INGURUMENAREN AURKAKO ARAU HAUSTE PENALAK

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren gainekoak. Eremu ez-urbanizagarrietan edota naturagune babestuetan zein era bateko edo besteko paisaia edo kultur arloko interesa duten lekuetan eraikuntzak sustatzen eta aurrera eramaten dituztenei jazartzen zaien delitu mota da. Ingurumen delituen barruan halako kasu gutxi iristen dira auzibidera. Esate baterako, Ertzaintzak 2012 eta 2017 bitartean ikertutako 730 arau hausteetatik, dozena bat ere ez ziren izan atal horretakoak.
Ondare historikoaren aurkako delituak. Interes historiko, artistiko, kultural edo monumentalagatik bereziki babestutako eraikinak eraitsi edo larriki aldatzen dituzten delituak dira. Hauek ere gutxitan iristen dira auzitara. Aintzat hartu behar da, askotan, administrazioak bultzatutako proiektuekin nahasten direla (hirigintza proiektuetan gertatzen den bezala), eta, askotan, arauak aldatzen dituztela egitasmoak bideratu ahal izateko.
Ingurumen eta baliabide naturalen aurkakoak. Atmosferan, lurzoruan, lurpeko nahiz itsasoko uretan zuzenean edo zeharka egindako isurketak dira, erradiazioak, erauzketak edo hondeaketak, lurreratzeak, zaratak, bibrazioak, injekzioak edo gordailuak, eta airearen, lurraren, uraren edo animalien habitaten kalitateari kalte nabarmena egiten diotenak. Hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten delituak dira (atal honetan sartuko litzateke, esate baterako, Zaldibarko kasua), edota erreka, ibai edo itsasora egindako legez kanpoko isurketa toxikoak. Norbanakoek eta legez kanpoko talde antolatuek egin baditzakete ere, askotan enpresa pribatuek ohiko jardueran egiten dituzten ingurumenaren aurkako erasoak izaten dira.
Floraren eta faunaren aurkakoak. Legez kanpoko ehizari eta arrantzari, babestutako espezieen aurka egindako edozein erasori eta legez kanpoko trafiko eta salerosketari erreparatzen dien delitu mota bat da hau. Kanpoko espezieak naturagune batean sartzea ere delitu horren barruan ikertzen da.
Animalien aurkako tratu txarrak eta abandonatzeak. Etxeko animalien aurka egindako abusu, gehiegikeria eta tratu txarrei ere erreparatzen die legeak, eta poliziek eta auzitegiek, gainera, gero eta salaketa gehiago jasotzen dituzte atal horretan. Esate baterako,Ertzaintzak 2012tik 2017ra tramitatu zituen arau-hauste penal gehienak atal horretakoak izan ziren.
Baso suteak. Baso suteak dira ingurumenaren aurkako delituen zati handi bat. Izan ere, nahita piztutakoak dira basoetan izaten diren sute gehientsuenak, baina, askotan, zaila da deliberatzea ea nahita eragindakoak izan diren edo ez. Delitu horien ugaritasuna eta garrantzia direla eta, basozainek ere talde bereziak osatu dituzte haien aurka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.