Sturgeonek berretsi du Londresekin adostu nahi duela bigarren galdeketa

Eskoziako Gobernuak bigarren independentzia erreferenduma egiteko lege proiektua aurkeztu du. Erresuma Batuko lehen ministro izateko hautagaiak hori blokeatzearen alde agertu dira

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, iragan apirilean haren alderdi SNPren Konferentzian. ROBERT PERRY / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren planek aurrera jarraitzen dute: Eskoziako Gobernuak atzo ezagutarazi bigarren independentzia erreferenduma egiteko lege proiektua. Helburua izango da, Eskoziako lehen ministroak atzo azaldu zuenez, herritarrei «etorkizun hobe bat hautatzeko aukera» ematea. Halere, Sturgeonek badaki ez dutela horrelako galdeketarik egiteko eskumenik, ez Eskoziako Gobernuak ezta hango parlamentuak ere, eta, beraz, Londresi eskatu beharko dizkiola baimena eta boterea, Eskoziako Legearen 30 Sekzioaren bidez.

Horregatik, Eskoziako lehen ministroak berretsi zuen bigarren galdeketa Erresuma Batuko Gobernuarekin adosteko asmoa duela; horren erakusgarri da testua bera, ez baita agertzen balizko erreferendumaren data ezta galdera ere. Oraingoz, bide orriaren hurrengo pausoa litzateke lege proiektua lege bilakatzea; urtea amaitu baino lehen egin nahi du.

Sturgeonek apirilaren 24an adierazi zuen Edinburgok bigarren independentzia erreferenduma sustatuko zuela, Eskozia Europako Batasunetik (EB) ateratzen bada. Hasiera batean, 2021eko maiatzaren aurretik egiteko asmoa agertu zuen, baina gerora zehaztu zuen datorren urtean egin nahi duela. Atzo ere ideia horri eutsi zion: galdeketa 2020ko bigarren seihilekoan egingo dutela.

Erreferendum horren aurretik, gobernuak Herritarren Asanblea jarriko du martxan, Michael Russell Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroak atzo jakinarazi zuenez. Asanblea horren helburua izango da Eskoziaren independentziaren eta brexit-aren inguruan eztabaidatzea; udazkenean egingo dute lehen bilera, Russellen arabera.

Ezezkoak ugaritu zaizkio

Duela bi urte, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ezezkoa eman zion Eskoziako Parlamentuak erreferendum hori egiteko eskaria egin zuenean; hark ere EBtik ateratzeko prozesua jarri zuen aitzakiatzat erabaki hori argudiatzeko, eta ohartarazi zuen ez zela erreferendumik izango bera lehen ministro izan bitartean.

Mayk joan den astean jakinarazi zuen ekainaren 7an dimitituko duela, eta jardunean arituko dela tory-ek ordezkoa aukeratzen duten arte. Eta Mayren ondorengo izateko hautagaietako batzuek atzo bertan erantzun zioten Sturgeoni, ohartarazita blokeatu egingo dutela bigarren erreferenduma egiteko aukera. Beraz, Sturgeonek nahi duen egutegia beteko ez balitz, 2021eko maiatzean egitekoak diren Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak erabil litzake horiei izaera plebiszitarioa emateko.

Gaur-gaurkoz, ate guztiak irekiak nahi ditu Eskoziako lehen ministroak: asteotan ez du baztertu galdeketa hori sustatzea Erresuma Batua EBn geratzen bada ere. Boterean dagoen SNP alderdiak iragan apirilean adostu zuen Eskoziak moneta propioa izango duela independente bilakatzen bada.

Eskozian 2014ko irailaren 18an egin zuten lehen independentzia erreferenduma, eta ezezkoa gailendu zen. Boto emaileen %55,3k egin zuten independentziaren aurka, eta %44,7k, alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.