Gorbeia Suzieneko festa hastear da

Iazko etenaren ostean, igandean Gorbeia Suzien mendi lasterketa jokatuko da berriro. Bi ibilbide prestatu dituzte: luzeak 31 kilometro dauzka, eta motzak 21. Goi mailako parte hartzaileak izango ditu, beste behin, eta guztira 800 korrikalari inguru bilduko dira lasterketan.

Korrikalariak, lasterka, 2017ko Gorbeia Suzienen. JACEK DENEKA.
Unai Ugartemendia.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iaz beste mendi lasterketa askori gertatu bezala, pandemiak kalte handia egin zion Gorbeia Suzieni ere (Zeanuri, Bizkaia). Azken urteetako lasterketa ederrenetako bat ez zen jokatu koronabirusak eragindako egoeragatik. Baina etenaldia urtebetekoa besterik ez da izan. Igande honetan berriro jokatuko baita. Beste urteetan gertatu den antzera, aurtengo parte hartzaileak ere maila handikoak izango dira. Bi zirkuitutarako izango da puntuagarria lasterketa nagusia: Golden Trail National Series eta Skyrunners World Series zirkuituetarako. EITBk zuzenean emango du lasterketa, streaming bidez.

Aurtengo ekitaldirako ere, antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte. Lasterketa nagusiak 31 kilometroko luzera eta 2.400 metroko desnibel positiboa izango ditu. 600 korrikalari inguruk parte hartuko dute, eta, besteak beste, Gorbeia (1.481 metro) eta Aldamin (1.362 metro) mendiak igo beharko dituzte. Ibilbide laburrean, berriz, 200 parte hartzaile inguru izango dira; 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa ditu.

Zortzigarren aldia izango du Arratiako ibarrean jokatzen den lasterketak. Irteeran izango diren korrikalarien zerrenda ere ez da nolanahikoa. Aukera izango da munduko zenbait zirkuitutan lehian aritzen diren korrikalari asko ikusteko. Nabarmendu beharrekoen zerrendan daude euskal selekzioko korrikalari gehienak, besteak beste: Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia, Onditz Iturbe eta Imanol Goñi, hain zuzen ere. Atzerritik etorriko direnen artean daude Denisa Dragomir errumaniarra, Sebastian Ljungdal suediarra, Damien Humbert frantziarra eta Zait Ait Malek marokoarra. Lehenengoz arituko direnen artean, Ben Kimtai kenyarra da aipagarrienetako bat.

Antolakuntza prest

Zeanuri herri txikia da, eta Gorbeia Suzien jokatzen den eguna berezia izan ohi da. 200 boluntario baino gehiago ditu lasterketak, eta ia herri osoak izaten du zereginen bat batean edo bestean. Herritarrak beti daude laguntzeko prest. «Iaz, lasterketa antolatzeko itxaropena izan genuen azkenera arte. Lasterketa batzuk jokatu ziren, baina guk ez genuen ikusi horretarako aukerarik. Zeanuri oso herri txikia da, eta ia etxe bakoitzean daukagu boluntarioren bat. Haien artean ere beldurra antzematen genuen. Azkenean, ez egitea erabaki genuen», nabarmendu du Jurek Ziemkiewicz antolakuntza taldeko kideak.

Hala ere, aurtengorako «gogotsu» daudela berretsi du. Koronabirusak baldintzatuta, aldaketak egin beharrean izan dira Gorbeia Suzienen ere. «Badirudi ohitu egin garela pandemiara. Beste urte batzuekin alderatuta, aldaketa batzuk egongo dira. Esaterako, orain bi urte, pentsaezina zen dutxa zerbitzua ez jartzea. Baina, gaur egun, normala da lasterketa amaitu bezain pronto aldatu eta etxerako bidea hartzea, edo irteeran maskararekin egon behar izatea».

Antolatzaileek hizpidera ekarri dituzte atzerriko lasterkariek Euskal Herrira etortzeko izan dituzten arazoak ere, eta korrikalarien gogoa eta borondatea goraipatu nahi izan dituzte: «Jendeak korrika egiteko gogoa dauka, eta hori nabari da haiekin hitz egitean».

Baina dena ez da izango korrika egitea. Ostiralean, esaterako, 19:00etan, Igorreko kultur aretoan, Juan Duval korrikalariaren Corriendo por la vida filma ikusteko aukera izango da, eta, ondoren, hitzaldia.

INKESTA

Igandean Gorbeia Suzienen parte hartuko duten zenbait korrikalarik lasterketa eta beren helburuak aztertu dituzte.

