Espainiako Kopako finala

Arbelei begira

Finalaren bezperan, galdera asko daude arlo taktikoaren inguruan. Baina bat da nagusia: nola lor dezakete Athleticek eta Realak bestea menderatzea, eta nola besteak norbera ez menderatzea? Bi entrenatzaile adituk eman dituzte beren erantzunak: Haritz Aranburuk eta Mikel Etxarrik.

Muniain baloia eramaten, Guridi parean duela, abenduko derbian, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Erraza da futbolahitzez azaltzea. Bi talde parez pare, eta 11 jokalari alde bakoitzean, bi helbururekin: aurkaria menderatzea, eta aurkariak norbera mendean ez hartzea, jokoaren bitartez. Eraso, defendatu, eta bi egoera horien arteko trantsizioak: erasotik defentsara, eta defentsatik erasora. Geldikako jokaldiak ezin ahaztu. Horra taktikaren arloa. Bi helburuak lortzeko bideak, nahi beste: estiloak. Talde batek izan dezake bat eta bakarra, edo izan ditzake bat baino gehiago. Estiloak ematen dio nortasuna eta itxura taldeari. Jantzi egiten du.

Diseinatzailea entrenatzailea izaten da, eta josteko lana, bertatik bertarakoa, jokalarien buruan eta oinetan geratzen da. Entrenatzaileak doitzen du estiloa, eta hortik eratortzen da partidako plana, planteamendua edo estrategia. Arbela izan ohi du lagun hori marrazteko eta jokalariei erakusteko. Geziak marra jarraituarekin eta marra ez jarraituekin, koloretako irudi geometrikoak eta abar.

Biharko finaleko arbelak marraz josita daude. Arbel bana talde bakoitzarentzat. Eta galdera nagusi honen inguruan, marrazki guztiak: nola irabazi Realak Athletici, eta Athleticek Realari, edo nola galarazi Realak Athletici irabaztea, eta Athleticek Realari? Aldagela bietan egongo diren bi arbelak munduko sekretu zainduenetakoak izango dira egun hauetan. Zer aurkeztuko dute bi taldeek bihar zelaian? Dakitenei galdetzea onena, futbolaz dakitenei alegia. Haritz Aranburuk (Mallabia, Bizkaia, 1991) eta Mikel Etxarrik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1946) eman dituzte erantzunak. Aranburu Leioa Bigarren B Mailako taldeko kirol zuzendari izendatu berri dute, eta Etxarri Euskal Selekzioko entrenatzaile izandakoa da, besteak beste. Begirada zorrotzez jarri dira arbelei begira.

ATHLETICEN PLANA

Aranburuk ez dio misterio handirik ikusten Athleticen biharko estrategia orokorrari: «Sistema 1-4-4-2 izango da, garbi dago. Lehen asmoa goian presioa egitea izango da, eta Realaren zelaira joango da, bila. Parekatu egingo ditu jokalariak goiko presioan. Baloia, berriz, kanpotik barrutik baino gehiago erabiliko du, barrutik arrisku gutxi hartuta. Azkenik, trantsizioetan indartsu ibiliko da, baloia berreskuratu eta kontraerasoan bizkor ateratzen saiatuz, min emateko Realari». Hamaikakoan, zelai erdian ditu zalantzak: «Dani Garcia ariko dela ziurra da niretzat, eta beste euskarria Mikel Vesga izango dela uste dut. Baina ez baztertu Unai Lopez».

REALAREN PLANA

Mikel Etxarrik ere garbi dauka Realak zeri helduko dion: «Beti bezala jokatu du: sistema 1-4-3-3 izango da, zelai erdian bat atzetik dela: Gebara, Zubimendi, Illarramendi, edo akaso Zubeldia. Aritz [Elustondo] osatuko da, eta erdiko atzelarietako bat izango da. Aurrelarien atzetik Silva eta Merino ariko dira, eta aurrean, Portu, Isak eta Oiartzabal». Atzealdeko eskuin hegalean, badu zalantza: «Zaldua osatzen den ikusi beharko da».

