Mikel Nieve. Txirrindularia

«Asko gozatu dut txirrindularitzaz eta txirrindulari izateaz, zoriontsu izan naiz»

Orain dela bi aste utzi zuen txirrindularitza profesionala Mikel Nievek. Leitzarra «gustura» da egindako kirol ibilbidearekin. «Sekula espero ez nuen maila eman dut».

CAJA RURAL.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Damurik gabe» eta «egindakoaz harro» da Mikel Nieve txirrindularia (Leitza, Nafarroa, 1984). Hamabost urte eman ditu onenen artean, eta denetan ere maila aparta erakutsi du. «Zoriontsu» izan da denbora honetan guztian, baina, orain, bizitza «normalxeago» batez gozatu nahi du.

Amaitu da.

Nahikoa egin dugula iruditzen zait. Beste modu batera bizitzeko garaia iritsi zait.

Seguruenik ez dira espero zenituen bezalakoak izan, baina nolakoak izan dira erretiroa hartu duzunetik eman dituzun bi aste hauek?

Asko mugitu gabe ibili naiz, lepauztaia dela eta. Medikuarengana buelta pare bat, baina asko mugitu gabe, badaezpada ere.

Egun handia izan behar zuen Lombardiakoak, baina modu krudel batean amaitu zen zuretzat. Ur poto bati ezin izkin egin, lurrera erori, eta lepauztaia hautsi zenuen. Pena handia, ezta?

Bueno, momentuan pena eman zidan, baina ez diot asko erreparatzen horri. Azkenean, erorikoak txirrindularitzaren parte dira. Edozeini gerta dakioke, eta amaiera horri ez diot garrantzi handirik ematen. Ez nuen asko amestu eta pentsatu amaieran; beste lasterketa bat bezalaxe hartu nuen. Askotan garrantzi handiagoa ematen diogu azkeneko lasterketa horri, baina ni azken urteotan bizi izan ditudan momentu guztiekin gelditzen naiz, eta alde horretatik oso pozik nago.

Profesionaletan egin zenuen lehenengo urtean eskuineko lepauztaia hautsi zenuen, eta azkeneko lasterketan, ezkerrekoa. Kasualitatea da gero.

Bai, kasualitatea da. Sorbalda gainera erori eta lepauztaia haustea nahiko ohikoa da ziklismoan. Horrela suertatu zait, eta anekdota gisa ongi dago.

Azken lasterketa eguna ez da nahi zenuen bezalakoa izan. Baina denboraldi osoan ibili zara agur esaten zure profesional ibilbideari. Euskal Herriko Itzulian sekulako omenaldia egin zizuten zure herrian, Leitzan. Ostegun buruzuri batean plaza lepo bete zen, zure senide batzuk negar malkoei ezin eutsirik ibili ziren… Nola bizi izan zenuen zuk egun hori?

Egun oso-oso polita izan zen. Betirako gogoan izango dudan egun bat izan zen. Itzulia bera zure herritik ateratzea oso berezia da, eta horrelako omenaldi bat jasotzea, are gehiago. Oso berezia izan zen niretzat. Ez dut sekula ahaztuko egun hori.

Azken sasoi hau etxeko taldean eman duzu, Caja Ruralen. Behin baino gehiagotan aipatu duzu hau ez dela denboraldi ona izan zuretzat.

Ez, egia esan, urte nahiko aldrebesa tokatu zait. Udaberri aldean koronabirusarekin, gastroenteritisarekin eta beste birus batekin ibili nintzen... Kirolak hori dauka: nahiz eta zuk lan egin eta uste izan maila onean zaudela, kontrolatu ezin dituzun faktoreak daude. Urte honetan ezin izan dut nahi bezala ibili lasterketetan, baina, erorikoak bezalaxe, hori ere kirolaren parte da. Ezin izan dut nahi nuen maila eman, eta, emaitzak atera ez diren arren, egindako lanarekin gelditzen naiz.

Orbean, Euskaltel-Euskadin, Skyn —gaur egungo Ineos—, Mitchelton Scotten —gaur egungo Bike Exchange— eta Caja Ruralen ibili zara profesionaletan. Hamabost denboraldi eman dituzu maila gorenean. Espero zenuen horrelako ibilbide luze eta erregularra osatzea?

Inondik ere ez. Esperantza handirik gabe hasi nintzen profesionaletan. Ez nuen helburu finkorik, egia esan. Afizionatuetatik nahiko berandu eman nuen saltoa, eta espektatiba nahiko baxuak nituen. Neure buruari esaten nion: «Ea zenbat irauten dudan hemen. Ea zer egiteko gai naizen». Lasterketaz lasterketa eta urtez urte joan naiz. Azkenerako, sekula pentsatuko nukeena baino maila hobeagoa eman dut, eta egia esan oso pozik nago, eta harro, egindako lanarekin.

Askok presio handiegia jartzen diote beren buruari, eta gero ezin dira nahi bezala lehiatu. Akaso hori izan da zure ibilbideko gakoetako bat? Langarik ez jartzea?

