Euskal Elkargoa. Bilakaera

Instituzioa, urteetako borroka

Frantziako Iraultzatik galdetu duten egitura izanen dute Ipar Euskal Herriko herritarrek urtarriletik aitzina; urteetan, anitz bilakaera izan du instituzioaren eskaerak

Batera plataformak 2010ean egindako galdeketa. «Euskal Lurralde Elkargoa sortzearen alde zirea?», izan zen zen galdera. GAIZKA IROZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zer pentsatuko zuten Garat anaiek herri elkargoaz?2000. urtean Demoek Paueko artxibategitik Euskal Herriko dokumentuak hartu zituztenean, Garat anaietako baten izeneko ikasle karta erabili zuten dokumentuak ateratzeko. XVIII. mendeko Lapurdiko Biltzarraren deliberoen liburua tartean zen, 2010ean, Cristhine Bessonart garaiko Auzapezen Biltzarreko presidentearen esku utzi zutena. Sinboloaz gain, Ipar Euskal Herriaren bilakaeraren erakusgarri ere bazen: Frantziako Iraultzaren ondorenetik, berezko instituziorik gabe zeuden Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa.

80ko hamarkadaren hasieran, François Miterrand sozialistak presidentetzarako hauteskundeetarako egin zituen 110 proposamenetarik bat zen euskal departamendu baten sorrera. Argumentu horrekin eman zion sostengua hautetsi andanak. Mitterrandek ez zuen hitza bete, baina, aldarrikapenak berean segitu zuen, Departamenduaren Aldeko Auzapezen elkartean.

Garai hartan, Iparretarrak talde politiko armatua jardunean zen, eta hura izan zen lekukoa hartu zuenetako bat. 1993an, Autonomiaren proposamena berpiztu zuen, eztabaidarako dokumentu batekin: Ipar Euskal Herriak botere legegile eta betearazlea izango zituzkeen, baita fiskalitate mailako eskumenak ere. Baina 20ans de lutte -autonomie et avant projet- dokumentua ez zen denen gustukoa. Mugimendu abertzalearen zati batentzat, erakunde klandestino baten proposamena ezin zen mugimendu politiko «legalaren» aldarrikapenen oinarri izan, eta ez zioten bide eman. 2007ko urtarrilean berpiztu zen proposamena, Batasunak Uztaritzen egin zuen ekitaldian: Loiolako negoziazioen testuinguruan, IKri arrazoi historikoa eman, eta Autonomia aldarrikatu zuten, autodeterminazio prozesu baten barnean kokatuz. IK-ko kide ohiek sortutako Autonomia Eraiki eta EArekin batera,Autonomia Kolektiboa sortu, eta mobilizazio bat baino gehiago antolatu zuten.

Euskal Herria 2010

90eko hamarkada hasieran jarri ziren gaur egungo egituraketaren oinarriak. IK-k erregularki egiten zituen ekintzak, eta mugimendu abertzalea Abertzaleen Batasunean (AB) antolatzen hasia zen. Pierre Joxe Barne ministroa behin baino gehiagotan elkartu zen Ipar Euskal Herriko eragileekin, baita IKrekin ere. 1992an, eragile sozio-profesional eta politiko andana biltzea bultzatu zuen estatuak, eta Euskal Herria 2010 izeneko gogoeta abiatu zuten; 2010erako komeni liratekeen bilakaerak finkatuko zituen «proiektua» diseinatzea zen asmoa.

Bi egitura sortu ziren «lurraldeko indarrak elkartzeko»: Garapen Kontseilua, 1994an, eta Hautetsien Kontseilua, 1995ean. Mugimendu abertzalean eztabaida sortu zen elkarte estatusa zuten bi gune horietan parte hartu ala ez. Anitzek uste zuten denbora galtze bat zela, baina beste batzuek Ipar Euskal Herriko hautetsi eta eragileak Ipar Euskal Herriko ikuspegiarekin gogoetatzen hastea abagune gisa ikusi zuten. 1997an, bi egitura horiek Antolaketa eta Garapen Eskema sortu zuten; bertan, hautatu beharreko norabide estrategikoak eta horiek gauzatzeko lanak zehaztu zituzten. Horiek bildu zituzten estatuarekin negoziatu zuten Hitzarmen Berezian. 2001ean izenpetu zen lehena, eta 2015eko udazkenean berritu zen bigarren aldiz. Ipar Euskal Herriaren garapenerako proiektuak finantzatzeko diruztapena finkatu duen hitzarmena izan da.