1 Zenbatgarren aldizparte hartuko duzu Gorbeia Suzienen?
2 Zer distantziatan arituko zara?
3 Zenbat lasterketa jokatu dituzu aurretik?
4 Zer espero duzu lasterketaz?
5 Zergatik aukeratu duzu Gorbeia Suzien?
6 2021eko helburuetako bat al da Gorbeia Suzien?
7 Zerekin konformatuko zinateke?

OIHANA AZKORBEBEITIA URIZAR
Abadiño, Bizkaia, 1981

«Minik hartu gabe amaitzea eta lasterketaz gozatzea da helburua»

1. Aurtengoa nire hirugarren aldia izango da.

2. 31 kilometroko lasterketa egingo dut.

3. Aurten ez ditut egin lasterketa asko. Martxoan korritu nuen lehenengoa, Turkian, eta gero Golden Trail Serieseko pare bat, eta Munduko Kopakoak. Gorbeia Suzien izango da nire bosgarrena.

4. Emaitzen aldetik, nik ez dut inoiz ezer espero! Auskalo egun horretan nola jaikitzen naizen, eta lasterketan zer sentipen ditudan. Espero dudan gauza bakarra zera da: minik hartu gabe iristea helmugara, eta ahal dudan neurrian lasterketaz gozatzea.

5. Gorbeia Suzien galduko ez nukeen lasterketa bat da. Batez ere aurten, pandemia honen ondoren.

6. Munduko Kopa egitea zen helburua aurten, eta Gorbeia Suzien, noski, helburu nagusia.

7. Lehen esan bezala, gauza gutxirekin konformatzen naiz. Helmugara irribarre batekin heltzen banaiz, seinale lasterketaz gozatu dudala eta lasterketa bikaina egin dudala.

OIHANA KORTAZAR ARANZETA
Elgeta, Gipuzkoa, 1984

«Presiorik gabe arituko naiz, sasoiko helburu nagusiak pasatu baitira»

1. Hirugarren aldiz parte hartuko dut.

2. Lasterketa nagusia.

3. Denboraldi honetan, hamabost lasterketa jokatu ditut jada, baina Gorbeia Suzienen zirkuitukorik batere ez.

4. Duin amaitzea eta gozatzea. Denboraldia aurrera doa, eta orain nekatu samar sentitzen naiz. Halere, gogotsu nago.

5. Aspaldi parte hartu gabea naiz, eta gogo handia neukan. Gorbeia Suzienen eta Skyrhunnen [Azkaine, Lapurdi] artean aukeratu behar izan dut, baina erabaki erraza izan da.

6. Egia esan, ez. Urteko helburu garrantzitsuenak pasatu dira, eta Zeanurira ahalik eta hoberen egitera noa, baina presiorik gabe. Gozatzera irtengo naiz.

7. Beti irteten naiz dena emateko prest, eta podiumaren bila. Baina, batzuetan, postua ez zait axola, lasterketa ona egin izanaren sentsazioarekin amaitzen badut. Hau da, baliteke podiumean ez sartzea baina indartsu sentitu izana, eta nire aurretik benetan korrikalari bikainak sartzea. Aurten ere, betiko moduan, maila handia egongo da.

ASIER LARRUZEA FERNANDEZ
Gueñes, Bizkaia, 1990

«Postu on bat lortu nahi dut Munduko Kopako sailkapenari begira»

1. Aurtengoa nire bosgarren aldia izango da.

2. Beti egin dudan bezala, lasterketa nagusia jokatuko dut.

3. Aurretik, hamaika lasterketa egin ditut, tartean Espainiako Txapelketak, Espainiako Kopako proba batzuk eta Munduko Kopako zenbait lasterketa.

4. Urtero bezala, dena ondo irtetea. Ziur nago horrela izango dela. Nire aldetik, postu on bat lortu nahi nuke, ahalik eta puntu gehien bildu eta Munduko Kopan aurrerapauso polit bat emateko.

5. Munduko Kopan lehiatzen ari naizelako, eta lasterketa puntuagarria delako. Horrez gain, oso antolakuntza ona daukalako, giro ona izaten delako, eta ibilbidea gustuko dudalako.

6. Bai, baietz esango nuke.

7. Postu polit bat lortzearekin.

UXOA IRIGOIEN ODRIOZOLA
Getaria, Gipuzkoa, 1988

«Gogotsu nagozapatilak jantzieta nire onena emateko»

1. Hirugarrenez izango naiz Zeanurin.

2. Lasterketa nagusian.

3. 2019. urteko Gorbeia Suzien izan zen jokatu nuen azken lasterketa.

4. Gogorra bezain ederra den lasterketa. Asko sufrituko eta gozatuko dudala iruditzen zait.

5. Oroitzapen oso politak ditut, eta berriz egiteko gogoa nuen. Giro bikaina izaten da lasterketa egunean eta bezperan, bai herrian bertan, baita mendi aldean ere!

