Gehienek ostiralean eta larunbatean egin zuten PCR proba, eta, emaitzak jakin bitartean gutxienez, etxean sartuta egon dira».

Erakundeek eta komunikabideek Zarauzko malekoiko tabernen gainean jarri dute begirada azken egunetan. Denak, ordea, ez dira festarako, eta Xarabi tabernan, adibidez, normaltasunez jarraitu dute. Zerbitzari gehienak gazteak dira: «Gure arteko txandak aldatu behar izan ditugu probak egiteko, eta pare bat langile gutxiagorekin gabiltza; negatibo eman dute, baina prebentzioz etxean geratzeko agindu diete».

Telmo Iruretagoiena hango arduradunak dio jende gutxixeago ibiltzen dela, baina ez askoz gutxiago: «Igarri da, baina ez dut uste jendeak halako beldurrik duenik». Iruretagoienak aurreko asteetan baino atzerritar gehiago ikusi ditu, gainera. Horretaz kexu dira terrazan eserita dauden bezero batzuk: «Herriko gazte kuadrilla osoak etxean sartuta daude; zaharrak, zahar etxeetatik irten ezinik... eta turistak libre?».

Agerraldiek ondorio jakin batzuk ekarri ditu Zarautzen. Kirkilla Jatetxean, adibidez, edukiera erdira mugatu behar izan dute. Hango sukaldaria da Iker Albizu: «Gehiago eragin dute ezarritako neurriek beldurrak baino; batek edo bestek egin du atzera, adinekoak zetozelako jatera edo talde handia zirelako, baina salbuespenak dira. Lana egin dugu». Hala, Zarauzko fokuak ez die berdin eragin ostalari guztiei. Neurriek eragin diete batzuei, jendearen beldurrak besteei, eta gutxi batzuek ez dute ixtea beste aukerarik izan.

Iruñean, kezkak gora

Iruñeko ostalaritzan ere kezka erabatekoa da azken albisteengatik. Labrit frontoiaren alboko Jesus Mari ostatuan mahaiak jartzen dabil Alberto Diaz jabea. «Egoera zaila da» harentzat, etengabe aritu behar baitira terrazako mahaiak garbitzen. Jendea, halaber, uzkur dago, «beldurrez». Sanferminik ez zela egongo «barneratua» zuen, baina okerragoa da aurrera begirakoa: «Helburua da uda pasa dadila eta udazkenean eta neguan ikustea ea zer datorren».

Niza ostatuko Gorka Lureren arabera, iragan berri den asteburua «desastre hutsa» izan da Iruñerri osoan: «Ezagun batek taberna bat du Atarrabian, eta gauza bera esan dit». Maiatzaren 25etik, ireki zutenetik, gorabeherak izan dituzte. «Lehen bizpahiru asteetan ongi ibili zen. Gero, beste tabernek ere ireki zutenez, okerrago, baina, sanferminen aurretik, nahiko ongi». Horretarako, aldi baterako erregulaziotik atera zituzten langileak, baina bik utzi egin zuten, eta paradoxa bat sortu zaie hor ostatuei: «Langile gehiago behar ditugu lan bera egiteko, bestela ez baikara iristen». Haatik, beldurra berehala nabaritzen dute kontsumoan. «A bidea hartzen baduzu, erratu egingo duzu, eta B bidea hartzen baduzu ere bai. Ez dakigu zer egin, nola jokatu». Erregulazioan berriro sartuz gero, baldintza okerragoetan izango dela uste du.

Adolfo Larraza Olaberri erretegiko jabearen arabera, «hiru hilabetean 22 lagun geldirik egotea gogorra» izan da, baina «ilusioz»ireki zuten, eta «are ilusio handiagoaz» ikusi dute bezeroen onarpena. Segurtasun neurriak jarri dituzte: langile bat espresuki dute une oro zer egin aholkatzeko, eta bezeroek «eskertu egin dute» ekarpen hori: «Igandean, sendiekin lan egin ohi dugu, eta gazteak joan dira aurretik. Segurtasuna ikusi ostean, berehala adineko gurasoekin etorri dira. Orain egoera normal batean bezala gaude».