Batera plataforma

1995ean AB alderdi bilakatu zen, eta departamenduaren aldeko lerroari segitzea erabaki zuen. Lehen mobilizazio jendetsu baten ondotik, abertzale mugimendutik haragoko jendearekin bilkurak egiten hasi ziren. Baziren departamenduaren alde agertzen ziren hautetsi ez-abertzaleak, baina ez zutenak mobilizazio baten antolaketa begi onez ikusten. Edukiak ere arazoak sortzen zituen, euskararen erabilpena bera, zerbait abertzalea bezala ikusia baitzen. Lizarra-Garaziko prozesuak sortutako giro politikoak harremanak erraztu zituen, eta 1999an, departamenduaren aldeko manifestazioa egiteko «100en deia» osatu zuten; ordura arte ikusitako mobilizaziorik jendetsuena izan zen. Frantziako Gobernuak berehala erantzun zuen, ezezko batekin.

Elkarlan hori izan zen Bateraren oinarriak ezarri zituena. Garai horretan, Demo mugimendua desobedientzia zibileko ekintzak egiten hasi zen; kontzientizazio lan horrek eta ezezkoaren frustrazioak bultzatuta, 2002an Batera plataforma sortu zuten 100 eragilek baino gehiagok. Lau aldarrikapenen inguruan batu ziren: departamendua, berezko unibertsitatea, Laborantza Ganbera eta euskararen ofizialtasuna; departamenduaren aldarrikapenari buruzko erreferenduma egiteko eskatu zuten. 2005ean, Ipar Euskal Herriko auzapezen %64 eskaerari buruzko kontsultaren alde agertu ziren, eta 2008an, departamenduko 36.000 lagunek zuten galdeketaren eskaera sostengatu.

Anartean, Frantziako Gobernua lurralde antolaketaren erreforma prestatzen hasi zen departamenduen desagertzea iragarriz. Hala, 2009ko maiatzean antolatu zuen gogoeta egunean, lurralde elkargo baten aldeko hautua egin zuen Batera-k, eta 2010eko eskualdeko hauteskundeetan herri kontsulta antolatzera deitu zuen. Legez kanpokoa izanik ere, 159 herritatik 122tan bozkatu zuten herritarrek. «Euskal Lurralde Elkargoa sortzearen alde zarea?» galderari Ipar Euskal Herriko 34.610 lagunek erantzun zioten; gehiengoak baiezkoa. Hilabete bat geroago, Lurralde Elkargoa 2014an lortzeko prozesua aurkeztu zuen Batera-k.

Lurralde elkargoaren gogoeta Garapen eta Hautetsien Kontseiluek beren esku hartu zuten, eta «Ipar Euskal Herriak behar zituen» gutxieneko zortzi eskumenetatik abiatuta, Estatus Bereziko Lurralde Elkargoaren proiektua idatzi zuten. 2013an, Ipar Euskal Herriko hautetsiak Marylise Lebranchu deszentralizazio ministroarekin bildu ziren Parisen, eta mobilizazio andana antolatu zuten; herriko etxe gehienak proiektuaren alde agertu ziren. Baina Manuel Valls Barne ministroak eman zuen PSn Frantziako Gobernuaren erantzuna: ez!

Frantziaren deszentralizazio prozesua arautzen duen Notre legea baliatuta, Pierre Andre Durand prefetak eman zuen Frantziako Gobernuaren proposamena: orain arteko hamar herri elkargoak batu eta bakarra sortzea. Herriko etxeen bi herenen babesarekin, 2017ko urtarrilaren 1ean sortuko da Euskal Elkargoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.