6. Bai. Irailean, itsasotik mendirako jauzia egin dut, eta gogotsu nago zapatilak jantzi eta dudan guztia emateko.

7. Arraun denboraldia amaitu berri dut, eta helmugara osorik eta irribarre batekin iritsiz gero, poz handia hartuko dut.

AINARA URRUTIA IURREBASO
Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981
«Arratia berezia da niretzat; familia eta lagunak han izango dira»

1. Lehen aldia izango da.

2. 21 kilometroko lasterketan.

3. Batzuk jokatu ditut. Esaterako, Canfranc-Canfranc [Aragoi, Espainia], Reventon Trail [La Palma, Kanaria uharteak], Fuente De-ko kilometro bertikala [Kantabria, Espainia]...

4. Lehen aldia izango da; beraz, lasterketa ezagutzea, gozatzea eta egurra ematea espero dut.

5. Paraje zoragarrietatik korrika egiteko aukera ematen duelako. Ziur nago antolakuntza eta giro bikaina izango direla. Gainera, Arratia berezia da niretzat; ama bertakoa da, eta familia eta lagunak han izango ditut, animatzeko prest.

6. Ez dut helburu jakinik. Lasterketa guztiei ematen diet antzeko garrantzia: denetan nire onena ematera irteten naiz.

7. Lasterketan lan on bat egitearekin eta sentsazio onekin amaitzearekin.

IBAN LETAMENDI ANDUEZA
Oñati, Gipuzkoa, 1981

«Urte eta erdi eman dut distantzia luzean korrika egin gabe»

1. Estreinakoz arituko naiz Gorbeia Suzienen.

2. 31 kilometroko lasterketa nagusian.

3. Pandemia hasi zenetik, lehenengoa da. Badira ia bi urte lasterketarik jokatu ez dudala.

4. Amaitzea! Urte eta erdi distantzia luzean korri egin gabe egon naiz, eta uztail erdi aldera hasi nintzen berriro ere korrika egiten. Ezin dut ezer gehiago eskatu baldintza horietan.

5. Betidanik izan dut gogoa lasterketa hau egiteko, baina gauza bat eta bestea, ez dut izan egiteko aukerarik. Denek esan didate oso ibilbide polita dela, baina, aldi berean, oso gogorra.

6. Ez. Lasterketako helburu bakarra, minik hartu gabe amaitzea da.

7. Lasterketaz, inguruaz eta jendeaz gozatzearekin, eta egun bikain bat igarotzearekin.

LIDE URRESTARAZU AGIRRE
Ordizia, Gipuzkoa, 1999

«Ibilbidea polita da, eta, gainera, oso giroona egon ohi da»

1. Gorbeia Suzien lasterketan parte hartuko dudan bigarren aldia izango da. Orain dela lau urte, lehenengo aldian, 21 kilometrokoan aritu nintzen.

2. Lasterketa nagusian, 31 kilometrokoan.

3. Aurtengo denboraldian lau lasterketa jokatu ditut, orain arte:Espainiako Kopako bi lasterketa, Terorren [Kanaria uharteak] eta Sevillan [Andaluzia, Espainia]; Espainiako Txapelketa Jaenen [Andaluzia, Espainia], eta Munduko Kopako Comapedrosa Skyrace [Andorra].

4. Orain arte egin ditudan lasterketen artean, luzeenetako bat izango da, eta desnibel dezenterekin, gainera. Beraz, kontrolatuz atera, gorputzak nola erantzuten duen ikusi eta lasterketari neurria hartzea espero dut. Ibilbidea polita da; gainera, giro oso ona egon ohi denez, gozatzea ere espero dut.

5. Duela lau urte lasterketa motza egin nuen, 21 kilometrokoa. Ibilbidea polita iruditu zitzaidan, eta giroa oso ona. Berriz ateratzeko eta hurrengo batean lasterketa luzea egiteko gogoz gelditu nintzen. Aurten parte hartzeko aukera izan dudanez, han izango naiz. Gainera, Munduko Kopako proba izango denez, aukera polita da herrialde askotako jendearekin lehiatu ahal izateko.

6. Bai, hala esan dezaket. Pandemia medio, denboraldi hau nahiko arraro hasi zen. Hasieran, ez zeuden lasterketa asko konfirmatuta; beraz, jokatu zitezkeen apurrak ziren niretzat helburu. Gorbeia jokatuko zela esan zutenez, Euskal Herrian izanik eta Munduko Koparen barruan egonda, helburuetako bat zen hasieratik.

7. Munduko Kopako proba izanik, maila handia egongo da. Aipatu bezala, egin ditudan lasterketen artean luzeenetakoa izango da. Lasterketari neurria hartu, gorputza estutu eta erritmo eta denbora polit batean egiteko gai banaiz, gustura egongo naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.