Ez dakit. Txirrindularitzan pertsona guztiak ezberdinak gara; bakoitzak bere burutazioak izaten ditu. Ziklista bakoitza mundu bat da, eta ez dakit esaten horrek eraginik izan ote duen.

Ziklista askoren ametsa da itzuli handi bat korritzea. Zuk 22 egin dituzu: bederatzi Espainiako Vuelta, zazpi Italiako Giro eta sei Frantziako Tour. Horietatik hamaseitan lehen hogeien artean sailkatu zara. Ez da erraza hori lortzea, kontuan hartuta inoiz ez zarela taldeburu izan.

Inoiz ez dut helburu izan lehen hogeien artean sailkatzea, baina lasterketak hor jarri nau. Egia da liderrari laguntzen mendateko azken kilometroetaraino haren ondoan egotea zela nire lana, eta horretan saiatzen naiz. Ez diet datu horiei begiratzen; gehiago erreparatzen diot emandako mailari, lasterketan aurpegia emateari eta lana ahalik eta hobekien egiteari.

Lider handien ezkutari izateagatik izan zara ezaguna: Chris Foomerena, besteak beste. Besteen mesedetan ibili zara lanean urte askoan. Zu bezalako ziklistak oso maitatuak dira tropelean. Egon zaren taldeetan estimatua sentitu zara?

Denetik dago, baina ni oso estimatua sentitu naiz, eta ibili naizen taldeetan ongi sentiarazi naute. Taldeko liderren garaipenen parte sentitu naiz, eta oso gustura nago egindako lanarekin.

Laguntzen ibili zara ia beti, baina etapa ehizan ahalegintzeko aukera ere izan duzu tarteka. Bost etapatan eskuak jasotzea ere lortu duzu: hiru Giroan, bat Vueltan eta beste bat Dauphinen. Bereziki gogoangarria izan zen 2011n Euskaltelekin erdietsitakoa, Gardeccian (Italia). Azken hamarkadako itzuli handi bateko etaparik gogorrena izan zen: 229 kilometro eta 6.000 metroko desnibela. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Egun oso-oso gogorra izan zen. Azkar atera ginela gogoratzen dut. Mendate batean sortu zen ihesaldia, eta zaila izan zen han sartzea. Gero, ia-ia dena mantentzea izan zen. Banaka ailegatu ginen helmugara; denak indarrez oso justu genbiltzan. Irabaztea lortu nuen, eta harro nago garaipen horretaz. Etapa oso gogorra eta luzea izan zen.

Gaur egun ez dira ikusten horrelako etapa luze eta gogorrak.

Motzagoak, esplosiboagoak izaten dira. Lasterketa mugituagoak ikusteko aukera gehiago ematen dute etapa motzagoek. Gardecciakoa bezalako etapa luzeetan tokatu izan da urrutitik mugitzea eta polita ateratzea. Baina, askotan ere suertatu izan da denak geldi-geldi itxarotea azken mendatera arte. Nik uste dut ikuskizun aldetik txirrindularitza erasokorragoa bilatzen saiatzen ari direla antolatzaileak.

Asko aldatu al da txirrindularitza hamabost urte hauetan?

Bai eta ez. Oinarrizko gauzetan ez da asko aldatu, baina korritzeko moduan bai. Etapak motzagoak dira, eta erasokor izatera jokatzen dute askok. Prestakuntza aldetik asko hobetu da, eta alde horretatik bai nahikotxo aldatu dela.

Atzera begiratuz gero, zerbait aldatuko zenuke zure ibilbidean?

Ez. Lehen esan bezala, uste baino gehiago ibili naiz, eta momentu bakoitzean gauzak nekien hobekien egiten saiatu naiz. Oso gustura nago neure buruarekin.

Zoriontsu izan zara?

Bai, asko gozatu dut txirrindularitzaz eta txirrindulari izateaz.

Zurekin batera ziklista handi batzuk erretiratu dira. Besteak beste, Vincenzo Nibali eta Alejandro Valverde. Aurten aro bat itxi dela esan daiteke?

Ez. Urtero izaten dira horrelakoak. Azken finean, bizilegea da: batzuk zahartzen garenean, alde batera egin behar dugu, gazteak sar daitezen. Egia da Valverde, Nibali eta Philippe Gilbert azken hamarkadako ziklistarik garrantzitsuenetarikoak izan direla, eta haiek joateak zulo bat utz dezakeela. Baina nik ez dut uste aurten arorik itxi denik: aurpegi berriekin, baina txirrindularitzak aurrera jarraitzen du.

Eta hemendik aurrera zer egingo duzu?

Ikusiko da. Ez dut ezer finkorik. Denboralditxo bat lasai hartu nahi dut. Txirrindularitzaz asko gozatu dut, baina exijentea ere bada. Bizi normalxeago bat eramateaz disfrutatu nahi dut orain, eta horretan saiatuko naiz.

Bizikletarekin lotutako zerbaitekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Ez, ez diot ezeri atea ixten. Gustuko ditudan gauzak baditut, eta ikusiko dugu zertan amaitzen dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.