Baina ez da hala. Alde batetik, bezeroen %75 sar daitezke, eta, horrenbestez, bi langile aldi baterako erregulazioan daude oraindik. Bestetik, Larrazak aitortu duenez, albisteek berehalako isla dute negozioan. Agerraldiak ugaritu ahala, erreserbak atzera botatzeko deiak etorri ohi dira. «Hau gehiagora doa, eta gobernuak ez du dirurik. Garai bat iritsiko da non erabaki beharko den itxi edo utzi, baina ezin daiteke itxi, eta ezin daiteke utzi ere. Oso zaila da».

Bilbo, karramarroen antzera

Bilboko tabernek ere nabari dute giro aldaketa. «Askoz jende gutxiago dago. Aurreko ostegunetik aurrera, izugarri nabaritu da jaitsiera», azaldu du Itziar Olabarrietak, Alde Zaharreko Adaxkako langileak. Etor daitezkeen neurrien harira, beldurrez mintzo da Olabarrieta; aurreikusten du ezingo dela barran eskatu: «Guk gutxienez terraza daukagu kanpoan. Baina hori ez da Alde Zaharreko tabernen errealitatea. Gehienak oso txikiak dira, eta ezingo dira neurri zorrotzetara egokitu». Normaltasun berriak kontrol polizialak areagotzea ere ekarri du, batez ere Alde Zaharrean: «Ertzaintza eta Udaltzaingoa bueltaka dabiltza, eta horrela ezin da lan egin; giroa oso deserosoa izaten da, eta langileok oso estututa ibiltzen gara».

Maritxu taberna bulego gune batean dago, Uribitarte kalean. «Gehienak telelanean dabiltza; beraz, oso jende gutxi etortzen da», dio Pilar Martinez jabeak. Errealitatea guztiz aldatu zaio Martinezi, eta, ondorioz, eguneko bazkariak emateari utzi behar izan dio: «Ez dut inor berriro lanerako hartuko. Egoera honekin, ez da bideragarria, eta neuk egiten dut orain dena».

Ledesma tabernako Emilio Canok kontatu du ez zaiela falta bezerorik, baina denek ez dituztela segurtasun neurriak betetzen: «Jendeak neurriak errespetatuko balitu, tabernek askoz arazo gutxiago izango genituzke». Ezjakintasunezko egoera honetan «beldurtuta» daudela aitortu du: «Berriro ixtera behartzen bagaituzte, sosik gabe geratuko gara». Tabernariek susmatzen dute atzerapauso bat egongo dela; «atzeraka goaz, karramarroen moduan» dio Canok.

Tolosan, tristura handia

Tolosan (Gipuzkoa), berriz, fokua agertzearekin batera, tabernak bigarren faseko bizimodura itzuli dira: 23:30etarako itxi beharra, edukiera mugatua, barran zerbitzatu ezin izatea… Ikatza tabernan «izugarri» nabaritu dute jendearen falta: «Duela astebete, jendea umoretsu zegoen, kale eta tabernetan ibiltzeko gogoz, baina, ostegunetik aurrera, tristura izan da nagusi». Herritarren artean «beldurra» zabaldu dela uste dute. «Plaza [Berria] hutsik dabil; sukaldetik entzuten zen soinu hori falta zaigu».

Triangulo tabernak ere normalean baino bezero gutxiago izan ditu neurriak aplikatu zirenetik: «Segituan nabaritu dugu, baina aurrera egin behar dugu; ez dugu nahi itxialdiko egoerara itzuli. Lanpostuei eutsi behar diegu», dio Zhu Xinping jabeak. Tabernetan, segurtasuna da lehenengo kezka: «Neurri guztiak hartu ditugu. Oso harro nago bai bezeroez, bai hemengo langileez, arduratsu jokatzen baitute».

Igarondoko tabernariak dio tabernariei «kalte handia» egin diela atzera egiteak. «Neurri hauekin lan egitea oso gogorra da; murrizketek zuzenean eragiten digute. Lehenengoak gara haren eraginak nabaritzen. Azken honek min handia egin digu». Tolosako fokuak «gogor» jo duen honetan, «ez dago lehengo konturik». Hori ikusirik, ohi baino bezero gutxiagorekin, arratsalderako itxi egiten dute Igarondo, beste hainbat negozio bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.