John Curtice. Britainiar Akademiako kidea eta zientzia politikoetan aditua

«Kontserbadoreek kanpainako agendaren kontrola galdu dute»

Hauteskundeotako galdera da, Curticen ustez, kontserbadoreek gehiengo osoa lortuko duten, eta uste du gakoa gazteen parte hartzea dela. Iritzi publikoak egunotan batera eta bestera egin duela eta, ez du ezer aurreratu nahi: «Azken gertakariek ezjakintasun handia sortu dute».

Asier Arrate Iruskieta.
Londres
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko 2015eko hauteskunde orokorretan inkesta guztiek kale egin zuten. Inork ez zuen aurreikusi kontserbadoreek aise irabaziko zietela laboristei. Bai, ordea, John Curtice irakasleak zuzendutako taldeak (Kornualles, Ingalaterra, 1953) bozen egunean bozkalekuetan egindako inkestetan. Britainiar Akademiako kideak askotan adierazi du ezinezkoaren esperoan egon behar dela, eta nabarmendu du kontserbadoreek ez dutela horren erraz irabaziko oraingoan.

Maiatzaren 4ko udal bozen isla izango al dira hauteskundeok?

Ez dira emaitzak errepikatuko. Kanpaina gorabeheratsua da, eta iritzi publikoa alde batetik bestera ibili da azken asteotan. Inkestek esaten dutenaren kontra, ez kontserbadoreek Ingalaterran eta ez SNPk Eskozian ez dituzte lortuko udal hauteskundeetako emaitza onak. Ez dira, espero bezala, alde handiz gailenduko. Hala ere, gerta daitekeenaren zenbait pista eskaini dute udal bozek. UKIPek, esaterako, ez du lortuko lehengo babesa, ez da egongo Liberal Demokraten pizkunderik, eta kontserbadoreak bigarren indar bihurtuko dira Eskozian. Hortaz aparte, ez naiz ausartzen gehiago esatera. Hauteskunde hauetako galdera nagusia da kontserbadoreek gehiengoa lortuko duten. Azken asteotako gertakariek ezjakintasun handia sortu dute.

Inkestek huts egingo dute aurreko hauteskundeetan bezala?

Ez dut uste, baina ostegun arte itxaron beharko da ezer ziurtatu aurretik. Hauteskunde kanpaina hasi zenean, kontserbadoreek zuten abantailak inkesten lana erraztuko zuela zirudien, baina, azken asteetako gorabeherekin, zalantzak sortu dira berriz ere. Hauteskunde inkestetan jakiten zailena da nork bozkatuko duen, eta oraingoetan are eta arazo handiagoa izango da. Inkestek normalean zenbait talde kanpoan uzten dituzte, esaterako gazteak, eta horien erantzun zehatzen faltan, inkestagileek garrantzi handiegia ematen diote euren parte hartzeari. Aurreko hauteskundeetan gazte gehienek laboristen alde bozkatu zuten; horregatik, oraingo inkestetan euren botoak laboristei eman dizkiete, eta, ondorioz, laboristen zenbakiak puztu dituzte. Gakoa gazteen parte hartzea izango da. Handia bada, laboristek gora egingo dute; bestela, kontserbadoreek hasierako inkestetan aurreikusitako zenbakiak lortuko dituzte. Hala ere, dena ez da arazo hauteskunde kanpaina honetan. Iragarpen onena aurreko hauteskundeetan jendeak nola bozkatu zuen ikustea da. Bai, noski, jendeak bere botoa aldatzen du, baina bozen artean soilik bi urte pasatu direnez, jendearen iritzia ez da horrenbeste aldatuko.

Brexit-aren negoziazioetara begira egindako hauteskundeak izanik, hori al da gai bakarra?