Jokoari dagokionez ere, ondo daki zertara aterako den taldea: «Atzetik hasiko da baloia jokatzen, eta eginahalak egingo ditu aurrera iristeko». Aitortu du arriskuak ikusten dizkiola horri: «Oso urduri jartzen naiz horrela jokatzen hasten direnean atzetik». Athletic aurrean izanda, gainera, arriskua handiagoa iruditzen zaio: «Marcelino [Garcia Toral, Athleticen entrenatzailea] aspalditik ezagutzen dut, eta kontraerasoan oso azkar ateratzen dira beti haren taldeak, jokalariak ondo jartzen dituelako horretarako. Ixteko orduan ohitura dauka erdia tapatzeko, bide guztiak itxiz erdiko esparru horretan. Hegaletatik, akaso, iritsiko zara, baina erditik, oso zaila da».

PRESIO GOIAN, BAI EDO EZ

Defentsako lanean, Aranburuk azaldu du berak zer ez lukeen egingo Imanol Alguacil balitz: «Athletici ez nioke presiorik egingo goian. Pareetara behintzat ez nioke salto egingo. Azkenean, Raul Garcia eta Williams azkeneko lerroan oso abilak dira joko zuzenean, eta goian presioa egiteak horretarako modua emango luke. Pareetara joanda, abantaila bat egongo da, eta, atezainari presioan joanda, baten bat libre egongo da. Parekatzen bazara, eta atzean ez badaukazu jokalari bat gehiago edo posizionala, hilda zaude. Raul Garcia oso ona da goian, eta Williams oso ona da espazioetara joaten».

Reala balitz zer egingo lukeen azaldu du: «Erdiko blokean itxarongo nioke nik Athletici, pase lineak itxiz, eta hegaletatik doanean hor presionatu, pase linea bat gutxiago egoten delako. De Marcosi egingo nioke presioa. Reala ez dut uste pareetara joango denik. Baloia galtzen duenean bai, baina jokoaren hasieran ez, eta gutxiago atezainarengana».

Etxarrik ez dio aterik ixten Realak goian presioa egiteari: «Hori egin dezake Realak, baina garrantzitsuena da gero buelta nola egiten duen. Lehenengo presioa gainditzen badu Athleticek, atzera azkar». Lan horretan taldea ondo ari dela uste du, «Januzaj izan ezik, arreta galtzen duelako». Presioa bai, baina Etxarrik ere ez luke pareetara salto egingo, eta bat egin du horrela Aranburuk esandakoarekin: «Reala pixka bat gora joan daiteke presionatzera, baina pareetara ez nintzateke aterako, arriskuak hartzea bailitzateke».

ATHLETICEN INDARGUNEAK

Etxarriren begi zorrotzek ondo baino hobeto aztertzen dute jokoa, eta jakin badaki zein diren Athleticen oso gertutik zaindu beharreko jokalariak: «Oso talde ona dauka, baina batez ere aurrean. Aurrealdeko hiru jokalariak (Muniain, Raul Garcia eta Williams) oso onak dira. Raul Garcia oso dominantea da area barruan, eta ondo jartzen da jokaldi guztietan. Muniain sekulako sasoian dago, langile, eta atzetik ondo sartzen da arean, diagonalen bitartez. Williamsek, berriz, abiadura handia dauka. Hirurei beldur handia diet», aitortu du.

Defentsarako trantsizioan ere ondo dabilela dio: «Aurkariak presioa gainditzen dionean, Athletic horretan ondo dabil azkeneko partidetan, eta denek egiten dute buelta; Muniainek, Raul Garciak eta Williamsek ere bai».

REALAREN INDARGUNEAK

Reala jokatzen ikusita, agerikoa da zertan den ona: baloia erabiltzen eta, gora iristean, baloia galtzen badu presioa egiten. Ados da horrekin Aranburu, baina arriskuak ere ikusten dizkio: «Asko jokatzen du erdiko bidetik, eta, arrisku handiak hartzen dituela ikusita, eta Athleticen trantsizioa nolakoa den ikusita, esango nuke Athleticek baduela zerbait alde». Honela indartu du argumentazioa: «Puskatzea errazagoa da sortzea baino, eta espazioekin trantsitatzea errazagoa da espazioak sortzea baino. Abantaila txiki bat dauka hor Athleticek».

Realaren arrisku posible horri begira segitu du: «Ez badu ondo kudeatzen baloia galdu ondorengo momentua, asko sufrituko du, nire ustez». Baina aukera ikusten dio, aldi berean, jokatzeko molde horrekin Athletici gaina hartzeko: «Joko horren bitartez nagusitzeko, asko jokatu beharko du Athleticen zelaian: hor elkartu, baloia galdu eta presionatu azkar. Hor asko dauka irabazteko Realak».

