Orain gehiago nahi dute

Athletici harrera egin diote Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Espainiako Superkopa irabazteagatik. Agintariek eta klubeko kideek Kopako finala eta zaleak izan dituzte gogoan.

Bizkaiko Foru Aldundian Athletici egindako harreran, behean, ezkerretik eskuinera: Mikel Martinez presidenteordea, Muniain, Unai Rementeria, Aitor Elizegi, Marcelino, eta Balentziaga. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Atzerapenez heldu zen atzo Athletic Euskal Herrira, bezperan Sevillan Espainiako Superkopa irabazi eta gero. Loiuko aireportutik Bilboko Udalera joan zen joan ordezkaritza bat arratsaldeko lehen orduan, eta han zuten zain Juan Mari Aburto alkatea. Gero, Bizkaiko Foru Aldundira jo zuten, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren harrerara. Bitartean, zale asko kalean batu ziren, kopa eta jokalariak gertutik ikusi nahian.

Ikusi gehiago:Garaipena ospatu, besarkadarik gabe

Pandemiaren eraginez, ekitaldi xumeak eta laburrak izan ziren. Udalekoa Arabiar aretoan egin zen, eta klubetik kide hauek bakarrik egon ziren: Aitor Elizegi presidentea, Jose Angel Iribar, Marcelino entrenatzailea, eta Iker Muniain, Raul Garcia, Iñaki Williams, Mikel Balentziaga eta Oscar de Marcos kapitainak.

Aretora sartu orduko, aurreskua egin zien dantzari batek, eta, ondoren, zorion hitzak etorri ziren. Aburto izan zen hitza hartzen aurrenekoa: «Zorioneko gaude, eta harro, balentria historikoa lortu duzuelako». Aipatu egin zuen Gaizka Garitano, aurreko entrenatzailea, baita Aritz Aduriz ere, taldeko jokalari ohia ere, «denen artean egindako bidea izan delako kopa hau irabaztea». Athletic hiriarentzat «ikurra» dela gaineratu zuen, eta «urre gorriko orria idatzi» zutela igande gauean Sevillan. Enkargu hau ere eman zien klubeko kideei: «Apirilean aukera duzue beste bi kopa ekartzeko (Espainiako kopa iazkoa, eta sasoi honetakoa, finala harrapatuz gero), eta zain egongo gara. Bidea ikasi duzue».

Elizegik jarraitu zion hitzarekin, eta atzean zituen kapitainak goraipatzeko izan ziren lehendabizikoak, talde osoa barne: «Egunero erakusten didate zer den konpromisoa, lana eta jarraitutasuna». Muniain propio txalotu zuen. Ahaztu egin zitzaion Marcelino aipatzea, eta txaloak entzuten ari zenarekin batera oroitu zen entrenatzailearekin: «Marcelino ere familia honetako kide da. Lehen egunetik erakutsi zigun badakiela zein diren gure indarguneak eta ahuleziak».

Kapitainak segitu zuen hizketan gero. Muniainek nabarmendu zuen zaleak «gertu» sentitu zituztela atzo, zelaian egoterik izan ez bazuten ere. Aurrera begira jarri zen nafarra ere: «Iritsiko da zaleekin hau dena ospatzeko unea, baina orain, zuhurtziaz eta tentuz ibiltzeko garaia da».

Marcelinok ere egin zituen hitz batzuk, eta presidenteak eta Muniainek ez bezala, soilik Bilboko eta Bizkaiko zaleak izan ditu gogoan, Euskal Herrikoak aipatu gabe (beste biek ahotan hartu zituzten): «Lehen egunetik gozaturazi egin didate jokalariek. Profesionaltasun handia erakutsi dute, baita maitasuna ere. Oso handiak dira». Entrenatzaileak ere aipua egin zion etorkizunari: «Ea gai garen zale ikaragarri hauek zoriontsu egiten segitzeko. Beste arrakastaren bat lortzeko ea kapaz garen. Indar guztiarekin saiatuko gara».

Esker eta zorion hitzen ondoren, Aburtok oparia egin zion klubari: Bilboko hiriaren bandera (Erkoreka plazan, klubekoa jarri zuen udalak atzo). Argazkia atera zuten kide guztiek hiriko banderarekin, eta horrela amaitu zen harrera.

Foru Aldundira joan ziren gero, eta han, Rementeriaz gain, Lorea Bilbao Kultura, Kirola eta Euskara diputatua ere zain zituzten. Rementeriak hitz gutxi egin zituen: «Itzelak zarete», esan zien klubeko kideei. Superkopa irabazteko uneari egin zion aipamena: «Momentu onena da garaipena lortzeko. Bizkaiak behar ditu horrelako pozak une zail hauetan».

Ondoren, Elizegik, Muniainek eta Marcelinok hartu zuten hitza. Kapitainak gogoan izan zituen pandemiak jotako herritarrak. Hitza eman zuen titulu gehiago lortzeko lan handia egiten segituko dutela. Marcelinok adierazi zuen azkar ikusi dutela zer den Athletic Bilbon eta Bizkaian, eta harro daudela horren parte izateagatik. Zaleak garaipenean egon ez izanaren pena nabarmendu zuen. Onartu zuen Superkopa titulu handia ez dela, baina Real Madrili eta Bartzelonari irabaztearen balio nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.