Hori da kontserbadoreen helburua, eta ezarri nahi duten agenda, laboristak zatituta baitaude gai horretan, eta liberal demokraten proposamenak ez du etorkizunik. Halere, hauteskunde kanpainako agendaren kontrola galdu dute tory-ek, eta kanpaina ez doa eurek nahi luketen bezala. Manifestuan aurkeztutako helduen zaintzak eta gizarte segurantzako beste gai batzuen proposamenak gaizki atera zaizkie. Mayk berak agerraldia egin du proposamenak azaldu eta aldaketak aurkezteko. Ondorioz, bere lidergoa zalantzan jarri dute hainbat hedabidek, eta laboristak horretaz baliatu dira kanpainaren agenda gizarte sozialetara bideratuz. Izan ere, jendea galdezka ari da May gai ote den zalantza bako lidergo sendoa eskaintzeko. Manchesterren gertatutakoak, berriz, dena gelditu zuen, eta orain ikusteko dago kanpaina nola amaituko den.

Nola eragingo dute Manchesterko eta Londresko erasoek?

Zaila da esatea, baina ez dut uste Manchesterko erasoak bezala Londreskoak ere eragingo dutenik, baina dena da posible. Alderdiek elkartasuna erakutsi dute, kanpaina eten da, eta kritikak ere sortu dira azken unean. Mayren gobernuak azkar eta zuzen erantzun du. Joe Coxen hilketak ez zuen zuzenean eragin Europako Batasuneko erreferendumaren emaitzan. Hala ere, Manchesterko erasoaren aurretik, kanpaina hasieran, kontserbadoreek arazoak zituzten, eta, orain, amaieran, ez daude hobeto.

Segurtasuna eta terrorismoaren gaiak alderdietako diskurtsoen lehen lerrora ekarriko ditu?

Terrorismoa eztabaidagai nagusia da orain, eta dagoeneko badira hainbat eztabaida segurtasun indarren ahalmenez eta finantzaketaz, militarren presentziaz kaleetan… Baina alderdi guztiek bat egiten dute ia gai guztietan. Izatekotan, helburuez baino prozedurez eztabaidatuko dute.

Aipatu izan duzu gakoetako bat alderdietako lidergoa dela.

Inkestek erakutsi dute bi alderdien proposamenak babes antzekoa dutela, baina, zein lider den hobea galdetuz gero, gehienek kontserbadoreen alde egiten dute. Jendeak ezin du imajinatu Corbyn lehen ministro gisa. Hor dago hauteskundeetara deitzearen arrazoi nagusia. Mayk ikusi zuen Corbynen babesa beherantz zihoala, eta etorkizunean laboristek lider berri bat aukeratu aurretik hauteskundeak egitea erabaki zuen gehiengo osoa eskuratzeko.

Adituek diote gai sozialek presentzia handia dutela kontserbadoreen manifestuan. Laboristen botoak irabazteko?

Ez dago oso argi. Hala ere, ez dut uste boto lapurreta dramatikorik gertatuko denik. Hasteko, laboristen zenbakiak hobeak dira 2015eko bozekin alderatuz gero. Bestetik, kontserbadoreen botoak, orokorrean brexit-aren aldekoengatik datoz, bereziki UKIPetik. Tory-en helburua boto emaile horiek dira, ez laboristak.

Nola eragin diezaiekete bozek Eskoziako eta Ipar Irlandako egoera politikoei?

Ipar Irlandak jada hainbat arazo ditu brexit-arekin eta transferentziekin. Hauteskundeen ostean negoziazioek aurrera jarraituko dute, eta brexit gogor batek arazo gehiago baino ez ditu ekarriko. Gainera, Martin McGuinness gabe, alderdiek zail izango dute negoziatzea. Laburbilduz, bereziki egoera gatazkatsua bihurtuko da, eta subiranotasunaren gaia berriz azaleratzea ekar lezake. Eskoziaren kasuan kontserbadoreek espero bezain emaitza onak lortuz gero, irabazitako babesa erabili nahiko dute independentzia erreferenduma blokeatzeko. Hala ere, ez dirudi Nicola Sturgeon lehen ministroak atzera egingo duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.