Nola erasoa, defentsa eta trantsizioa elkarri lotuta dauden, ondorengo analisi hau ere egin du: «Bere zelaian edo erdian baloi asko galtzen baditu Realak, tenporizazio gehiago egin beharko du, eta ezingo da aurrera atera baloia lapurtzera. Baliteke hor Realak arazoak izatea, ez bada gai Athletic bere zelaian sartu eta baloia galdu bezain azkar presioa egiteko».

LIGAKO AURREKARIA

Denboraldi honetan, behin jokatu dute elkarren aurka bi taldeek. San Mamesen izan zen, ligako lehen itzulian, eta Realak 0-1 irabazi zuen. Partida horretan, Imanolek ez zuen ohiko estiloaren alde egin: baloia Athletici eman zion, lerroak atzeratuz. Gola azkar sartu izanak ere bultzatuko zuen horretara, akaso. Etxarriri iruditzen zaio berriz egin dezakeela hori: «Partida batzuetan egin izan du, luze jokatu, adibidez. Portu egokia da horretarako, baina Januzaj ez, baloia hankan behar duelako. Horrela jokatuta, Athleticentzat zailagoa izango da kontraerasoan jokatzea, baloia ez delako egongo zelai erdian. Partidan zehar ikusiko da hori». Uste du Athletic harrapa daitekeela kontraerasoan: «Yuri eta De Marcos oso gora igotzen dira, eta bizi atera dakioke Reala hegaletatik. Baina Danik [Garcia] jokatzen badu, zailagoa da, ondo mugitzen delako». Kontraerasoarena bi taldeen indargune gisa ikusi dute Etxarrik eta Aranburuk, eta, horregatik, aparteko garrantzia eman diote lan hau ondo egiteari: «Nik uste dut oso garrantzitsua izango dela nola atzeratzen dituzten lerroak bi taldeek», esan du Etxarrik. «Ados nago», gehitu dio Aranburuk.

Emaitzak asko baldintzatzen ditu partidak: «Hori garbi eduki behar da. Realak, Getaferen zelaian, estiloa aldatu zuen: aurrean jarri zen, eta defentsako lan ona egin zuen, Getafe bezala jokatuz, eta ondo irabazi zuen. San Mamesen ere aldatu zuen estiloa. Baina, azkenean, hori da futbola. Partidetan formula asko daude jokatzeko eta gauzak aldatzeko».

Aranburuk ez du garbi ikusten Realak estiloa aldatuko duenik: «Imanolen buruan jarrita, ez dauka erraza. Realak partida galtzeko arriskua izango du baloi asko galtzen baditu barrutik, baina, beste alde batetik, zure partida garrantzitsuenean estiloa aldatu behar duzu? Muzin egingo diozu horraino eraman zaituen nortasunari? Dikotomia horrek sortzen dizkit dudak Imanolen buruan jarrita». Zalantzak talentuari «desabantaila» eragiten diola uste du, partida normal batekin alderatuta, «hau finala baita».

Athleticen Gaizka Garitanok segitu izan balu, ez luke zalantza hori izango: «Partida irabazteko argi eta garbi izango nuke baloia ahalik eta gehien izatea Athleticek, hauskorragoa izango zelako. Bertuterik onenak (lapurtu eta aurrera azkar atera) ezingo lituzke erabili». Baina orain Marcelino dago: «Baloiarekin ez dute erraztasun handirik, baina nahiko gai dira joko posizionalean jokatzeko. Uste dut Realak ausart jokatuko duela, eta, aurrean jartzen bada, Athleticek denbora askoan izango du baloia».

ENTRENATZAILEEN ERAGINA

Entrenatzaileen eraginaz, Aranburuk garbi dauka: «Marcelino eta Imanol oso onak dira. Gero, partidan zehar esku hartze gehiegi daude entrenatzaileena garrantzitsua izateko, eta niretzat bertute bat da entrenatzailea ez izatea interbentzionista». Etxarrirentzat, «entrenatzaileak bere ideia landu behar du entrenamenduetan, eta jokalariei garbi azaldu zer lan duen bakoitzak zelaian. Gero, galdu edo irabazi egingo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.